Julen Belamunori elkarrizketa
Bere lehen liburua plazaratu du: Ukabilak eta loreak (Elkar)Ostirala, 2015-04-24“Asko estimatzen da batasuna ipuin liburuetan”, Julen Belamunok hala zioen liburuaren aurkezpenean. Ukabilak eta loreak (Elkar) liburuko ipuinen artean, ordea, ez dago batasun argirik. “Ipuin bilduma bat da. Hautaketa bat egin dugu eta zortzi ipun jaso ditugu liburu honetan”. Hari edo ardatz jakin bateko kontakizunak ez izan arren, badaude konstante batzuk liburuan. Kokapenean, esate baterako. “Zortzitik bost Gasteizen daude kokaturik”. Eta narrazio gehienak gaur egungo istorioak dira, horra beste konstantea. Egungoak izanik ere, beti itzultzen da iraganeko zerbait. "Eta horrek astintzen du pertsonaien egoera. Badago joko hori, iraganarena. Azken batean iragana beti hor dago, ez da hiltzen. Beti dago presente”. Ipuin bakoitzeko galdera bana egin diogu Julen Belamunori eta liburuaz, pertsonaiez, estiloaz, idazketaz... luze-zabal aritzeko aukera eman digu.

Oso gauza ohargarria. Gasteizko epaitegietako peritu bat da protagonista. “Oso ohargarria da jendeak eskailerak igotzeko duen modua” esanez hasiko du bere kontakizuna. Narratzailea, peritua, ipuineko pertsonaia bilakatzen da. Estilistikoki badago ahalegin bat ipuin honetan. Metaliteraturara ere gerturatu daitekeena akaso?
Ez dut uste hor metaliteraturarik dagoenik, zentzu hertsian behintzat, hau da, ez dago testu bat oinarri hartuta landutako beste testu bat. Lehen pertsonaren lekualdatze moduko bat dago: narratzailea hasieran peritua da, baina gero lehen pertsonan ari dena beste bat da, emakume jipoitu bat. Peritu horrek duen zaletasunetako bat da inguruan ikusten dituen pertsonen nortasuna eta bizimodua asmatzen saiatzea, eta ahal duen neurrian pertsona horien barne munduan sartzea. Une jakin batean peritu hori eskailerak igotzen ikusten duen emakumearen baitan sartzen da, eta hortik aurrera beste bat da.
Niri pertsonaien barne mundua interesatzen zait gehien, zer pentsatzen duten, zer sentitzen duten, zer nahi duten edo zer beldur dituzten. Ipuin horretan bestearen baitan sartze hori azken muturrera eramaten da, beharbada modu fantastiko samar batean. Lehen pertsonaren bikoizketa bat gertatzen dela ere esan liteke, kontakizunaren azken aldera momentu batean biak aurrez aurre geratzen dira eta.
Gauaren altzoan. Jaioterritik kanpo bizi da pertsonaia. Herrira itzultzean, txikitako oroitzapenak etorriko zaizkio gogora. Eta deskubrimendu bat egingo du: aspaldiko pasarte ilun baten epitafio modukoa. Irakurketak ere kadentzia hori du, deskribapenek markatzen duen erritmo pausatua edo. Liburuaren ezaugarrietako bat bada, deskribapenetarako joera ezta?
Niri deskribapenak gustatu egiten zaizkit, egia da. Eta gustatzen zait gauzak, pertsonak eta tokiak ahalik eta zehaztasun handienarekin ematea. Horrek bere arriskua dauka, jakina, deskribapenetan gehiegi luzatzeak kontakizunaren erritmoa moteldu egiten duelako eta irakurle gehienentzat astunago egiten duelako. Nik irakurle moduan gozatu egiten dut xehetasunez betetako deskribapenekin, baina garbi dago ez dela gaur egungo joerarik zabalduena.
Orain deskribapen inpresionistagoak hobesten dira, bi edo hiru ezaugarrirekin pertsona baten benetako izaera harrapatzen omen duten horietakoak. Horretarako arte handia behar da, talentu ikaragarria, eta idazle batzuk oso onak dira horretan, baina ni askotan gutxiegi esan didaten sentsazioarekin geratzen naiz.
Elipsiarekin ere antzeko zerbait gertatzen da; nik nigatik dena edo ia dena kontatuko nuke, baina hori egingo banu, baldartzat eta atzeratutzat hartuko nindukete. Elipsirik gabe, eta han-hemenka zabaldutako ironia zipriztinik gabe, zer eginik ez daukazu. Oraingo gustu nagusia hori da.
Aitaren ezinean. Pertsonaia nagusia zinema zuzendaria da. Donostiako Zinemaldian da, hautagai nagusiekin lehian. Elkarrizketa batean aita zenari buruz esandakoak abiaraziko du ipuinaren trama. Paraleloan doaz Zinemaldiko sariketa eta aita zenaren ingurukoa. Iraganaren pisua, zarata hori sumatzen da etengabe, ezta?
Bai, horrela da. Bi denbora daude ipuin horretan: bata, zinemaldia egiten ari den garaikoa, eta bestea aita bizi zeneko kontuen garaia, zinema zuzendariari uste gabean aurkeztu zaion ezezagun batek berritzen diona. Eta iraganeko kontu horiek denak sartzen dira, interferentzia baten moduan, zinema zuzendariak zinemaldian bizi duen egoeran, eta saria dela eta bizi duen ziurgabetasuna areagotu egiten diote.
Liburu honetako ipuinak, alde batera, oso desberdinak dira, baina badaude liburuan halako konstante batzuk ipuin batean baino gehiagotan agertzen direnak. Eta, arrazoi duzu, horietako bat iraganaren pisua da. Liburuko pertsonaia askori gertatzen zaio iraganaren itzulera hori, normalean asaldagarria eta egoera zailtzen duena.
Iragana beti hor dago. Ipuinetako batean aipatzen den kantariak, Morrisseyk, esaten zuen bezala, past never dies, iragana ez da inoiz hiltzen. Denborarekin oroitzapenen zama arindu egiten da, baina ez da ezabatzen. Eta hala behar du gainera: zama arintzea ondo dago, baina ahaztea ez da komeni.
Ukabilak eta loreak. Bere sasoi onena atzean utzi duen boxeolaria da protagonista. Kirol garai oparoak berritu nahi ditu, eta neskalagunarekin iraganean izan zuen harremana berreskuratu. Guztiz moldagabe dauden pertsonaiak dira. Ipuin honetan ere bi istorio doaz batera, paraleloan, uztarturik.
Bai, hemen ere bi hari daude, boxeolariak jokatu behar duen errebantxarena eta neskalagunarekin berreskuratu nahi duen harremanarena. Bi jokaleku horietan dabil borrokan pertsonaia, eta bietan une kritikoa bizi du, boxeolari karrera eta maitasun bizitza biak ere zapuztu litezkeen edo aurrera atera litezkeen une bat. Ziurgabetasuna eta momentu kritikoa berriz ere.
Guztiz moldatu gabeak edo egokitu gabeak diren ez dakit, baina bai bizimodu normal arautuaren ertzetan daudenak. Itxuraz edo kanpotik begiratuta normalenak diruditenak ere, barrutik begiratuta, askotan noraezean dabiltzanak dira ipuin hauetan. Baina arrazoi duzu: batez besteko herritarrak ez du interes handirik, bizitzako gauza guztiak behar zen garaian eta moduan egin dituenak ez du inolako interesik. Are gehiago, Batez Besteko Herritarra, estatistikaren asmakizun hori, pertsonaia aspergarria izateaz gain, gorrotagarria ere bada niretzat.
Bizitzaren zentzua. Bere lanarekin obsesionatuta dagoen funtzionarioaren istorioa da. Beste ipuinekin alderatuta, hauxe da ezberdinena. Fantastikotik gertu dagoena. Funtzionario zara ogibidez. Mamuak uxatzeko idaztea beti da lagungarri. Ez dakit horregatik idazten duzun, zure ogibideak dakarren ajeaz arintzeko edo? Beste ipuin batzuetan ere ageri dira funtzionarioak.
Bai, ipuin hau desberdina da. Besteak baino askoz laburragoa da, eta badu, zuk diozun moduan, kutsu fantastiko bat edo halako tankera alegoriko bat beharbada. Gezurra badirudi ere, abiapuntua niri kontatu zidaten kasu erreal bat da, baina muturreraino eramana. Niri kontatu zidaten kasuan funtzionarioak etsi egin zuen, eta alde egin zuen; jokaera normal bat izan zuen. Baina ipuineko pertsonaia oso bestelakoa da; isolamenduan bizi den espiritu garbi bat da, betebeharraren kontzientziak azpian harrapatutakoa. Liburuko pertsonaietan patetikoena da seguru asko, eta niretzat behintzat hunkigarriena edo errukarriena.
Badaude funtzionario gehiago ere liburuan, beste bi. Baina ez dut uste hor nire lanbidearen ajeetatik libratzeko ahalegin bat dagoenik; gertatzen dena da nik funtzionario asko ezagutu ditudala, eta agian horregatik ateratzen dira horrelakoak ipuinetan. Bizitokiak ere eragina izango du: Gasteiz ipuin askotan agertzen da, baina hori ni hemen bizi naizelako da; ez diot aparteko misteriorik ikusten horri.
Zergatik idazten dudan ez dut oso garbi ikusten, baina nire kasuan bizimodu aldaketa batekin batera etorri zen idazten hastearena. Orain dela hamahiru urte nire bizitza asko aldatu zen: lana aldatu nuen, bizitokia aldatu nuen, aurpegi ezezagunez betetako hiri batera etorri nintzen... eta orduan hasi nintzen koadernoak zirriborratzen, musika talde batean jotzen eta horrelakoak egiten. “Bigarren gaztealdiye” zela esaten zuen gure aitak, eta arrazoi izango zuen.
Evening star. Denboraren iragateari buruzko hausnarketa bat baino gehiago dago liburuan. Modu nabarmenean ageri da joera hori ipuin honetan. Titanic days kantuaren airean ezagutuko dute elkar Stella kantariak eta liburuko protagonistak. It's sink or swim In these titanic days dio kantuak, eta hala dabiltza liburuko protagonistak ezta? Kirsty MacColl kantariaren Titanic Days abestian legez.
Steve Lillywhitengandik banandu zenean idatzi zuen Kirsty MacCollek Titanic days hori, nolabait ere hondoratze sentimendu bat adierazteko edo. Baina, gero gertatuko zitzaiona jakinda, nola hilko zen jakinda, sink or swim horrek premonizio anker bat dirudi.
Ipuineko protagonista Kirsty MacColl jaio zen egun berean jaiotakoa da, eta ferryan doala Titanic days hori entzuten duenean zerbait mugitzen zaio barrenean. Kantariarekin hizketan hasten denean berari gertatutako gauza batzuk kontatzen dizkio, Kirsty MacColli gertatutakoekin antz handia dutenak, kointzidentzia harrigarriak, eta horrek aukera ematen dio Stella kantariari bera ere bereak kontatzen hasteko. Iraganeko kontuak dira ezinbestean, eta, arrazoi duzu, ipuin honetan ere iraganaren pisua oso handia da.
Eta egia da, bai, liburuko protagonista asko une kritiko batean daudela, hondoratu-edo-salbatu dabiltzala, tokatu zaien egoera zail baten erdian. Alde horretatik uste dut liburuaren tonu orokorrarekin bat egiten duela esaldi horrek.
"Pertsonaia gehienak konformaerrazak edo etsierrazak dira"
Txarrena opa. Madrilen izan duen bilera batetik bueltan da (euskal) funtzionario bat. Ordu txikietan, gaueko irratsaio horietako bat entzuten ari da. Road movie moduko baten lekuko da irakurlea, non funtzionarioaren lan kontuak eta irratiko zelebrekeriak uztartzen joango diren. Errealitatearen eta fikzioaren arteko muga hain da lausoa batzuetan...
Bere bizimoduarekin gustura ez dagoen funtzionario bat da protagonista, irratsaioan entzun dituenak entzunda irudimenean mendekuak asmatzen hasten dena, bizimodua zailtzen eta izorratzen dioten batzuen kontrako asmorik txarrenarekin. Horiek denak, bai irratsaioaren entzuleek asmatutakoak, bai protagonistak bere inguruko pertsona batzuei opa dizkienak, horiek irudimenean bakarrik geratzen dira, zorionez. Baina ez dira errealitatean gertatu ezin direnak.
Fikzioak errealitatea gainditzen duen edo errealitateak fikzioa gainditzen duen, biak dira posible, eta biak gertatzen dira. Aitzaren ezinean kontakizunean ere badago joko hori: gizon ezezagunak zinema zuzendariari aitaz kontatzen dizkionak sinestezinak iruditzen zaizkio, film baten gidoian sartuz gero inork ere sinetsiko ez lituzkeenak, baina benetan gertatutakoak dira. Hori da errealitatearen abantaila: fikzioak trikimailuak behar ditu sinesgarritasuna lortzeko; errealitateak ez du horrelakoen beharrik bere presentzia modurik gordinenean ezartzeko.
Egonerako egunak. Bakardadea, harremanen gaiztotzea, traizioa... “Bakoitza bere tokian egoten jakitea dela bizitzeko artea” irakurri dugu azken ipuinean. Eta balio dezake beste ipuinetako pertsonaientzat ere, ezta?
Ipuin horretako pertsonaiaren kasuan aukera existentzial moduko bat da: munduan egoteko modurik onena nork bere tokia bilatzea da, eta han konforme geratzea, hortik kanpora beste ezeren bila ibili gabe eta besteren esparruan sartu gabe. Jarrera hori bizitzan jaso dituen jipoi eta dezepzioen ondorioa da, nolabait esanda anbizioaren antipodetan dagoen jarrera bat.
Liburuko beste pertsonaia batzuetan ere ageri da etsipen moduko hori, baina ez beti. Boxeolariak, adibidez, badu irabazi nahi bat, badu aurrera egin nahi bat. Baina pertsonaia gehienak konformaerrazak edo etsierrazak dira. Beste gauza askotan bezala, neurri kontua da: badira anbizio onak (nork bere burua hobetzea, jakintsuagoa izatea, trebeagoa izatea…), baina beti gehiago nahi izatea edo besteak baino gehiago izan nahi izatea… Munduko gaitz gehienen erroa hor dago. Horretan bat nator Pascalekin.