Elkarrizketak

Juanma Sarasolarekin solasean

Moskuko urrea: kultur eta gizarte mugimenduen eztanda Irunen, 1983-1993 liburuaz egin dugu solasAsteartea, 2015-03-03

Moskuko urrea: kultur eta gizarte mugimenduen eztanda Irunen, 1983-1993 izeneko librua plazaratu berri du Juanma Sarasola Murgia “Xaun”ek autoedizioaren bidetik. Elkarrizketak, argazkiak... Bertan egin duen memoria ariketa zabala izan dugu mintzagai elkarrizketa honetan.

Juanma Sarasolarekin solasean

Moskuko urrea: kultur eta gizarte mugimenduen eztanda Irunen, 1983-1993. Zu Irungoa zaitugu, garai hura gertutik bizitakoa. Zor pertsonal edo gogo intimo batek eraman zaitu, lehenik eta behin, liburu hau idaztera?

Gogo kontua izan da, jakinminak bultzatua. Ez nuen garai hartako guzia hurbiletik bizi eta ezezagunak zitzaizkidan kontu asko dokumentazio nahiz bilketa lanak egin ahala ezagutzen joan naiz.

Mosku da protagonista liburuan, baina Euskal Herri osoan gertatutakoaren isla da kontatzen duzun giroa, une historikoa. Zein neurritan izan zen Mosku, Euskal Herri osoari begira, bereziki adierazgarria?

Moskun, eta oro har Irunen gertatuak edo egindakoak paralelismo asko izan zituen Euskal Herriko beste hainbat herri eta hiritan. Mosku ez zen kontu isolatua, bakana izan, baina sona eta oihartzun handiak lortu zituen Euskal Herrian, bereziki musika arloko bizpahiru talderi esker. Kortatuk, Baldin Badak eta Vomitok, nork bere izaerarekin, oihartzun eta jarraipen handia izan zuten Irundik kanpo -ez bakarrik Euskal Herrian-, eta urte haietan hainbat herritan izandako kultur eta gizarte mugimenduen eztanda ikur eta ezinbesteko erreferentzia bihurtu ziren, Irungoak ez ziren beste dozena bat talderekin batera.

Irungoa izan ez arren garaia ezagutu zuenak beraz, errekonozituko ditu nolabait bertan kontatutakoak?

Bai, jakina. Bere herriko pertsona franko etorriko zaizkio burura, antzemango dituen paralelismoengatik. Antzeko ibilbideak, antzeko jokaerak, antzeko anekdotak... oroitaraziko dizkiote elkarrizketatutako irundarren kontakizunek.

Mosku eta garai hura gogora ekartzen dugunean, musika datorkigu batez ere gogora, Rock Radical Vasco bezala ezagutua izan dena. Zergatik eduki zuen musikak horrelako protagonismoa?

Musika oso tresna egokia izan da bereziki gazteen kezkak, haserreak, pozak, gogoak... adierazteko eta zabaltzeko, eta beste hainbat alorrekin lotua joan da (irrati libreak, fanzineak, literatura, antzerkia, tabernak, gaztetxeak...). Garai gogorrak zirenez, indar eta arrazoi handiagoa izan zituzten mezu eta erritmo gordinek lasaiago eta leunagoek baino. Dena erraietatik ateratzen zen, baina burua galdu gabe, tontakeria gutxiko mezu zuzenak zabaltzen baitzituzten. RRV deitutakoan bildu zituzten gehienbat halako kantuak, nahiz eta talde eta norbanako asko etiketa horrekin ados ez egon.

Zu “kultur eta gizarte mugimenduez” mintzo zara, baina: literatura, antzerkia, bertsolaritza, argazkigintza, antimilitarismoa, ekologismoa... eta abar luze bat. Zerk lotzen ditu guztiak?

Garai bertsuan eta testuinguru berean edota antzekoan gertatu izanak eta askotan arlo haietako parte-hartzaileek elkarren arteko harremanak izateak eta kasu batzuetan baita arlo batean baino gehiagotan ibili izanak ere. Pertsona batzuk beren kasa aritu baziren ere, edota Moskuko giroan asko sartu gabe, ez ziren konpartimendu itxietan ari, beti bazen halako lotura bat, zuzenean ez bazen zeharka.

juanma sarasola

(Argazkia: Berria).

Hitzen Uberanen gaudenez, har dezagun literatura mintzagai: Maripi Solbes Uranga eta Jorge Gimenez Bech elkarrizketatu dituzu lekukotza zuzenen atalean, baina baita ere Itxaro Borda bat adibidez. Zer egin zaizu deigarri literaturari buruzko gogoetetan?

Lehenagotik jakin banekien -urte batzuk lehenago Antxeta Irratian elkarrizketatu nuelako- Maripi Solbes Pott Bandaren azken urtean-edo aritu zela, baita 1979-81 urteen bueltan bakarkako poesia liburu bat eta taldekako beste bat argitaratu zituela. Komenigarria iduritu zitzaidan, beraz, gai horiek ere liburura ekartzea, aipatzeko modukoak zirelako eta baita aurrekari gisa ere. Jorge Gimenez Bech ere Antxeta Irratian elkarrizketatua nuen eta banuen bere ibilbide literarioaren berri, baina Irungo 'Plazara' literatura aldizkariko zuzendari izan zen heinean zeregin eta ibilbide horri zukua ateratzea pentsatu nuen. Libururako elkarrizketarako dokumentatzean jakin nuen bolada batez 'Goenkale' telesaileko gidoilari aritu zela. Irungo Udalaren Euskara Zerbitzuan aitzindari izan zen eta 'Plazara' aldizkarian, Joxean Elosegi irakasle eta idazlea bidelagun, Irungo euskararen hainbat altxor filologiko nahiz literario zabaltzeko lanean aritu zen.

Itxaro Borda eta beste batzuk 'Hurbildutakoen begirada' deitu dudan atalerako elkarrizketatu ditut, e-mailez (kasu pare batean izan ezik). Moskuko saltsa-maltsaz zituen ezagutza eta oroitzapenak kontatu dizkidate.

Asko dira nabarmentzeko moduko musikari eta taldeak, haien artean dira azken hogeita hamar urtean ezinbesteko erreferentzia izan diren Muguruza anaiak, eta haien eskutik ezagutu ditugun Kortatu, Negu Gorriak, Esan Ozenki... haien ibilbidean euskalduntzeko pausua eman zuten aldarrien eta batez ere exenpluaren bitartez. Haiek emandako pausua, erdaraz indartsu zetorren kulturgintzak oro har emandakoa izan zen? 90eko hamarkadan sendotu egin zen joera hori (Esan Ozenki eta Metak-eko katalogoa datorkit gogora...).

Kontzientziazio kontua izan zen, faktore subjektiboetan aurrera egitea, zeren eta Irunen faktore objektiboak egon bazeuden. Erabilera aldetik oso hiri erdaldundua izaki ere, populazioaren %30 inguru euskaldunak gara, baina oso sakabanatuta eta askotan elkarren berri -euskaldun bezala- izan gabe. Gainera, euskalgintzan ibilbide luzeko eta lan gogorreko ekinbideak egon izan dira Irunen eta inguruetan. Jaitzubia/Txingudi Ikastolaren oinarriak, adibidez 1962an jarri zituzten -Euskal Herriko beteranoetakoa izan da Irun-Hondarribiko ikastola-, AEK-k lehenbiziko pausoak 1973an eman zituen, gerora beste bi euskaltegi lotu zitzaizkion euskalgintzari, Bidasoako EKT euskal kultur taldeak ere lan handia egin zuen... Hala, 1980ko hamarkadarako euskararen aldeko kontzientziak eta jarrerak aski zabalak ziren, eta punk-rock eta inguruko alorrak ere ederki zipriztindu zituen. Batez ere euskara izan zuen lan tresna susperraldi horren bigarren musika belaunaldiak (1988-1990 urteen bueltan loratua), esaterako Auskalo, Zorrotz, Apurtu, Ekin, Harri Ta Zur, Siniskeriak eta bereziki Negu Gorriak taldeekin.

Elkarrizketak izan dira liburuaren ardatza. Bertan dauden guztiak badira, baina bertan egon gabe badiren asko ere kanpoan geratuko ziren. Heriotza ere sartuko zen kasu askotan tartean, ez ziren garai errazak izan haiek. Zer geratu da kanpoan, nor gehiago elkarrizketatuko zenukeen gustura?

Musikariei dagokienez, Jabier Armendaritz 'Treku', Iñaki Zapiain, Ekin taldeko Afrika, Bittor Alcalde... Bestelako gaietan, Jose Mari Zabala musikari eta zinemagilea (Mikel Laboarekin gitarra jotzaile aritua eta 1979an 'Axut' film luzea eta gerora film laburrak egindakoa), Gerardo Barbarin Ama Xantalengo Jai Batzordeko kidea -2012an hila-, Mañu Elizondo aktore eta bikoizlea... eta oraintxe gogora etortzen ez zaizkidan beste baten bat ere.

Autoedizioaren bidetik argitaratu duzu liburu hau. Zergatik? Saiatu zara beste moduren batean?

Proiektua nere kabuz abiatu nuen, neronen ekimenez, eta handik hilabete batzuetara Bilboko elkarte baten eskaintza jaso nuen. Elkarlanean hasi ginen, baina iazko ekainean, uda atarian barne zatiketa izan zuten elkartekoek eta beste ate batzuk jo nituen arren, beranduegi zen urtea bukatu aurretik batzuek zein besteek argitara zezaten, urteko aurreikuspenak dagoeneko beteta zituztelako. Aurremaketa egiten hasia nintzenez, horretan segitu nuen inprenta aurrekontua zehazten nuen bitartean. Eta oinarrizko maketazioa egiten banekienez, aurrera segitu eta autoedizio moduan argitaratu nuen, etxekoen laguntzarekin beti ere. Hala, produktua goitik beheiti neronek kontrolatu ahal izan dut, eta testuez gain irudi pila bat (400 inguru) sartzeko aukera izan dut.

Liburu hau eskuetan hartu, eta memoria historikoa datorkit gogora. Gertu ikusten dugulako, edo auskalo zergatik, deskuidatzen ari gara azken berrogei urteetako memoria historikoa, batez ere kulturgintza eta gizarte mugimenduen alorrean?

Gaztetan zaila izaten da konturatzea norberaren belaunaldiko kontuak jasotzea eta kontatzearen garrantziaz; hori heltzaroan edota zahartzaroan bihurtzen da lehentasun. Baina unean uneko kontuek ere badute beren garrantzia, noski. Halere, unean uneko gauzez frexkoago eta hobeki oroitzen bagara ere, denboraren distantziarekin hobeki ikusten eta ulertzen dugu gertatuaren testuingurua, eta begirada kritikoz aztertzeko aukera izaten dugu, nahiz eta bidean xehetasun edota datu asko gal daitezkeen, bereziki bizipenen protagonistak eta lekukoak hiltzen badira.

Zer nolako garrantzia dute honelako memoria ariketek, badirudi interneten garaiotan guztia dagoela sarean, edozein modutan eskuragarri, baina inola ere ez da horrela. Gehiagotan egon behar lirateke memoria ariketak, eta haiek jaso eta zabaltzeko ahaleginak?

Bizitzan aurrera egin ahala ohartzen gara memoria historikoa biltzearen, zaintzearen eta ezagutaraztearen beharraz, eta komeni da denbora asko pasatzen ez uztea gauzak gertatzen direnetik, haiek txukun jasoko baditugu. Baina oreka bat egon behar du momentua bizitzearen eta hura jasotzeko eginahalen artean, zeren eta bestela uneoro egongo gara kamera edota audio grabagailu baten botoi eta argitxoei begira, momentua behar bezala bizitu gabe. Ez dugu obsesionatu behar, ezta unean-unean dena sistematikoki jaso behar ere. Gerora ere izango dugu gauzak jasotzeko aukera.

Azkenik, lana amaitu eta gero zer nagusitu da zuregan: nostalgia? Egungo garaietako gogoeta kritikoa?

Nostalgia ez, garai haien ezagutza sakonagoa baizik. Eta une batzuk bizitu ez izanaren pena, baina baita gauza batzuk egiteko gogoaren bulkadari kasu egin izanaren poza ere.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)