1914
Osteguna, 2015-01-22Joan da 2014a, bere efemerideen oihartzunekin. Letra gehien eraman dituen urteurrenea da 1914 urruna gogora ekartzen duena, Lehen Mundu Gerraren oroitzapena, Gerra Handiak galdutako izenen akordua. Gerlaren oihartzunak aurtengo literaturan utzi dituen arrastoen uberan murgildu gara artikulu honetan.

Nobela bat, saiakera bat, itzulpen bat. Haiei gehitzeko modukoak efemeridearen aitzakian berreskuratu ahal izan ditugun irakurgaiak. Efemerideak liburuak saltzeko aitzakiak izan daitezke, baina baita ere distantziaren laguntzaz iragana ulertzeko saioak, jendarte batek bere historiaz gomutatzeko abaguneak.
Mikel Peruarenaren Su zelaiak
Fikziotik etorri den proposamena da Mikel Peruarenaren Su zelaiak nobela, Susaren eskutik kaleratutakoa. Urrian aurkeztu zuen prentsaurrekoan, eta abenduan berriz jendaurreko irakurketa batean Hernaniko Bodega tabernan. Liburuko pasarte batzuk irakurri zituen bigarren honetan Peruarenak, Morauk prestatutako soinu bandak lagundurik. Ez da liburuaren harian Peruarenak bidaide izan duen musika bakarra: behin baino gehiagotan izan du aipagai Lisabören musika, sortze prozesuan lagungarri. Lisaboren musikak bezala, garraztasuna eta “dentsitateari” loturiko sentimendua topa daiteke Su zelaiak nobelan.
Modu koralean emango zaio hasiera istorioari, Baionako Infanteriako 49. Erreximenduaren bidea jarraituz gerrak iraungo dituen urteetan. Modu koralean hasiko da narrazioa, asko izan zirelako gerrak bukatutako izenak, familiak, etorkizunak. Gerrak bezala narrazioak ere, apurka-apurka izenak ezabatuko ditu hasiera batean luzea zen protagonisten zerrendatik, gutxi batzuk geratuko diren arte. Inbutu baten moduko kontaera da Su zelaiak honetan topa daitekeena, su lerroetan kontatu gabe gelditutako istorioak lokatzetik berreskuratuz, fikzioaren laguntzaz bada ere. Soldaduen bizipenekin bat, Ipar Euskal Herriko testuinguru historikoa, etxean geratutakoen oihartzunak ere topatuko ditu irakurleak.
Peruarenak berak liburuaren eskertzetan aitortzen du Eneko Bidegainen lana. Lan handia egin du azken urteetan Bidegainek gogoeta eta azterketen bidetik, XX. mendean Ipar Euskal Herriak pairatu zuen aldaketa sakona, frantsestea funtsean, kokatze eta ulertze aldera. Bidegainek Lehen Mundu erra eta Euskal Herria saiakera plazaratu du aurten Elkar argitaletxearen eskutik.
Eneko Bidegainen, Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria
“Sua” hitza topatuko dugu Bidegainen lanean ere, ezin bestela izan. Hiru atal nagusi ditu lan honek: Pindarrak, Sua, eta Kea. Gatazkaren aurrekariak, gatazka beraren datuak, gatazkaren epe luzerako ondorioak.
“Milaka euskaldun hil ziren, Belgikan, Andereen bidearen inguruetan eta Verdunen nagusiki. Intsumituak ere milaka izan ziren, eta desertoreak ere bai. Baina, oroz gainetik, euskaldunek Frantziarekin eta Frantziarentzat isuri zuten odola funtsezkoa izan zen euskaldunak frantsesteko bidean. Ipar Euskal Herriko euskal prentsa eta apaizak berak ere ildo horren defendatzaile izan ziren”.
Bidegainek jorratua du gaia aurretik ere: doktoretza tesia aurkeztu zuen 2012an, EHU eta Bordeleko unibertsitateen artean, Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian gaiaren inguruan. Gai bera ardatz hartuta, Gerla Handia, muga sakona liburua idatzi zuen 2009an, masterreko lanetik abiaturik. Egungo sentipenetatik Ipar Euskal Herrian suposatu zuen zauria osotasunean ulertzeak, oraina ulertzen eta orainean eragiten lagungarri izan liteke, egungo ikuspegietatik zauria mingarria suertatzen bada ere:
“Ez zen Ipar Euskal Herria Frantziarekin lotu zuen azken gertakaria izan, baina handiena bai. Eta beste nazio ikuspegirik ez zen garatu XX. mendearen bigarren erdialdea arte. Euskaldunak berena ez zen herri batentzat hil zirela gaur egungo abertzaleen ikuspegitik erraten da; baina gehiengo zabalarentzat, berriki arte, hori ez zen horrela. Hil zirenen familiek ez zuten protestatu berena ez zen herri batengatik hil zirelakoan”.
Armiarma.com-en ekarpena “Eskualdunan” barrena
Ildo horretatik, armiarma.com-ek ahalegin berezia egin du aurten Literatur Emailuen bitartez Eskualduna astekariko edukiak sailkatzen eta astez-aste zabaltzen, Gerla Handiko hainbat pasarte literaturaren bitartez aletuz, garaiko gertaerekiko bide paraleloa osatuz ehun urte geroago.
Armiarmako kideek gaiari erskainitako webgune berezian azaldu dutenez “Eskualduna, euskara hutsezko astekaria, indartsua zen Ipar Euskal Herrian eta, jakina, arreta berezia eskaini zion gerlari. Kazetarien lanaz gain, agerkari honetan plazaratu ziren lubakietan zebiltzan hainbaten kronikak, tartean Saint-Pierre, Zerbitzari edo Etxepare medikua”. Hemen topatuko dituzue berreskuratutako aleen laburpenak, eta hemen berriz Eskualduna bera.
Itzulpenaren bidetik, Jean Echenozen 14
Itzulpenaren bidetik heldu zaigu berriz Jean Echenozen 14 izeneko nobela, Gerardo Markuletak euskaraturik. Markuletak berak itzuli du aurretik Echenozek hainbat pertsonaia ezagunen bizitzen haritik osatutako nobelen trilogia: Ravel, Lasterka eta Tximistak.
Nobela txikia da 14, baina bere laburrean zehatz murgiltzen gaitu pertsonaia nagusien bizitzen harian, eta baita gerla beraren deskribapenean ere. Hasiera batean, gainera, ohiko deskribapenei muzin eginez, gerla hastapeneko inozentzia giroa islatuz, ostera kirasten joateko:
“Soldaduak beren fusilari atxikitzen zitzaizkion, beren labanari: gasek herdoildu, histu, ilundutako metalak ez zuen apenas distirarik bengala argigileen dirdai izoztuaren azpian, zaldi hilen eta gizon erorien usteldurak kirastutako airean; horrez gain, lokatzetan gutxi-asko zutik zirautenen aldean, haien txiza, haien gorotz, haien izerdiaren usaina, haien kraka eta gonbitoena, ez aipatzearren gainetik kendu ezineko urdindu, lizun, zahar ufako hura, nahiz eta, frontean, printzipioz, aire librean egon. Baina ez: zoko usaina zegoen baita norberarengan ere, norberaren barruan, hilotz ustel desartikulatua katigaturik zituzten alanbre-hesi ziztadunen atzean; gorpuak, batzuetan, baliagarri zitzaizkien zulatzaileei telefono-hariak finkatzeko: ez baitzen lan erraza, zulatzaileak izerditu egiten ziren, nekez eta beldurrez; erosoago lan egiteko, kapotea erantzi, eta lur iraulitik ateratzen zen beso batetik zintzilikatzen zuten, esekigailu gisa baliatuz.
Hori guztia hamaika aldiz deskribatu izan denez gero, beharbada ez du merezi berriro ere opera higuingarri eta kirastu honekin luzatzea. Beharbada baliagarria ere ez da, ezta oso egokia ere, gerra opera batekin alderatzea, are gutxiago norbera operaren oso zalea ez izaki; nahiz eta gerra, opera bezala, hotsandikoa, hanpatua, neurrigabea, luzamendu penagarriz betea izan; nahiz eta, operak bezala, zarata handia egiten duen, eta askotan, luzarora, aspergarri samarra den”.
Montoiaren Hezur gabeko hilak
Aurten 1914ko gerlaz euskaraz idatzi diren artikulu eta literatur iruzkinek, besteak beste, Xabier Montoiaren Hezur gabeko hilak nobela aipatu dute sarri. Hezur gabeko hilak 1999an plazaratu zen Susa argitaletxearen eskutik. “Hilen bizimoldea” trilogiako lehen titulua izan zen, ondoren etorri ziren berriz Blackout Bigarren Mundu Gerran kokatua, eta Elektrika Aljeriako Gerran kokatua. Hezur gabeko hilak liburutik lapurtu ditugu lerro hauek:
Egun hasi berriko goiz gardenera irten delarik, loriaturik ikusi dute. Mundua ezezagun zaie, elurrak oro ikuzi izan balu bezala. Azken urteetan jasan duten lokamutsaren ezaugarriak desagertu dira, gauak eramanak irudi: burdin sare herdoilduak, kanoi pezek sortu zuloak, bonbek porroskatu etxeen hondakinak, animalia zein soldadu hilen hondarrak, zernahi zabor. Begi aitzineko eremu osoa elurrak berdindurik, alemanen errekak ere amesgaiztokoak direla sinetsiko lukete –hala nola gerla eta makurkeriaren moldeak oro ere- Rebinotten ahotsa entzun izanm ez balute:
Ezar lerroan behingoan!
Oihuak irrigarri utzi du soldaduen desira. Bat-batean hotzaz ohartu eta dardaraka ari dira egunerako betebeharrak, txandak eta manatuak sarjentak banatu bitartean. Etsaiari behar egotea Etxegoieni.
Ez ohiko trilogia osatu zuen Montoiak, eta efemerideak aitzakia -eta batez ere bestela ere-, etengabe berreskuratzeko modukoa.
Joe Saccoren album mutua
Euskal Herrian argitaratutakoen testuingurutik at, ez ohikoagatik liburu berezi baten aipamena ekarri nahi izan dugu artikulu honetara: Joe Sacco komikigilearen The Great War. Modu koralean eman diogu hasiera artikulu honi, Peruarenaren Su zelaiak lanaren eskutik, eta modu koralean emango diogu amaiera. Izan ere, hori dakar eta Saccoren komikiak: Semmeko bataila izan zenaren irudi luzea, korala, mini istorioez osatutako irudi zabala, desplegablea, zuri beltzekoa.
Gerra bat liburuan jasotzeko modu anitzen isla.
Ez dira bakarrak
Bertan aipatu ditugunak ez dira 2014an ehun urte atzera eraman gaituzten lan bakarrak: Bernardo Atxagaren Txoriak kolpeka (Pamiela, 2014) azken lanean kasu, Gerra Handiaren arrastoak topatuko ditugu Lawrence Arabiakoari eskainitako saiakeran. Aipatuko zenukete besterik?