"Sortzaile barnekoia naiz, neure bideari atxikitakoa"
Amaia Iturbiderekin solaseanOstirala, 2015-07-03Amaia Iturbide (Bilbo, 1961) idazle oparoa dugu. Euskal Filologiako ikasketak egin eta ondoren irakasle gisa jardun du. Narrazioan eta poesian argitaratu ditu lan gehien, hala ere, margolaria ere bada, eta arteen arteko zubiez artikulu eta liburuak idatzi ditu. Iaz, hain zuzen, sormeneko hainbat alor bateratzen zituzten bi liburu plazaratu zituen, Entseiukarrean izenekoa bata, eta Ikuspuntuak izeneko artikulu-bilduma bestea. Horien bueltan galdetu diogu, eta poesia eta artea ere hartu ditugu hizpide elkarrizketa honetan.

Azken 30 urtean idatzitako artikuluak bildu dituzu Ikuspuntuak liburuan. Zer behar edo asmotatik sortu zen hori egiteko ideia?
Liburu hau 30 urtez idatzitako artikuluen lagin zabala da. Batzuk argitaratuta zeuden zenbait egunkari zein aldizkaritan (irratirako prestatutako batzuk ere tartean daudelarik) eta beste batzuk, berriz, argitaragabe. Beraz, guztia nahiko sakabanatuta zegoen. Nire asmoa dena biltzea eta egituratzea izan da, corpus bat osatzea. Honetaz gain, euskal kulturari buruzko gaiak kultur mapa unibertsal horretan kokatu nahi izan ditut, plangintza horren partaide izan daitezen (azalerako pintatu dudan Amets kosmologiko baterantz pinturak hein handi batean horretaz ere badihardu, zabala eta anitza den egitasmo komun horretaz).
Pozik zaude emaitzarekin? Zer opa diozu liburuari?
Bai, pozik nago, dena ordenatuta egotean beste era batez irakurtzen baita guztia, adibidez, gai desberdinen bilakaera zertan den antzemateko balio dezake edo zein arlori ematen zaien garrantzia ikusteko. Liburu honek bete dezakeen paperari buruz, benetan interesarekin irakurriko duen irakurle batzuengana heltzea gustatuko litzaidake. Kopuru handia ez izatea ez zait axola.
Askotariko gaiak lantzen dituzte artikuluek, zenbait ardatzen bueltan betiere: literatura, arte bisualak, kultura… Zeuren interes-guneen antologia bat da?
Bai, halaxe da. Hor, besteak beste, arteaz, poesiaz, literaturaz, filosofiaz, historiaz, mitologiaz edo zientziaz aritzen naiz. Itzulpen lanak ere gogora ekarri ditut.
Arteari dagokionean, arteak ustekabea sorraraztea izan behar du helburu, ikuslea harritu eta bere barnealdea antzaldatzea, iraultzea, bide berriak eta jorratu gabeak seinalatzea. Artea sentsazioak igortzean datza eta ulertu baino gehiago sentitu behar da. Honetaz gain, arte orok gizakia du helburu eta, gauzak horrela, gizakiaren barne muinak eta ametsak islatzen ditu. Artea giza pentsamenduarekin batera aldatuz doa eta haren bitartez jakiten dugu aurrerabideen berri.
Poesiari begira, poesia errealitate absolutua da. Honetaz gain, poesiak ezaugarri bereziak ditu bakan eta bakar bihurtzen dutenak, adibidez, bizitzarekin harreman zuzena edukitzea (sakon-sakoneko esperientzia), sormen erabatekoa izatea (poesian gauzak ez dira asmatzen, sortzen baizik) eta kontzientzia poetikoa (errealitatearekiko konpromisoa eta jarrera etikoa) suspertzea. Poesia beti beste leku baterantz abiatzen da, are gehiago esango nuke, poesia beti bestea da (beste ikuspegi bat, esateko edo adierazteko beste modu bat, dagoenaz landako beste irakurketa bat, ohikoaz at dagoen beste hizkuntza bat, pentsatzeko beste era bat, bizitzeko beste estilo bat), horregatik poesiak mundu honetan beste mundu bat egon dadin saiatzea helburu nagusia duenez, bide alternatibo bezain erabatekotzat har daiteke. Poesiak beti bi ezaugarri hauek eduki behar ditu: bizitzaren ifrentzua argitzeko balio izatea eta etxe bat eraikitzea edo, bestela esanda, barnekoitasuna eta espiritualtasuna landu beharra dauka. Bestaldetik, sedukzioaren kontua ere hortxe dago.
Literaturari dagokionean, literatura fikzioaren artea da, non fikzioaren bitartez egia batzuetara iritsi ahal den. Honetaz gain, literaturari gizakiaren barnea eta honen konportamenduak ezagutzeko tresna ezin baliagarria deritzot. Bizitzari zerbait falta zaionean hurbiltzen da norbait literaturara eta denok nahitaez bizitzan mugatuta gaudenez, literatura lokarri horiek eten eta askatasun esparrua bihurtzen da.
Filosofia, historia eta mitologiari begira, zientziarekin batera (honen maila berean) gaurko gizartera hurbiltzeko daudela esango nuke, elkarren osagarri (eta ez elkarren aurkari dihardutela, nahiz eta irizpideetan ez datozen bat sarritan).
Honetaz landa eta ikusi ahal izan duzunez, itzulpengintzari tarte bat eskaini diot. Gaurko mundu globalizatuan egoteko, beste kultura batzuekin harremanak edukitzeko itzulpengintzari ezinbestekoa deritzot. Batzuetan itzultzen aritzen naizenez, badakit itzultzeak berak arazo interesgarriak planteatzen dituela.
Bestaldetik, arte bisualak azpimarratzen dituzu. Sortzaile bisuala naiz irudiak eragin handia baitu niregan, beraz, ez da harritzekoa nire arreta haiekikoa.
Artista eta idazle askoren lana jorratzen duzu artikuluetan. Horien lana aldarrikatzeko bide bat da liburu hau?
Hein batean bai, ez dut ukatuko, nire gustuak dauzkat. Gainera, ikusi ahal duzunez, egile batzuk behin baino gehiagotan agertzen dira (Juan Mari Lekuona, Gandiaga, Lauaxeta, Eduardo Txillida). Lekuonak, Gandiagak eta Lauaxetak estetikoki gauzak erakutsi dizkidate eta ikuspegiak seinalatu. Eduardo Txillidari dagokionez, bere artelanak hor dirau beti bezain eder eta goi mailako.
Prentsan ez al dago gisa horretako artikuluetarako tokirik?
Prentsa ere hor dago, noski, baina prentsan espazioak agintzen du eta, beraz, beste mota bateko artikuluak izaten dira, sintetikoagoak nahitaez.
Idazle oparoa zara, hala ere, badut inpresioa ohiko bilgune eta plazetatik nahiko urruti ibiltzen zarela. Zergatik hautu hori
Sortzaile barnekoia naiz, neure bideari atxikitakoa, beraz, oraingo eta inguruko kontuak distantziaz antzeman eta neurtzen ditut. Gauza erraz, bat-bateko eta azkarrak ez zaizkit gustatzen eta badirudi gaurko sormen arlo batzuetan irizpide horiek nagusitzen ari direla. Merkatutik kanpo nabil.
Itzul gaitezen artearen eta literaturaren arteko zubietara. Iaz horri buruzko beste liburu bat argitaratu zenuen, Entseiukarrean. Gaia artikuluetan baino modu sakonagoan jorratu nahi zenuen?
Entseiukarrean: Artea & Poesia & Literatura saiakeran, nahiz eta hor abar eta bide asko egon eta hainbat egile ageri, izenburuak dioen bezalaxe gai monografikoa da, artikuluetan, berriz, denetarikoak izaten dira. Adjektiboa ez da sakonagoa izatea, artikulu labur bat orrialde askotako saiakera bat bezain sakona izan daitekeelako, desberdintasuna erredaktatzeko moduan legoke (saiakeran adibide gehiago jartzen dira) eta baita planteamenduetan ere (artikuluetan aukeraketa zorrotzagoa egoten da).
Gainera Entseiukarrean (eta hau, batez ere, euskal literaturari begira diot) ondorio orokor batzuetara iritsi nahi nuen, gure esparruari argi pixka bat eman. Adibidez, Ramon Saizarbitoria hobeto ulertuko dugu Hopper aipatzen badugu, Aurelio Arteta ikusita Kirmen Uriberen paisaia literarioa osoagoa gertatuko zaigu edota Anjel Lertxundiren egitasmoak nondik norakoak diren igartzeko moduak izango ditugu Escudero eta Claudio Rodríguez, Txopitea eta Beorlegirengana hurbilduz gero. Bernardo Atxagari sentsibilitatea arte mundutik ere datorkiola frogatzen digute bai Groenlandiako lezioa-k, bai hainbat sortzaileren gainean han-hemenka idatzitako testu eta poemek.
Argitaratu dituzun azken bi liburuak saiakeraren arlokoak dira. Hala ere, 2013an kontakizun-bilduma bat plazaratu zenuen eta poesian ere ibilia zara. Zer ematen dizu genero bakoitzak? Fikziora edo poesiara itzuliko zara laster?
Poesiak barnealdea lantzeko abagunea luzatzen dit, narrazioek gauzak kontatzekoa. Saiakera azterketak egiteko dago. Itzulpenei begira, beste idazle batzuen lanak ez ezik, nireak ere itzultzen ditut. Izan ere, nik neure aldetik nire poemen gaztelerazko itzulpenak sarritan egin ditut neure burua ulertzeko gaztelera ere behar dudalako eta baita neure burua euskal munduan kokatzeko.
Bigarren galderari erantzunez, narratiban eta saiakeran noizbehinka aritzen naiz, poesian, berriz, ia beti.
Arteei buruzko hausnarketak ba al dauka eraginik zeure literaturan?
Artea nire sormenaren zutabea da. Nire poema eta narrazioetan artea nonahi dago (eskulturak maiz agertzen dira, baita instalazioak eta bestelako ekimen artistikoak ere). Pintoreei buruz aritzen naiz askotan eta, are gehiago esango dut, nire poema batzuk pinturak dira eta nire narrazioen zenbait puska, berriz, pasarte eta orrialde pintatuak. Izan ere, idatzi ez ezik, pintatu ere egiten dut, nahiz eta erakusketarik ez egin (horretan ere barnekoi) niretzat idaztea eta pintatzea ia gauza bera delako.
Arteari buruzko planteamenduei begira, gaur egun artea (orokorrean hitz eginda) inteligentzia emozionalean edo enpatian oinarritzen da. Ados nago sedukzioa edo erakargarritasuna oinarritzat duen jarrera horrekin, baina ikuslearen ahalegina eta inplikazioa eskatzen dituen artearen aldekoa ere banaiz, deszifratu behar den artea gogoko dut. Sorkuntza artistikoa ikertzeko orduan ikuspegi ikonografikoa eta ikonologikoa batzen dituen bidea dago. Eta hau guztia diot artea ikuskizun modura hartzeaz gain (bere enpatia eta sedukzio guztiarekin), kultura jasotzea helburu daukanari ere interesgarria deritzodalako (hau da, ikuspegi ikonografikoan zein ikonologikoan oinarritutako arte lanari). Agian horregatik gustatzen zait bai Nikolas Lekuonaren, bai Eduardo Txillidaren artea.
Une honetan ba al daukazu proiekturik eskuartean?
Narrazio liburu bat idatzita daukat, poeta batzuen poemak itzultzen dihardut, poesian nabil, baina, batez ere, pinturan murgilduta nago.
Besterik?
Jorratzen ditudan alor guztiak (poesia, narrazioak, saiakera, itzulpengintza eta pintura) nire sormena alderik alde zeharkatzen duen eta azpi ibaitzat daukadan sinbolismoari begira daudela hein handi batean argitu nahi nuke. Esanahietan sakontzea xede dut, nahiz eta jakin sinbolismoak duen izaera enigmatikoagatik batzuetan ulertua ez den. Eta sinbolismoan nabilenez (eta ohartuko zinenez), poesia eta literatura kontuez gain, musika eta erlijio gaiak ere ardura zaizkit.
Musika dela-eta, sinbolismoan garrantzitsua da soinuek, hotsek eta hauen oihartzunek beste mundu bateraino garamatzatelako, espirituala eta misteriotsua den munduraino. Erlijioari dagokionez, gogoratu “erlijio” hitza “religare”-tik datorrela eta “batu” esan nahi duela eta ikuspegi hau sinbolismoarekin estu-esturik doala.
Azkenik, sinbolismoarekin pintura abstraktuarekin gertatzen dena suertatzen dela askotan gogoratu nahi nuke, hau da, ez dela nahiko ulertua izaten.