Elkarrizketak

Juan Kruz Igerabideri elkarrizketa

Trantsizioa delako garaian kokatu du Zangotraba (Erein) nobelaOstirala, 2014-07-18

Hauts bihurtu zineten (2005) nobelan irudikatu zuen mundura bueltatu da Juan Kruz Igerabide. Hala dio Iñaki Aldekoak, Ereingo editoreak. Trantsizioa delakoan kokatu baititu Zangotraba (Erein, 2014) liburuko trama eta pertsonaiak. Tratamendua ordea, beste bat da. Ordukoan planteamendua traumatikoagoa zen eta, Zangotraba-n aldiz umorera jo du. "Umorea gizarte-kritika egiteko bide eraginkorra da", elkarrizketa honetan irakurriko dituzue hitzok. "Eta aldi berean norberaren buruari ere kritika hori zuzentzeko modu bat da. Umoreak bizitzaz gozatzen jarraitzera gonbidatzen gaitu, okerrak oker, kalteak kalte".

Juan Kruz Igerabideri elkarrizketa

Dena esana dago. Baina okerrera egiten du. Eta berriro esan behar, dio liburuaren amaierako aforismo batek. Historia prisma handi bat dela esan zenuen liburu aurkezpenean, eta leiho bat ikusi zenuela hutsik. “Leiho hortik begira jarri nintzen eta garai batean ibilitako jende bat ikusi nuen, ezker muturrekoa, gaur egun historian ezer egin ez balute bezala geratu dena”. Ez da berria, baina beste behin ere idazleak eman beharko die argia historia liburuetan agertuko ez diren protagonistei?

Gure Historiarako halako pertsonaia ahaztuak berreskuratzeko itxaropen handirik gabe noski. Ahalegin hori ironiaz egina da, edo etsipenez. Azken batean, aspaldiko adiskide eta etsaiekin elkarrizketa bat egin nahi izan dut, nostalgiarik gabe, baina nolabait haiek berpiztu nahirik; izan zirela eta arrastoren bat utzi zutela, alegia. Kontuak kitatze bat? Halakorik izatekotan, ironiaz hartu behar da hori ere, kontuak kitatzea ezinezkoa baita. Liburuan leit motiv den Dix-en grabatuak ederki adierazten du kontuak kitatzea ezinezkoa dela, ahozabalik hutsera begira geratzea baino ez dela geratzen azken buruan. Baina, tartean, istorioak geratzen zaizkigu, oinatzak ageri dira, han eta hemen utzitako arrastoak. Haiei begira idatzi dut, desta eta desta, ezeri tiro egin gabe.

Nobelako pertsonaiak nik gaztetan ezagutu eta tratatutako pertsonen itzaletatik sortuak dira, literaturaren haritik eraldatuak, distortsionatuak; literatura tramankulu bat da, eta errealitatetik hartzen duena desitxuraturik itzultzen dio errealitateari, baina aldi berean errealitate literario bat eraikitzen du. Kasu honetan, pertsonaia historiko bakarra dago liburuan, Xarra sindikalista eta adiskide handia; pare bat aldiz agertzen da. Omenaldi txiki bat egin nahi izan diot, despedida gisa, duela gutxi zendua baita.

Orbainen gainean idazteak zauriak berritzen ditu, dio liburuko beste aforismo batek. “Jarrera etikoei buruzko begirada pesimista bat agertu nahi da nobelan”, hori ere adierazi zenuen aurkezpenean. Kontraesan handiko garaiak izan dira atzean utzi ditugunak. Eta kontraesan horiek etika mailakoak ere baziren. Ez diozu horri izkin egin nahi izan, alderantziz, horri heltzeko premia badela ondorioztatu dezakegu.

Ez dakit aukerarik badugun zauriak ireki, garbitu eta ondo ixteko, baina saiatzea osasungarria da. Jarrera etikoei buruzko ikuspegi pesimista ematen du liburuak, etsi samarra, batik bat pertsonaia nagusiaren jokabide bikoitzari begiratzen badiogu.  Nobelak badu irakurketa sinboliko bat ere, eta, alde horretatik, gure giza ibilbide etikoaren oihartzunak ikus daitezke. Gizakia, oro har hartuta, edo, garai historiko jakin bateko euskal gizakia hartuta, epaiketa etiko batetik ez da onik irteten; baina, nobelaren arabera, kausa nagusia ahulezia da, ahulezia morala, ahulezia emozionala, eta buruargitasun eskasa. Asmo gaiztoak baino askoz eragin handiagoa du ahulezia horrek, betiere nobelaren arabera. Jakina, hondoan botere-jokoak nabari dira, garai historiko baten adierazle gisa, eta porrot etikoan eragin zuzena dute, baina ahulezia moral horrek lagunduta nolanahi ere.

Noski, ikuspegi pesimista hori ez da erabatekoa. Pertsonaia nagusiaz aparte, beste batzuk “osoagoak”-edo direla esan genezake. Haren bikotekidea, lagun min sindikalista, auzoko emakumea… “normalagoak” dira, sendoagoak. Hala ere, historiaren eta bizitzaren haize bortitzak astindurik bizi dira haiek ere; haize bortitz horrek txotxongilo gisa mugitzen ditu alde batetik bestera.

Azkenik, badago nobelan pertsonaia bitxi bat, beste pertsonaien tonutik aldendua; dama beltza. Pertsonaia horrek, alde batetik, genero poliziakoarekin lotura eraikitzen du, txuri-beltzeko film poliziakoetako “dama fatal” horietakoekin. Errealitate historikoari beste kutsu bat ematen dio, atenporalagoa. Beste alde batetik, pertsonaia hori antzerki eta mitoei buruzko pasarte batzuekin lotua dago. Liburuaren  beste irakurketa bat seinalatzen digu, sinbolikoagoa. Dama beltzak bortxakeriaren erotika sinbolizatzen du, egoera historikoaren kanpotik bezala, ikuspegi objektiboago batetik bezala; bere buruaren bidez eta mitologiako pasarteen bidez bortxakeria historikoa eta bortxakeria unibertsala (kosmikoa, nahi bada) lotzen ditu, zoramenezko erotika suntsigarri baten bidez, Eros eta Thanatos zurrunbilo amaiezinean bildurik.

Ironiak ezin dira erabat sinetsi, hau ere liburuan jasoa dator. “Jarrera etikoei buruzko begirada pesimista bat agertu nahi da nobelan, baina umorearen bidez”. Esaldia, oso osorik, hori izan zen. Umorea da beste osagai garrantzitsu bat. Umoreak beste kutsu bat ematen dio, baita gai serioenari ere.

Umorea gaizto izateko aukerarik kaltegabeena dela esango nuke. Historiak eta bizitzak kalte egiten dizute, kalte egiten diete maite dituzunei, bai modu orokor abstraktuan, bai modu mingarri konkretuan, zenbait pertsonaren eta gertaeraren bidez; kalteak eragileren bat izaten du beti, eta eragileen artean, lehenago edo geroxeago, pertsonaren bat agertzen da, eta, okerragoa, talde bat, gizarte-indar bat, batzuetan zehazten zaila.

Umoreak kaltea arintzen laguntzen du, eta mendekua hartzen. Kaltea arintzen, batetik, umetan erori eta barrez altxatzen zinenean bezala, zeure buruari adieraziz “hau ez duk ezer” edo “barregarri eta baldar ibili haiz, egiok barre heure buruari”. Mendekua hartzen, bestetik: “Oraindik hemen nagok, ez nauzue suntsitu, hori baino zerbait gehiago behar dik ni azpiratzeko”, edo “barregarri ari zarete, eta ez zarete konturatu ere egiten”, edo kaltegileari ordaina bidaliz, ironiaren bidez edo haren jokabidea barregarri utziz. Umorea gizarte-kritika egiteko bide eraginkorra da, eta aldi berean norberaren buruari ere kritika hori zuzentzeko modu bat da. Umoreak bizitzaz gozatzen jarraitzera gonbidatzen gaitu, okerrak oker, kalteak kalte.

Nobelako istorioak umorerik gabe kontatuz gero, tragedia itogarri bat izango zen liburua. Oso bestelako tonu bat eta oso bestelako mezu bat emango zuen; halakorik ere zilegi zen noski. Umoreak, ordea, istorio horiek tragikomedia bihurtzen ditu, sarkasmoaren ertzeraino eramanez (berriro ere Otto Dix-en grabatua aipatu behar da puntu honetan); baina sarkasmoaren mugan gelditu egiten da umore ironiko hori, zenbait pasarteren hondoko samurtasunak egindako kontrapisuaren eraginez. Zine mutuko komiko baten tankera du askotan pertsonaia nagusiak, gertaeren zirimolaren aurrean erabaki okerrak hartuz.

Egia, beti egia, esan Agamenonek, esan zerrizainak. Bietan, egia zerriadio beste aforismo batek. Adiskidetasunaz eta traizioaz ere mintzo zara nobelan. Bien arteko jokoak pisu handia du nobela honetan, ezta?

Gordina da egia, zerria maiz. Adiskidetasunak eta maitasunak leundu egiten dute bizitzaren egia, gertaera historikoen egia. Hala ere, une gordinetan, egia bere zikin guztiarekin agertzen da azalera, eta adiskidetasun eta maitasun oro zipriztindurik uzten du, kakazturik eta mikazturik. Halakoak denoi gertatzen zaizkigu, lehenago edo geroago. Nobelak alde hori kontzentraturik eskaintzen du. Bizitzan zehar erritmo pausatuan (ez beti) etortzen zaizkigun horiek bateratu eta zentrifugatu egiten ditu nobelak, Otto Dix-en grabatuaren sentsazio huts-mindua gera dadin. Egia zerria marrazten du nobelak, bere egia noski, zerrietan zerria. Nobelagileak Ulises izan nahiko luke, baina haren zerrizain ikusten du bere burua, egien zerrizain.

Film mutuetako komikoen eragina

Bere burua garesti saltzen duenak saltzen ez duen irudipena du, aforismo hori ere zure liburuan topatu dugu. Juan Fernandezen bueltan osatuta dago nobela. Irungo mugako aduanan egiten du lan, baina badu bestelako “ogibiderik”: maitasun kontuetan espezialduriko detektibea da. Prisma egokiak bateko zein besteko zirrikituetara iristeko, ezta?

Aduanako langile autonomo dabil pertsonaia nagusia egunaren parte batean, mugako negozio tranpatietan. Ondoko bulegoan, detektibe-bulego bat dauka, armairu batez bereizia, eta armairutik pasatzen da batetik bestera, detektibe-mozorroa janztera. Armairu horrek Alizia ispiluan barrena bezalako funtzio bat du; errealitate batetik beste errealitate batera pasatzen da, fikziozko errealitate batera (pertsonaia berria itxura hutsa baita, nahiz eta, kasu honetan, ispiluak errealitate historiko berera itzultzen duen). Fikziozko pertsonaia horrek, detektibeak, errealitate historiko berberean oso bestelako eragina du, eta horrek erotika bat eragiten dio, kitzikatu egiten du, bizimodu interesgarriago bat eskaintzen dio, askoz ere “literarioagoa”, aduanako lan aspergarriaren aldean.

Nobelan, lehen aipatu dugun leihatilatik begira errealitate historikoa irakurtzeko, bi betaurreko erabiltzen dira: Joxe arruntarena eta Juan Fernandez detektibearena (Juan Fernandez uharteak eta Robinson Crusoeren oihartzunak kontuan izatekoak dira); detektibe hori errealitate birtual bat eraikitzen ahalegintzen da, bere uharte magikoa, non ez baitzaio ezer falta (diruz aserik dabil), non biziko  baitu bere istorio mitikoa dama beltzarekin, non sentituko baita Olinpoko jainkoen pare, edo aztien pare bere trikimailu erradiestesikoarekin.

Idazlea doble bat da, baina ez daki norena,  hara Zangotraba liburuan irakurri daitekeen beste aforismo bat. Doblearena behin eta berriz agertzen den gaia da literaturan eta ez polizia generoan bakarrik. Baina estiloari dagokionez, nobela beltzaren trazak ditu lan honek, ezta? Eta gauari lotutako kontuak ere agertzen dira nobelan, infideltasunak, sexua... Errepresio giro batetik zetorren belaunaldi hura eta Trantsizio delako garaian askatasun egarria nabaria zen, baita maila afektiboan ere, ezta?

Bai noski. Hala ere, nobela poliziakoaren “arauak” betetzen saiatuta ere, azken buruan parodia gailentzen da; detektibeari ez diogu erabat sinesten, tranposo bat baita hasiera-hasieratik; badakigu antzerkia eta mozorroak gustuko dituela, eta adarra jotzen ari ote zaigun susmoa dugu etengabe. Esate baterako, erradiestesia erabiltzea ez da metodo “serioa” detektibe-lanean, besteak beste.

Horrez gainera, lehen aipatu dugu film mutuetako komikoen eragina. Pertsonaia nagusia Chaplin edo Buster Keaton baten antzera ibiltzen da sarri: itsasora jauzi egin ez egin dagoenean, Kintanilla komisarioaren “eginak” errepikatzen dituenean (erorketa komikoak eta beste zenbait baldarkeria) eta liburuko beste egoera askotan. Beraz, ez da detektibe serioa, Humphrey Bogart-en antzik ez du, ez haren karisma eta erakarmen erotikorik; beraren erotika barregarria da, kontrolik gabea, txotxongilo baten pare astindurik dabil).

Sinbologiaren aldetik, Trantsizioaren irakurketa bat ikus daiteke, hala askatasunari buruz (sexu-askatasunaz nahiz droga-askatasunaz, besteak beste) egindako interpretazio eta erabilera “infantil” samar baten haritik, nola gizarte-mugimenduen eraikuntzan egindako baldarkerien eta komedien haritik. Nobelako protagonistak, egoera historikoa aldatu (eta bizkor aldatu ere) ahala, edukiak eta formak arrapaladan aldatzera beharturik daude; horrek egonkortasuna eta norabidea nahasten dizkie, eta nahaste hori nabaria da ideiarik sendoenak dituzten pertsonaiengan ere. Dionisio sindikalista irmoa bera nahikoa noragabe geratzen da lanetik botatzen dutenean eta Joxerekin aduanako lanean hasten denean. Zer esanik ez Miren nerabea, lehen maitasunaren eta drogen zirimolak nahasian harrapatua.

Askatasun-egarria asetzeko, zer edaten den, alegia.

JuanKruz04

Egia oro fikzio da. Fikzio oro ere, fikzio. Fikzioaren eta egiaren arteko elkargune bakarra fikzioa da diozu beste aforismo batean. Garai bateko oihartzunak topa daitezke nobelan. Baina ez duzu garai hartako pasarteen errekonstrukziorik egin, ezta?

Lekua eta garaia benetakoak dira; ekintza Irunen kokatua dago, diktaduraren azken urteetan eta trantsizioaren hasieran. Denok ezagutzen ditugu gertaera historikoak; nobelan, gaingiroki baino ez dira seinalatzen. Egoera horretan pertsonaia jakin batzuek nola jokatzen duten, zer sentipen adierazten dituzten… hori da nobela honetan agertu nahi dena; pertsonaiak oso gertu daude garai hartan bizi izan ziren pertsona askotatik, oso antzekoak dira, oso antzeko gauzak esaten dituzte, eta egoera historikoan eragina izaten saiatzen dira, zerbait egin nahi dute gauzak aldatzeko, beren buruekin konformeago bizitzeko. Ez dute erabat (edo batere) lortzen, baina ahalegina hor dago, bere gazi-gozoekin, bere ideia sakon edo arinekin, eta bere komikotasunarekin. Beraz, fikzioa erabili da errealitatea irakurtzeko, eta aldi berean beste errealitatea bat eraiki da, fikziozkoa. Hor elkartzen dira errealitateaz dakiguna eta fikzioa. Baina dakigun hori ere, hein handi batean, fikzioa da, kontatu digutena, oroitu duguna (oroimena da fikzio-iturri nagusia, alafede). Beraz, errealitatea eta fikzioa fikzioan elkartzen dira.

 "Bestela, historiaren musika oso monotonoa da"

Beste aforismo bat: Idazmena asmatu aurretik, mundua kanpoko gertakizun bat baino ez zen (Jünger). Asmatu eta gero ere bai, orri batzuetan sartzen den mundua salbu. Hauts bihurtu zineten (2005) nobelan irudikatu zuen mundura bueltatu da Juan Kruz Igerabide”. Hala zioen Iñaki Aldekoak, Ereingo editoreak. Trantsizioa delakoan kokatu dituzulako Zangotraba-ko trama eta pertsonaiak. Soka bereko nobelak direla esatea akaso gehiegi esatea da, baina badira paralelismoak ezartzeko hainbat arrazoi, ezta?

Garai berean kokatu ditut helduentzat idatzi ditudan hiru nobelak. Elurra sutan ere garai horretakoa da, nahiz eta islatzen duen errealitatea oso beste giro batekoa izan. Hauts bihurtu zineten eta Zangotraba giro bertsukoak dira; ezker muturreko jendea ageri da; ez da definitzen zer talde. Garai hartan, bazegoen herri eta lantegietako oinarrizko mugimendu bat, eta horrek elikatzen zituen bai ezker abertzaleko jendea, bai ezker komunistako jendea; urteen buruan, jendea batetik bestera igarotzen zen, putzu berean txalupaz aldatzen direnak bezala. ETA V eta VI biltzarretako gatazkaz gainera, baziren troskistak, marxista-leninistak, maoistak (Mugimendu Komunista, ORT zeritzana), eta dozenaka talde gehiago (batzuk, oso kide gutxikoak), baita herri txikietan ere. Dena dela, oinarrian herri-mugimendu bat zegoen diktaduraren aurkakoa, eta hor egosten ziren gizarte berri baten alde borroka egiteko esperimentuak.

Garai horretaz, gero eta lan gehiago idazten dira, errealitatearen prismaren alde askotatik. Oso urte erabakigarriak izan ziren, edo hala bizi izan genituen, eta horrek arrasto berezia utzi du artean, oro har, eta literaturan. Historiagileen ahalegina da Historia modu objektiboan aztertzea. Baina, garai bat ulertzeko, ezinbestekoak dira esperientzia subjektiboak, narrazio partzialak, guztien artean koru moduko bat osatu arte. Bestela, historiaren musika oso monotonoa da.

 

 "Azken batean, bidaia da balio diguna"

Idazleak gizartean eginkizun garrantzitsua du, baina beste baterako utzi beharko. Dena den, eta bizi ditugun garai hauetan, akaso fikzioek, filmeek, antzezlanek, kantuek... Atzean utzi ditugun pasarte ilun asko humanizatzeko balio dezakete ezta?

Horretarako idazten dugu, hein batean, humanizatzeko. Hala ere, sentsazionalismoaren menpe gero eta sakonago erortzen ari den mundu honetan, idazlearen eragina hutsala da. Pertsonaia publikoa izatea lortzen duen idazleari bozgorailu bat jartzen diote ahoan. Garrantzitsuagoak dira haren “irudia” eta komunikabideetan esaten duena, egiten duen arte-lana baino. Dena dela, beti jarraitzen du gutxiengo batek obra sendoak irakurtzen eta arte-gustua lantzen. Dena ez dago galdua.

Egiak libre egingo zaitu, baina emaiozu denbora pixka bat. Zure belaunaldiaz ari zara hein handi batean. Eta jada itzuliko ez den garai bati buruz. Akaso bada kontuak kitatzeko modu bat idaztea? Esate baterako, garai batean ezagutu zenituen sindikalistei justizia poetikoa aitortzeko modua.

Egiak, askotan, kateaturik zaudela erakusten dizu.  Idaztea egiaren bila abiatzeko modu bat da, inoiz iritsiko ez dugun El Dorado baten xerka. Ulisesek erakutsi zigun eta mila bider errepikatu dugu geroztik: azken batean, bidaia da balio diguna. Bizitza ere bidaia da.

Kontuak kitatzeko idatzi? Hasterako, badakizu ezinezkoa dela. Kitatu gabe geratu ziren kontu askori beste aukera bat emateko modua izan daiteke beharbada, errealitate psikikoan biziaraziz, gozatuz, penatuz. Esku artetik ihes egin ziguten une, pertsona, lekuak berpiztu eta errealitate literario bat eraikitzeko aukera dirudi.

Kontsolagarri? Ez dakit ba.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)