Elkarrizketak

Miren Gorrotxategiri elkarrizketa

33 ezkil nobelak irakurle askoren arreta bereganatu duOstirala, 2017-01-27

Miren Gorrotxategiren lehen nobela irakurle talde askotako agendan ageri da eta, kritikak ere, oso ondo hartu du. "Errespetu handia ematen zidan izan zezakeen harreran pentsatzeak", halaxe aitortu digu idazle azpeitiarrak. "Orain, emaitzarekin eta izaten ari den harrerarekin, ezin gusturago egon".

Miren Gorrotxategiri elkarrizketa

Nobelaren kontestua (maiorazgoa eta bere ondorioak, bereziki) ez da hain aspaldikoa. Gure gurasoen belaunaldiak ezagutu duen giroa dela esan daiteke. Akaso horregatik funtzionatzen du baita fikzioan ere? Kontestuaren oihartzuna ezaguna zaigulako, nolabait esatearren. Amama filmarekin ere antzeko gertatu zen. Bere arrakastaren gakoetako bat hori dela esango nuke, baserri girokoentzat zein kaletar garenontzat ere oso gertukoa egiten zaigulako.

Maiorazko-sistemak berak baino, bizimodu horrek sortzen duelakoan nago interes hori, mendeetan aldagaitz mantendu den baserri-giroak, hain zuen. Amama filmean ere ikusten da nola aldatu den baserria, ulertuta baserria bere zentzu zabalean, bizimodu gisa. Oraindik bizimolde horren aztarren batzuk geratzen diren arren, gurasoen ahotik ezagutu dugun baserri horrek -eta hango ohiturek, balioek eta harreman-moduek-, ez dute jarraipenik. Baserrian hazitako aurreko belaunaldi horiek darabiltzaten hainbat hitz eta esamolde haiekin desagertuko dira, baita mintzaira, gauzak azaltzeko modua ere. Hiritartzearen ajeak.

Herria/hiria, baserria/kalea dikotomiak pisu handia duela zenioen Hegats aldizkarian. Belaunaldi arteko talka ere agerikoa da. Akaso zuk zerorrek zure inguruan ikusi edo bizi izandakotik asko du nobela honek?

Neu ez naiz baserrikoa, baina gertutik bizi izan dut giro hori, etxetik hasita. Herriotan, baserriko eta hiriko bi mundu horien artean bizi garela esango nuke, herrian eta herritarrongan egiten dutela topo bi bizimodu horiek. Beraz, irakurle horiei nobelan zehar agertzen diren hainbat pasarte edo egoera gertuko suertatuko zaizkie, eremu hiritarrago batean hazitakoei arrotz egingo zaizkien arren. Azkenean, kilometro gutxiren barruan errealitate ezberdin asko bizi dugu.

Sustraietara itzulera

Esan bezala, talkan dira iraganeko zein oraineko joerak. Talka horrek joko asko eman dezake fikziorako ere. Suspentse giroko nobela idaztera jarri zinen, ala idazketa prozesuan aurrera egin ahala nobela beltzaren gakoetara egokitzen joan zinen?

Hasieratik eginiko aukeraketa izan zen misterio-nobelarena. Abiaburua lurperaturiko hezur batzuen agerpena izanik, horrek berak eskatzen zuen suspense-giroa, hasieratik agertzen baitira nobela beltzaren elementu tipikoak: hezurrak, hilotzak, argitu gabeko kasuak… Hala, irakurlea tentsioan mantendu nahi nuen nobela amaitu arte; nolabait esateko, orriak bata bestearen atzetik “irentsi” zitzan nahi nuen. Eta irakurketa bizi hori lortzeko, elkarrizketaz beteriko kapitulu laburrak idatzi ditut, aparteko apaindurarik gabeak, betiere errazkerian erori gabe.

Landa edo baserri kutsuko tramak ugaltzen ari dira beste literatura batzuetan ere. Landa eremuak, tradizioek... halako misterioa eragiten diolako kaleko jendeari?

80ko hamarkadako euskal literaturan baditugu hainbat nobela landa-munduan girotuak. Orain, hainbat urteko ahanzturaren ostean, badirudi badela hor giroturiko literaturara itzultzeko joera bat. Ez dakit genero horren gorakadaren zergatiak modari erantzuten dion, errepikapen zikliko bati… Nire kasuan, sustraietara itzulera bat izan da, haurtzaroko oroitzapenetara bidaia bat. Naizenaren parte baten isla da baserri-giro hori.

Kontakizun nagusia kronologikoa da. Baina tartean, iraganeko pasarteak edota bestelako gakoak eskaintzen zaizkio irakurleari, tartekaturik eta dosi isolatuetan. Antolaketa honek kronologia apurtzen du baina suspentsea areagotzen du. Tentsio horrek mantentzen du, hain zuzen ere, nobela bizirik?

Informazioa neurrian ematen da, dosifikatuz, denboran atzerakako saltoak eginez. Kontakizun nagusiko piezak osatzen laguntzen duten arren, askotan trama gehiago katramilatzen dute. Kontakizun nagusiarekiko eten horiekin misterioa eta irakurlearen jakin-mina amaierara arte bizirik mantentzea lortu nahi nuen, eta, horrez gain, iraganeko pasarte horiek pertsonaien profila osatzeko ere balio dute.

Puzzle baten modukoa da 33 ezkil. Eta puzzleetan bezala, azken fitxa kokatu arte ez dugu argazkia osorik ikusiko. 

Nobelan aurrera egin ahala piezak ematen joan naiz puzzle hori osatzeko. Badago piezaren bat edo beste irakurleak nahieran jar dezakeena, eta, beraz, azken irudi horrek ñabardura ezberdinak izan ditzake irakurlearen arabera. Sortzerakoan ere, ez naiz abiatu amaierako irudi horretatik: neu ere piezak jartzen joan naiz, batzuk aukeratuz, besteak albora utziz, azken irudi hori lortu arte. Nobela beltzetan diote prozesuak alderantzizkoa izan behar duela, bukaera ondo itxita abiatu behar dela eraikitzen. Esan bezala, nire kasuan ez da hala izan, baina zehazki non amaituko nuen ez jakite horrek sormenari bide guztiak irekita uztea ahalbidetu dit, eta horrekin asko gozatu dut sortze-prozesuan.

"Harreman arruntak islatu nahi izan ditut"

Gazteak protagonista diren fikzio askotan, familia harremanak islatu ohi dira. Kasu honetan ere hala da. Oso nobeleskoak izan daitezke etxe barruko harremanak, eta are gehiago belaunaldi artekoak direnean, ezta?

Ez nuke esango kontakizun nagusiko protagonistak hain gazte direnik, 40 urteren bueltan dabiltza eta. Baina nobelan islatzen den gauzetako bat horixe da: helduaroan, oraindik norbere bizitzaren agintea hartu ezinik dabilen pertsonaia da Nestor, amak bere altzotik askatu nahi ez duena. Ama horrek pertsonaia nahiko estereotipatua dirudi, baina euskal gizartean nahiko erroturik dagoen ama-ereduari erantzuten diolakoan nago. Azken batean, harreman arruntak islatu nahi izan ditut, irakurleari gertukoak egingo zaizkionak. Nobela beltzari pertsonaia eta harreman errealen bidez saiatu naiz sinesgarritasuna ematen, bestela bide motza izango zukeen.

Nestor eta Berta gazteak aurkia eta infrentzua dira. Iragana ezin gainditu dabil Nestor. Kulparen zama ezin ganetik kendu, asmatu ezinean dabil. Bertak, Nestorren bikote ohiak ordea, kateak apurtzen jakin zuen. Kasu honetan, Berta izango da tramari argia ekarriko dion pertsonaia. Kontakizunaren amaiera argitzeko ez ezik, Nestorren profila osatzeko ere, ezta?

Tramari ez ezik, Nestorren bizimoduari argitasun pixka bat ekar diezaiokeen bakarra Berta dela dirudi, baina Nestor tematuta dago ilunpe horretan jarraitzearekin. Bertak kateak apurtzen jakin zuela zenion; Nestorrek, aldiz, kateak arrastaka eramatera kondenaturiko mamua dirudi. Bere zorigaitzaz kexatzen da, baina arrangurak erosotasuna eskaintzen dio. Hala, ingurukoek ematen dituzte aurrerapausoak berak eman ordez, eta konfort-zona horretan ez dauka bizitzari aurpegia eman beharrik.

Kontakizunaren motorra hala ere, Karmen dela esan daiteke. Pertsonaia guztien artean, Karmen da deigarriena. Gaztetatik herria txiki geratu zitzaiola dirudi. Normalean, horrelako giroan, gizonezkoak izan ohi dira rol durduzagarriaz jabetu ohi direnak. Ez da 33 ezkil-en kasua. Hori da akaso zure nobelaren ekarpenetako bat?

Hain zuzen, Karmenen pertsonaia da gehien eboluzionatzen duena nobelan zehar, eta ez da hasieran dirudien bezain sinplea eta laua. Ez dakit herria txiki geratzen zaion, baina bai aurreikusi nion papera, neuk ere ez bainuen uste pertsonaia hori halako pisua hartzen joango zenik.

Karmen gaztetxotan neskame iristen da baserrira eta kartak ondo jokatzen ditu bertako etxekoandre izateraino. Baina ohartuko da gizonen munduan bizitzea tokatu zaiola maite ez duen senar mozkorti jokozalearekin, eta baserria aurrera atera beharko du haren laguntza handirik gabe, baita bi semeak ere. Bizitzak emandako zaplaztekoak etsi-etsian onartu beharko dituela dirudi, baina, azkenean, hogeita hamaika eskutik egingo du.

Estanisen azalpenekin amaitu zitekeen nobela. Trama ulertzeko gako asko bertan azaltzen dira. Baina Ferminen heriotzaren pasartearekin itxi duzu 33 ezkil. Nobelako unerik gogorrena, ziurrenik. Idazketa prozesuan, hori izan al zen denbora gehien eskatu zizun atala?

Istorioaren kontaketa Estanisen azalpenekin amaitutzat eman liteke, eta Ferminen suizidioa kontatzen den azken atal hori epilogoa litzateke. Atal horretan, suizidioa kontatu dut Ferminen perspektibatik: kanpai-hotsa bezalaxe, irakurlea ere suizidaren burmuinean sartu nahi izan dut. Ferminen azken une horietako egonezina irakurleari kutsatu nahi nion, eta amaieraren idazketa hori nahiko frenetikoa izan zen. Liburuko atalik kuttunenetakoa da niretzat, eta hala esan dit irakurle askok ere.

MirenGorrotxategi4Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria irabazi zuen nobela honekin.

"33 ezkilen oihartzuna ozenegi dut oraindik buruan"

Nobelak oihartzuna izan du hedabideetan. Kritikak ere, ondo hartu du. Espero al zenuen horrelako harrerarik?

Ez. Lehenengo aldiz idatzi dut publikoarekin pentsatuta, eta idazketa-prozesuan zalantzak izan ditut askotan: nire buruan eraikitzen ari nintzen istorio hark handik kanpo funtzionatuko ote zuen, ea kalitatezkoa izango zen… Augustin Zubikarai sariaren bermea nuen atzean, eta horrek lagundu dit mamu horiek uxatzen. Baina errespetu handia ematen zidan izan zezakeen harreran pentsatzeak. Orain, emaitzarekin eta izaten ari den harrerarekin, ezin gusturago egon.

Bestelako egitasmorik baduzu buruan? Alegia, beste nobelaren bat idazten hasia al zaude?

33 ezkilen oihartzuna ozenegi dut oraindik buruan beste halako proiektu handi batean sartzeko, baina sortzeari ez diot utzi. Oihalkiak besterik ez diren ideia eta pasarteak ditut eskuartean, haiek elkarri nola josi, nola konbinatu ikusi behar orain. Badut gogoa berriro ilusioz beteta halako proiektu bati heltzeko.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)