Egin ezank hik heuk: fanzineen erradiografia labur bat gurean
GUREAN EGITEN DIREN LAU FANZINERI BURUZKO ERREPORTAJE LABURRAOstirala, 2015-01-09BALA arte liburu azokara bisita egin ostean konfirmatu genuen lehendik ere susmatzen genuen zerbait, badagoela euskal liburugintzaren zirkuitutik harago mundu oso bat, artefaktu, autoeditatuko liburu eta bestelako altxor bitxiz betea. Gaurkoan, arreta eman nahi genioke, bereziki, gurean egiten diren lau fanzineri: Pop Pilulak, Klof, La Tourette eta Izu Giroa.

Ingelesezko bi hitzen uztarketatik sortzen da fanzine hitza: fan (zale) eta magazine (aldizkari). Fanzineak, beraz, zaleek sortutako aldizkariak dira, gogoko duten horri buruzko agerkariak, hain zuzen ere. Zientzia fikzioaren munduarekin lotura zuzena izan dute hasieratik fanzineek; izan ere, terminoa bera 1940an eman zuen Russ Chauvenetek, literatura genero mota horretako ale batean. Egin ezank hik heuk filosofiarekin bat egiten dute argitalpen hauek, alegia, fanzinegileek ez dituzte baliabide profesionalak baliatzen, ezpada etxean eskura dituzten teknikak, collagea eta antzekoak. Edonola ere, teknologiaren aurrerapenarekin, fotokopia-makina eta inprimagailuekin, aukerak askoz zabalagoak dira.
Zientzia fikziotik abiatu eta hainbat alorretara hedatu ziren fanzineak, eta azpikultura eta kontrakultura izendatzen diren horietan izan dute arrakasta, batez ere: musika, komikiak, zinema… Musikaren kasuan, hainbat eszenaren garapenerako ezinbestekoak gertatu dira, eta oso sonatuak dira punk doinu eta taldeak ardatz dituzten aldizkariak. Azpimarratzekoa da, halaber, fanzineek izandako eragina riot grrrl mugimendu feministaren sorreran eta hedapenean.
Gurera etorrita, literatura banda eta taldeek aldizkariak publikatzeko izan duten ohituran, Pott Bandaren blaga datorkigu azkar burura, izen hori hartu ez zuen arren fanzine antzekotzat jo litekeena. Iragan hurbilagoan daukagun beste adibide bat ere ezin aipatu gabe utzi, Itu Bandaren aldizkariak, jakina. Lau ale argitaratu dituzte oraingoz, eta guztiak daude sarean eskuragai.
Pentsa litekeenez, Interneten hedapenak eragin haundia izan du euskarri fisikoen erabileran, gutxiagotu egin dituela, alegia, bati iruditzen baitzaio fanzineak jada ezin direla oso bogan egon, sareak alternatiba errazak eta eraginkorrak erruz eskaintzen dituen honetan. Bada ez da hala. Pasa den Feministaldian fanzine-tailerra eman zuten Maite Caballero eta Arrate Rodriguez artistek. Aristas Martínez argitaletxeak editatzen ikasteko lan-koadernoak kaleratzen ditu. Datorren astean, urtarrilaren 15ean, fanzine erakusketa eta kontzertua egingo dute Hika Ateneoan, Bilbon, Nontzeberrik antolatuta. Aspalditik lanean daramaten fanzineek jo eta su jarraitzen dute oraindik, eta kimu berriak ere sortuak dira. Bixi-bixi dabiltzan lau fanzine ezagutarazi nahi dizkizuegu erreportaje honetan.
POP PILULAK
Aurrez ere hitz egin dizuegu honetaz, hain justu ere, agerkariaren hirugarren alea kaleratu berria zelako aitzakian, Julen Azpitarte elkarrizketatu genuen txoko honetan, proiektuaren bultzatzaile nagusia dugu-eta. Popa ardatz hartuta sortutako agerkari honek pop kulturarekin lotutako eduki orori ematen dio aterpe, betiere modu freskoan jorratzen bada. Artikuluak, elkarrizketak, sormen-lanak… Ohiko kolaboratzaileak izan baditu, baina orain arte kaleratutako guztian, autore berriak hartu dituzte alero, eta parte-hartzea guztiz da irekia: poppilulak@gmail.com helbidera idatz dezakezue, edo sare sozialen bitartez harremanetan jarri, facebooken www.facebook.com/poppilulak edo twitterren @poppilulak.
Plazer baduzue, sarean entzungai daukazue fanzinearen aitzakian Bilbo Hiria irratiko Eremuz kanpo saioan egindako ale berezia.
KLOF FANZINE
Sorkuntzarekin lotutako fanzinea dugu hau, ale tematikoak egiten dituena. 2012aren amaieran egin zuten 0. alerako deialdia, estreinakoa, eta, ordudanik 15 ale argitaratu dituzte. Munduaren akabera, zinema, dirua, telebista, Big Banga… denetariko gaiak jorratu dituzte.
Lan egiteko modua sinplea da, eta parte hartu nahi lukeen edonori dago irekita: fanzinearen sustatzaileek gai bat aukeratzen dute, gai hori ezagutzera eman eta deialdi publikoa egiten dute interesa duen edonork bere testuak, ilustrazioak, collageak argazkiak edo dena delakoak bidal ditzan. Baldintzak: testuek 500 hitz izan ditzakete gehienez, eta irudiak bi tamaina izan ditzakete, 216x216 edo 432x216 milimetro. Testuen kasuan, autoreak nahi duen hizkuntzan idatz ditzake.
Fanzineez gain, musikarekin lotutako beste ekimen batzuk ere sustatu dituzte Klofeko kideek. Adibidez, Underground zenbakiarekin batera musika-bilduma bat kaleratu zuten, entzungai eta deskargatzeko moduan daukazuena, hemen. Besteak beste, Eten eta Munlet taldeen abestiak daude bilduman.
Animal gaiaren inguruko alea kasik agortu den honetan, deialdi berria ireki dute, eta, oraingoan, Paradisua dute jomuga. Otsailaren 6ra arte daukazue aukera zuen kolaborazioak bidaltzeko kloffanzine@gmail.com helbide elektronikora. Bestalde, orain arte egin dituzten fanzine denak kontsulta ditzakezue hemen.
FANZINE LA TOURETTE
Sorkuntzarekin eta artearekin zuzenean lotutako fanzinea da La Tourette. Duela urtebete inguru jarri zuten proiektua martxan Ana Aldamak (Arte Ederrak) eta Diego Grisaleñak (Arkitektura), eta ordutik sei ale berezi-berezi kaleratu dituzte. Erraz ezagutzeko modukoak dira euren fanzineak, tankera oso pertsonala baitute: orrialde bakarra dute (botiken argibide-orrien antzekoa), laukitan banatua eta tolestua, lauki bakoitza kolaborazio bat, arte-pilula bat.
Izan ere, terapia gisa proposatzen dute fanzinegintzan La Touretteko kideek. Horrela aurkeztu zuten euren burua lehen alea argitaratu zutenean:
“La Tourette sindrome bat da, baina zaudete lasai, ez baita larria. Kontrola ezinezko tikak eragin ohi ditu, eta hara non, guk geuk tik horiek pairatzen ditugu. Eta ez geuk bakarrik, geure lagun eta ezagun askok ere izaten dituzte. Fanzine honen asmoa da talde-terapia eta erakusleiho modura baliagarria suertatzea, saihestu ezin ditugun eta hainbeste gustatzen zaizkigun tik horiek guztiak kanpora atera eta erakusteko. Bidali zure tikak eta har ezazu parte La Touretten”.
Izenak badu izanik: batetik, La Tourette deitzen da Le Corbusierrek eta Iannis Xenakisek diseinatutako monastegi batek. Bestetik, tik kontrolaezinak eragiten dituen sindromea ere horrela deitzen da, estreinakoz diagnosia egin zuen neurologoaren omenez: Georges Gilles de La Tourette.
Ibilbide oparoa egin dute. Kasu baterako, pasa den udan erakusketa egin zuten Bilboko Bilbaoarte espazioan. Bertan, seigarren alerako jasotako postalak erakutsi zituzten, hori izan baitzen fanzinerako aukeratutako gaia (ale tematikoak egiten dituzte beraiek ere). Gero, paperezko bertsioa ere argitaratu zuten. BALArako, aldiz, edizio polit eta berezi bat osatu zuten, kartoizko kutxatxo batean batu zituzten lau ale. Kaxatxo guztiak, bata bestearen ondoan ipinita, serigrafiatutako irudi bat osatzen zuten. Irudi haundi horren bi tirada baino ez dituzte egin, eta, hortaz, BALAra hurbildu ginenok altxortxo txiki batekin itzuli ginen etxera.
Paperezko fanzineez gain sarean ere eskegitzen dituzte tik eta pilulak. Parte hartu nahi duena harremanetan jar daiteke sare sozialen bitartez, emailez, edo tumblr-eko orrialdearen bitartez: fanzinelatourette@gmail.com, www.facebook.com/fanzine.latourette, @FnznLaTourette edo http://fanzinelatourette.tumblr.com/.
IZU GIROA
Eta, amaitzeko, beteranoenak, askok ezagutu duzue hardcore eta punkari buruzko fanzine hau, 10 urte daramatza martxan eta 23 ale kaleratu dituzte honezkero. Berriki, ale zaharretako batzuk sareratzeari ekin diote, pixkana-pixkana denak denen eskuragai egon daitezen. Oraingoz hiru eskegi dituzte, eta hemen ikus ditzakezue.
Azken alea urrian bertan argitaratu zuten. Erreportajeak eta elkarrizketa batzen ditu, kontzertu- eta disko-iruzkinez gain. Fanzine bat lortu nahi izanez gero, izugiroa@gmail.com helbidera idatz dezakezue, bi euro inguru balio ditu ale bakoitzak.
Gotzon Hermosilla kazetari eta idazlea da bizitza luzeko fanzine honen bultzatzaileetako bat. Musikarekin lotura estua du Hermosillak, eta pasio hori da, akaso, Izu Giroa hain luzez irautearen arrazoietako bat, Argiako artikulu batean aipatu bezala, gogoko dutelako egiten dute lan hori. Euskara hutsean argitaratzen da Izu Giroa, eta eskertzekoa da, inondik ere, punk fanzineetan euskararen presentzia oso urrian izan baita urte luzez.
Honen harira, interesgarria Gasteizko FSSk egindako lana:
http://issuu.com/fundaacion/docs/fanzinoteka