Elkarrizketak

Jon Gerediagarekin solasean

Ostirala, 2019-07-12

Jon Gerediagak bere bosgarren poesia liburua plazaratu berri du Pamiela argitaletxearen eskutik: Urtaroak eta zeinuak. Belarra bezala hazi dira elkarrizketa honetako hitzak: paseoez, poesiaz eta tigrerik gabeko naturaz mintzatu gara bertan.

Jon Gerediagarekin solasean

Natura du ardatz liburu honek, zure azkenekoetan ohikoa bilakatu zaigunez. Natura agorrezina den iturria dirudi zuretzat… oraingoz hala da?

Ez dakit noiz arte jarraituko dudan naturari begira poemak idazten, baina momentuz naturan ematen dut lehen pausua: kanpora begiratu gero barnera ere begiratu ahal izateko. Euskal kopla zaharretan ere halaxe egiten zen, edo Txinako poesia klasikoan, eta oraindik ere egin daiteke modu garaikidean. Hau ez da poesia egiteko metodo zaharkitua, eta ez da berria ere. Natura eta gizakia gurutzatzen diren tokian, batak besteari buruz hitz egiten du. Naturaren aldaerak zenbatezinak dira, eta naturaren konplexutasuna ere neurrigabea da. Gu ere natura besterik ez gara. Osagai edo elementu berberak ditugu. Natura lehen begiratuan ematen duena baino sakonagoa da, esaten zuen Cézannek.

Urrun dago lehen poesia liburuko estetika, Fitola balba karpuki tui (2004), liburu hark harreman estuagoa zeukan agian FTIren testuetako ahotsarekin. Urrun ikusten duzu zuk ere liburu hura, estetika hura?

Bai, Fitola Balba, Karpuki Tui bakarka argiratu nuen lehenbiziko poema liburua izan zen, eta hasiberri baten ohiko akatsak eta doaiak ditu. Alde batetik, orain idatziko ez nituzkeen gauzak idatzi nituen liburuan, eta ziurasko guztiz pentsatzen edo sentitzen ez nituen irudi eta “lore jokoak” ere agertuko dira. Bestalde, liburu freskoa zen, gazte batek idatzitakoa. Ez da agian gehien gustatzen zaidana, baina ez naiz damutzen, poesia idazten eta argitaratzen jarraitzeko ateak zabaldu zizkidan. Baina hura beste garai bat zen, ni Antzerkiola Imaginarioan buru-belarri nenbilen, eta horrek, noski, eragina izan zuen garai hartako poemetan.

Gustukoa duzu ibiltzea, paseatzea?

Bai, ahal badut egunero ibiltzen naiz, ordubete. Gustura egiten dudan “kirola” da. Buruak atseden hartzen du gorputza nekatuz doan heinean. Askotan gertatzen zait “kirolen” bat egiteko beharrak, edo “sasoian” egoteko beharrak bultzatzen nautela ibiltzera, eta orduan agian ez da hain atsegina paseoa, presaka eta ingurua begiratu gabe egiten dudalako. Baina beste askotan plazer hutsa da, kanpora begiratzeko aukera ona, barrura begiratzekoa ere bai, agian zerbait idazten hasteko ere aukera ona izan daiteke…

Eta noiz duzu gustukoen paseatzea?

Egunero ibiltzen naiz, eta ia egunero txango berbera egiten dut Artxandatik. Ordu bat behar dut txango horixe egiteko eta gehienetan arratsaldez egiten dut. Eta eguna libre badaukat, edo asteburuan, goizez ere atera naiteke paseatzera. Bakarrik edo, ahal badut, Idoia eta alabekin. Beste batzuetan, jendea ikusteko gogoz nabilenean, Bilbora jaitsi eta erreka ertzetik ibiltzen naiz, beste bilbotar asko bezalaxe, alde zaharretik Olabeagarako bidean, edo alderantziz, paisaia urbanoagoan.

Zer nolako natura da zurea: hiriaren periferiakoa, mendi-sakonekoa…?

Eskura dudan natura hiriaren ertzetan dagoena da. Hau da, kilkerrak bai, baina tigrerik gordetzen ez duen natura ia domestikatu bat. Eta baita ere natura heze bat, umela, hau da, ez basamortua. Dena den, natura abiapuntua da, eta batzuetan helmuga ere bai, baina beti ere nire begi eta ametsen galbahetik pasatzen den natura da. Orduan posible da poemetan irudikatutako natura berri bat ere agertzea, izarren batean sortutako edo nik irudikatutako natura berria, adibidez. Edozelan ere, poemetan agertzen dena ez da naturaren deskribapena, baizik eta naturatik abiatutako amets poetiko laburra. Eta ametsetan ia dena da posible, baita tigreak ere. Baldintza bakarra da ametsetako irudi horiek “benetakoak” izan behar dutela, hau da, “zintzoak”, serioki imajinatutakoak, serioki amestutakoak.

“Arratsaldeko eguzkitan

espaloia zerurantz altxatzen duzunean

eroaren begiak loratzen dira berriz”.

Naturan errotzen, eranzten, soiltzen joan da zure poesia. Kontenplazioarekin eta introspekzioarekin zerikusia duten ahots poetiko klasikoak datozkit gogora; badirudi iraganeko kontua izan behar dela ahots mota hori, baina zure kasuan oso garaikide izaten jarraitzen duela iruditzen zait. Mundutik at sentitzen zara ahots mota horretan, edo munduan inoiz baino errotuagoa?

Ez dut asko pentsatzen nire ahots horren ondorioetan. Ez dakit mundutik aldentzen nauen edo munduan errotuago sentiarazten nauen. Nik sentitzen dut poema horiek idatzi behar ditudala, eta horixe dela nire hizkuntza eta nire ahotsa, eta nire erronka da, alde batetik, guzti hori zintzotasunez idaztea, eta bestetik, teknika, edo “eskua” ere ahalik eta gehien fintzea. Hau da: alde batetik, nire bulkadari fidel izatea, nire aldarteei kasu egitea, nire ametsek darabilten hiztegiari atxikitzea, hitz bitan, zintzotasunez eta koherentziaz idaztea. Eta bestetik, noski, lanaren bidez horretan sakontzea, hiztegiekin, aldaketekin, errepasoekin, eta abarrekin lana borobiltzea. Hasierako bulkadan harrapatutako zerbait izengabe horrek forma zehatz, depuratu eta garbia har dezan. Inspirazioa eta transpirazioa, biak dira garrantzitsuak, esaten zuen baten batek.

Kurioski, Henry David Thoreaurena da liburu barruko poema batean azaltzen den aipu bakarra: “Zeruaz hitz egiten duzue! Eta lurra desohoratzen!” Thoreauk ere bazuen harreman estua naturarekin, bertara bildu zen, bertan garatu zuen bere poesia eta bere pentsamendua neurri handi batean. Zerk erakartzen zaitu Thoreautik?

Bueno, liburuaren hasieran badira beste hiru edo lau aipu: Cézanne, Gaston Bachelard eta Scardanellirenak. Liburuaren norabidea gehiago markatzen dute hiru izen horiek Thoreauk berak baino. Dena den, poema zehatz hori idatzi nuenean, itsasoari begira nengoen, Ondarrun hain zuzen, eta Thoreauren Walden irakurtzen ari nintzen. Eta aipu horrek norabidea eman zion poemari, horregatik paratu dut hor. Itsasoan eta zeruan bilatzen ari nintzen ziur aski hurbilago, lurrean edo lehorrean, bilatu behar nuena. Hortik doa poema, eta hortik doa Thoreauren aipu zehatz hori ere bai.

Liburutik liburura, poesia molde ezberdinak probatu dituzu. Kasu honetan poema laburrak dira, titulurik gabekoak, jarraian bakarrizketa baten gisa irakurri litezkeenak. Zerk eramaten zaitu poesia mota batera, edo bestera? Zergatik kasu honetan, poema laburrak?

Hasieran bai, idatzi nituen zenbait poema luze, eta batzuekin gustora geratu nintzen, bilatzea ezinbestekoa da-eta ezer aurkitu ahal izateko. Baina azken bi liburuetan beste leku batean aurkitu dut nire neurria. Poema labur hauetan erosoago sentitzen naiz, uste dut irudi bat edo bi garatzeko nahiko direla 8 edo 10 bertso-lerro. Eta hor kondentsatu behar ditudala lehenbiziko bulkadak eman dizkidan material guztiak. Hau da: hasierako bulkadari jarraituz edozer idazten dut, azkar, ahalik eta material gehien biltzeko. Gero, lanaren momentua hasten denean, artaziekin idazten hasten naiz, gordinik harrapatu dudan material hori garbitzeko eta ahalik eta poema garbiena eta depuratuena lortu arte. Eta poema labur hauetan aurkitu dut nire lekua. Eta momentuz hemen geratuko naiz.

“Sinesten dut: ikusiko ditut berriz,

behin eta berriz berdatuko dira.”

“Eta azkenean

heldu zen gaua eta ederra zen,

izarrez betea.”

Iruditzen zait liburu honetan itxaropen asko dagoela, irauteaz eta zikloez (urtaroez) gogoeta egiten denean. Hala sentitzen duzu zuk, itxaropenera zabalik dagoen liburua da?

Nik uste dut baietz, naturaren denbora ziklikoak itxaropena eman ahal digula. Gizaki hilkor eta mugatuak gara, eta heriotzaren ideia oraindik ulertu eta asimilatu behar dugun asuntorik garrantzitsuena da. Gure heriotza eta besteena. Ez dakit inoiz lortuko dugun heriotza guztiz onartzea, baina uste dut bide horretan ona dela ikustea naturak irauteko, eta berpizteko eta eraldatzeko dituen ahalmena eta egoskorkeria.

Badira liburu osoan errepikatzen diren motiboak. Bat oso nabarmena: belarra. Belarrak beti topatzen du zikloekin berriro hazteko, guztia estaltzeko bide zabala. Zerk erakarri zaitu irudi horretatik?

Nik belarrari begiratzen diot eta lasai onartzen nauen izakia da, ia aipatua izan nahi ez duen material apala da, eta egunaren arabera adiera eta esanahi desberdinak har ditzakeen material trinkoa da gainera. Natura eta gizakiaren begirada gurutzatzen direnean irudiek geruza asko izan ditzakete. Naturaz zerbait esan dezakete, eta baita neure buruaz ere bai, nire aldarteez, gizakiaz. Niri bakea ematen didate belardiek, eguzkitan argitzen direnean, edo malenkonia puntu bat zaparradak onartzen dituztenean apal-apal. Eta inoiz belarrari begira jaso izan dut ere bai begitazio txarren bat, ikusi izan diot belarrari itzalen bat ere. Esan nahi dut malgutasun horrekin begiratzen diedala naturaren elementuei, eta ondo dakit ni ere natura horretan nagoela, ni ere natura baino ez naizela, eta egunaren arabera gauza bat edo bestea aurkitu dezakedala. Naturaren hizkuntzak dentsitate handia har dezake. Hala ere lehen begiratuan ere, “lehen irakurraldian”, gozagarria izan daiteke, eta ederra, edo latza, baina nekez neutroa. Natura neutro edo objektiboa zer ote den gizakion ahalmenetik kanpo dago. Guk natura humanizatu bat ezagutzeko ahalmena baino ez daukagu. Zientzia ere zeinu eta marka umanoez eraikita dago… Eta “ezagutza poetikoa” ere bai.

"Urrun-urrunetik

dator itsasoa,

ez du presarik,

etengabe dio:

amets guztiek

iraun behar dute

lurrean."

Liburu honetan bizitza egoskorra da, bizi-nahiak iraun egiten du nolabait, nolabait esateko ez du onartzen porrota, beti etorriko delako beste urtaro bat. Agian bizi-nahiak badu jarreratik, aukera bat izan daiteke bizi-nahia?

Izan daiteke jarrera bat, edo joera naturala, ez dakit. Printzipioz, salbuespenak salbu, bizirik denak etengabe nahiko luke bizi. Halaxe esaten zuen Unamunok ere, “aquello que existe desea infinitamente existir”. Hala ere ez dut inolaz ere esan nahi gure esku dagoenik bizi nahia sentitzea. Gure esku ez dago ia ezer, nire kasuan behintzat zaila zait esatea, adibidez, nire emozioak guztiz kontrolatzea nire esku dagoenik. Gero nik jakin behar dut nire ekintzak nola ondo bideratu, modu zuhur eta neurritsuan, eta abar. Baina ez da beti erraza. Bizi-nahia sentitzea jarrera egoskorra izan daiteke, baina itzala agertzen denean, eta indarra galtzen dugunean, zaila da esatea bizi-nahia gure esku dagoen zerbait dela eta, beraz, hura galtzea gure errua dela. Gauzak konplikatuagoak dira sentimendu, nahi, grina edo emozioen munduan. Dena den bai pentsatzen dut urtaro baten ostean badatorrela beste berri bat, eta hori bada kontsolamendua.

Zer dira zeinuak? Nondik datoz zeinuak? Zeintzuk dira topatu nahi zenituzkeen zeinuak?

Zeinuak marka humanoak dira. Naturari egozten dizkiodan mezuak dira, baina ziurrenik, enpirikoki, naturak berez igortzen ez dizkidanak. Nire begirada humanoa naturan paratzen dudanean nik zeinu edo marka edo sinbolo batzuk sortzen ditut. Nitaz, nire aldarteez, edo gizakiaz hitz egiten dute naturaz bezainbeste. Zeinu edo sinbolo horietan bat egiten dute naturak eta gizakiak. Modu dramatiko batean banatuta dagoena nolabait batzeko balio dute zeinu edo sinbolo horiek. Nahiko nuke -baina ezinezkoa zait, momentuz- naturarekin bat egin, paisaiarekin bat egin, baina zeinu hauen bidez batasun hori birsortzeko ahalmen (mugatua) daukadala senti dezaket.

Amesten duzu zure inguru gertukoa ez den natura batetin? Beste natura mota batean (basamortua, oihan estua…) beste poesia bat aterako litzaizuke?

Inguruan dudan naturak asko baldintzatzen du poemaren materia ere. Inguratzen nauen natura, eta nire haurtzaroa ere inguratu zuen natura, natura hezea da, berdea, bustia, buztinezkoa, goroldiozkoa, belarduna, zuhaitzez eta asunez eta sasitzez betea… Basamortuan egongo banintz beste poema batzuk idatziko nituzke, zalantzarik gabe. Gertatu izan zait Txilen edo Portugalen, adibidez, paisaia aldatu eta poemak ere aldatu egin zirela.

Gaur paseatzera irtengo zara?

Bai.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)