Elkarrizketak

Yolanda Arrietari elkarrizketa

“Historiak ez du zertan itxia izan behar”Ostirala, 2015-03-06

Bizenta Mogel Elgezabal (1782-1854) idazle bizkaitarrean pentsatuz idatzi zuen Argiaren alaba (Autoekoizpena, 2014) nobela. Liburua egin aurretik ordea, idazle klasiko honen inguruko tailerrak eskaintzen hasi zen. Eta tailerraren harrera onak bultzatuta idatzi zuen gero nobela. “Aurreratu samarra izango zen Bizenta”, Yolanda Arrietak adierazi digunez. “Bizkorregi zihoan bere sasoirako eta hori ere islatu nahi nuen nobelan”.

Yolanda Arrietari elkarrizketa

Zenbat du nobelak biografiatik eta zenbat fikziotik?

Nik ez nuen liburua idazteko asmorik. Liburua idatzi baino lehen, hitzaldi-tailerrak ematen hasi nintzen. Hortik hasi zen dena.

Euskal Idazleen Elkarteak, ‘Idazleakaz’ proiektuaren barruan, Edorta Jimenezen egitasmo bat jarri zuen martxan. Gaur egungo Bizkaiko idazle batek herrialdeko idazle klasiko bat ikasgeletara hurbiltzea proposatu zuen Jimenezek. Ni Usurbilen bizi naiz baina Etxebarriakoa naiz, eta neu ere animatu egin nintzen. Markinan Juan Antonio Mogel ere hor dago, baina idazle klasiko hori jada egina dago eta haren iloba Bizenta Mogelekin hasi nintzen pentsatzen.

Ez nekien oso ondo zer egin ordea. Mari Eli Ituartek IRALEn egiten du lan eta zerbait ezberdina egiteko eskatu zidan. Markinako liburuzain Igor Idoetak jada egiten zuela Juan Antonio Mogelen inguruko ibilbide bat, eta “zer edozer ezberdina egin ezazu”, hala proposatu zidan Ituartek, eta horrela hasi nintzen, hitzaldi tailer moduko hau egiten.

Tailerraren bitartez ematen duzu ezagutzera Bizenta Mogelen ekarpena.

Hamaika pakete edo kutxa erabiltzen ditut tailerrean. Kutxa bakoitzean objektu esanguratsuak sartzen ditut, eta gutun-azal batean datuak, Bizenta Mogeli buruzko datuak. Paketeak edo kutxak zabaldu ahala, Bizenta Mogelengana hurbiltzeko hamar ikurrak deskubritzen goaz.

XVIII. mendera hurbiltzeko gakoak izango dira ikur horiek, ezta?

Ikurra da geratzen zaigun arrastoa. Iragana joan da, ezin duzu atzeman. Tailer honen bitartez, tradizioaren inguruko irakurketa bat egiten dugu. Tradizioa ez da geldi dagoen gauza bat. Historia ez da hor geldi dagoen gauza bat. Zerbait bizia da. Gaur egunetik berrikusi, hutsuneak bete eta berrasmatzeko eta berrantolatzeko modukoa. Horren ildotik hasi nintzen ikertzen, eta ikertu ahala hasi nintzen datuak topatzen, eta topatzen nituen datu horiek kutxa horietan sartzen. Helburua zen historiari estatikotasun hori kentzea, eta dinamizatzea. Gu ere historia gara eta ari gara (historia) egiten.

Aukeran, beste idazle bat aukera zitekeen, zergatik Bizenta Mogel?

Bizkaiko idazle bat hautatu behar nuen, hori zen abiapuntua. Ni Etxebarriakoa naiz eta Bizenta Mogel Markinakoa, Azkoitian jaio arren, urtebete zuela aita hil eta, familia Juan Antonio Mogelengana joan zelako bizitzera, Markinara. eta kilometro gutxira dago Etxebarria. Ipui onac liburuaren hitzaurrean agertzen du, osabak bere nebari latinera erakusten ziola. Eta Bizentak, 8-9 urterekin, osabari esaten ziola berak ere ikasi nahi zuela latinera irakurtzen.

Irudi bat neukan: 1790ean, Markinako Goenkaleko etxe batean, neska koxkor bat dago latina ikasten.

Dokumentazio lan handia eskatuko zizun tailer honek. Eta baita ondoren idatzitako nobelak ere.

Xabier Altzibar Aretxabaleta ikerlari eta irakaslearen tesiak asko lagundu dit. Historikoki gertaera asko eman ziren garai horretan. Frantziar Iraultza hasten da, gerra napoleonikoak datoz... Bizentaren bizitzak Lehen Karlistaldiaren aurreko mugimendu sozial guztia harrapatzen du.

Topiko asko daude Bizenta Mogelen inguruan. Oso katolikoa zela, itxia zela... Baina sasoia ere horrelakoa zen.

Eta andrazkoa zen.

Bai. Baina nik ez nuen heroi bat bilatzen, nik imaginarazi nahi nuen sasoi hartan, XVIII. mende amaieran, bazela neska koxkor bat ikasi egin nahi zuena. Eta nahi hori aldarrikatu egin zuela gainera. Emakume batentzat, garai hura ez zelako aktibo izateko modukoa, baina Bizenta Mogel Elgezabalek, ikasi ez ezik, idatzi ere egin zuen, eta idatzitakoak bere izenez sinatu zituen.

Tailerrak egiten joan ahala, nobela idazteko premia piztu zitzaizun.

Hori da. Tailerretan datu asko batzen hasi nintzen, eta idazteari ekin nion. Nire ihesbidea ere bada ikertzea eta idaztea. Zentzu horretan, nobela hau ihesbide aberasgarria izan da.

Ez dakit adina ote den, baina badoa denbora bat, badoa bizimodu bat. Badoa. Eta bestetik, ikusten ari naiz egungo hezkuntza programan memoria afektiboa ez dela batere lantzen eskoletan. Datu hotzetatik aparte dagoen memoria da memoria afektiboa. Lehen, DBH mailako adinean ginenean, 100 urteko memoria afektiboa izango genuen. Orain, adin tarte horretakoek 15-20 urteko memoria afektiboa izango dute. Eta txikiek, 10 urtekoa edo.

Garai bat badoala sentitzen dut. Kezka hori ere badago ahalegin honen atzean, horregatik ere idatzi nuen nobela.

XVIII. mendera bidaiatu behar izan duzu. Nolakoa izan da idazketa prozesua?

Donostiako Koldo Mitxelenan egon naiz pare bat urtez, larunbatero, dokumentazio lana egiten.

Denbora guztian beldur nintzen daturen batean hanka sartuko ote nuen. Orduko sasoia ez da erraza ulertzeko. Mogeldarrak foruzaleak ziren. Ezkondu eta gero, Bilboko Abandora joan zen bizitzera Bizenta, eta liberal eta karlisten artean mugimendu handia zegoen bertan. Karlisten artean foruzaleak daude, eta zergatik dira karlistak? Erregeak foruak zainduko dizkiela agindu dielako. Hauek uste zuten ideia berriekin dena galduko zutela eta horregatik ziren foruzaleak. Baina beste gauza askotan bezalaxe, klitxe batzuk kendu behar dituzu gainetik.

Aurreiritziak albo batean utzi behar.

Denak utzi behar dituzu bazter batean. Denak. Tailerrean esan ohi dut, gris askoren artean bizi zirela, gu geu gris askoren artean bizi garen bezalaxe. Igual igual.

Bizenta Mogel, haur eta gazte literaturaren aitzindari

Bizenta

Irakurlego berri batentzat idazten zuela esan izan duzu. Umeentzat eta baserritarrentzat. Datu horrek, berrikuntza horrek zertan baldintzatu du zure nobela?

Ipui onac liburuarengatik ezagutzen dugu Bizenta Mogel. Baina berak ez zuen liburua sortu. Osabak zeuzkan alegia batzuk hautatu zituen eta konpondu egin zituen, baina buruan irakurlego jakin bat kontuan hartuta: gazteak eta baserritarrak. Ordura arte, irakurlegoa gizonezkoa, heldua, diruduna edota elizgizona zen. Ikasten zutenak horiek zirelako. Bizentak ordea, gazteentzat eta baserritarrentzat egokitu zituen osabaren idatziak. Asmo berri bat dago hor. Maria Jose Olaziregik dio euskal haur eta gazte literaturaren aitzindari izendatu dezakegula.

Euskara batuaren zantzuak ere ikusten dira liburuan, ahalik eta jende gehiengoarengana hurbiltzeko seguruen.

 

Euskaraz idatzi zuen lehen emakumea izan zela ere esaten da.

Hori hain modu kategorikoan esateko daturik ez dut. Nik esango dudana da nik topatu dudan ekarpena hori izan zela. Gaztetxoentzat eta baserritarrentzat egokitu zituela Ipui onac. Irakurlego berri batentzat. Hori berria da. Eta bestetik, berak bere izenarekin sinatzen zuen beti. Beti sinatzen zituen bere idatziak.

Xabier Altzibarrek egina du Bizenta Mogel eta Bizkaiko idazle klasikoen inguruko tesia. Harek esan zidan Bizentaren eskuizkribua Koldo Mitxelenan zela. Hartu nuen, eskuartean izan nuen eta hantxe konturatu nintzen idatzia 1800 urtean katalogatuta zegoela. Eta horrekin beste gauza bat hautsi zen. Guk ikasi dugu Ipui onac liburua 22 urterekin argitaratu zuela, baina eskuizkribua 1800 urtekoa bada, 18 urterekin zeukan liburua eginda. Irakurle euskaldunari idatzitako zatiak eta liburuko hitzaurrea bereak dira, eta 18 urterekin hori dena egiteko gai izan zen. Garai hartako gauza asko topa  daitezke, baina emakumeei buruzko oso datu gutxi daude, idatzi gizonezkoek idazten zutelako.

Berarentzat, nebarentzat eta osabarentzat, euskara zen mundua. Berak sinesten zuen euskara gai zela edozer gauza egiteko, bertsotan aritzeko, poesia idazteko...

"Nobela iraganaldi hutsean uzteak ez zidan asebetetzen"

Mirari, 17 urteko euskaldun amerikarra da liburu protagonista. Garaikidea. Bi garaien arteko zubi-lana egiten du Mirarik.

Zalantza asko izan nituen. Nobela iraganaldi hutsean uzteak ez zidan asebetetzen. Zeren hau ez baita nobela historiko bat. Ideia zen liburua eskola eta hezkuntzara bideratzea, eta nire kezka handiena zen nola hurbildu gazteei idazle klasiko bat.

Gaur egungo gazte bat hautatu nuen protagonista gisa. Jatorri euskaldunekoa baina amerikarra dena. Eta talentu handikoa, Bizena Mogel ere adimen handiko emakumea izan baitzen, aurreratua. Bizentak bere liburua 18 urterekin idatzia zuenez, liburuko protagonistak ere antzeko adina du.

Bere sasoirako aurreratu samarra izango zen Bizenta. Bera bizkorregi zihoan bere sasoirako eta hori islatu nahi nuen.

Gaur egunera ekarriz, zabaldu egin nahi zenuen perspektiba.

Gaur egungo gazte baten ikuspegitik idatzi nahi nuen. 17-18 urteko gazte batentzat, denbora-espazioaren perspektiba aldatu egin da. Ez dute bertigorik. Hori ere islatu nahi nuen. Nola egin? Hemengo jatorria duen euskaldun amerikar baten bitartez. Adimen handikoa den neska gazte baten bitartez.

Bertigorik ez dute gazteek, baina lurra fala zaie. Asko ikasi dut, Ameriketan dena daukat, gauza asko ditut... baina ni nor naiz? Nondik nator? Adinarekin bat datozen kezkak dauzka Mirarik ere.

Izeba bat izango du Mirarik aldamenean, ikerlaria dena, eta nomada. Beste emakume irudi bat agertu nahi nuen, ikerlariarena. Bien artean ikertu ahala doaz nobela osatzen.

Horrekin islatu nahi nuen lehen aipatu dizudana, eta tailerrean erabiltzen dudan planteamendua: gauzak ez daude jada esanda, eh? Esanda dagoena ere, berriro birplanteatu daiteke, eta gure ondorengoek ere berriro begiratuko dute. Iragana joan da, eta arrastoekin gabiltza. Datuak hor daude baina ikertu egin behar duzu, hori ere egia da.

Historiak ez duela zertan harrizkoa izan behar.

Eta kategorikoa ere ez, eta itxia ere ez. Horrek esan nahi du egia absoluturik ez dagoela.

Dagoeneko hogeitamar tailer eskaini ditu han eta hemen

Yolanda05

Liburua baino lehen hasi zinen tailerra eskaintzen. Zenbat egin dituzu orain arte?

Dagoeneko hogeitamar egin ditut. Eta oso gustura ari naiz.

Nolakoa izango da ostiral honetan (martxoak 6) Usurbilgo Sutegin eskainiko duzun saioa?

Tailerra hasi aurretik, kutxak lurrean egongo dira, borobilean ipiniak. Hamaika kutxa, guztira. Dekalogo moduko bat osatzen joango gara. Joko gisa planteatzen dut tailerra: zero da abiapuntua eta “demagun” gisako batekin hasten gara.

Jendea kutxen inguruan dago eserlekuetan jezarrita, mahairik gabe, eskuko telefonorik gabe, harkatzik gabe, paperik gabe... Esku hutsik. Norbera entzuteko, imaginatzeko eta sentitzeko prest.

Kutxak zabaltzen joango gara eta, amaieran, kutxetan dauden gauza guztiak agerian geratuko dira. Eta nik, ondoren, paper batean dekalogo modukoa banatuko diet tailerreko partehartzaileei.

Zer dago hamaika kutxa horien barruan?

Kutxetan objektuak sartzen ditut, metaforetara hurbiltzeko. Gazteek ez dituzte gure metaforak ulertzen. Klasikoengana hurbiltzeko garaian, metaforen atzean pentsaera sinboliko bat dago, eta baita pentsaera filosofiko eta erlijioso bat ere. Eta objektuek lagundu egiten diete horretan.

Era honetan, diskurtso sinbolikora hurbiltzeko aukera daukat, modu organiko batean. Oso ondo ateratzen da tailerra, asko disfrutatzen dut. Neke gozo bat eragiten dit baina atsegina da neke gozoa.

 "Autoekoizpena ez da gauza guay bat"

argia-portada

Autoekoizpenaren bidez plazaratu duzu liburua. Gauza puntual bat izan da ala  beste zerbaiten adierazgarri al da? Argitaletxeen logikaz galde egin nahi nizuke.

Kazetariok jo beharko zenukete argitaletxeetara. Eta haiei galdetu zer argitaratzen duten, zer argitaratu nahi duten, eta zer egin nahi duten euren lanarekin.

Beti niri galdetzen didazue, baina argitaletxeentzako galdera, haiei egin beharko zeniekete. Hor bada eztabaidarako gai potolo bat.

Zure ustez, bada piztu beharreko eztabaida.

Bai, isilik dago eta inork ez du ukitzen. Ni ez noa ukitzera, baina egin beharreko eder bat dago hor. Tabu bat da une honetan, eta ez da ezer esaten. Baina hor dago.

Liburu hau bulkada modukoa izan da. Apurka-apurka osatzen joan den lan bat izan da. Ez dakit horrela lan egin behar den ala ez. Nik bulkada honi jarraitu egin behar nion eta erdi bukaturik izan nuenean, bi argitaletxeri erakutsi nien.

Argitaletxe batek emailez erantzun zidan. Oso ondo ulertzen zuten liburua, irakurria zeukaten eta DBH zein Batxilergoko ikasleentzat egoki ikusten zuten baina irakasle baten laguntza ere premiazkotzat jotzen zuten, Historia, Antropologia, Literatura... Alor asko ukitzen dituelako nobelak. Ulertzen zuten nobela, baina “apustu bat da”, horrela amaitzen zen emaila.

Beste argitaletxe bati erakutsi nion eta aurpegian ikusi nuen ezetza. Gauza bat argi daukat. Nik ezezkoa atzematen badut, ez dut denbora galduko. Beste batek negar egingo luke. Nik ordea, nire bulkadari jarraitu nion eta hirugarren argitaletxe bati erakutsi baino lehen, “errazagoa izango da nik neuk topatzea bidea”.

Banekien norekin egin nezakeen maketazio eta diseinu lana. Dirua behar zen eta horretan pasa dut denbora gehien. Hango eta hemengo zatitxoekin (Markinako Udaletxea,  Bizkaiko Foru Aldundia) osatu dut aurrekontua.

Baina prozesua, liburua osatzerarena, oso polita izan da. ‘Baina’ bat dago ordea.

Zailtasunak izan al dituzu liburua ikusgarri egiteko garaian?

Bere bidea egiten ari da liburua. Durangoko Azokarako jada ez nuen alerik. Eskatu egin dizkidate leku askotatik baina nik atera nituen denak agortu egin dira. Udal liburutegietan badaude. Diru publikoa jaso nuenez, liburutegi publikoen sarean 100 ale daude banaturik. Baina beste guztiak agortuta daude.

Hirugarren argitaletxe bati eskaini nion aukera. Egiten dudan tailer bakoitzean eskatu egiten didatelako. Liburua bizirik dago. Baina ni ez naiz editorea, ni egilea naiz. Batzartu ziren baina ezetz. Lagunduko zidatela banatzen, baina ezetz.

Pozik nago, hala ere. Kritika bakarra izan dut baina ona (Javier Rojo, El Correo). Harek esaten zuen ea zer egiten duen liburu honek autoekoizpenen artean.

Nik horrela egin dut nobela hau, ez dudalako beste modurik topatu. Eta ez da gauza guay bat. Ez da erraza.

 

Tailerreko argazkia: Bilbo Zaharra euskaltegia. Koadroa-liburua: uriola.eus. Gainontzeko argazkiak: uberan.eus

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)