Rikardo Arregi Diaz de Herediarekin solasean
Poesia, eta literatura orohar, sortzen da, niretzat, esan eta ez-esan artean dagoen tentsiotik.Ostirala, 2013-05-03Rikardo Arregi Diaz de Herediak Bitan esan beharra poesia liburua kaleratu zuen abenduan Alberdania argitaletxearen eskutik. 'Iritsi da denok zain geunden poema liburua, irakurri gabe ere komentatua eta iruzkindua. Iritsi da, oraindik banatuta ez zegoenean gure liburu dendetan eskatu genuen liburua', Harkaitz Canoren hitzak izan ziren horiek liburuaren aurkezpenean. Iritsi da, irakurri dugu, aztertu dugu, sentitu dugu. Egilea bera lagun, elkarrizketa honetan.

Iritsi da denok zain geunden poema liburua, irakurri gabe ere komentatua eta iruzkindua. Iritsi da, oraindik banatuta ez zegoenean gure liburudendetan eskatu genuen liburua. Heldu da, liburudendetan eskatu eta oraindik iritsi ez zela erantzuten ziguten bitartean liburu-saltzaileen harridura pizten zuen kulpantea: “Ba ez zait agertzen ordenagailuan eta ez zara eskatu didan lehena. Eta poesia liburu bat dela diozu, e?”. Susmagarria iruditzen zitzaien, nonbait, poema liburu batek halako grina sortzea.
Harkaitz Cano, Bitan esan beharra liburuaren aurkezpenean.
'(...) literatur genero honetan, poesian, presak edo goranahiak absurduak dira nire ustez. Beti pentsatu dut literatur genero honek, poesiak, gaur duen abantaila handiena, beste generoekin erkatzen badugu, askatasuna dela merkaturik kanpo baitago, ia-ia merkaturik kanpo'.
Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Bitan esan beharra “Akaberakoa”.
Bitan baino gehiagotan esan beharko zenuen zein den zure ibilbidean 'gutxi' edo ‘denbora tarte luzeekin’ argitaratu izateko arrazoia. Garrantzia handiegia ematen diogu kontu honi?
Bai, baina neurri batean ulertzekoa da, urte asko pasa baitira “Kartografia” argitaratu nuenetik. Nik neuk ere lotsa apur bat sentitzen dut eta gezur txikiak kontatzen dizkiot nire buruari, “Bitan esan beharra” argitaratu baina urtebete lehenago zegoela bukaturik, ia-ia bukaturik, eta abar. Urteak pasa dira oharkabean, pasa zaizkit oharkabean, eta pentsatzen nuen liburua ateratzekotan liburu potoloagoa atera beharko nuela, horrek ere atzeratzen zuen liburua ateratzeko unea. Baina egia da, era berean, poesiaz mintzatzen bagara, ez zaidala hain beharrezkoa iruditzen urtero liburu berria ateratzearena eta hori guztia.
Iruditzen zait konpromiso eta maitasun (hitz ergelak horiek ere!) handia dagoela liburuan: idazteko duzun moduarekiko, poesiarekiko, literaturarekiko. Alegia, konpromisoa garrantzia ematen diozulako gauzak adierazteko moduari, tempoari, norberaren bidea bilatzeari. 'Ia-ia merkatutik kanpo' egote horrek, idazletza beste modu batean bizitzeko aukera ematen dizu?
Begirunea diot idazteari, poesiari, literaturari eta balizko irakurleei. Begirunerik gabe ez dago maitasunik, ezta konpromisorik ere. Ez ditut balizko irakurle horiek engainatu nahi, ezta nire burua ere. Idazten ari naizenean beti dut galdera bat gainean: ergelkeria galanta da idazten ari naizen hau? erraztasun merkeetan erortzen ari naiz? Agian hori izan daiteke motel idaztearen arrazoietako bat, poemak birpasatzen ditut etengabe, batzuetan hitz bat edo koma bat aldatzeko bakarrik, eta zalantzak ez dira inoiz desagertzen. Merkatutik kanpo egote horri abantailak bilatu behar dizkiogu, libreago gara nahi duguna idazteko, poesia modatik kanpo dagoenez, literaturan hainbatetan ezartzen diren modak ahantzi ahal ditugu eta norberak nahi duen bideari ekin lasaiago.
Hala ere, krisiaren eragin edo aitzakiak, poesia gutxiago argitaratzea ekar lezake, zentzu horretan ez ote da poesia literatur genero gisa ahulegia?
Ez da beti izan? Agian hain ahula ez zenean balio sinboliko handiagoa zuen. Ez dakit zenbat irakurle izan zuten Lizardik edo Lauaxetak, baina poesiaren balio sinbolikoa handia zen. Euskal literaturaren kapital sinbolikoa oso handia da oraindik, liburuak erosi euskaraz daudelako, ez liburu horietan euskaraz esaten dena interesantea delako berez. Gauzak aldatzen ari direla ematen du, bada gaur egun euskal literatura komertzial antzeko bat. Poesiak garrantzia galdu du, eta eleberriak hartu, Hori egia da. Ipuingileak ere kexatzen dira, bide batez. Nik behin entzun nion editore bati esatea poesiak liburuak utzi eta beste bideak topatu beharko zituela, baina ni ez nago ados. Egia da lehen poesia aldizkariak zeudela eta poetek liburua atera baino lehenago zaildu egiten zirela aldizkarietan. Hori galdu dugu. Esaten da aldizkarien ordez Interneta dugula orain, baina iruditzen zait ez dela gauza bera,
Kartografia publikatu zenuenetik ikusi izan zaitugu han eta hemen errezitatzen, testu solteren bat ezagutu dizugu... Zer nolako harremana duzu, liburu eta liburu arteko epeetan, poesiarekin?
Iban Zalduak “mantenuzko lanak” esapidea erabili izan du horri guztiari deitzeko, edozein idazlek liburu argitaratuen artean egin beharreko lanei, alegia: artikuluak idatzi, errezitaldietan parte hartu, aldizkari edo blog batean poema bat atera, itzulpenen bat nonbait argitaratu, hitzaldiak... Barreak egin genituen elkarrekin esan zidanean nik mantenuzko lanetan denbora asko neramala. Nik poema berriei nolabaiteko plaza emateko aprobetxatu ditut tarte horiek, entzuleei gustatzen zaien ala ez ikusteko, besteen aurrean irakurtzeko egokiak diren ala ez konprobatzeko.
Ez zara beraz irakurlearekiko balizko feed-backetik elikatzen? Zer zaizu lagungarri, akuilagarri, idazketa prozesuan?
Nik poema berri bat jendearen aurrean irakurtzen dudanean zera konprobatu nahi dut: entzuleak ulertuko duen ala ez, nik espero dudan efektua eraginkorra den ala ez. Garrantzitsua da hori, bai. Badakit poema batzuez gozatzeko irakurketa pertsonala dela inportantea, beste poema batzuen kasuetan ez da hori gertatzen. Nolanahi ere, ahots goraz irakurtzea baliagarria da niretzat poemaren erritmoa dabilen ala ez jakiteko.
Bizitza=Artea; Amodiozko poemak edo; Requiem. Artea, maitasuna, heriotza. Nola aurkitu horiei buruz hitz egiteko hitz propioak?
Nola aurkitu hitz propio horiek, bai, hori da arazo nagusia, ezta? Poesia, eta literatura orohar, sortzen da, niretzat, esan eta ez-esan artean dagoen tentsiotik, hurrengo urratsa nola esan izango litzateke, beraz. Badakigu, Angel Errori jarraituz, dena esanda dagoela dakigun arren, norberak esateko beharra sentitzen duela. Funtsezkoa da, nire ustez, orain arte esan dena, idatzi dena, ezagutzea, tradizioa ezagutzea, alegia, adanismo erridikuluetan ez erortzeko. Zer idatzi den heriotzaz, bizitzaz, amodioaz, hori aztertu, zein punturaino baliagarria izan daitekeen norberarentzat aztertu. Hortik liburuan dagoen ideia bat, González Iglesias-i hartu niona: ez dut esango Petrarcak ez digula balio, baina bai ez zaigula nahikorik. Eta gero hitz propioak bilatu, irakurketatik datozkigunak edo ez, bizitzatik datozkigunak, kalean entzun ditugunak. “Bitan esan beharra” liburuaren hasieran dagoen The Smiths-en kantak horri buruz hitz egiten du beste gauzen artean: “If you must write prose/poems the words you use should be your own”: Prosa edo poemak idatzi behar badituzu, erabiliko dituzun hitzek zeure izan behar dute. Nola idatzi ahal dudan nik amodioaz, gizonen arteko amodioz, nire garaian? Nik ahalegina egiten dut nire hitz propio horiek aurkitzeko, batzuetan lortuko dut, besteetan ez. Ez dakit, guztiok egon gara triste noizbait eta “triste nago” esan nahi izan dugu edo “itsasoa polita da” edo “gustura nago” edo “maite zaitut”, baina esanahiez bete behar ditugu sentsazio edo hitz horiek besteengana iritsi ahal izateko.
Iruditzen zait, gai handi horien atzean badela keinu txikiak dezifratzen dakien idazle bat. 'Kafetegia, 1953', 'VII', 'Min urrun moduko bat' bezalako poemak datozkit burura. Kontenplaziotik dator hori, edo bizitzaren eta idazgaien aurreko jarrera batetik?
Ez dakit nondik datorren, uste dut den-dena kontuan hartzen dudala: ikusten dudana, bai, baina ikusten dudanaren gainean egiten dudan hausnarketari garrantzia handia ematen diot. Batzuetan gai zehatz bati buruz idatzi nahi dut, adibidez, ikusi edo entzun edo irakurri dudan gauza txikiren batek zerbait iradoki didalako, baina denbora behar du horrek, dekantazio moduko bat, hausnarketa sakona esan nahi dudanari buruz, hori esateko aukeratuko ditudan hitz eta formei buruz.
Poesia bera azaltzen da lantzen diren beste gaietako bat, poetak, errezitaldiak... poesia liburu askotan gertatzen da hori, poesia bera da poemagai handi bat, 'Forma', 'Gay poesia' edo 'Poetak eskari bat onartzen dut azkenik' poemetan kasu. Zer du poesiak, poemagai izateko?
Literatura beti izan da literaturagai. Trobadore probentzalen poemetan askotan agertzen da poesiari buruzko kontzientzia hori, poema askotan esaten du poetak poema bat egitera jarri dela edo poema egiten ari dela. Garai guztietan agertzen da gaia. Ez dut uste, bestaldetik, poesiaren ezaugarria denik soilik. Orain dela gutxi irakurri ditudan oso liburu desberdinetan idaztea agertzen da gai bezala, arazoak dakartzan gai bezala: Harkaitz Canoren “Twist”, Mikel Antzaren “Atzerri” eta Iban Zalduaren “Idazten ari dela idazten duen idazlea”. Egunotan poesia eta literatura egitea gauza bitxiago bihurtzen ari dela pentsa dezakegu, gainera. Literaturak gero eta balore gutxiago duenean, normala da idazleak bere eginkizunari buruz galderak egitea, baita idazten ari denean ere.
Sarritan topatzen ahal dira naturako elementuak liburuan. Nolako natura da bertan azaltzen dena, zer nolako funtzioa betetzen du?
Bitxia da naturaren zera hori, ni oso-oso kalekumea naiz eta, niri ez zait gustatzen mendira joatea eta hori guztia, nire ametsezko oporraldiak ez daude inolaz ere naturarekin loturik. Egia da zuhaitzak maite ditudala, eta zuhaitzen erlijio bat balego, lehen fededuna izango nintzatekeela. Dena den, gehien interesatzen zaidana da naturaren izaera ziklikoa, behin eta berriro errepikatzen diren denbora tarteak, aroak, egunak eta gero gauak, urtaroak, eguzkiaren ibilbidea zeruan. Denbora teleologiko eta linealari aurre egiteko gustatzen zait naturaren denbora ziklikoa eta, aldi berean, estatikoa. Poema batzuen elaborazio prozesuan nabarituko da hori, lehen aipatu dudan dekantazio prozesu horretan urteak pasa dira, negua etorri da, eta joan, eta berriro etorri, “Kexaako gazteluaren kalean” poeman nabarituko da, urteak eta urteak eman ditudalako kale horretatik igarotzen, poema hori eraikitzen. Gero, arrazoi pertsonalengatik, nekazariek naturari buruz duten ikuspegia oso gertu dut, eta, jakina, nekazariek duten ikuspegia ez da batere idealista, natura landu edo eraikia da haien natura. “Leku atsegina”” poeman horixe agertzen da. Naturari buruzko ideia hori Virgilio-ren “Georgica”-n adibidez eta orohar idazle klasikoengan dago, ez naiz ezer asmatzen ari. Naturari buruzko ikuspegi erromantikoa edo gaur egungoa (parke naturalak interpretazio guneekin eta hori) ez zait gehiegi interesatzen.
Gorputza natura horren parte da?
Ez. Inondik inora. Gure gorputza ez da naturala. Organismo biologikoa den neurrian naturaren parte da, nahi baduzu, baina gure gorputza kulturala da. Gure gorputzen gainean historiak, ekonomiak, politikak, erlijioak, ideologiak markak ezarri dituzte, tatuatu, markatu abereetan markak burdin goriz egiten diren bezala. Gaixotasun bezalako parte “naturalak” kontsideratzen baditugu, argi eta garbi ikusten da gorputz gaixoaren gainean ezarritako marka guztiak kulturalak dira. Hiesa duten gaixoekin zer gertatu da? Hiesa duen gorputza baztertua izan da, kondenatua. Zer gertatu da emakumeen gorputzekin? Oso interesgarria da, alde horretatik, Amelia Barquinek bere blogean orain dela gutxi argitaratu duen testua, ospitalera joan baino lehenago nola aurkeztu behar duen gorputza kontatzen digu bertan. Medikuntza oso arlo interesgarria da jakiteko zer ari den gertatzen gorputzekin: batzuk hasi dira dagoeneko esaten gorputz zaharrak garestiegiak direla osasun sistemarako.
Nik pentsatzen dut gu gure gorputza garela; gorputza besterik ez gara, nik ez dut arimarengan edo espirituarengan sinesten. Historian zehar, mendebaldean eta ekialdean, gorputza mespretxatua izan da, dakigun bezala. Orain oso gauza interesgarriak ari dira gertatzen gorputzaren inguruan, gaiaren teorizazioan zein eguneroko bizitzan: gorputza kontsumo objektu bezala alde batetik, eta gorputzaren idealizazio berri bat bestetik. Gorputzaren gaia agertzen da Txomin Badiolaren argazki baten aitzakiarekin Artium museoan eman nuen hitzaldi batean.
Bukatzeko, eta barkatu luzatzeagatik, amodiozko poesian idealizazioa hain handia izan denez, niri gorputzek ematen duten errealitate materiala interesatu izan zait amodiozko poemak idazteko orduan.
Poesia proventzarra aipatu izan duzu ikerketa gai eta eraginen artean. Nola ekarri gaurko egunera poesia mota hori?
Amodiozko poesia dela eta, nik jakin nahi nuen nola idazten zen poesia mota hori erromantizismoa baino lehenago, eta bilaketa horretan trobadore proventzalekin egin nuen topo. Trobadoreek maitasunari buruz zuten ideia oso bestelakoa zen, ezaguna den bezala, oso-oso idealizatuta, oso elaboratua, kodeak daude, pasa beharreko etapak, egin beharreko ariketak, gaurko ikuskeratik oso urruti. Bat-batean konturatu nintzen hor zegoena baliagarria zitzaidala nire hitzak aurkitzeko, eta, gainera, pop musikarekin, kanten hitzekin esan nahi dut, badakizu, erromantizismo mengelenaren gailurrak askotan, kontrastean jartzeko. Hitz propio horien bila nenbilela, gutxien espero nuen lekuan, Erdi Aroko trobadoreen poema amodiozkoetan, esploratzeko lur zabala aurkitu nuen. Bada beste puntu interesgarri bat, azken buruan trobadoreak izan ziren haien hizkuntza, eta ez latina, erabili zuten lehenetarikoak Europako mendebaldean.
'Gay poesia' poeman zera diozu:
'Askotan ez dakit zerk lotsarazten nauen gehiago,
poeta hitzak edo maritxu hitzak'.
'Luis Cernudaren hilobia' poeman berriz:
Eta poeta hitza, gure patua eta iraina'.
Kuriosoa egin zait, batez ere ikusita zenbat eta zenbat gizon heterosexual gauden euskaraz poesia argitaratzen!
Gaztea nintzenean nire inguruan poesiak ez zuen ospe onik, poesia gustuko nuela esatea edo poesia idazten nuela esatea bitxia zen, arraroa, eta ni banintzen nahikoa arraroa beste arrarotasun bat gainean hartzeko. Poetak edo poesiazaleak oso berandu aurkitu nituen. Era berdinean, eta Cernudaren hitzak erabiltzeagatik, niretzat poemak idaztea patuaren antzekoa zen, nik nahi edo bilatzen nuen patua, baina aukera horrek zekarrenaz konszientea nintzen. Gauza bera esan ahal dut homosexualitateaz. Hortik poema horietan agertzen den indetifazioa.
Amodiozko poesia gehiena heterosexuala dela aipatu izan duzu. Beste hainbat gauzekin bezala, 'amodiozko poesia' formula ustez neutroa inplizituki heterosexuala izan ohi da. 'Beste amodiozko poesia' batzuk topatzeko edo topatzen hasteko batez ere zer falta zaigu: idaztea, argitaratzea, itzultzea?
Eskura duguna begi eta gogo zabalez irakurtzea izango litzateke lehendabizikoa, uste dut. Niri, adibidez, emakumeek idatzitako amodiozko poesia asko interesatu zait (heterosexuala zein lesbianoa), ea ikuspuntua, motiboak edo hitzak desberdinak ziren, ea zerbait baliagarri zegoen niretzako. Egia da itzulpen eta argitalpen gehiago egongo balira, erosoago ibiliko ginatekeela, baina euskaldunak hizkuntz batean baino gehiagotan irakurri ahal dugu, ezta?
Desira desordenatuak liburuaren harira sortutako 'Ez donk armairu' errezitaldian ere parte hartu zenuen. Errezitaldiak umore une ugari zituen, baina era berean testuak eta erreferentziak zabaltzeko aukera ematen zuen. Zer nolako esperientzia izan zen hura?
Niri Juanjo Olasagarrerekin, Ibon Egañarekin, Angel Errorekin eta Mikel Aierberekin egotea gustatzen zait, eta literaturarekin zerikusia duten gauzak haiekin egitea gustatzen zait. Kattalin Miner beranduago ezagutu nuen. Gustura ibili nintzen “Ez donk armairu” egiten. Poesia eta literatura zen, umorea eta kritika zegoen, baina bazuen, ezin bestela izan, zati militante bat. Ikusleak batzuetan harrituegi gelditzen ziren testu eta kritika batzuekin.
Poesia irakurle amorratua ere bazaitugu, egun zer zaizu erakargarri, zer ari zara irakurtzen?
Iñigo Astizen “Baita hondakinak ere” eta Hedoi Etxarteren “Sinplistak” oso gustura irakurri berri ditut. René Char eta Anna Akhmatova berrirakurtzen ari naiz. Eta Blanca Valera zain dut.