Elkarrizketak

Joxean Agirreri elkarrizketa

Adiskide bat nuen (Elkar) nobelari buruzko xehetasunak eman dizkiguOstirala, 2014-03-14

"Politika eta sexua izan ziren gure belaunaldiaren obsesioak, sufritu genituen jazarpen nagusiak ere horiexek izan zirelako.  Baina nobelaren “gaia” beste bat dela uste dut, politikaren eta literaturaren arteko tira-bira alegia". Aitorpen hori eginez hasten da Joxean Agirrerekin izan dugun solasaldia. Horrela irakurrita, tesi edo saiakera itxura izan dezake Adiskide bat nuen (Elkar) nobelak. Baina orriz orri bada umorea, bada ironia, bada desira, bada fantasiatik ere zerbait... Fikzio eder bat eskaini digu beste behin ere Joxean Agirrek. 

Joxean Agirreri elkarrizketa

“Gure obsesioak argitzeko idazten dugu”. Hori esan zenuen aurreko nobelarekin eskaini zenigun elkarrizketan. Politika eta sexu kontuak ageri dira honakoan. Asko laburtzea izango da, baina etengabe ageri diren bi gai dira.

Politika eta sexua izan ziren gure belaunaldiaren obsesioak, sufritu genituen jazarpen nagusiak ere horiexek izan zirelako.  Baina nobelaren “gaia” beste bat dela uste dut, politikaren eta literaturaren arteko tira-bira alegia. Alex Gurrutxagak Berria-n egin zuen kritikan “poesiaren eta iraultzaren binomioa” aipatzen zuen edo Ibon Egańak Deia-n  “ekintza-gizonaren eta letra-gizonaren arteko konfrontazioa”.  Dilema hori neuk gaztetan bizi izan nuela kontatu ohi dut, gauza horiek kontatzeak lotsa pixka bat ematen badu ere:  alegia, poeta izan ala politikan sartu erabaki behar izan nuela eta aukera okerra egin nuela, poeta izateko gehiago balio bainuen.

Ildo nagusi batzuk eskaintzen zaizkio irakurleari. Garibaldi aktibista eta iheslariarena izango da bat, nobelako hari nagusia akaso. Doble bat izango du, bere itxura ez ezik bere nortasuna ordezkatzera ere etorriko dena. Doblearenak joko asko eman izan du literaturan, zinean... Fikzioari ate asko irekitzen dizkio ezta?

Doblearena behin eta berriz agertzen den gaia da literaturan eta ez polizi generoan bakarrik. Neuk ere erabili izan dut, baina gutxitan eraman dut hemen bezain urruti eta hain modu justifikatuan, klandestinitatea azken finean zurea ez den nortasun batekin bizitzea delako, suplantazio bat. Egia da, galderan diozun moduan, joko handia ematen duen baliabidea da literatura egiteko orduan. Idaztea bera ere, bestalde, aktorearen lana bezalaxe, horixe da, pertsonaia batzuen larruan sartzea.

Zuk joko hori muturrera eraman nahi izan duzu akaso? Honako suplantazioan, sentimenduak ere gurutzatzen baitira. Benetakoaren eta bere doblearen artekoak. Eta hor ikusiko dugu aktibistaren ahuldadea, alabarekin batzen denean bereziki...

Erakundeko ordezkatzaile, doble edo delako horiek maila profesional handikoak dira, aktore izandakoak,  eta Garibaldi ordezkatu eta espetxera doanak ere haren itxuraz gainera nortasuna eta, zuk diozun bezala, historia sentimentala ere bereganatzen ditu.  Literaturan hainbeste erabili den doblearen bitartekoa, beraz, muturreraino eramanda dago, baina modu nahikoa sinesgarrian, uste dut. Alabarena? Harreman hori lotsatien aldeko aldarri bat egiteko erabili nuen. Gero eta gehiago maite dut jende lotsatia. Mundua lotsagabez betetzen ari delako izango da.

Lehen Mundu Gerraz nobela labur bat idatzi du Jean Echenozek: 14 (Anagrama, 2013). Oso gauza gogorrak kontatzen ditu, baina umorea galdu gabe. Umore hori irakurleari deseroso gerta dakioke. Baina nobela amaieran ondorioztatuko du akaso umore hori dela gerra haren absurdua azaltzeko teknika, teknika on bat. Zuk hizpide hartu duzun gaia ere, Garibaldi eta alabari lotutakoa, maiz umorez ironiaz eta fantasiaz islatu duzu. Alegia, gauza ankerrenak ere transmititu daitezke modu horretan ere, zertan fribolo izan gabe, ezta?

Erreferentziak ikusi ditut, baina ez dut Echenozen nobela irakurri, baina beste hainbatek ere erabili izan dute umorea egoera oso gordinei eta are dramatikoei aurre egiteko.  Bohumil Hrabalen “Jarmilka” ipuinean bada pertsonaia bat, Vasek Prucha, konzentrazio eremu batean sei urte eman eta gero, bere eguneroko bizimoduan, urte horietako basakeriak etengabe eta, zaila bada ere, umorearekin gogoratzen dituena. Baina joera oso zabaldua da.  Gogoratu Pavel Kohout, Jan Neruda edo Hasek, txekirrak bakarrik aipatzeko.  Parisen ikasten eman genituen urteetan (Trantsizioa aurreko urteak ziren) bazegoen ETAko militanteen artean ere bere bizimodu nahikoa dramatikoa umore tonu horretan kontatzeko joera. Umore tonua diodanean, tonu esajeratuaz ari naiz, gezurra eta egia nahastuz bakarrik lortzen den horretaz eta hori literaturatik nahikoa gertu dago. Badakit ez dela erraza euskal gatazkaz edo antzekoez hitz egiteko tonu egokia aurkitzen, baina errazkeria iruditzen zait errealismoaren izenean sufrimenduaren pornografia egitea.

Akaso duela hamar urte, giro soziopolitikoa beste bat zenean, zailagoa izango zen nobela hau ulertzen? Umorea umore, badira sakoneko hausnarketak pizteko moduko esaldiak: Esan dudanarekin ez dut egin dugun guztia justifikatu nahi. Batzuetan atzera begiratu eta eta bidean erori direnak ikus ditzaket ilaran. (...) eta guztiek galdera bera egiten didate, ea merezi izan al duen, eta nik ez dakit zer erantzun.

Orain hamar urte ere jende asko zegoen gogoeta horiek egiten zituena, baina egia da giro berriarekin errazagoa dela gure iragan hurbilari buruzko azterketa kritikoak egiten hastea.

Monfalconeko langileak

Historia letra handiz idazten dutenen ikuspegitik, bai, egon gaitezke mapatik kanpo. Baina herri txiki baten biziraupena adierazten zuen gure borrokak esango du Garibaldiren emazteak, Monfalconeko langileetaz mintzo den pasartean. Parabola funtzioa du akaso Monfalconeko langileen ingurukoak?

Magrisek pare bat liburuetan aipatzen du Monfalconeko langileen historia hori. Historiatik kanpo gelditu diren borrokalarien  eredu zirela iruditu zitzaidan, galtzaileen paradigma alegia, urte gutxiren tartearekin Titoren Jugoslavian heroi izatetik gulag batean egotera igaro baitziren.  Mugimenduak ez du balio paralelismoak egiteko, baina bai borrokarako helburu bat finkatu eta aldatu gabe bereari eusten diotenenen patua ulertzeko.

 

Boza ordea, literatur irakaslearena da. Bera da nobelako narratzailea. Lotsatia, zalantzatia, jeloskorra bikotearekin baina neurri bateraino... Etsi antzean bezala dabilelako andrearekin. Bere lagun militantearen alderantzizkoa da. Hori ere generazionala izan zela esan daiteke ezta? Orduko militanteek konbikzioak muturrera eramaten zituzten. Baina kontrastean ageri da literatur irakaslea.

Militantea definizioz da sinesmen gotorrekoa. Antonio Tabucchiren esaldi bat gogoratzea gustatzen zait. “Ez nazazue, mesedez, bakarrik utzi zalantzarik ez duen jendearen artean”, esaten zuen. Esaldia ederra da, gutako edonork izenpetuko luke, baina ez du balio borroka gogor batean sartuta dabilenarentzat. Nobela bat konponezin edo tira-bira baten gainean eraiki behar da eta, lehen esan dudan gisan, hemengoa militantearen eta idazle baten artekoa da.

 

Literatur irakasleak ere izan zuen gaztaroan erakundean sartzeko aukera. Baina ez zuen aukeraketa fasea gainditu nonbait. Gainditu beharreko frogak ere halamoduzkoak zirelako. Bada antzeko erakundeak parodiatzeko keinurik akaso?

Galderan aipatzen duzun pasartean narratzaileak Garibaldiren alabari ari zaio erakundearen berri ematen (erakundean sartzeko egin beharreko frogak kontatzen) eta tonua esajeratua da, ia esperpentikoa eta parodiatik ere asko duena.

"Gaurko narratiba neurri handi batean parodikoa da"

Nobela honek baditu beste hari mutur garrantzitsu batzuk. Literatur irakaslea eta bere bikotearen arteko harremana, harreman sexuala zehazki esanda. Zeharka edo, zuzenean hobe esan, baina bada gaur egungo garaiei eginiko kritika modukoa. Non coach edo entrenatzaileak ere badiren, baita sexu kontuetarako ere, ezta?

Narratzailearen eta bere emaztearen arteko harremana gaur egun sexualitateaz dugun ikuspegiaren parodia edo kritika bat da. Asko disfrutatu nuen zati horiek idazten. Felix de Azuak bere liburuetako batean dio gaurko narratiba (Kafkarengandik aurrerakoa) neurri handi batean parodikoa dela eta konforme nago horrekin. Harreman dagoeneko gainbehera hasiei buruzko argazki halako bat egiten saiatu nintzen.

 

Honi lotuta, bada nobelan beste hari narratibo bat. Literatur irakaslea eta Saguesko neska gazte baten artekoa azaltzen duena. Kasualitateak lotuko ditu biak. Eta pasarte horietan badira pasarte sentsual batzuk. Ezinezko harremanek ere joko asko eman ohi dute, ezta?

Saguesko neskarena neure kapritxo bat izan zen. Kendu izan banu ere, nobelak berdin-berdin funtzionatuko zuen, baina idazten ari denak ere (arratsaldero ordu luzeak) eman behar dizkio bere buruari horrelako gutiziak. Topikoen gainean eraikitako neska bat da, Chandler-en edozein nobelatatik ateratakoa dirudi, azkenean neu ere pixka bat maitemindu ninduena. Adinari buruzko gogoeta batzuk egiteko balio izan zidan.

 

Zwein Frauen-en ere sumatu genuen. Autore batzuen aipamenak egingo ditu protagonistak noiznahi. Bere inpresioak, mamuak eta kezkak azaltzeko baliabide gisa edo?

Bigarren aldiz aipatuko dut, baina Alex Gurrutxagak bere kritikan zioen “Romain zen bere izena” nobelarekin mugatu nuela literatura egiteko neure kantxa edo esparrua, literaturari buruzko literatura dela nirea eta ados nago. Horrek beste idazleen aipuak erabiltzera behartzen nau. Kasu honetan bezala, narratzailea literaturako irakaslea bada, ezinbestekoa du besteen aipuetara jotzea.

 

Literaturari buruzko literatura

Estilo aldetik, ez dago flashback edo antzeko teknikarik. Ibilian ibilian, ez da gertaera handirik kontatuko baina beti gertatzen ari da zerbait. Eta hari narratiboak gurutzatuko diren arren, irakurlea ez da galduko. Erritmoa du nobelak. Horri ere garrantzia emango zenion akaso?

Zatikako kontaketaren zalea naiz. Monterrosori elkarrizketa batean mintzaide bat etengabe hitz egiten egotea bezain edukazio txarrekoa iruditzen zitzaion kontaketa luzea, nobela alegia eta ipuin laburren aldeko aldarria egiten zuen. Hau nobela da, baina zati nahikoa autonomoen bidez dago kontatuta trama, hiru kontakizun gurutzatuz badoaz ere eta horrek irakurleari arnasa hartzeko aukera gehiago ematen diola iruditzen zait.

Argazkiak: Ilargi Agirre.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)