Josu Jimenez Maiarekin solasean
"Orbel azpiko haikuak" liburua plazaratu du Denonartean argitaletxearen eskutikOstirala, 2014-01-24Laburrean zehatz, iradokitzaile, naturari loturik idazten dira haikuak. Sentimenduak baino, irakurleari sentsazioak transmititzeko xedez. Haikuekin osatutako bigarren liburua plazaratu du Josu Jimenez Maiak: Orbel azpiko haikuak, Denonartean argitaletxearen eskutik. Haikugintza izan dugu mintzagai, batez ere, elkarrizketa honetan.

Gerezi denborako haikuak (Maiatz, 2011) eta Orbel azpiko haikuak (Denonartean, 2013) liburuak plazaratu dituzu haikuen bidetik. Nola sortu zaizu haikuekiko harreman hau?
Ni Japoniako kulturaren miresle suharra naiz. Menturaz Reiko Furuno ezagutzeko parada izan nuen, Euskal Herrian hamabi urte pasa zituen emakume japoniar bat, eta berarengandik ikasi nuen bai kamishibai teknika bai haikuak. Idazten ibiltzen garenok beti gabiltza bide berriak urratu nahian, euskaraz lehendik bazeuden beste erreferente batzuk haikuen munduan baina iruditu zitzaidan oraindik bazegoela esparru aberats eta handi bat sakontzeko.
Zein zentzutan?
1997an Maiatzek kaleratutako François Aillet-en Kaiku haiku erreferentziala izan zen niretzat. Beste hizkuntzetan egiten ziren haikuak, batez ere ingelesez eta gaztelaniaz, oso bestelakoak ziren. Gure literatur mundu txikian badira erreferentzia batzuk ere, Juan Kruz Igerabideren Begi niniaren poemak (Erein, 1999), Joseba Sarrionandiak plazaratutako ale batzuk, Andoni Salamerok egindako lana... Josetxo Azkona nafarrak bazituen haiku asko idatzita ere. Iruditu zitzaidan erronka txiki horri heltzen ahal niola nik ere, eta horrela hasi nintzen haikuak idazten.
Ze alde dago zure bi liburuen artean, haikuei dagokionez ildo berekoak dira?
Diferentziak batez ere estrukturari dagozkio. Nik haikuak ez ditut sortzen ez bulego batean ez idazmahai batean, naturan ibili ahala baizik. Maiatzek argitara eman zuen lehen liburu horretan lau urtarotan atondu nituen nire haikuak, Japoniako hainbat klasikok egin izan duen gisara. Baina lehenbiziko bilduma horretan ez nituen sortu urte berriari dagozkion haikuak. Mendebaldean lau urtaro ditugu, Japonian bost. Bigarren liburu honetan bost atal egin ditut beraz. Gerezi garaiko haikuak horretan ahalegin handia egin nuen ere urtaro bakoitzari zegokion kopuru jakin bat lortu arte, bigarren honetan prozesua azkarragoa izan da eta ez dago haiku kopuru bera atal bakoitzean. Bi urteko lana izan da, baina ez diot lehenari bezainbeste buelta eman.
Ez dirudi erraza Japoniako erro kulturalei estuki loturik den haikuen mundua beste kultura batetik sentitzea. Japoniako kulturan oro har barneratzeko ahalegina egin duzu haikuak ulertu ahal izateko?
Nor bere gustuetatik eta dakienetik abiatzen da, nik batez ere literaturatik ekin diot Japoniako kulturari. Iruñea eta Yamaguchi hiriak senidetuta daude, eta bertako Mendebaldea auzoan bada Japonia maite dugun guztiontzako erreferentziala den liburutegi bat, Yamaguchi izenekoa hain zuzen ere. Hor aspaldiko partez biltzen gara literatur talde bat Japoniako literaturarekin lotuta, hango filmak ikusi, komikiak, hilabetean behin liburu baten inguruan mintzatzera biltzen gara... beste batzuk Zen filosofiaren bidez heldu diote haikugintzari; ez da nire kasua izan, ni literaturatik abiatu naiz eta literaturara emana.
Nola egokitzen zaio haikuen egitura euskarari?
Niretzako hori izan zen erronkarik handiena. Beste hizkuntzetan askotan egiten dira haikuak, baina nekez errespetatzen da “bost bider zazpi bider bost” araua. Ezaugarri hori oztopo baino erronka bilakatu zen niretzat. Konturatu nintzen artefaktu poetiko horretan sartzean, Mario Benedettiren espresioa erabiltzearren, nire sentsazioak transmititzea erronka bihurtzen zela, erronka polita.
Bernardo Atxagaren Nevadako egunak liburua irakurtzen amaitu berri dut. Nire harridurarako bertan haikuen inguruko gogoeta erdeinuzkoa egiten da. Iruzkin merkea iruditu zait, errazkeria. Haikuak idaztea oso erraza da, haiku onak idaztea berriz oso zaila. Errespetatu behar dira silabak, “kigo”ak sartu... bestela ez zara haikuak idazten ari. Zuk egiten duzunean naturarekin bat eta transmititzen duzunean sentsazio hori, arauak errespetatuta, haikua idazten ari zara. Haikuen bitartez sentsazioak transmititzen dira, ez sentimenduak, horretarako poesia lirikoa baitago. Niretzat haikuak natura berriz ere deskubritzeko modu bat izan dira.
Aipatu duzu Benedetti, kaletarragoa den idazle bat; ezin da ulertu haikua naturatik at, alegia, giza natura ez da aski?
Haiku ortodoxoak natuarekin bat eginda daude dudarik gabe, horrek ez du esan nahi ez daudenik beste haiku batzuk ez hain ortodoxoak haikutzat har daitezkeenak. Zuri ortodoxo batek esango lizuke Mario Benedettik ez zituela haikuak idazten, Benedettiren haiku poesia oso kritikatua izan da hain zuzen ere horregatik; niri asko gustatzen zaizkit, alde horretatik ez naiz oso ortodoxoa, baina bai pentsatzen dut heterodoxo izateko lehenbizi ortodoxo izan behar zarela. Haikuak nahi badituzu egin lehenbizi ikasi klasikoetatik nola egiten zuten, gero nahi baduzu egingo duzu urbanoagoa edo dena delakoa.
Josetxo Azkonarekin askotan solastatu dut honi buruz. Berak badu liburu zoragarri bat, Ez naiz Fujin izan (Pamiela, 2010) izenekoa. Titulua aski adierazgarria da: bera ez da japoniarra, ez da Fujin egon, eta zentzu horretan bere haikuak badira nolabait urbanoagoak. Beti ere izan behar da zerbait hausnartua, haikuen funtsa errespetatzen duena. Haikutzat hartzen diren hainbat eta hainbat poematxo labur ez dira haiku, eta horrekin asaldatu egiten naiz; horrekin ez dut esan nahi txarrak direnik edo gustatzen ez zaizkidanik, baina ez deitu haiku, deitu poema laburrak.
Bost bider zazpi bider bost. Hamazazpi silaba. Batetik egitura eta neurri zehatza, bestetik iradokitzeko ahalmena. Nola eraman duzu zuk talka hori, nola bilatu duzu oreka?
Haikuak ez dira narratiboak, ez duzu metafora zoragarririk, ez duzu luzamendu eta luzimendu lirikoetarako tarterik, baina aldi berean zuk bizi izan duzun sentsazio hori transmititzen duzu. Iradokitzaileak dira berez denak, irakurle bakoitzak behar du osatu haikua.
Zer dira haigak?
Haigak dira haikuekin lotutako irudiak. Haikugile klasiko batzuk haikuak irudi batekin laguntzen zituzten. Nik bai Gerezi garaiko haikuak liburuan bai honakoan Maite Ramosen marrazkiak edo haigak erabili ahal izateko ohorea izan dut. Gerezi garaiko haikuak liburuan haiga bat egin zuen poema bakoitzeko, bigarrenean berriz gutxi batzuk, baina beti ere estilo fin eta zoragarri batekin.
Erakusketaren bat ere jarri izan duzue elkarrekin ezta?
Bai hori Lucien Etxezaharretaren iradokizuna izan zen, Baionako Euskal Museoan eta Senpereko Larraldea etxean jarri genuen, baita gero hegoaldean ere hainbat kultur etxetan.
“Azkarregi doan mundu honetan istant batzuk bizitzeko eta partekatzeko aukera eman nahi dizut, irakurle hori”. Hitz horiek agertu dituzu liburuaren aitzin solasean. Oro har poesiaren ezaugarri bat liteke diozuna, irakurlearen partetik lerro arteak betetzea eskatzen duen heinean; haikuen kasuan nabarmenagoa da hori, irakurlearekin sortzen den harremanean?
Bai, niretzat irakurlea konpetentea da. Nik buruan dudan irakurle eredua ez da monolitikoa, nor berak bere irizpideak eta esperientziak bizi izan ditu eta horren arabera osatzen du testua. Haikuak iradokitzaileak izanik eta ez narratiboak, nik egiten dudana da zerbait ikusi edo usnatu edo atzeman edo usaindu edo kraskatu, eta sentitu dudana adierazi, baina nik ez dut kontatzen nola eta non gertatu zen sentsazio hori... hori guztia irakurleak osatu behar du, eta segur aski irakurle bakoitzeko interpretazio ezberdin bat egongo da. Hori niretzako aberatsa da. Nik uste dut poesiaren abantaila dela batez ere norberak dituen bizipenekin eta sentimenduekin osatzen dela poemak esaten duena. Dena kontatzen duen poemarik ez zait interesatzen printzipioz, ez zait oso gogobetegarria.
Berriki Hegats aldizkariak zure artikulu bat kaleratu du, “Euskarazko olerkariak ikusezinak Nafarroa Garaian”, “Euskal literaturaren ikusezintasuna” du ardatz aldizkariak, zure lana nondik nora doa zehazki?
Batez ere azkeneko hamarkada edo urte hauetako panorama poetikoa aztertu dut Nafarroa Garaian. Ni ez naiz gehiegi ausartzen ezagutzen ez dudanaz hitz egitera, orokortasun batzuk esan nitzake euskal poesiaren egoeraz oro har, baina batez ere niretako diferentea eta bereziki mingarria da hemen Nafarroa Garaian gertatzen ari dena. Ez da bakarrik D ereduaren kontrako erasoa, Euskalerria Irratiari baimena ukatzea edo Euskal Telebista ezin ikustea. Hartzen duzu Iruñeko Udalak antolatzen duen kultura agenda eta ematen du Almeriako Udalak antola lezakeen agenda kultural bat, edo Burgoskoak berdin dio, benetan negargarria da. Beti ere bada zerbait euskaraz, baina beti presioaren bidez lortuta.
Poesiari dagokionez, poesia berez oso jende gutxik irakurtzen du, baita gaztelaniaz ere. Beraz gutxiengo bat gara, giro kultural ofizialek euskara existituko ez balitz bezala jokatzen dute, eta euskal poesia erabat ezezaguna da. Erdaraz poesia sortzen duen jende asko dago hemen, suposatzen da horiek jarrera irekia izan behar luketela Nafarroako beste hizkuntzarekiko, eta ez da horrela; horren harira bizipen batzuk kontatzen ditut artikuluan, axolagabekeriatik harago doan jarrera sektarioa salatzeko. Euskara ez da ikusezina itsu direlako, baizik eta ikusi nahi ez gaituztelako.
Baduzu epe labur ertainera beste proiekturik?
Bai, Maite Ramosekin album ilustratuen esparruan sartu naiz. Hemendik bizpahiru hilabetera argitaratuko da lan berria. Argitaletxeak gaztelaniara itzultzeko interesa ere agertu du, gauzak on bidean apirila-maiatzean kalean izango da.