Erreportajeak

Antzerki liburuen bide berriak

Ostirala, 2019-10-11

Aurten bi antzerki bilduma berri etorri zaizkigu plazara: batetik, Maiatz argitaletxeak martxan jarri duen Garazin Antzerki bilduma; bestetik, oraintxe harpidetzak biltzen dabilen Ganbila antzerki bilduma, Susa argitaletxea eta EHAZE-Antzerkizale elkartearen eskutik. (Irudian: Ganbila bildumako nobedadeak).

Garazin Antzerki

Udaberrian ezagutu genuen Garazin Antzerki bilduma, kolekzioko lehen alearekin: Guillom Irigoyenen testuen bilduma. Berriki etorri zaigu bigarrena, Xebastian Ihidoy-ren lana gogora ekartzen duena.

Sarritan hitz egin izan da Ipar Euskal Herriko antzerkiaz, bertako izenez, bertako teatrogintzaren erroez. Bertan (hegoaldekoentzat, “han”) omen da euskal teatroaren benetako tradizioa bizirik: maskarada, pastorala, libertimenduak, toberaren berreskurapena… Kuriositatez, jakin-minez, eta segur aski, ezezagutzaz begiratuko diote hegoaldetik iparraldeko oholtzan gertatzen denari. Baina... euskaraz? Bertatik heldu zaizkigu azken hamarkadetan, amateur hitzari zentzua irauli izan dion teatro bat, Hiru Punttu taldearena kasu, Kitzikazan/k taldearena bestela, eta baita ere teatrogintzaren ideologoari sutsu eta aho bilorik gabe erreparatu dioten ahotsak: Antton Luku, Mattin Irigoien... Ez hori bakarrik, azken urteetako kulturgintzak eman dizkigun izenen artean bada teatrogintza profesionalean zer esan franko eman duena: Fuchs anaiena, hain zuzen ere. Hegoaldeko Artedrama eta Dejabu bezalako taldeekin aliaturik, antzezlan arrakastatsuak egiteaz gain kultur eragiletza izan dute ipar, itzaleko hamaika proiektutan. Hameka, haien artean, lehen Harri Xuri zena. Fuchstarrek ere Le Petit Theatre de Pain taldearen erraietan hasi zuten bidea, frantsesez batez ere; urteetara esanguratsua den urratsa sortu dute Axut! sortuta, eta euskara hutsez lan egiteko hautua hartuta.

Aurreko paragrafoaren lerro arteari erreparatzen badiogu, bada irakurle iaioak akaso sumatuko duen zerbait: “autentikoena” izan daitekeen teatroa urrun dago literaturatik? Zer egin lezake, hortaz, liburu batek? Zer eskaini literaturgintzan, eta zer ekarpen egin bere burua literaturatik urrun ikusten duen teatro berbari? Izan ere, ezagutzen dugu benetan Ipar Euskal Herriko teatro hegoaldetik-sarri-aipatu hori?

Maiatz argitaletxeak martxan jarri duen antzerki bildumak eman lezake galdera horientzat argibiderik: liburua transmisio tresna bat izan daiteke, memoria ariketa bat, historiak irentsitako une magikoen aldarri bat. Liburuak euskarri fisikoa ematen dio berez euskarri fisikorik ez duen arte biziari, bere jarduna orain eta hemen uneak sortzean oinarritzen duen diziplina artistiko eta erritualari.

img053

Bigarren ale honetan Xebastian Ihildoy-ren obrak bildu dituzte. Nor zen, ordea, Ihildoy? Kontrazalak eman dizkigu argibideak:

"Xebastian Ihidoy 1959an sortu zen Ezterenzubi Etxeoinean, Ezterengibeleko auzoan; istripuz zendu zen 1994ean.

Biziki gazterik hasi zen antzerkietan ibiltzen, Irisarrin, Ibarlan edo oholtza zerbait muntatzen zen edozein tokitan, teatroko pasio bizi batek bultzaturik.

Antzerkia harentzat idazteari lotua zen eta gazte gazterik hasi zen testu moldatzen. Hemen argitaratu hiru hauek dira horren lanetatik salbatuak.

Ezterenzubiko Zentzu gabeak taldearen sortzailea, jokoan ari izan zen Eiheralarren gero eta oraino irauten duen Armendaritzeko antzerkia hark zuen bultzatu."

Liburua izan daiteke akzio bat; une bat, oroitzapen bat, ekintza bat denboran irautera bultzatzen duen bulkada paperezkoa. Antton Lukuk idatzi ditu orain arteko bi liburuen hitzaurreak, eta ezagupen sakona sumatzen zaio. Bigarren ale honen kasuan lehen eskuko ezagutza, eta adiskidetasuna. Antzerki liburuetan edukiak bezain mamitsuak izan daitezke haien inguruko testuak, gogoetak eta oharrak; antzerkiaren parte handi bat lerro artean gorderik geratu diren gorputzetan bizi den heinean. Beraz, liburua tresna da, baina antzerkiaren funtsa ahazten ez duena. Honatx Lukuk berak liburu honen hitzaurrean dioena:

Antzerkia ez da literatura egiteko lekua, eraginkortasuna zaio eskatzen, gure barne-arrangurak beste nonbait isuriko ditugu. Antzerkia idaztea gidoi bat, hari baten idaztea da, kinkak harilkatze dituena eta haiek dute beren mezua hedatu behar, behatzailea loturik atxikiz.

Ganbila antzerki bilduma

Eta hala ere, hainbat motibo eta bulkada direla medio, liburura dator antzerkia. Literaturara baita ere? Batzuetan bai, besteetan ez. Akaso badira beste ahots mota batzuk teatroko hitzetan, akaso beste gai batzuk, edo gai betikoak hitzez gorpuzteko beste era batzuk.

Susa argitaletxearen eta EHAZE-Antzerkizale elkartearen eskutik datozkigu bigarren bildumari buruzko berriak. Oraindik publikoki aurkeztu ez duten arren, zabalik da bilduma honetara harpidetzeko aukera, zabaldu dituzte lehen tituluak. Harpidetzeko deialdian honela aurkeztu digute bilduma honen asmoa:

"Ispilu ganbila: kanpo aldera kurbatua duen ispilu bat da, non fokua ispiluaren barruan dagoen puntu bat den. Ispilu ganbilak oro har ikuspegi zabala hartu nahi den egoeretan erabiltzen dira; hala ere, irudi deformatua ematen dute.

Nekez irudika genezake antzerki bilduma honetaz aritzeko metafora egokiagorik. Proiektu berri honekin euskal teatroaz ikuspegi zabala eman nahi genuke, unean unean fokua obra edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz. Antzerkiak agertu ohi duen errealitatea, baina, deformatua da. Egiaren bila dabilen aktoreak bere gorputzeko izerdi, konkor, orbain eta ezinak izango ditu lanabes; berrasmatu egingo ditu haragiz agertokira datozen hitzak.Tentsioan bizi du antzerkiak literaturarekiko harremana, zein neurritan izan behar duen testua abiapuntu ala tresna, ahots korden luzapen huts. Inolako tentsiori muzin egin gabe gatoz Ganbila bildumarekin, harreman arazotsu hori bera, deformazio eder hori bera, liburugintzari eta oro har kulturari egin dakiokeen ekarpen ederra delakoan. Teatro testu askok ez dute literatura helburu, eta hala ere, literatur balio handikoak izan daitezke; teatroan idazle diren ahots berri asko topatuko ditu bilduma honetan irakurleak, normalean beren buruari “literatur” idazle etiketa jartzen ez diotenak. Haiek eszenara eramandako hitzak irakurriko ditugu batzuetan, oraindik eraman gabekoak besteetan, baina baita ere antzerkigileen —eszena gaineko “idazleen”— sormen prozesuei buruzko gogoetak eta aldarriak. Eszenako erritual askeak —aske denean— permititzen duen aho bilorik gabeko gai multzoa ekarri nahi genuke, halaber, literaturara.

Denbora luzea eman dugu euskaraz idatzitako teatro-testu bilduma egonkorrik gabe; Ganbila hutsune bat betetzeko asmoz dator ezinbestean, hala paperean nola sarean artxibategi bokazioz osatzen joango garen tituluen bilduma zabalagoan. Zirtoa behar luke teatroak bide: emanaldi bakoitzeko erritual kolektiboan jendea antzokira sartu den ez bezala ateratzea kalera, eguneroko bizitzara. Asmo horrekin berarekin gonbidatzen zaitugu, irakurle, paperezko antzoki honetan sartzera, harritzera, asaldatzera, euskarazko teatro garaikidearen berri ahoz aho zabaltzera."

Ganbila

Bi aurrekari ditu bilduma berri honek: batetik, Susak 80eko hamarkadan abiatu zuen antzerki bilduma. Beste garai batzuk ziren, beste ahots mota batzuk, beste dramaturgia era batzuk. Bilduma hura osorik topatu daiteke sarean, ikus HEMEN. Bestetik, EHAZEk berak 2016an jarri zuen martxan argitalpen ildo bat. Bertan publikatu ditu Dejaburen Arrastoak, Miren Gaztańagaren Stereo, eta Ekin eta joka gogoeta liburu kolektiboa. Hari horietatik tiraka, eta Susak berak abian jarri dituen beste bilduma batzuen esperientziatik edanda (Lisipe, Munduko Poesia Kaierak), letorke honakoa.

Datozen asteetan publikatuko dituzte lehen hiru tituluak, eta dagoeneko iragarri dituzte hiru hurrengoak:

2019ko UDAZKENA

1) BAZTERREKO AHOTSAK

Beheko Larraine taldearen bi antzezlanez osatutako liburua: Atte hil aurretik eta Manifestu bat. Horiekin batera Miren Tirapuri sortze prozesuez egindako elkarrizketa. Egilea: Miren Tirapu. Testuak: Miren Tirapu, Gaizka Sarasola. Hitzaurrea: Iasone Parada.

2) SIMPLICISSIMUS (udazken honetan estreinatuko den lana, ikus HEMEN)

2019ko udazkenean Tartean konpainiak estreinatuko duen antzezlan berriaren gidoia. Testua: Patxo Telleria. Hitzaurrea: Jokin Oregi. Hitzostea: Oier Guillan.

3) FRANCOREN BILOBARI GUTUNA

Antzezlaneko testuarekin batera, Ximun Fuchs zuzendariak sortze prozesuaz idatzitako testua. Egileak: Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu. Testuak: lantaldeak Igor Elortza eta Unai Iturriagarekin idatziak. Hitzaurrea: Arantxa Iturbe.

2020ko UDABERRIA

4) ISILTASUNA

Eneritz Artetxek idatzitako testu originala. Bizitza den gatazkari buruz mintzo zaigu protagonista: feminismoaz, pertsonen arteko harremanez, erraiak astintzen dizkiguten eguneroko egoerez.

5) MAMI LEBRUN

Xake produkzioak konpainiak sortu eta Kepa Errastik idatzitako antzezlana.

6) 4.48 PSIKOSIA

Sarah Kane idazle ingelesak hil aurretik idatzitako azken obraren itzulpena.

Esan bezala, harpidetzak egiteko aukera zabalik da. Hemen topatuko dituzue bildumari buruzko argibideak: Ganbila.eus.

Antzerkia argitaratzeko beste bideak

Bilduma hauek ez dira bakarrak. Teatrogintzak orain arte modu sakabanatuan ikusi du argia. Azken garaietako liburugintzari erreparatzen badiogu urtean lauzpabost liburu plazaratu izan dira, modu sakabanatuan. Salbuespenezko argitalpenak izan dira gehienak, beste bilduma batzuetan filtratutako eszepzioak, bilduma propiorik gabeko aleak. EDO! argitaletxe desagertuak egin zuen, kasu, hainbat ale plazaratzeko ahalegina (Gaizka Sarasolaren Erleak, satorrak, beleak; Samara Velteren Eta Karmele?).

EDO!ren ereduari jarraituz, azken urteetan EHAZEren ahaleginak ekarri du teatroa modu jarraian argitaratzeko ahalegina. Bertan garrantzia hartu dute teatro testuez berauez gain, sortzaileen gogoetek, hitzaurre espezializatuek, dramaturgiari buruzko oharrek. Nolabait, teatro-liburuaren esperientzia egungo beharretara egokitu nahian, teatro-literatura ez ezik teatro-fisikoa ere ekarri nahian transmisio eta gogoeta ahalegin horretara. Arrastoak eta Stereo lirateke ahalegin horretan eredu, zeinetan oholtza gainean erabilitako testuak bezainbesteko garrantzia (edo handiagoa) duten obrari buruzko testu “periferikoek”.

EHAZE elkarteak Ganbila bilduman jarri ditu indarrak, baina hala ere, ohiko bildumari eutsiko dio beste era bateko lanak publikatuz: euskarazko antzerkigintzaren sektoreari buruzko gogoetak, eztabaidak, antologiak eta edizio bereziak. Aurtengo Durangoko Azokan Eneritz Artetxek idatzitako artikulu bat publikatzeko asmoa dute: Karanbola hirukoitza: emakumeen presentzia euskarazko antzerki sorkuntzan.

eztena-logo

Eztena antzerki jaialdiak jarri du azken urteetan beste bilduma bat: orain arte hiru titulu publikatu dituzte euskaraz, eta hiru gazteleraz. Aurten, ale berri bikoitz bat plazaratuko dute: batetik Alaia Martinek idatzitako Hitzen afasia testu liburua, bestetik Amets Badiolak ateratako argazki libura. Biekin aurtengo ekainean Errenteria/Oreretan gertatutako esperientziaren kronika kreatiboa egingo dute: hamabost egunez 25 sortzaile elkartu zituzten hiru sorkuntza laborategitan, eta bertako emaitzekin osatu zuten Eztena Arte Eszenikoen Jaialdiaren egitaraua. Alaia Martinek eta Amets Badiolak esperientzia haien kronika kreatiboa egiteko enkargua jaso zuten antolakuntzatik, eta hauxe izango da emaitza.

Ez da argitaletxeena liburuak publikatzeko bide bakarra. Bi urtean behin Donostia Hiria Kutxa literatura saritik iristen zaigu lan saritu bat liburu formatuan. Aurtengo uztan Aire ikusezina izan da argitaratu den lana.

Beraz, antzerkiaren munduan liburugintzatik murgildu nahi duenak aurten badu non aukeratu. 2019a, minimo, euskarazko antzerki argitalpengintzako estatistiketako median ez ohiko piko batek harritu gaituen urtea izango da.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)