Elkarrizketak

Xabier Mendigureni elkarrizketa

"Bizitzen segitzearen aldeko kantak dira ipuinok"Ostirala, 2014-11-14

Arantzak barrurantz (Elkar) liburua plazaratu du Xabier Mendiguren Elizegi idazleak eta editoreak. Azken urteetan idatzitako bost kontakizun batu ditu. Noraezean dabiltzan pertsonaiak marraztu ditu, arantza zaharren bat atera behar dutenak edo bere baitako gabeziak nola izendatu ez dakitenak.

Xabier Mendigureni elkarrizketa

Trantsizioan dauden pertsonak dira. 50 urteren bueltan dabiltza, ez dira gazte, ez dira zahar. Erdibidean, bidegurutzean dauden pertsonaiak dira.  

Baietz esango nuke. Dulce Maria Loinaz poeta kubatarrak zioen bezala, “es tarde para la rosa, es pronto para el invierno”. Gazteetako loraldietarako eta zorakerietarako zahartu naiz baina negurako eta bizitzaren azken sasoirako gazte naiz oraindik, hori esatera dator. Neurri batean, trantsizio hori edo erdibideko egoera hori bizi dute liburuko pertsonaiek. Eta normala dela uste dut. Bidegurutze horretan egoteak joko asko ematen du literaturaren ikuspegitik.

Nostalgia ukitu bat dute ipuin gehienek. Hori ere adin jakin horrekin al dator?

Ez dakit, badirudi nire buruaz ari naizela eta ez da hori kontua. Pertsonaia batzuk eta istorio batzuk asmatu ditut. Gertatzen da norberaren obsesioak eta kezkak islatu egiten direla, ezinbestean, zure idatzietan. Gaztetxoa denean bat, ligatzeari buruzko istorioak konta ditzake eta beste sasoi batean dagoenean, bestelako gaiak.

Tonuari dagokionez, umoretsuagoa erabili izan dut beste batzuetan, ironikoa, parodiazkoa… Kasu honetan, gutxiago. Lehen ipuinean bada umorea, Il viaggiatore pusillanime izenekoan. Gainerako ipuinetan, gutxiago. Bizitzaren aldi bat atzean utzi dute, pasarte latzak igaro dituzten pertsonaiak dira gehienak, baina ez dira etsipenean bizi.

Liburuak badu tonu melankoliko bat baina ez dira deprimitzeko moduko ipuinak eta bukaera irekia dute. Bizitzen segitzearen aldeko kantak dira.

Zuzenean edo zeharka, gatazka ageri da eta badira horri buruzko hausnarketak.

Nire obran, gizonen eta emakumeen arteko harremanak konstanteak dira, eta gure herriaren egoera politikoa ere bai. Behin eta berriz agertzen dira, kezkatzen nauten gaiak direlako.

Liburu honetan gatazka ez da ipuinetako gai nagusia, baina gatazkaren ondorio latz batzuk pairatu dituzten pertsonaiak agertzen dira eta euren motxilaren parte da gatazka. Neurri batean, modu naturalean atera zait. Kezkatzen nauelako gaiak. Eta nik horretaz idatzi nahi dudalako. Baina bestetik, uste dut hortik pertsonaia aberatsak sortu daitezkeela.

Ez da agertzen borroka latzik, baina bai itxi gabeko zauririk. Iheslari ibili dena eta herrira itzuli denean babes sozial berezirik jaso ez duena, adibidez.

Antzerkigintza, esker oneko lana

Antzezlan munduari lotua dabil azkenaldian zure izena. Publikoari gorroto, Hamlet... Eta laster Amodioaren ziega ere taularatuko dute. Zure sormen lana horretara bideratu duzu azken aldian, ezta?

Lehen maiztasun handiarekin idazten nituen helduentzako narrazioak. Izan daiteke ideiak ez zaizkidalako hain sarri etortzen, edo nagikeria gehiago dudalako idazten jartzeko, edo ikuspuntu positibo batetik begira, nire denbora libre apurra antzerki munduan idazten eman dudalako. Nolanahi ere, oso esker oneko lana izan da antzerkilari jendearekin izan dudan hartuemana. Eta espero dut aurrerantzean ere arlo hori lantzen segitzeko aukera gehiago izatea.

Hala ere, paperezko antzerkiaren presentzia ia hutsaren hurrengoa da.

Antzerkia idazte hutsa nahikoa etsigarria izan daiteke, taula gainera eramateko idazten duzulako baina berez antzerki testuek oso ibilbide eskasa dute gure herrian. Ez dira publikatzen, eta horrek ez du asko motibatzen idazlea.

Baina zure testua antzeztua ikustea gauza handia da, satisfakzio handi bat ematen dio idazleari, oso gutxitan sumatzen duen feedback-a sentitzeko aukera ematen diolako.

Ipuinez ipuin

Il viaggiatore pusillanime

Paraleoan kontatuko zaizkigu bi istorio: bidaien aurkako hausnarketak batetik, eta bidaiari baten ibilerak Erroman, bestetik. Hau da umoretik gehien duena, ezta?

Bai, eta estilo zein tonu aldetik beste ipuinetatik aparte samar geratzen da. Hala ere, pertsonaia noraezean da eta horrek lotura du beste ipuin batzuen pertsonaiek bizi duten egoerarekin.

Bidaiaren apologia sozial bat dago, bestalde. Eta horri buruz idatzi nahi nuen. Denok saiatzen gara kanpora joaten, gero eta urrutiago joan orduan are eta hobeto. Horren inguruko purrustada bat bota nahi nuen. Bidaiaren kontra egiten da ipuin honetan, baina ironiaz beteta dagoen dibertimendu bat da.

 Odola eta esperma

Rafa hiltzera doa. Eta hil aurretik, gaztetako maitasun harreman batekin akordatuko da. Ipuinaren gakoa beste Rafa batean topatuko dugu, Rafa Berrioren kantu batean hain zuzen: Las mujeres de este mundo. Kantariak hiltzera doala esaten du eta galtzea deitoratzen duen gauza bakarra maite izan dituen emakumeak direla. Kantua entzun eta gero iritsi zen ipuinaren ideia?

Ez dut uste. Ipuina idazten ari nintzela, Rafa Berrioren kantu hori deskubirtu nuen eta iruditu zitzaidan oso ondo zetorkidala. Ipuin honetan antzekoa kontatzen baita.

Ipuineko protagonista iheslari izandako bat da, herrira itzultzen da eta bere neskalagun izandako batengana joko dugu, eta elkarrekin gau bat pasatzea proposatuko dio. Desio horrekin batera, beste desio batzuk ditu beharbada Rafak. Bere ibilbide politikoa kontuan izanik bestelako kezkak izango ditu, baina ipuina neska honekiko harremanean oinarritzen da. Eta neskak ez daki zer erantzun, bai ala ez, eta horrela eraikita dago ipuina.

Luzea da, txiribuelta asko ditu baina ondo irakurtzen da. Baina ipuinak eusten dio tentsioari eta jakinminari.

Orratzak

“Oroitzapenetatik tiraka egina dago”, hala esan zenuen liburuaren aurkezpenean. Orduko anbulatorioen giroa jaso duzu ipuin honetan, eta indizioekin lotutako orratzak ageri dira. Baina bestelako orratzak ere badira ipuinean. Bi istorioak elkar gurutzatuko dira amaieran.

Ipuina 1978-1978-1979 urteetan girotuta dago. Euskal gatazka aipatzen ez den ipuin honetan kinki bat agertzen da, kartzelan borroka gogorrak egin dituena gainerako preso sozialekin, eta COPEL mugimendua zer izan zen ere aipatzen da. Oso gutxi hitz egin da horretaz. Guk preso politiko asko izan ditugu, baina preso sozialak ez ditugu aintzat hartu eta egon badira.

Edozein izanik zirkunstantzia, herri baten humanidadeaz eta herri baten maila moralaz asko esaten du presoen zaintzak.

Horrelako pertsonaia sortu dut ipuin honetan, Artola izenekoa, eta horren paraleloan anbulatorioen eta praktikanteen giroa islatu nahi izan dut. Orduko giroa, usaiak, hotsak, sentsazioak... ekarri nahi izan ditut gogora. Oso kaxkarra zen Espainiako Gizarte Segurantza sistema.

Ez dakit asmatu dudan edo ez, baina orduko sentsazioak ekarri nahi izan ditut gogora. Ezagutu zuenarentzat revival gustu bat izango du ipuinak eta ezagutu ez zuenarenzat, interesgarri izango dela uste dut.

Arantzak barrurantz

Itogarriena eta gordinena izango da hauxe, liburuko laugarrena. Torturatzailearekin topo egingo du torturatuak.

Besteetan egon daiteke umorearentzat zirrikiturik, baina hemen ez, edo oso gutxi. Askotan aipatzen da bi aldeetako biolentziarena. Alde bateko biolentzia zigortua izan da, kondenatua izan da. Begibistakoa da eta inork ez du ukatzen.

Baina tortura ez da zigortu inoiz, ez zaio torturatu bati erreparazio moralik eman, eta torturatua izan denik ere ukatu egiten da. Horrelako egoera batean egon denak ez du inolako babesik. Askotan, isiltasunean gordetzea da geratzen zaio aukera bakarra.

Voce nao e como os outros

Odola eta esperma ipuinean bezala ihesean ibilitako bat da protagonista, herrira itzuli berria.

Hori da, Odola eta espermako Rafa eta ipuin honetako Iñaki izan zitezkeen komando kideak. Batera ihes egin zuten eta bateratsu itzuli dira.

 

Ama gaixorik dago eta ezin asmatu dabiltza. Brasil aldeko sendalari edo petrikiloa ekarriko dute etxera, Regina izenekoa. Eta harreman berezia sortuko da amaren semeetako batekin, Iñakirekin. Urte luzez etxetik kanpo ezkutuan egin eta gero, amarengana itzuliko da. Reginak bezala, Iñakik ere badu isilean gordetzeko moduko pasarterik.

Bakardadean egingo dute topo eta, beharbada, bakardadeen arteko elkarrizketa bat da hauxe. Girotzea interesatzen zitzaidan, eta bakardadearen kontu hori jasotzea ere bai.

Ipuin batek agerian diren hainbat gauza kontatzen ditu baina azpian geratzen dira esan gabeko gauza asko. Irakurleak suma ditzakeena. Neurri handi batean, laburmetraia baterako gidoi moduan dago idatzita.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)