Oskar Arantzabalekin solasean
Ostirala, 2014-07-11Oskar Arantzabalek Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari saiakera argitaratu du Pamiela argitaletxearen eskutik, Juan Zelaia saria ez aequo jaso ostean Mitxelko Urangarekin batera. Azpilkueta gogora ekarrita, historiaren bidetik ekonomia krisiaren orainean murgiltzeko aukera eman digu Arantzabalek.

Noiz piztu zitzaizun Martin Azpilkuetarekiko interesa, zergatik?
Bizitzan gertatzen diren kasualitate horietako bategatik. Duela hiru urte inguru Valdorbako arte erromanikoa ezagutzera hurbildu ginen umeekin eta, bisita gidatu hartako halako batean, Azpilkuetaren jaiotetxearen berri eman ziguten. Nire ezjakintasunak lotsa eman zidan eta baita jakin mina ere dokumentatzen hasteko.
Horri kausalitatea erantsi behar zaio. Unibertsitateko urteetan entzun genuen ekonomia ulertzeko historia ezagutu beharra zegoela, areago krisi garaietan, baina inork ez zigun Azpilkuetaren berririk eman. Beraz, ekonomia politikoaren historian hutsune bat betetze aldera letorke.
Nola aurkeztuko zenioke, ezezagun duenari?
Duela bostehun urteko teologo eta jurista nafarra (“Doctor Navarrus” deitua eta San Frantzisko Xabierren osaba, agramondarra beraz), ekonomiaz asko zekiena (guk horren berri izan gabe). Era berean, herri honen metafora txiki bat dena, Europako estatu independente batean jaio baitzen, inperio espainiarraren goraldia eta bere krisi ekonomikoa ezagutu zuena. Politikan ere utzi zuen arrastoa, Europako Herrien Konfederazio bat proposatuz (gerora adibidez Mirandek egingo zuena). Espainiako Carlos I. erregearen aurrean emandako diskurtsoan argi adierazi zion agintea herriarena dela eta ez erregearena.
Liburua monografikoa da, pertsonaia oso zehatz baten inguruan eraikia. Baina liburuaren aurkezpenean aipatu denez, irakurketa asko egin daitezke egungo egoera ekonomikoaren testuingurutik. Hala da?
Bai, historizismoan erori gabe, baina ordukoek eta gaurkoek antza handia dute. Orduan, Ameriketatik zetozen urreak eta zilarrak prezioen iraultza ekarri zuten: inflazioa, lukurreria, espekulazioa, ustelkeria, zorrak…egun higiezinen burbuilarekin gertatu den bezalaxe. Kontrol politikorik gabeko merkatu libre hegemonikoaren gehiegikeriek krisia ekarri zuten kasu bietan.
Egungo egoera horren testuingurutik, zure ustez zer ekarpen egin diezaioke egungo irakurleari?
Historiaren gertakariak errepikatu egiten dira, baldintzak beharbada ez; baina, hala ere, ez dugu inoiz ikasten. Oscar Wildek zioen esperientzia kandela baten antzerakoa dela, daramana bakarrik argiztatzen baitu. Aurretiko belaunaldiena behin eta berriz ahaztu egiten zaigu.
Elhuyar anaiek kimikari wolframarekin bezalaxe, Azpilkuetak munduko pentsamendu ekonomikoari ekarpen itzelak egin zizkion: diruaren teoria kuantitatiboa, eros-ahalmenaren parekotasuna, likideziagatiko lehentasuna, ekonomia politikoa, hondamendien zikloak… Gure Errenazimenduko humanista ugariak ezkutatu egin zitzaizkigun, baina pixkanaka ezagutzen goaz, geure historia berridazten eta, horrela, krisientzako sendabideak aurkitu, hala nola, oreka makroekonomikoak (zerga- eta diru-politikak) eta ekonomia mistoak.
Nolakoa izan da liburu hau idazteko prozesua?
Lehendabizikoa izaki, nahiko amateurra, denbora librean. Ideia piztu zitzaidanetik ia bi urteko lana izan da deialdira aurkeztu arte. Lehenengoan, Azpilkuetaren inguruko materiala bildu, sailkatu, jatorrizko testu ekonomikoak aurkitu, gaztelania zaharrean egonarri handiz irakurri… Eta, zaharkitu itxura izan ez zezan, bigarren urtean historia ekonomiko modernoarekin lotu. Azkenik, freskotasuna egungo krisi ekonomikoaz egindako irakurketak eman dio. Esan gabe doa, saritua izan ondoren eta argitaratu aurretik, orrazketa lan ugari egin dugula askoren laguntzarekin. Edukietan bainoago forma aldetik: zenbait esaldi eta kontzepturen ulergarritasuna, hiztegia…
Esan daiteke Azpilkuetaren ideiak bere garaian, ez ohikoak zirela, ausartak agian?
Bai, kontuan izan eliza katolikoak ez zuela interesa onartzen (gaur egun pentsaezina egiten zaiguna) eta berak, merkataritzaren hedapen globalaren jakitun, horren onarpena egin zuen. Bestetik, anekdota historiko gisa, Espainiako Felipe II.aren aurka eta Kataluniako Batzorde baten aldeko irizpena eman zuen (garaiak garai, gaurkotasun handiko gaia).
Beraz, bere onberatasun bakezale eta kosmopolitan (asko bidaiatua baitzen: Frantzia, Portugal, Espainia, Italia…), “intsumiso” samarra zen indarrean zegoen sistema politiko-ekonomikoarekin. Inarrosia eman zion eta hori da, beharbada, gaiari originaltasuna ematen diona.
Krisiaren izaera kapitalismoak berezkoa duela esan ohi da. Azpilkuetaren garairaino joz gero topatu ditzakegu horrelako krisien arrastoak? Aurrekariak agian?
Berak Espainiaren bankarrotak aurreikusi egin zituen eta, testuak irakurriz, egungo prentsa ekonomikotik aterata dirudite. Ustelkeria, zorrak, hipotekak, ustezko aberastasuna…ekonomiak baditu bere zikloak, historian eta literaturan bezalaxe, hurrenez hurren Vicoren edota Joyceren idatzietatik ondoriozta daitekeenez. Bitxia da, Joseph Schumpeterrek eman zuela ezagutzera Azpilkuetaren izena mundu zabalean eta bera “suntsiketa eraikitzaile” ideiaren aita izan genuela, kapitalismoaren erraietan dagoena.
Argitaratzeko orduan, zein neurritan izan zaizu saria bat jaso izana akuilu, edo kontrakoa?
Saria, bai ekonomikoa eta baita argitalpena bera ere, aurkeztu eta epai-mahaikoen eskuetatik pasa ondorengo erabakitik etorri dira, ez aurretik. Beraz, alde horretatik, inolako presio eta presarik gabe aritu naiz. Gainera, ex-aequo izaki, Mitxelko Urangarekin partekatu dut. Halabeharrez, berak ere pil-pileko dugun gai ekonomikoa izan du aitzakia: Eros(ki) Merkatuaren erotizazioa, erotismoaren merkantilizazioa.
Oskar Arantzabal eta Mitxelko Uranga (Argazkia: Berria).
Saiakera da esku artean dagoena, baina ez bilduma didaktiko “huts” batean kaleratutakoa. Estetikoki zein tonu eman diozu liburuari, zein erregistro darabilzu?
Euskal saiakerari egozten zaizkion “gaitzetatik” (endogamia, nitasuna, inpresionismoa…) gutxi agertzen dira hemen. Neurri handi batean ikerketa lana izan delako, ezezaguna azaleratzea (didaktika eta guzti, orrien artean dauden argazkiei esker). Baina, bestetik, gutasunetik idatzita dago, herri gisako gogoeta sakonekin eta, ahal zelarik, esaldi dentso ugariei tonu poetikoa emanez.
Hibrido samarra da, Azpilkuetak ekonomiari egindako ekarpenak aitzakia ona izan dira askoz harago joateko. Epai-mahaikoek “edozeinentzat irakurgarri den erregistroan” idatzia dagoela adierazi zuten eta poztu ninduen hori entzuteak, behin Saramagori egindako irakurketa ugarietako batean aditu niolako saiakera-idazle frustratua zela.
Antzerkiari loturiko saltsatan ezagutu zaitugu, kasu honetan saiakera egile. Emango luke Azpilkuetaren lanak antzezlan baterako?
Saiakeran bertan antzerkiari loturiko aipuek presentzia handia dute: Shakespeare, Beckett…Lanaren konklusioak nolabait ere antzeztuak izan dira dagoeneko, Ibsenen Espektroak deritzon antzerkian: gaixotasun moral eta fisikoak belaunaldiz-belaunaldi transmititzen omen direlako. Duela bostehun urteko zauri ekonomiko eta politikoak itxi gabe ditugu herri honetan.
Nolanahi ere, Azpilkuetaren lanak bainoago, bere figura historikoak, pertsonai ezin interesgarriago honen biografia osoak –ez ahaztu 93 urte harrapatu zituela- mereziko luke, batez ere baloreak erreskatatu behar diren garai hauetan: pobreen aldeko jarrera solidarioa, liburu arteko austeritate etikoa, apaltasun jakintsua, nortasunari eustea besteekiko errespetua galdu gabe…Esan bezala, Azpilkueta gure herriaren metafora txiki bat izan zen. Dugun heteronimia Pessoazalea eta guzti kontuan hartuz: euskaldunak, nafarrak, kantauriarrak…