Antzerkia eta ahozkotasuna
Ehazek antolatutako Esperientzixen kronika Osteguna, 2011-07-14
Euskal antzerkian egun suma daitezkeen kezka nagusien artean dago ahozkotasunarena. Zergatik egiten zaio arrotza publiko euskaldunari euskaraz egin eta idazten den antzerkia oholtzan ikustea? Nola hitz egin behar da oholtzaren gainean naturala izateko, esana baino gehiago mintzatua izateko? Nola idatzi behar da oholtzarako antzerkia, literatur balioa galdu gabe? EHAZEk berriki antolatutako Esperientzixak jardunaldietan galdera horiei esperientziatik erantzuteko ahalegina egin dute.

Azken hilabeteetan ugariak izan dira antzerkiaren inguruan gogoeta egiteko aukerak, besteak beste Literaturian, Eztenan eta uztailaren hastapenean bertan Hik Hasiren topaketetan EHAZEren eskutik antolatutako bigarren Esperientzixak jardunaldietan. Euskal antzerkigintzan urte askoan egon diren kezka handiak argira ateratzeko eta batez ere komunean jartzen hasteko grinaren ondorioa da agian. Antzerkia literatura den ala ez den, noiz bai eta noiz ez, sarritan atera izan da mahai gainera, aipatu kezka horien artean. Agian horregatik kateatu zaizkio antzerkiaren inguruko gogoeten segidari Literaturian (EHAZErekin elkarlanean) edo Literatura Eskolan antzerkiaz mintzatzeko aukerak. Antzerkian funtsezko elementua (izan daitekeen) testuaren gaia gakoa da egun euskal antzerkigintzak hizkuntzaren ikuspegitik ere dituen erronkak ulertzeko.
EHAZE-Antzerkizale elkarteak Esperientzixak izeneko ekimena antolatu du bigarren aldiz Donostian, Hik Hasi topaketen barruan. Iaz abiatu zuen ekimena Antton Luku, Jose Angel Irigaray, Eugenio Arozena eta Joserra Fachado gonbidatuta, Ander Lipus gidari zutelarik. Aurten ere Lipusek gidatu du saioa beste lau gonbidaturekin, beti ere erantzun definitiboak topatzeko xedez baino gehiago galderen eremua norberaren esperientziatik eta publikoaren laguntzarekin zedarritzeko xedez.
BIGARREN ESPERIENTZIXAK: ANTZERKIA ETA AHOZKOTASUNA
'Antzerkia eta ahozkotasuna' gaia ardatz hartuta gidatu zuen Ander Lipusek Josune Zabala, Iñaki Ziarrusta, Julia Marin eta Mattin Irigoienen esperientzien kontaketa. Lipusek aurkezpenean azaldu zuenez 'badira gai batzuk pil-pilean egon daitezkeenak ahozkotasunaren inguruan: euskara batuaren eta euskalkien erabilera, itzulpengintza, teatro-testuetan literaturarako joera dagoenean nola aztertu edo bideratu lan horiek...'. Banan- banan abiatu zuten gonbidatuek kontaketa, eta horrelaxe egingo dugu bidaia guk ere:
JOSUNE ZABALA: 'Ahozkotasunak elkarrizketa arruntetan ematen ez zaizkion hamaika ezaugarri ditu'.
Josune Zabalak Mintzola elkarteak ahozkotasunaren inguruan egin duen lana izan zuen hizpide, epe laburrera antzerkiarekin elkarlanean egin nahi dituzten proiektuak ekarriz gogora proposamen modura 'interesgarria izan daiteke gogoetatzea nola lagundu dezakeen antzerkigintzak euskal hiztun hobeak lortu ditzagun, nire esperientziatik ikusi dudalako antzerkiak asko eman dezakeela hezkuntzan, eskolan bertan eta aisialdian ere bai'.
Zabalak azaldu zuenez, bere esperientziatik ezer baino lehen garrantzitsua da 'ahozkotasuna' ondo kokatzea, sarritan ikuspegi mugatua nagusitzen baita haren inguruan 'ahozkotasunak ez du esan nahi: zerbait freskoa dela, naturala, prestatu gabea, erakargarria, idatzizkoa baino aberatsagoa... izan daiteke, baina ez dago zertan. Ahozkoa izan daiteke zerbait landua, abiatu daiteke idatzizkotik, freskoa izan daiteke baina testuinguru formaletan zein informaletan izan daiteke baliagarri, izan daiteke interpretatua... ahozkotasunak elkarrizketa arruntetan ematen ez zaizkion hamaika ezaugarri ditu'.
Zabalak azaldu zuenez ahozkotasunaz hitz egiten dugunean ezin gara ahozko kodean soilik oinarritu 'idatzizkotik abiatzen gara askotan edozein ahozko ekoizpen garatzeko, ahozko ekoizpenetan badira idatzizko ezaugarriak eta idatzizko testuetan badira ahozkoak ere'. Ahozkoaren errealitatea kokatzerakoan psikologoen ikuspegia ere aipatu zuen oinarri garrantzitsu gisa, zeinak dioen komunikazioan hitzak % 7 batean duela garrantzia, ahotsak %38an eta gorputzak % 55ean 'ikuspegi honen arabera, eta gezurra badirudi ere, gorputzak eta ahotsak hitzak baino askoz pisu gehiago dute komunikazioan'. Horri gehitu zion ikuspegi sozio kulturala ere 'gorputza eta hitzarekin loturik barne emozioek eta hizkuntza horretan komunikatzen den kulturak du garrantzia'. Hizkuntza bat irakasteko orduan beraz, edo antzerki bat prestatzerakoan, ez litzaioke erreparatu behar soilik alderdi berbalari.
Bide horretan sakontzeko 'Ahozko barnetegiak' antolatzeko xedea dute Mintzolakoek proiektu nagusien artean, kantari, bertsolari, kontalari eta antzerkilariekin elkarlanean. Antzerkiaren munduari dagokionez 'gazteari adierazpena eskaini ahal zaio hitza, gorputza eta ahotsa uztartuz; pertsonaiak nola karakterizatu eta euren hizkuntza moldeen arabera hitz egiten ikasi; irakurketa eta dramatizazioa bideratu; besteen garrantzia ikusi komunikazio ikuspegian aktorea aktoreekin, publikoarekin, talde lanaren garrantzia... eta hizkuntza eskuratu, euskara ikasi eta berreskuratzeko teknikak zein diren antzerkitik bideratuta'.
IÑAKI ZIARRUSTA: 'Jarduera fisikoa eta hizkuntza guztiz lotuta daude'.
Iñaki Ziarrusta Gaitzerdi taldeko kide izan da urte askoan eta euskara oholtzara eramateko kezkaren bidean egin du izan du lan. Egun Atx izeneko proiektuan dabil murgilduta, antzezlanak sortzeaz gain oholtzako hitzari begira hainbat zerbitzu eskainiz.
Ziarrustak aipatzen duenez ahozkotasuna antzerkilarien ikuspegitik fantasia edo irudimen puntu bat da, poesia puntu bat 'erabilerarekin guztiz lotua dago ahozkotasuna. Ez da gauza bera esatea 'goiz-goizean altxatu naiz' edo 'goizeko izarretan altxatu naiz', 'super berandu ailegatu nintzen' edo 'ordu txikitan ailegatu naiz''.
Hizkuntza gorputzean
Antzerkira eramanda maila fisiko batean eragin handia dauka ahozkotasunak, gaztelerazko 'andar con la mosca detrás de la oreja' esamoldea aipatu zuen adibide gisa 'kostaldean nik entzun dut 'amua ezpainetan ibili' gauza bera esateko, eta hori oso inportantea da: guk mugimenduz adierazten badugu 'andar con la mosca' gure mugimenduaren erregistroa alboetara edo albo batera (belarri aldera) joango da, baina 'amua ezpainetan' baldin bagabiltza mugimenduen erregistroa aurrealdera joango da. Jarduera eta hizkuntza guztiz lotuta daude, segun eta zelan jarduten duzun eta ze hizkuntzan, era bateko edo besteko mugimenduak edo erantzunak izango dituzu'.
Bestetik, eta Zabalak esandakoaren ildotik, komunikazioan ahoz esaten denaz gain baizik gorputzarekin esaten dena ere sartzen da 'hor ere ahozkotasuna dago, gorputzarekin hitz barik mugitzen zarenean horrekin zer edo zer esaten ari zara, hori pentsatua edo idatzita egon daiteke edo inprobisazio batean oinarritua egon. Inprobisatzea ez da burura etortzen zaizun lehenengo gauza esatea, baizik eta burura etortzen zaizkizun gauza guztien artean erabakitzea momentu horretan egokiena dena eta horixe botatzea'.
Entrenamendua ahozkotasunean
Ziarrustaren ustez ahozkotasunaren arazoa neurri handi batean egungo gizartearen ezaugarriekin lotuta dago 'ez da oso atzera jo behar beste era bateko bizimodu bat topatzeko, zeinean bizitza nahiko errepikakorra zen, nahiko arrunta, beti gauza berdinekin bueltan.... Egun batetik bestera aldaketa askorik ez badago norberak edozer gauza kontatzeko igual edertu edo loratu behar du apurtxo bat diskurtsoa. Egun horrenbeste estimulu daude egunero gauzak kontatzerakoan eskematizazioa nagusitzen dela, informazio asko bota behar dugulako, nor topatu dugun, zer entzun, zer mezu jaso, zer... ez dago ahozkotasunerako entrenamendurik'. Aitita ekarri zuen gogora Ziarrustak, nola edozer gauza sinple kontatzeko sekulako buelta ematen zuen 'elkarrizketa inozo, arrunt eta normal batetik etekina ateratzea, txiklea luzatu eta luzatuz, nire ustez ahozkotasuna entrenatzeko modu bat da, horregatik diot erabilerarekin oso lotua dagoela'. Erantzun azkarrak, txisteak, anekdotak... 'Andoni Egañak esan berri du ahozkotasuna lotuta dagoela ezjakintasunarekin eta ez jakinduriarekin. Gure aitite eta amamek ez zekizkitenez gauza inportanteak hortxe ibiltzen ziren bueltak ematen hizkuntzarekin. 'Nor da Julia Roberts amona? Neska guapa bat, gu ere guapak ginen gure garaian, gogoan dut...'.
Euskalkiak
Euskara eta ahozkotasunari loturik euskalkiena da mahai gainera sarritan ateratzen den beste gai bat 'uste dut euskalkiekin aberastu behar dugula batuera. Testu bat euskaratua dagoenean eta batuera garbian jarrita dagoenean problemak izaten ditugu bat-batekotasunez aritzeko. Antzerkian hori asko igartzen da, ez da gauza bera eremu euskaldun batean obra bat euskaraz egitea edo eremu erdaldun batean, antzerkian publikoa ezin da ibili 'zer esan du', edo okerrago dena 'zelan esan du' pentsatzen. Publikoari mezua zuzenean ailegatu behar zaio, bestela atentzioa galdu eta ikusle gisa arrastaka goaz, aspertu arte'.
Ziarrustaren ustez batua duela bost minutu sortua da 'oso denbora gutxian oso bide ona hartu du, baina nik uste dut etenik egon ez den euskalkietan badagoela oraindik zurrupatu beharreko aberastasun bat'. Ziarrusta euskaldun berria izanik jabetzen da ez dela erraza altxor horretara iristea 'imajinatu zirkulu kontzentrikoak: euskaldun zahar batek familiaren lehen zirkuluan euskara ikasten du naturaltasunez, hurrengo zirkuluan herri hizkera bereganatzen du eta hirugarren batean ikasketak, institutua, unibertsitatea... orduan ikasten du batuera, prozesu natural baten azken mailan. Euskaldun berri batek kontrako bidea egiten du, lehendabizi goi maila ikasten du, herri euskaldun batean biziz gero herri hizkera ikasiko du, lagun artekoa, baina inoiz ez da sartuko familia eremu horretan, eta berez hor dago aberastasun handia. Ikasteko prozesua guztiz anti-naturala da, normala da jendea euskaldundu behar izatea baina itzelezko ahalegina egin behar dugu herri hizkerara edo aberastasun hori dagoen lekura ailegatzeko. Batuera ikasteko badago hainbat bide, baina oso gutxi herri hizkerak ikasteko, hor badugu mamira iristeko arazo bat'.
Ziarrustaren esanetan antzezlanak sortzerakoan gehienetan erdal prozesu edo jarduera batetik abiatzen gara, eta horrela erdal kultura baino ezin da sortu 'askotan eztabaidatu dugu euskal antzerkia egiten dugun edo antzerkia euskaraz. Merkatua zabalagoa denez gaztelaniaz edo frantsesez prestatzen dugu lana, euskal merkatua txikiagoa denez euskarara itzultzen dugu gero eta hor jauzi ikaragarria dago, non gauzak ez diren ondo egokitzen. Ez dugu hausnarketarik egiten eta ez dugu euskara aproposa komunikatzeko erdal jarduera batetik gatozelako'. Euskal jarduera egitea izan daiteke funtsean bidea 'entrenamendu bat egin benetan euskal antzerkia edo euskal edozer gauza egin ahal izateko, bestela alferrik gabiltza'.
JULIA MARIN: 'Askotan testua alde batetik doa eta gorputza, emozioa eta intentzio guztia bestetik'.
Julia Marinek urte askoan egin du lan hitza antzerkirako egokitzen, oholtza gaineko hitzaren ezaugarriak osotasunean aztertzen eta ikertzen, zuzendari laguntzaile bezala prozesuak haztatzen '1995. urtean Mefisto muntatu behar zela eta deitu zidaten, itzulpena euskarara egina zegoen arren aktoreak lanean hasi eta hori ahoskatzeko modurik ez zegoela konturatu zirelako. Obra berridazten hasi nintzen beraz, baina hori gero esan egin behar zen, profil aldetik oso aktore talde anitza zen gainera proiektuan zegoena. Intuiziotik abiatuta hasi nintzen aktoreekin lanean eta aurrera atera zen, garai hartan geroztik nire bizitzan garrantzia handia izan duten zutabeak topatu nituelakoan nago: ahoskeran gaia batetik, testuarena bestetik'. Marinen ustez gaur egun nahiko disoziatuak dabiltza biak antzerkian 'batetik daude idazlea eta itzultzaileak, mahai-lana egiten dute etxeko bakardadean; bestetik konpainiaren esanetara dabiltzan aktoreak, paperetik ahozkora salto egiteko inor ez dutelarik alboan'.
Testua paperean dagoelarik sarri jo behar izaten da berridatziko duen pertsona batengana 'hor badago gogoeta egin beharra, noiz funtzionatzen duen testu batek ahoz esateko eta noiz ez, ze ezaugarri behar dituen ahoz esateko. Nire irudipena da antzerkian oraindik ere testu gordin samarrak ikasten direla buruz eta horrela taularatzen direla, ez garela ondo ari'.
Itzultzailea
Itzulpena egiteko orduan ere itzultzailea eta antzerkilarien artean dagoen amildegia handiegia da 'itzultzailea gehienetan hutsetik abiatzen da bere etxean, ordenagailu aurrean: ez daki zuzendariak zergatik aukeratu duen obra hori, zer kontatu nahi duen, ze eszenografia izango den, ze aktore izango diren eta ze ikuspunturekin ikusiko duten pertsonaia, ze harreman egongo den pertsonaien artean... azkenean itzultzaileak bere interpretazioa egiten du'. Era berean aintzat hartu behar da fikzioa dela funtsean lehengaia 'egia da erregistroa ahozkoa dela baina ez dauka eguneroko hizkerarekin zerikusirik, batzuetan erregistroa apal samarra izan daiteke, baina besteetan poetikoa, erregistro konplikatuagokoa... arazoak paperean hasten dira, baina gero ere taularatu eta esan egin behar da'.
Behin paperean dagoela konpainiek testua sakratua balitz bezala jokatzen dute sarritan 'aktoreek hitz bat bera ere mugitu gabe ikasten dute buruz testua, nire irudipena da horrelakoetan testua alde batetik doala eta gorputza, emozioa eta intentzio guztia bestetik, ez dugula lortu hitza emozioarekin, akzioarekin, mugimenduekin eta harremanekin lotzea'. Konpainien beste jokatzeko modu bat izan ohi da hizkuntza komisarioa jartzearena 'sekulako presioa da aktorearentzako, lagundu beharrean kontrola ezartzen zaio'.
Merkatuari begira bi bertsio egiten direnean gehienetan erdaraz muntatzen da, gero euskarara pasatzeko 'horrelakoetan erdaraz erabakitzen dira intentzio guztiak, inpultso fisikoak, eta euskarak makurtu egin behar du erabat horretara. Batzuetan zuzendaria desagertu ere egiten da euskarazko bertsiotik'. Zergatik egiten du publiko euskaldunak gaztelaniazkoa ikustearen aldeko hautua? 'publiko euskalduna oso esker onekoa da, baina ikusle euskaldun askok sufritu egiten du euskarazko bertsioekin'. Itzulpena oholtzara egokitzeko lana normalean zuzendaria eta aktoreen esku geratzen da, eta sarritan umorea erabiltzeko orduan erdarara jotzen da 'gaztelaniazko txisteez betetzen ditugu obrak, errudunik ez dago baina diglosia eramaten dugu eszenara'.
Prosodia
Euskara batua eta euskalkien arteko aferari dagokionez Marin ados dago euskalkietan altxorra ikustearekin 'baina iruditzen zait batuaren oso ikuspuntu xelebrea daukagula, euskalkiak alde batera uzten dituen euskara batu bakar eta zozo samar bat egiten dugu, baina haietatik asko hartu dezakegu euskara batua eginda ere'. Marinen ustez oro har bada hizkuntza indartsu guztiek egina duten zerbait, euskarak beharrezkoa duena: prosodia, hizkuntzaren doinuera nolakoa den definitua izatea 'etenak egin daitezkeen, non jarri dezakezun hitz klabea, emozioa ze hitzi jartzen diozun... antzerkian garrantzia handia du horrek. Bi bertsio muntatzean sumatzen da alde hori, emozioa erdarazko hitzen ordenari jarraitua markatzen da euskaraz ere, nahiz eta euskararen ordena horretan beste hitz bat egokitu'.
Mefisto hartatik hogeita bost lan ingurutan hartu du parte Marinek 'hasieran ez zen baloratzen euskaraz ahoskatzeko eraren garrantzia, baina gero eta gehiago hori bera lantzeko deitzen naute'. Egun Donostiako AET eskolan lau urratsetan sistematizatu du urteotan ikertu eta ikasitakoa 'prosodia gurean oraindik zientzia fikzioa da baina horren premia dugu. Euskara batuan nola kantatu behar da? Ez bakarrik ze hitz jarri, nola entonatu behar da? Indarra ze hitzetan jarri dezakegun? hizkuntza irakasterakoan emozioa eta gorputza ezin dira ahaztu, hitzarekin ari garenean alferrik ari gara paperean soilik transmititzen daukagun guztia'.
MATTIN IRIGOYEN: 'Hitz eginez gure arteko oreka hausten denean, gure kodigoan transgresio bat dela irakurtzen dugu eta irri egiten dugu'.
Matti Irigoyenek teatro-testuak idazteaz gain (azkena Jendeen jende, Alberdania 2010) azken urteotan Kitzikazank taldearekin muntatu ditu hala antzezlanak nola libertimenduak.
Irigoyenek aipatzen duenez zaila zaio ahozkotasuna zer den esatea, baina errazagoa zertarako baliatu nahi duen 'hainbeste tresna badira ahozkoan eta baliatzen ditugu gure intentziorako. Nik ez dut sekula antzerkia egin antzerkiarentzat, helburu edo esanahi batzuk baditugu eta horretarako baliatzen dira kantuak, bertsoak, izengoitiak...'.
Ahozkoaren bidetik mundu ikuskera baten transmisioa egiten da, eta hor ahozkoak hori bera apurtzeko eta norberaren marka uzteko modua ematen du 'imajinario komun batek egiten gaitu komunitate, hor funtzionatzen dute gauzek. Denak gira bat baina bakoitzak hitz egiten ahal du bere diferentzia hori, eta dibertsitate horretan sortzen dira ustekabeko perla batzuk. Oreka bat bada gure artean baina hitz eginez oreka hori hausten da, gure kodigoan transgresio bat dela irakurtzen dugu eta irri egiten dugu. Beraz hitzaz bestalde bada egoera nola partekatzen dugun, keinua, entonazioa, ageriko intentzioak eta ezkutukoak, usaina, bolumena... Nik kirol bat bezala, entrenamendu bat bezala bizi izan dut ahozkotasuna, koadrilan elkartzen garenean hitz guttiz paisaia horretara lerratzen gara berehala, errana bezainbat elipsiak erraiten du: erreferentziak ditugu komunean eta horiek dira mintzo. Beste bide batez erraite hori, hitz berriekin emaitea eta norberak loturak egitea'.
Transmisioa, subertsioa
Ahozkotasunaren indar hori subertsiorako emana ikusi izan du Irigoyenek, eta horrek eraman bide du hain zuzen toberara edo libertimendura 'orain urte batzuk ni kritikatua izan nintzen toberari alde iraultzailea ikusten niolako, idealizatzen nuelako seguruenik; niretzat alde iraultzailea bada hitza libratzen delako. Komunitate batean badaude kode batzuk aski kontserbadoreak eta ezin errana erraiteko erabiltzen dugu hitzaren askapen hori, pentsamendu bakarra erakutsi beharrean pentsamendu anitzak erakusteko'.
Belaunaldien arteko transmisioari dagokionez egia da haustura handia dagoela, 'nik jaso ditudan kantuak, topikoak, xelebrekeriak... ez dira transmititu, sasoi batean idatziak hartu du indar handia eta gero modernitateak, telebistak... horrek baliogabetu ditu lehenik ustekabean euria bezala jasotzen genituenak, euria beste bat izan da azkenaldian, beste zerbaitek gaitu busti'. Irigoyenen ustez transmisio hausturarekin batera ikusgarritasunaren nagusitasunak du antzerkiak etsai 'ikusgarriak hiltzen du harremana, kontsumorako ematen dugu, ikusle bezala zer dugun bazka, hori kontsumitzea estereotipoetan oinarriturik. Antzerkia harago doa'. Kontsumismoari loturik bide batez gaztetasuna goretsia da, urrun dago beste belaunaldiekin egin beharreko trukea.
Irigoyenen ustez ahozkotasunaren balioa anitza da 'hizkuntzaren baliabide ez akademikoez jabetzeko behar dugu, baina baita ere gure barneko mamuen azaleratzeko eta gure artean konpontzeko, antzerkia horretan tresna ona izan daiteke, birsortzeko erraiteko dugun hori. Besteek esan dute beste gisan, eta hori interesantea da jakitea, baina guk ere birsortu behar dugu'. Arazoa da egun antzerkia kokatzen den komunitatea ere ez dagoela argi definitua 'gizarteak erraiten du ez dela komunitaterik non ez den telebista, antzerki guneak hautatzean komunitatea sortzen duzu baina taldeak berak behar du komunitate horren sentsazioa lehenbizi, behar du komunitateari mintzatu baina behar du komunitatetik mintzatu'.
Irigoyenek garai batean paperetik heltzen zion testuari, baina gero noski buruhauste ugari sortzen zen taularatzerakoan, talde lana papereko testuari egokitzen saiatzerakoan. Egun zuzendaritzan dabil batez ere, talde lanetik abiatuta egiten du lan, testua taldearekin egindako prozesuan zehar idazten duelarik. Modu horretan testu idatziak aiseago jasotzen du mintzoaren naturaltasuna 'inportantea da denon artean nola lortzen dugun taldearen baitan helburua. Amets bat da, ez da kausitzen sekula espontaneitatea, behar da akuilatu akademiatasun eza, behar da permititu balio subertsio hori'. Behinola tobera egitera jo zuten hain zuen ere pentsamendu korrektoaren hausteko 'kontestua, intentzioa eta erraiten den horren arteko loturan bada hiruki bat. Ez jo ahozkotasunera besterik gabe, beti bada intentzio bat, politikoa zentzu noble batean, eta horretan medio batzuk baizik ez dira ahozkotasunarenak. Konfliktorik gabe ez dago antzerkirik eta ahozkotasuna inpaktu hori da, elkarren arteko ulertze subliminal hori lortzean'.
Mundu bat dago egiteko oholtza gaineko euskara egingarri bat topatze aldera, baina esperientziak elkar trukatzen hastea izan daiteke bidea egiten hasteko modu bat.
Irudiak

