Elkarrizketak

Xabier Etxeberriarekin solasean

Ostirala, 2018-12-14

Xabier Etxeberriak Berriro itzuliko balitz nobela plazaratu du Elkar agitaletxearen eskutik; laugarren nobela bakarka, zortzigarrena Martin anaiarekin batera idatzitakoak kontatuz gero. Nobelagintza, komikigintza, eta oro har, sorkuntza izan ditugu hizketagai elkarrizketa honetan.

Xabier Etxeberriarekin solasean

Kanpoan egon zinen urtebetez familiarekin bizitzen Berriro itzuliko balitz nobela idatzi zenuen garaian. Asko filtratu da liburura kanpoan egote hori?

Akaso bai, baina ez dakit zenbateraino. Nire esperientziak ez dauka zerikusirik liburuan kontatzen denarekin, oso esperientzia ona izan da, oso ondo hartu naute kanpoan egon naizenean.

Protagonista kanpoan bizi den euskaldun bat da...

Hori bai. Beharbada gauza batzuk bai. Kanpoan zaudenean konturatzen zara nola behartzen zaituen danak, atzerritar izateak. Hitz egiten duzunean beraien hizkuntzan adibidez, nola ez den zurean eta ez duzun berdin hitz egiten, lehenengo hitza esten duzun unetik sumatzen duzu haiek horretaz ohartzen direla. Gero daukazun itxurak ere markatzen du... Paralelismoak badaude bizitakoa eta idatzitakoaren artean, azken batean gu ere irla batean egon ginen bizitzen, ferry batean iritsi ginen... baina istorioa ez dut Irlandan kokatu, Danimarkan kokatu nahi nuen. Behin irakurri nuen artikulu bat Danimarka gaur egun Europako herrialderik arrazistenetako bat dela esaten zuena, harrituta geratu nintzen horrekin. Atzo irakurri nuen beste artikulu bat zeinean dioen Danimarkko eskuin muturreko alderdi batek proposatu duela atzerritar guztiak uharte batera eramatea. Horrelako gauzak Danimarkan ere gertatzen dira beraz, eta zoritxarrez gurean baita ere. Horri gehituta beti nahi izan nuela uharte txiki batean kokatu istorio bat, komunitate txiki eta itxi batean, Danimarkara eraman ninduen.

Beraz zuk ez duzu tratu txar psikologikorik jaso, baina arrotz izatearen sentsazioa bai.

Behin bakarrik sentitu nintzen benetan arrotz. Erresidentzia baimena lortzeko orduan elkarrizketa bat pasa behar izan nuen. Ni alabekin joan nintzen, alabak denak rubiak dira eta ni txikia eta morenoa. Aparte hartu ninduten eta interrogatorio benetan luzea egin zidaten. Gainera idazle bezala nihoan, autonomo gisa... momentu bakarra izan zen zeinean sentitu nintzen gaizki edo lupaz begiratua. Horren ostean erresidentzia txartela eman zidaten eta listo, gure esperientzia ona izan da, ez liburukoa bezalakoa.

Berriro itzuliko balitz nobela beltza bat da funtsean. Nobela beltzetan oro har ez ohikoa den ezaugarri bat du zure protagonistak: guraso azaltzen da, haur baten zaintza lanetan... Topikoekin apurtzen du horrek?

Bai. Whiskya edaten du, hori bai! Hor filtratuko zen ni neu ere gurasoa naizela. Liburuan arroztasunarekin batera aipatzen den gaietako bat da gurasotasuna. Guraso diren bi protagonista daude: bat da euskaldun bat han dagoena eta alaba bat daukana, bestea bere alabaren bila dabilen ama bat. Hori daukate biek komunean, oso ezberdinak izanda ere beraien alabekiko daukaten lotura eta maitasuna. Gurasotasuna bada gai bat liburu honetan.

Zaila dirudi belztasunarekin elkartzea horrelako gai bat...

Ez da kontzienteki egin dudan gauza bat. Interesatzen zitzaidan alaba bat edukitzea protagonistak. Egia esan ez dira ikusten genero honetako lanetan halakorik. Amerikanoek hard guy deitzen duten estereotipoekin, polizia izandako tipo gogor baina sentimental, alkoholarekin arazoak dauzkan estereotipo horrekin hautsi egiten du. Nahiz eta protagonistak alkoholarekin baduen arazoren bat...

Protagonista jazz musikaria da. Berarekiko bidaian zeozer filtratu zaizula aipatu dugu, zu jazz musikaria izan nahi izan duzu?

(Barreak) Niri ikaragarri gustatzen zait jazza. Inguruan musikari asko dauzkat, inbidia handia eman izan dit beti musika jotzen duen jendeak. Jazz musika asko gustatzen zait, idazten ari naizenean askotan jartzen dut anbiente bezala jazz musika edo musika klasikoa. Bestetik, genero beltzaren estereotipoarekin ondo zetorren zerbait zen, eta gainera pertsonaia honek loturaren bat izan behar zuen musikarekin, istorioan Danimarkara joan eta musika eskola batean eskatzen duelako lana... Jazz talde batean Europan zehar biran ibiltzea sinesgarria iruditu zitzaidan.

Aurkezpenean aipatu zenuen liburuan badela argumentuaren biraketa handi bat. Ez gara spoilerkerietan sartuko, baina bada nabarmena biraketa horrek bi parte oso berezituetan banatzen duela liburua. Hasieratik buruan zeneukan egitura bat zen, istorioaren une jakin batean ordura arteko narrazioa hankaz gora jartzea?

Bai, horrela neukan pentsatua. Liburuaren aurkezpenean esan nuen irakurleak ikusiko dituela hodeiak pilatzen eta gero momentu batean zaparrada. Beste konparaketa bat izan daiteke atrakzio parke batean bezala poliki-poliki igotzen zoazen dragon khan hori; badakizu momentu batean jaitsiko dela, eta jaisten hasten denean abiadura bizian doa, geratu gabe zoaz, eramaten zaitu. Modu berean, hasieran poliki-poliki tentsioa pilatzen joatea lortu nahi nuen, pertsonaiak eta egoerak ondo aurkezteko lasai hartu lehenengo zatia, eta bigarren zatitik aurrera gauzak azkartzen joan.

Bigarren partea akzioari lotuta dago, oso zinematografikoa iruditu zait: eszena labur asko dira, oso azkar kateatzen direnak... mundu zinematografikoa erreferentzia izan da zuretzat kasu honetan?

Muntaketa aldetik beharbada bada nire libururik zinematografikoena. Azkenaldian bagabiltza anaia Martin eta biok Oier Aranzabal eta Iker TrebiƱorekin gidoiak idazten pelikuletarako, eta horrez gain Martin eta biok komikietarako ere ibili gara lanean. Gidoigintzan sartu samarrak gaude azkenaldian, eta nik uste dut gidoigintzako mekanismo batzuk erabili ditudala. Azkenaldian ikasi ditudan gauza batzuk hor daude: erritmoa mantentzea, tentsioa sortzea, zer gertatuko den ez jakitea... Irakurtzen ari zarenean eszenak ikusten dituzu ia.

Aurkezpenean Xabier Mendigurenek aipatu zuen agian zure liburuen artean umore eta ironia gutxien daukana dela honakoa. Publikatu eta gero faltan bota duzun zerbait da?

Ez dakit, ez dut uste kontzienteki egin nuenik, baina gerora irakurrita egia da nire libururik serioena dela alde horretatik. Besteetan beti sartzen dut txisteren bat, nire izaera hala delako, solemnitatea tartean sartzen denean halako beldur bat sortzen zaidalako. Kasu honetan tonuak hori agintzen zidan hasieratik, istorioak ez zuen eskatzen umorerik.

IMG_0281

Genero beltzari buruz ari garela, badirudi horren inguruan badela zaletasunik, eta baita sare bat ere, (h)ilbeltza ekimenarekin adibidez, horri loturik sortu den idazketa beka... Zu zeu beti izan zara zalea?

Bai. Lehen esaten zen, duela hogei bat urte ni idazten hasi nintzen garaian, ez zegoela liburu askorik genero horretan koka zitekeenik. Bazeuden Gotzon Garate bezalako idazleak, baina pixkanaka azaltzen joan ziren bestelakoak ere: Harkaitz Canoren Beluna jazz, Alberto Ladron Aranaren liburuak, (h)ilbeltza bera... Nik uste dut gaur egun badagoela idazle asko nobela beltza idazten duena. Irakurle mailan beti izan naiz zalea, Igelak euskaratutako Raymond Chandlerren liburuena adibidez; irakurtzea gustatzen zaidan genero bat da.

Euskal literaturan denetik dago gaur egunean, eskaintza zabaldu egin da, eta horrela izan behar du. Genero beltzak beste literaturetan garrantzia daukan bezala, euskal literaturan ere badauka berea. Eskaintzak aldatzen joaten dira, baina gaur egunean Euskal Herrian idatzitako nobela beltzak irakurri nahi dituenak badu non aukeratu.

Akaso falta dena da euskal literaturak ahots propio bat edukitzea nobela beltzaren testuinguruan? Hau da, generoko patroiak oso markatuak datozkigu eta errazena haiek errepikatzea da, baina beste herrialde batzuetan lortu dute nolabaiteko beren estilo propioa, Europa iparraldean kasu...

Bai, baita greziarrek baita ere, kubatarrek, Frantzian ere bere garaian izan zen zerbait nahiz eta orain pixka bat diluitu den. Euskal Herrian ez dago nobela beltzean horrelako detektibe oso erreferentzial bat, adibidez. Uste dut idazleek nahiko lan badaukagula liburu txukun samarrak idazten, gero horrekin euskal nobela beltzaren horrelako kanon bat sortuko ote dugun pentsatzeko, hori denborak esango du.

Martin aipatu duzu sarri, 2019an argitaratuko da Estatu Batuetan zuen komiki bat. Nola eman da aukera hori?

Komikia han publikatzearena beste nobela batean kontatzeko modukoa izan da. Ikastolen Elkartean lan egiten nuenean hango marrazkilari batek, Aritz Truebak, nire liburu bat irakurri zuen eta galdetu zidan ez ote neukan istorio bat komikian marrazteko modukoa. Martinek eta biok bagenuen istorio bat buruan eta gidoira pasa genuen, komikira lehenbiziko aldiz, eta hor hasi ginen hirurok lanean. Gero laugarren bat gehitu zen ekipora, Josu Igoa, digitalean ere egin nahi genuelako komikia. Laurok ibili gara proiektu honetan lanean azkeneko bost urtean.

Saiatu ginen hemengo argitaletxeetan mugitzen, eta ezezkoak jaso genituen. Orduan Angulemako jaialdira joan ginen, proiektua frantsesera itzuli genuen Martinek eta biok, hara bidali eta elkarrizketa batzuk lortu genituen argitaletxe batzuekin. Argitaletxe frantses batek baiezkoa eman zigun. Gero, probatzeagatik, ingelesera pasa genuen. Estatu Batuetako argitaletxe batek ere baiezkoa eman zigun, eskubide guztiak erosi eta gero frantsesezkoari salduko dizkio... Beraz Estatu Batuetan publikatuko da. Niri komikia beti gustatu izan zait, baina gidoien munduan bat-batean sartu ginen. Orain dagoeneko beste proiektu bat daukagu bideratua Estatu Batuetako beste argitaletxe batekin, eta beste hiru gidoi ere martxan ditugu. Orain gehiago ari gara gidoiak idazten, batez ere komikientzat, literatura baino. Aurten suertatu da Martinek poesia eta nik nobela publikatzea, baina komikigintzan gabiltza gehiago.

Zuk idazle gisa dagoeneko bide bat egin duzu, lau nobela publikatu dituzu Martinekin eta beste lau bakarrik. Zerk bultzatzen zaitu idaztera? Zein da zure motorra?

Formatuaren arabera aldatzen da, ez da gauza bera komikia edo nobela, baina istorio bat muntatzeko garaian funtsean zerbait egon behar du zure barnean hari engantxatzen zaituena. Sarritan esaten da, eta nire kasuan hala da: nik idazten dut irakurri nahiko nukeen liburua, eta era berean irakurri izan ditudan eta gustatu izan zaizkidan liburuen antzeko zerbait egiten saiatzen naiz. Idazten duzunean irakurritakoen zure mix partikularra egiten duzu, zure erara erreziklatuz guztia. Normalean egunerokotasunean sortzen diren istorio txikiak apuntatu egiten ditut koaderno batean.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)