Elkarrizketak

Josune Muñozi elkarrizketa

'Emakume ahotsak' literatur gida argitaratu dute Skolastikak eta FUNDESOk Osteguna, 2012-02-02

Emakume ahotsak izeneko literatur gida argitaratu dute FUNDESOk eta Skolastikak. Emakume ahotsak Afrikako, Ekialde Ertaineko eta Asiako emakume idazleen lanak biltzen dituen gida zabala da. Bostehun aleko lehen edizioa berehala agortu da, orain bigarrena prestatzen dabiltza. Skolastikako kide Josune Muñozi egin diogu elkarrizketa, proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko.

Josune Muñozi elkarrizketa


'Emakumeok gizateriaren erdia gara: zeruaren erdia, Txinako esaera zahar baten arabera. Baina gure historia, kultura eta literatura ikusezinak izan dira, eta horiek ikertzen direnean murriztu eta mugatzen dituzten estereotipoez inguratuta egoten jarraitzen dute. Hain zuzen, estereotipo hauek gure kultura adierazpenaren eta batez ere literatura adierazpenaren benetako aberastasuna aldatzen dute.

(...)

Emakume hauen guztien literatura lana zabaldu behar da eta dagozkien testuingurua eman behar zaie, testuinguruak gehienetan patriarkalak eta sarri askotan misoginoak izaten baitira. Horrela ulertuko da emakumeek idatzitako lana ez dela bakarrik beste emakume batzuek kontsumitzeko, gizonei ere aukera ematen dielako generoaren inguruan dauden desberdintasunak ulertzeko eta horien kontzientzia hartzeko.

'Emakume ahotsak' literatur gidatik hartutako hitzak

'EMAKUME AHOTSAK' PROIEKTUARI BURUZ

Nortzuk sortu duzue gida hau, noiz eta nola sortu zen ideia?

Proiektu honetan lan talde bik hartu dugu parte. Batetik FUNDESOk, garapen iraunkorreko fundazioak, eta bestetik SKOLASTIKAk, literatura zerbitzuak eskaintzen dituen enpresak. FUNDESOk eta SKOLASTIKAk badugu lotzen gaituen esparru bat, emakumeena alegia. FUNDESOk munduko emakumeei buruzko ikerlanak burutzen ditu hemen, eta hedapenerako ekitaldiak eta proiektuak emakume horien herrietan. SKOLASTIKAk munduko emakumeen literatura ikertu eta irakasten du bere egoitzan eta edonon, egia esan. Aurretik hainbat egitasmo eta ekitaldietan parte hartu dugu batera eta FUNDESOk garatzen dituen proiektuetan gonbidatuak izan gara emakumeen literaturari buruzko artikuluak, hitzaldiak edo ponentziak egiteko.

Batzuetan akta-liburuak, elkarrizketa liburuak edo artikulu liburuak sortu dira jardunaldiak bukatu ondoren, eta sarritan komentatzen genuen munduko emakumeen literatura gida bat behar-beharrezkoa zela. FUNDESOk hartu zuen diru laguntza lortzeko ardura, azkenean Bizkaiko Aldunditik etorri zena.

Azkenean atera den gidatik harago proiektuak asmo handiagoa zuen. Munduko emakumeen egoera ezberdinak eta horien aurrean emakumeek sortu dituzten borrokak, estrategiak, lanak eta literaturak ezagutarazi nahi genituen, munduko emakumeei buruzko zenbait aurreiritzi edo estereotipo apurtzeko helburuz. Honetarako, gidaz gain, jardunaldiak antolatu genituen. Afrika, Asia eta Ekialde Hurbileko emakumeak, idazleak gehienak, gonbidatu genituen. Azaroaren lehenengo astean Durangon eta Bilbon eratu ziren hitzaldiak eta gidaren aurkezpenak. Espero ez genuen arrakasta izan dugu, jendearen parte hartzea harrigarria izan da. Erabat pozik gaude, bostehun aleko lehenengo argitalpena agortu da dagoeneko, eta bigarrena prestatzen ari gara.

Zenbat denbora eman duzue lan hau egiten, zenbaten artean egin duzue?

Proiektua sortzen, prestatzen, diseinatzen hasi zenetik jardunaldiak egin eta gida atera zen arte urte bi pasa dira. FUNDESOren partetik arduradun bat eta hiruzpalau borondatezko laguntzailek hartu dute parte, SKOLASTIKAren partetik neu arduratu naiz laguntzaile batekin. Orotara, sei-zazpi pertsona aritu gara.

Nola antolatu duzue lan-prozesua? gidako izenak aurkitzen eta biltzen soilik sekulako lana egongo zen...

Proiektua martxan jarri genuen aurretik gida nahiko eginda zegoelako, izan ere SKOLASTIKAn hamalau urte eman baititugu izenak eta liburuak ezagutu, lortu eta biltzeko lanean. Liburu ia guztiak beraz SKOLASTIKAko liburutegian zeuden. Halere, soilik azalak eskaneatzeko hilabete batzuk behar izan dira. Lana eskerga izan da. SKOLASTIKAk gida diseinatu, testuak sortu eta liburuak eskaneatu egin ditu, eskerrak eman behar zaizkio gida 'fisikoa' sortu duen Esperanza Sainz-i. Orduak eta orduak eman behar izan ditu gida eraikitzeko. Egun lanean jarraitzen du bigarren argitalpenerako moldatu, egokitu edo zuzendu behar zen guztia erarik hoberenean sartzen. Bestetik, FUNDESOko Jabier Serrak hartu zuen jardunaldiak antolatzeko eta derrigorrezko papeleoa egiteko ardura. Lan handia bai, baina merezi izan du, duda barik.

GIDAREN EDUKIEI BURUZ

Literatur genero ugari dago zerrendatutako lanen artean, ahozkotasunari garrantzia eman diozue... zeintzuk izan dira lanak zerrendatzeko irizpideak?

Gida erabatekoa izan behar zela erabaki genuen hasieratik. SKOLASTIKAk sortutako liburu-zerrendak eta bibliografia oso borobila ziren, ia ehuneko ehuna zegoen eta gida on bat egiteko aukera genuen. Ahozkotasuna derrigorrezkoa zen emakume hauen literatura era egokian ezagutarazi nahi bagenuen, eta baita gidaren atal bakoitzeko sarrera-testuak ere. Literatura genero guztiak sartzeak gida hau era eta helburu ezberdinez erabiltzeko aukera ematen du. Gida elebidun baliagarriena plazaratzea zen irizpide eta helburu nagusia. Honela sakonean dagoen helburua lortu nahi dugu: munduko emakumeen egoerak eta lanak, beraiek kontaturik, idatzirik, ekarri eta zabaldu Euskal Herrian, hemen dagoen aspaldiko jakin-mina ezagutzen genuen eta.

Afrikako, Ekialde Ertaineko eta Asiako idazleen lanak bildu dituzue gida honetan. Bereziki ezezagunak dira herrialde hauetako emakumeen lanak, beste herrialde batzuetako emakumeen lanen aldean?

Bai, best-seller batzuk kenduta (Persépolis, No sin mi hija, Cisnes Salvajes...) liburu gehienak oso ezezagunak dira. Gainera ezezagunak izateaz gain lortzeko eta beraz irakurtzeko aukera eskasa dago. Batzuk argitaletxe txiki eta berezituetakoak dira, zailak ezagutzeko, asko eta asko aspaldikoak dira eta agorturik daude, beste batzuk unibertsitateetan sortu dira eta banatze eskasa dute. Txina, Japonia edo Indiakoak errazago lortzen dira, baina gehienak ez dira liburu denda arruntetara heltzen, bigarren edo hirugarren mailako literatura balitz bezala hartua izan da haiena. Liburuak ezagutarazi nahi genituen, baina baita SKOLASTIKAko liburutegian daudela zabaldu ere. Gida hau liburuak ezagutzeko, erosteko edo liburutegietan proposatzeko erabilia izatea espero dugu. Era berean, irakurle-txokoetan, irakaskuntzan, edo mota ezberdineko elkarteetan erabiltzea oso gustuko genuke.

SKOLASTIKARI BURUZ

Proiektu honek bete-betean egiten du bat Skolastikaren helburuekin ezta?

Gida hau ateratzea SKOLASTIKAko ametsa zen aspalditik. Badira urteak literatura honi buruzko ikastaroak, artikuluak eta hitzaldiak erdaraz era euskaraz sortzen eta ematen ari garela, baina gida hau ezinbestekoa zen sortzen den harridura, plazer eta jakin-minari jarraipena edo sakontasuna emateko. Gida honen bitartez interesa duenak irakurtzeko parada izango du eta konturatuko da gehiago dela lotzen eta elkartzen gaituena aldentzen gaituena baino. Etorkinen mundua, adibide bat jartzearren, beste era batean ulertzeko aukera ematen du.

Ezagutzen ez duenarentzat, nola aurkeztuko zenuke Skolastika?

SKOLASTIKA Bilbon sortu genuen literatur zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa elebiduna da. Ez da elkarte bat, elkarte askorekin lan egiten badugu ere. Ez gara erakunde bat, erakunde feminista askorekin lan egin arren. Mundu osoko zein Euskal Herriko emakumeen literatura dugu aztergai, eskolagai. Kritika feminista egiten dugu eta gure metodologia feminista da ere. Unibertsitate mailakoak dira gure eskolak baina ez gara unibertsitate bat... zer garen hobeto ulertzeko gure web orria bisitatzea lagungarria da. Gure ustez literaturak oro har, eta emakumeen literaturak bereziki, jendeari hurbiltzeko beste molde eta era berri batzuk behar ditu: hurbila, parte-hartzekoa, horizontala, erakargarria... Emakumeen komiki zein eleberriak aztertzen eta irakasten ditugu, ahozko literatura zein poesia, Txina edota Euskal Herria... kultura askotan murgildu gara eta ikasi dugun guztia zabaldu nahi dugu guztion aberastasunerako. Zorte handia izan dugu oihartzun, harrera eta arrakasta ikusita. Hamalau urte pasa dira honetan hasi ginetik eta momentuz ez dugu mugarik jarri nahi, are gutxiago orain gure lana kanpoan (Errusian, Txilen, Tunisian...) ezagutzen eta eskatzen hasi denean. Baina gure lana ezagutzeko hoberena gure eskola batera etortzea da, edo gida hau aprobetxatzea.

Interesa duenarentzat, nola eskuratu daiteke 'Emakume ahotsak' gida?

Une honetan lehenengo argitalpena agorturik dago. Bigarrenerako lehenengoan aurkitu ditugun akatsak zuzendu nahi ditugu, horregatik astiro goaz: liburu batzuk gehituko ditugu, euskal atala hobetu... Halere, Martxoaren 8rako egongo da, ziur. Hemendik aurrera gida eskuratzeko hiru aukera egongo dira:

FUNDESOn eskatzea edo hartzea (Bilbon, Ronda Kalean, 1go 11, 48005), SKOLASTIKAn hartzea (Bilbon, Berastegi 1, 1 ezk. 10. departamentua), edo norberaren herriko liburutegian abisatu eta SKOLASTIKAri idatzi (skolastika@skolastika.net). Guk bidaliko dugu ale bat liburutegian gordetzeko eta beste bat interesa duen edonori.

Albiste honen uberan:

Uxue Alberdik Josune Muñozi Argian egindako elkarrizketa (2010)

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)