Josu Martinezekin solasean
“Ihesaldiak betidanik iruditu zaizkit ederrak”
Ostirala, 2014-10-03“Mundu mailan hainbat ihesaldik izan duten ospea ikusita, beti deitu dit atentzioa Euskal Herrian gertatu direnei buruz ze literatura gutxi dagoen. Horregatik, euskal gatazkari lotuta, azken 50 urteetan gertatu diren hamar ihesaldiren kronika proposatu gura dizuet hurrengo orrialdeetan”. Horrela mintzo da Josu Martinez, Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak (Elkar, 2014) liburuaren hitzaurrean. “Batzuk aski ezagunak izango dira eta ezezagunak beste hainbat. Denak, hala ere, ausardiaz eta irudimenez beteak. Modu batean edo bestean, artelanak denak”.

Liburu hau ez da ikerketa sakon baten emaitza. Baina azaltzen diren istorio denak benetan gertatukoak dira. Lan honen helburua ez zen gertatutako guztia biltzea, “ez eta objektibitate historikoz egindako tratatu bat osatzea ere”, Josu Martinezek azaldu duenez. Baina gure historia hurbilaren parte dira. Beste lurralde batzuetan, ihesaldiek joko asko eman dute literaturan eta zinemagintzan. Gurean, ordea, gutxi dira fikzioan azaldu diren ihesaldiak. Eta hori da hain zuzen, Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak (Elkar, 2014) liburuaren bereizgarri nagusia.
“Hala, bistan denez, istorio asko falta dira. Gehienak. Ez dadila inor haserretu horregatik”. Hori ere badiozu liburuaren hitzaurrean. Baina kronologia eta hemeroteka atalak gehitu dituzu.
Hamar ihesaldi ageri dira liburuan. Jende batekin testatu dut, ahalik eta istorio gehien agertu zitezen. Baten batek pentsa dezake antzeko istorio bi jaso ditudala baina akaso besteren bat utzi dudala kanpoan… Gerta daiteke. Baina alde horretatik ez dut inongo arazorik.
Ez zenuen tesi doktoral bat idatzi nahi, ezta ihesaldien entziklopedia bat egin nahi.
Saiatu naiz ahalik eta anitzen izaten. Garai ezberdinak hartu ditut kontuan, parekidetasunean ere erreparatu dut eta tankera ezberdineko ihesaldiak biltzen saiatu naiz: komando autonomoak, polimiliak, IK… ETAkoei ihes egin zien kontsul bati buruzko istorio bat ere idatzi dut. Hamar ataletan hamar ihesaldi jaso ditut baina hainbeste izan dira saiakerak, ezinezkoa zela denak aipatzea.
Saiakerak ugari izan ziren, bereziki, 70eko hamarkadan. Baina zer gutxi landu diren ihesaldiak gure literaturan, ezta?
Liburu honen egitasmoa Tene Mujika bekara aurkeztu nuenean, ideia hori bera nuen buruan. Hainbeste ihesaldi egon dira gurean eta hain gutxi hitz egin da horretaz. Argentinan, Uruguain edota Irlandan badira ihesaldiei buruzko liburuak, eta fikziorako joko asko eman dute. Hemen ordea, ez horrenbeste. Pentsatzen dut giroak ez zuela lagunduko. Baina frankismoaren azken urteetan, ETA indartsuen zegoen garaian, ihesaldi asko izan ziren.
Barrura begiratzeko leihoak (2012) dokumentala izan zen akaso liburu honen pizgarri nagusi?
Neurri batean bai. Baina bestetik, eta hitzaurrean aipatzen dut, betidanik pentsatu izan dut ederrak direla ihesaldiak. Nerabe nintzela, Papillon zen nire liburu gustukoena. Henri Charrière preso frantziarraren autobiografia. Ez zuen etsi libre izatea lortu zuen arte. Hamaika aldiz egin zuen ihes, eta hamaika aldiz harrapatu zuten. Eta berriz preso zeramaten aldiro, hurrengo saiakeran penstatzen hasten zen. Hari irakurri nion lehen aldiz: “preso ororen lehen betebeharra ihes egitea da”.
Munduan egoteko modurik zatarrena baldin bada preso egotea, zer egon liteke politagorik eskapatzea baino? Papillon bezala, giltzapetik hanka egitea erabakitzen duenak askatasuna du amets, eta horretarako, bere ausardia eta irudimen guztia erabiliko ditu. Bi osagaien konbinaketaren ederragatik, hainbat ihesaldi benetako artelanak dira, nire ustez.
Geroztik betidanik izan dut egitasmo hau buruan. Baina bestetik hala da, Barrurako begiratzeko leihoak egin nuen garaian erabaki nuen bekara aurkeztea.
Tene Mujika beka saria izan da beraz, akuilu nagusia.
Bekarengatik izan ez balitz, beste ideia asko bezala, hau ere gauzatu gabe geratuko zen. Bekari esker, liburua gutxinaka osatzen joateko aukera izan dut.
“Benetan gertatu diren istorioak dira denak”
Dokumentazio lan bat dago liburu honen atzean.
Ez nuen entziklopedia moduko bat egin nahi, baina lekukotza liburuak gustatzen zaizkit eta horrelakoetan ere gauzak zaintzea komenigarri izaten da. Saiatu naiz liburua ahalik ete gehien janzten, istorioen kontestua zaintzen, eta hemeroteka ahalik eta oparoena osatzen.
Informazio iturri asko izango zenituen. Eta informazioaz gain, badira marrazkiak, badira planoak liburuan txertaturik.
Kasu batzuetan egileei beraiei eginaraziak. Pitik esate baterako, marrazki sinpatiko bat egin du, bi bafle ibiltari irudikatuz. Ekarpen horiekin sendotasun bat hartzen du liburuak. Inportanteak dira, benetan gertatu diren istorioak baitira denak.
“Gauza batzuk komikotasun ukitu handia dute”
Tono aldetik, umorea da nagusi. Umorea behar al zuen tankera honetako liburu batek?
Idazten jarri eta horrela atera da. Naturalki, esango nuke. Gauza batzuk komikotasun ukitu handia dute. Australiar bati kontatzen badiozu tipo batzuk ihes egin zutela bafle batzuetan ezkutatuta, ba seguruenik irribarre bat aterako zaiola.
Umoretik du asko igual, nire idazkera horrela izango da akaso, baina ez da gogoeta baten emaitza izan. Horrela atera zait.
Ihesaren ikono nagusia Piti eta Sarri dira gurean. Azken honen idatzi bat ere topatuko du irakurleak zure liburuan. Balio erantsia eman dio zure lanari Joseba Sarrionandiaren idatziak, ezta?
Dudarik gabe.
Zure idazkeraren tono umoretsuaren aldean, kontraste lana egiten du gainera Sarrionandiaren idatziak.
Bere ihesaldia berak kontatzea nahi nuen, hori zen nire hasierako asmoa. Baina hori egin beharrean, prologoa idazteko prest agertu zen. Libre zen nahi zuena idazteko eta liburuan kontatzen diren istorioekin zerikusirik ez duen idatzi bat egin du. Filosofikoa dela esango nuke, eta ekarpen interesgarriak egiten ditu. Gozamena da idatzi duena. Liburua janztera datorren ekarpena da. Ez bakarrik Sarri delako egilea, bertan azaltzen duena ere oso ondo dagoelako.