Poesia bizitzaren ardatz
Osteguna, 2018-07-19Patxi Ezkiaga Lasa poeta ekainaren 29an zendu zen. Idazle oparoa, urtetan irakasle izan zen Donostiako La Salle ikastetxean. Bere ahotsa itzali zela hiru aste bete direnean, poetak eskaini zuen azken elkarrizketa mamitsua berreskuratu nahi izan dugu. Patxi Ezkiaga Pello Otxotekorekin batera aritu zen luze eta zabal hizketan, Hegats aldizkariak iazko azaroan plazaratu zuen zenbakian. Argazkiak Iñigo Ibañezenak dira.

Legorretan jaioa. Literatura ikasketak egin zituen Cambridgeko eta Oxfordeko unibertsitateetan. Ondoren, Historiako lizentziatura eskuratu zuen Deustuko Unibertsitatean. Glotodidaktikako ikasketak ere egin zituen, eta Lasalleko anaia da. Bere eragina biziki anglosaxoia da. Natura oso presente dago idazten duen poesian eta garrantzi handia dauka beretzat. Baina hau guztia pertsonarengan arakatzeko egiten du eta gizakiaren kontraesanak bilatu eta azaleratzeko. Alderdi mistikoa ere bai, oso presente azaltzen da bere poesian: “(…) Nolabaiteko esperientzia haraindi eramaten duzunean, gainditu eta iradokizun batean bihurtzean. Orduan errealitate hori irekitzen duzu, zabaldu eta garatu egiten da. Hori da niretzat mistika: errealitatetik ateratzea, eta errealitate hori iradokizun bihurtzea”.
Patxi, nola iritsi zinen poesia mundura?
Istorio luzea da. Etxetik datorkit. Legorretako antzerki taldea gure amak eramaten zuen, aitaren laguntzarekin, eta gure etxean euskarazko literaturaren bildumatxo bat zegoen. Horien artean Garoa eta Bihotz-begietan. Eta horiekin hasi nintzen, ez gehiegi ulertuta, baina 18 urterekin Ingalaterrara literatura ikastera joan nintzenean, eta benetan literatura ikastea zer zen ikasi nuenean, hango ereduen arabera, orduan hasi nintzen euskal poesian pixka bat sartzen, baina barrutik. Astero-astero etortzen zen nire irakaslea unibertsitatetik college-ra, eta astean bitan ematen zizkidan etxeko lanak, bost edo sei folioko saiakerak denak, poesiaren zenbait alor ukituz; eta horri erantzuten eta horretaz gozatzen ari nintzela, ze nik benetan gozatzen bainuen, sortu zitzaidan antzeko zerbait egiteko gogoa, eta hasi nintzen poemak idazten. Esan beharrik ez dago, eredu bezala Bihotz-begietan neukan. Eta Lizardiren arabera sortu zen nire poesiarako bokazioa. Ondoren, zorionez, literatura benetan ikasteko aukera izan nuenean Ingalaterran, poesiaren arlo ezberdinak nola landu zitezkeen ikasi nuen. Gerora poematxoak idazten hasi nintzen eta lagun batzuei erakusten nien. Baten batek esan zidan zergatik ez nituen lehiaketa batera aurkezten. Esan eta egin. Eta Felipe Arrese Beitia saria irabazi nuen. Eta horrek segitzeko animoa eman zidan. Eta hemen gaude.
Baina funtsean, nola ulertzen duzu poesia literaturaren barruan?
Iruditzen zait, Milton-ek esaten zuenaren arabera, eta gero George Steiner-ek azpimarratu duen bezala, munduan badaude putzu beltzak, eta gauza gehiegi erortzen dira putzu beltz horietan, eta poesia izango litzateke munduan putzu beltz horietara erori den guztia poliki-poliki aingura batekin putzutik atera eta berriro argi berri bat emateko aukera eskaintzea. Orduan poesia, niretzat terapeutikoa da. Eta bizitza eta mundua betetzeko sistema bat, gure rol-a betetzeko sistema bat, eta iruditzen zait nire rol-a hori izan daitekeela. Eta poeta bezala, humanizatze lan hauetan laguntzea, tartean noski, barrua hustu egiten dugularik, ze zintzoa izateko barrua hustu behar duzu, bestela jai dugu. Eta horretan saiatzen gara.
Poesiak ze eragin izan du zure bizitzan?
Ikaragarria. Hain zuzen ere, eta batik bat nire naturarekiko lotura egituratzen lagundu didalako, eta nire bizitza hau, bizitza handiago baten zatitxo bat dela ulertzen lagundu dit, eta merezi duela nire errespetua eta guztion errespetua. Nire poesian hori nabaritzen da, naturarekiko nire lotura estua. Naturarekiko lotura hori harik eta gehien estutzen saiatu naiz. Naturarekiko nire hurbiltasun eta kontaktu fisiko hori dago nire poesian, horretan zinez ahalegindu naiz, eta horretan Walt Whitman-en ikasle sentitzen naiz. Eta egia da, eta hori sentitzeko iritsi naiz haren esanak betetzera: zuhaitzak besarkatzera, euripean lainoa, hotza eta ura dastatzera, haizearen ulua, gaua eta tximistaren argia eta iluntasuna antzematera ilunabarrean. Izan ere, tximistaren ahotsa iluna baita, eta argia ere bai; une batez argitzen du ingurua eta gero desagertu egiten da, eta berriro iluntasuna bueltatzen da. Ba hurbiltasun eta kontaktu fisiko hori dago nire poesian. Eta erreferenteak, bai sinbolismorako eta bestelako estetiketarako, naturatik hartu ditut. Naturarekiko nire lotura estu hori etengabea da, bai, nik badakit nire poesia ez dela batere urbanoa, eta nahiago dut ez izatea gainera; nire izaerari zintzo izan behar baldin banatzaio, nahiago dut horrela lasai-lasai naturarekin lotuta bizitzea.
Aipatzen didazun hau guztia nolabaiteko esperientzia mistiko bat da, eta zure poesian ere mistika oso nabaria da. Anaia zara baina horretaz aparte, badaukazu mistikarako joera poesian, eta zure bizitzako jarreran ere bai. Poesiak lagundu dizu mistikotasun horretan, ala mistikotasunak eraman zaitu poesiara, ala biak batera?
Biak batera. Konparazio batetarako, tokitan gelditzen gara, bainoa San Juan Gurutzekoa eta bere poesia daude. Ni txundituta uzten nau, eta gero eta atrebimentu handiagoa behar dela iruditzen zait San Juan Gurutzekoaren poesia zintzotasunez irakurtzeko, hain da eskerga naturarekiko harremana eta hain da eskerga esperantzarekiko fedea. Eta hori beharrezkoa izan zait azken aldi honetan batez ere. Momentu gogor hauetan, egunetik egunerako borroka honetan, garbiago sentitzen dut holako poesiaren presentzia. Eta mistikoa da, horixe mistikoa dela. Baina mistikoa Jainkotasunari ezer lapurtu gabe, aldrebes, Haren bideetan jarri eta aurrera segitzeko asmoarekin; eta onartzen ere ikasi dut. Mistikak hori erakusten du, onartzen, kontenplazioan onartzen. Eta lezio zailena hori izan da niretzat: onartzea.
Beraz, dudarik gabe, zentzua aurkitzen diozu poesiari gaur egungo munduan. Nahiz eta Adorno-ren esaldiak aipatu ez duela zentzurik poesiak Auschwitz gertatu ondoren.
Jakina baietz duela. Adornok hori esaten badu ere, hobe luke pixka bat Czeslaw Milosz edo Wislawa Szynborska-ren poesia irakurtzea ziurtatzeko eta frogatzeko horri ere buelta eman dakiokeela. Baina askotan filosofoek poeten lana egin nahi izaten dute, eta malo. Filosofoak badu bere bidea, bere esparrua, eta utzi poesiari berea. Eta poesiak, bere modura, salba gaitzake, bere salbamen neurri ttiki horretan noski. Baina hemen ez dago ezer salbamen osoa ematen duenik, fedean ez bada, eta hor dago kontua. Eta hori ez da erosten.
René Char-ek dio “La lucidité est la blessure la plus proche du soleil”, “Argitasuna eguzkitik gertuen dagoen zauria da”. Zure poesian ere zauria, eguzkia eta argitasuna maiz azaltzen dira.
Hitz klabeak dira nire poesian, zauria batez ere.
Jakina, Zauriaren salmoak poema liburu ederra argitaratu zenuen duela urte batzuk, eta Kritika Saria irabazi zenuen berarekin. Oharkabean pasa baldin bazen ere, liburu ona osatu zenuen.
Argitasuna, eguzkiaren hurbiltasunaren zauria. Bai, erabat ados, baina nik lotuko nuke tximistarekin. Tximistaren ahotsa beti iluntasuna da, zigi-zaga zeruan, tiradizo bat, islamiar inskripzio bat izango balitz bezala, ikertu beharra eta transkribatu beharra dago horren esanahia, eta borroka hori hain da gogorra non beti zaurituta bukatzen dugun. Argitasuna eta eguzkia lotzen ditugunean hori lortzearren zauritu egiten gara, eta zauri hori salbagarria da. Zauri hori kontzeptu metafisikoa da. Eta hori René Char-ek, ziur aski, bere militantzia egunetan idatzitako poema izango da, erresistentzian lan egiten zuenekoa. Hor esanahi handiko semantika ezkutu dago.
Beraz, poesiak aldatu dezake gizakia?
Bai noski. Poesiak eta musikak. Nik uste dut elkarrekin doazela biak. Eta azkenean pentsatu behar da, guztia bizi ondoren, sirenak oraindik deika dauzkagula itsasotik, eta kasu egin beharra dagola, kasu egiten badiezu azkenean joan eta akabatu egiten zaituzte, eta aurretik hildakoen islara eramaten, eta prozesu hori onartu egin behar da, heriotzaren prozesua. Poesiak asko laguntzen du horretan. Niri asko laguntzen dit orain bizi dudan momentu honetan, erremediorik gabeko zauri honekin, eta poesiak hori eramaten lagundu egiten dit, eta adierazten ba tokatzen dena tokatzen dela, eta horregatik ez naizela pertsona berezia, eta noizbait bukatuko dela, eta onerako izango dela. Salbagarria. Nik uste poesia salbagarria dela, baita tonuera tristean idatzitako poesiak ere baduela indar salbatzaile hori, benetako musikak bezala.
Baina goazen beste ildo batzuk jorratzera. Ingalaterratik bueltan, ze nolako giroa zegoen Euskal Herrian?
Konfrontazioa, lehia eta borroka ziren kontzeptu nagusiak. Baina batez ere konfrontazioa, eta horrek akabatu gaitu. Hainbeste partidismo eta zatiketa.
Guzti horrek zure poesian eragina izan du?
Neurri batean bai. Gernikaren militantea egin nau. Eta Gernikaren militantea esaten dudanean esan nahi dut, nire aita zena gudari izan zen Gernikan, eta orduko izpiritua, Agirreren garaiko izpiritua, neureganatzen saiatu nintzen, eta nola edo hala, Euskal Herria begirada poetiko batekin ikusten. Orduan konturatu naiz zatiketa guztien gainetik eta borroka guztien gainetik herri bat dagoela, baina Herri bat H nagusiarekin, eta herri kontzeptu horrek gainditu egiten dituela partidismo guztiak. Eta herritar sentitu naiz, eta sentitzen naiz; nahiz eta afiliatuta ez gaudenok oso zaila daukagun inon azaltzea, baina azaltzeko esperantzarik ere ez, eta gogorik ere ez. Ez daukat inongo loturarik, eta aske naiz. Eta horrela nahiago.
Poesia munduan erabat sartuta aurkitu zinenean, korronte edo estilo jakin batean lerratua sentitu al zara?
Ni beti erromantikoekin, ez beste inorekin. Erromantikoekin lotuta egon naiz denbora luzean luzaz eta oraindik erromantikoa naiz. Erromantikoa estetika alorrean. Coleridge, Wordsworth, Keats, Hölderlin. Eta Tennyson. Tennyson asko maite dut. Lan itzelak eman zizkidan bere poesiari buruzko saiakerak egiterako momentuan, baina Alfred Tennyson, a ze poeta puska!; erromantiko intelektuala. Erabiltzen dituen hiztegia eta abar, ez dira arruntak, eta irakurrita zaildu egiten dute. Baino behin hori jorratu eta gero ematen duen gozamen estetikoa bakarra da, aparta. Berdin gertatzen da Seamus Heaney-rekin eta Ted Hughes-ekin. Urteetan Ted Hughes izan da nire poeta erreferentea.
Milton?
Ah Milton. Badakizu zer zen Milton niretzat, metafisikoen arteko poetarik handiena. Milton, bai, lotu daiteke Shakespeare-ren azkeneko urteetako pertsonaiekin, King Lear eta horiekin. Oso ona da Milton. Teologoa zen. Teologiaren poeta.
Azkenaldian jarraitzen al duzu literatura ingelesa?
Bai noski, jarraitzen dut. Baina gaztetxoen generazioak ez ditut jarraitzen jadanik, ezin dut, oraingo nire egoeragatik, baina aspaldi nire ohitura izan da urtean zehar aurrezkitxo batzuk egin eta udaran Londreseko lagun bati deitu eta esan “Hi baniak!”, eta berak prestatzen zidan nire ustez libururik esanguratsuenak. Eta honen eta beste lagun batzuen iritzien arabera egiten nituen erosketak, baina banekien uhinean nengoela. Orain, ordea, ziurtasun hori ez daukat, eta konturatzen naiz interneteko iritziak eta horiek guztiak komertzialak direla kasu gehienetan. Zarata asko dago interneten. Baina Milton irakurtzeko barne begirada zorrotza behar da eta begi garbiak, eta esperantzarako kapazitatea. Eta hori ez da erreza. Miltonengan nabari da hori guztia. A ze fenomenoa!
Euskal Herrira bueltatuz, ze nolako kideak zeniten poesian, zeintzuengandik hurbil sentitzen zara edo zinen, edo zeinekin izan duzu harremana.
Hiru gizon aipatuko dizkizut, nigan eragina izan dutenak: Juan Mari Lekuona, Bittoriano Gandiaga eta Xabier Lete. Oraindik ere baxualdiak sentitzen ditudanean, Xabier Leteren musika jartzen dut eta begiak itxita entzun egiten dut, besterik gabe. Orain ezin dut ongi kantatu, ahotsa galdu dut, baina lehen berarekin kantatzen nituen kantuak. Eta Juan Mari Lekuonak ba beste magisteritza bat zeukan baina estilokoa, eta Gandik ere bai.
Nonbait irakurri dut Elorri goraipatu duzula, askotan.
Askotan, bai. Orain, galdetzen badidazu bere libururik maiteena zein dudan esango dizut Hiru gizon bakarka eta Elorri. Beste guztiak ere bai zoragarriak dira, eta Lete eta Lekuonaren antzera, sinplezian perfekzioa. Hiru poeta horiek dira niretzat miretsiak eta estimatuenak. Oraingo poetak irakurtzen ditudanean, lehiaketetan eta abar epaimahaikide naizelako, hitz politak azaltzen dira baina barrutik ez dago hari bat, hari gori bat, eta hari hori etikoa da. Eta Lete leitu eta hari gori bat dago, eta gori gori gori dago. Beldurra ematen du batzuetan eskua jartzea ze erretzeko arriskua ere sentitzen duzu. Lete aparta da, eta hori ez da gaur eguneko gazteen poesian nabaritzen.
Entzun duzu azkenekoa, seguru baietz, hil aurretik egin duen azkeneko entrega, gure Leonard Cohen-ena, You want it darker, zoragarria. Poeta handia ere Leonard Cohen. Puntualki irakurtzen dut Cohen eta asko gustatzen zait.
Eskerrik asko, Patxi eskainitako denboragatik. Plazera izan da zuri entzutea.
Eskerrik asko zuri Pello.
Elkarrizketaren egilea: Pello Otxoteko.
Argazkiak: Iñigo Ibañez.
Elkarrizketa hau Hegats aldizkariaren 55. zenbakian eman zen argitara, 2017ko udazkenean. Euskal Idazleen Elkarteak plazaratzen duen aldizkariaren PDFa ondoko estekan duzue eskuragarri: Hegats 55.