Jasone Osororekin solasean
EIEko lehendakari kargua hartu eta gutxira mintzatu gara elkartearen norabideazOstirala, 2014-04-04Martxoaren 22ko batzar nagusian hartu zuen Jasone Osorok Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari kargua. Azken bi urteetan zuzendaritza batzordean bidaide izan dituen idazleek lagunduta ekingo dio bideari. Osorok aitortzen digunez, zuzendaritzak lehen urratsak ematen hasi artean zaila egiten zaio hainbat konturen inguruan iritzi osatu bat ematea. Hala ere, elkartearen filosofiaz eta egoeraz gogoeta egin dugu elkarrizketa honetan.

Martxoko EIEren batzarrean hartu duzu lehendakari kargua. Lehenik eta behin, nola hartu duzu berria?
Martxoko batzar nagusian izan zen bozketa baina berez zuzendaritza batzordeak aurretik luzatua zidan proposamena. Ander Iturriotzek nahiko argi zeukan bere nahia zela berarekin azkeneko urteetan egondako zuzendaritza batzordekideetako bat izatea berari lekukoa hartuko ziona, baina ez nuen espero neure burua lehendakari postu horretan. Hasiera batean harriduraz eta sorpresaz hartu nuen proposamena, printzipioz ez nuen neure burua ikusten; gero azken urteetako taldearen babesa neukala eta taldekide batzuk jarraitzeko asmoa zeukatela ikusita, talde dinamika izango zela kontuan edukita, baietz esan nuen. Batzuetan erronkei baietz esan behar zaie, elkarteari nire aldetik ahalik eta gehien emango diot, eta lan taldearen babes hori daukadala kontuan hartuta.
Lan talde horren presentzia klabea izan da beraz: elkarrekin bizi izan duzue azken urteetan elkartearen dinamika barrutik, ezagutu ahal izan duzue elkartearen martxa.
Joxemari Karrere, Pako Aristi, Kristina Lasa, eta apur bat beranduago sartu zen Josune Muñozekin pasa ditut zuzendaritzako nire bi urteak. Esan liteke batetik ezagutzen dugula azken urteetako elkartea, eta ezagutzen garela gure artean. Hilean behin elkartzen gara, badakigu bakoitza nolakoa den, eta uste dut irizpide antzekoak dauzkagula eta praktikotasunari begira nahiko antzekoak garela, niretzat hori inportantea da. Nik beti pentsatu dut edozein proiektutan lan taldea oso inportantea dela, talde egonkor bat egotea norabide bat finkatzeko eta norabide horri martxa emateko. Nik pertsonalki behar dut gainera jendearen konfiantza edukitzea.
Hori lotuko dut Ander Iturriotzek esan izan duen zerbaitekin: presidente egituratik aldentzeko nahia agertu izan du, eta parte hartzea desiratu, nahiz eta zaila izan. Ados zaude horrekin?
Nire ustez edozein elkarte erakunde instituzio herri mailan aurrera egingo badu jendearen parte hartzea beharrezkoa da. Idazlearen elkartea bizirik mantentzeko beharrezkoa da batetik bazkideak eta bestetik haien inplikazioa. Gero bakoitzak erabakiko du inplikazio hori modu batekoa edo bestekoa izango den. Inplikazioa izan liteke besterik gabe kuota ordaintzea, hori ere bada talde baten parte izatea, hor zauden bitartean da sinesten duzulako edo zuri zerbait aportatzen dizulako.
Orain, bizirik egoteko elkarte batek dudarik gabe mugimendua behar du, eta mugimendua bazkideek emango diote. Zentzu horretan nik oso argi daukat, nik eta zuzendaritza batzordeak dauka eta Anderrek berak ere argi zeukan, ezinbestekoa dela parte hartzea. Egia da gaur egun bizi garen gizarte honetan ez dela erraza, bakoitzak bere bizitza pertsonala daukala, bere lana daukala, askotan denbora falta daukagula gauzetan inplikatzeko. Hori errealitate bat da, baina saiatuko gara parte hartze hori era batera edo bestera sustatzen, lehentasunak markatzen eta lehentasun horien arabera ahal dela lan talde txikiak osatzen edo parte hartze puntualak eskatzen.
Zer nolako elkartea topatu duzu urte hauetan, nola definituko zenuke egun EIEren egoera?
Nik ezagutu dudan elkartea azken bi urteetakoa da. Aurretik ni kuota ordaindu besterik egiten ez zuen bazkide bat nintzen, idazleak ikastetxeetan programan parte hartzen nuen baina egia esan ez nuen ezagutzen elkartearen funtzionamendua, ez nuen ezagutzen bulegoa ere. Zuzendaritza batzordean sartzeak niri elkartearen tripak ezagutzea ahalbidetu dit: nola funtzionatzen duen, ze jende dagoen bertan, ze lan egiten den, nola dagoen egituratua… batez ere balio izan dit gerturatzeko. Lehenago segur aski nire arazoa zen eta ez elkartearena, baina bai ikusten nuen urrun samar, kostatzen zitzaidan urreratzea edo batzar orokorrera joatea. Zuzendaritza batzordean sartzeak balio izan dit normaltasun batekin ikusteko, eta uste dut hori funtsezkoa dela gero parte hartzea sustatzeko orduan: ez ikustea elkartea erakunde instituzional urrun, zaharkitu eta serio bat bezala, baizik eta bizirik dagoena eta dinamikoa dena, etengabe gauzak sortzeko eta mugitzeko prest dauden langile profesionalekin.
Zorionez guk bizi izan ditugun azken bi urteak ekonomikoki nahiko onak izan dira; murrizketak murrizketa esan behar genuke, guri ere tokatu zaizkigulako murrizketak, baina gutxienez kontuek koadratzen dute, eta hori oso inportantea da gaur egun. Nik elkarte egonkor bat topatu dut, eta iruditzen zait egoera nahiko ona dela esku artean ditugun proiektu batzuk aurrera ateratzeko.
Egonkortasun hitza aipatu duzu, baina krisi hitza aipatu da sarri azken urteetan EIEren ibilbidean: kudeaketa krisia, norabide krisia, diru-laguntzen jaitsieraren ondorioz sortutako krisia… Zer beharko luke EIEk egonkortasuna lortzeko, zeintzuk dira erronka nagusiak epe laburrera?
Egia da egon direla urte batzuk zeinean nahiko kili-kolo egon den elkartea, nik hori kanpotik bizi izan dut. Momentu honetan eta barrutik ikusita ikusten dut badaudela soka nahiko sendo batzuk. Dudarik gabe, horrek ez du esan nahi soka horiek bakarrik mugituko direnik. Lan egin beharra dago, erabaki batzuk hartu eta soka horiek nolabait finkatu, baina hogeita hamar urte baino gehiagoko elkarte bat da EIE, ez da jaio berri bat, eta uste dut sustrai batzuk nahiko finkatuta dauzkala. Gero kontua da guk bazkideok zelan mugitzen ditugun soka horiek, zer eskatzen diogun elkarteari eta zer emateko prest gauden.
Zer eskatzen zaio elkarteari?
Iaz galdeketa bat bidali genien bazkide guztiei horrelako gauzak galdetuz. Jende dezentek hartu zuen parte, eskualdeka ere saiatu ginen bilerak egiten. Prozesu horretan detektatu genituen hainbat behar eta hainbat gauza, eta hori abiapuntu garrantzitsua izan da hemendik aurrera gure jarduna zertan oinarritu behar den jakiteko.
Eta zeintzuk diren zutabe horiek? Nik uste dut funtsean ez dela asko aldatu elkartea sortu zeneko filosofia: idazlearen beraren figura babestu eta indartu, moralki eta profesionalki, euskararen bidetik lan egin, euskal literatura eta elkartea beraren lana ere gizarteratzea.
Galdetegian sumatu zen idazle profesionalaren arloan kohesio moduko bat emateko beharra, badaudelako hainbat idazle bizi direnak idaztetik eta idaztearen inguruan dagoen hainbat gauzetatik, eta uste dut hori lagundu egin behar dela, babes bat eman, erreferente batzuk, ezarri behar badira kuota batzuk kuota batzuk ezarri…
Elkartera bazkide berriak ekartzea seinale ona litzateke, baina ahaztu gabe beti hor egon diren bazkideak, bazkide sortzaileak. Askotan hitz egiten dugu gazteak erakartzeari buruz eta bada inportantea, baina bada beste sektore bat ere beste behar batzuk dituena eta beste modu batera ulertzen duena elkartea, horien beharrak ere entzun behar dira. Belaunaldien arteko kohesioa ere landu behar da beraz.
Gauza asko aldatu dira literaturan eta kulturgintzan oro har EIE sortu zenetik. Aipatu duzun galdeketaren harira elkarte ereduaz ere gogoeta egin zen. Zein da, zure ustez, egun EIE elkarte ereduari dagokionez hartu beharko lukeen bidea?
Garbi dago gaur egun estatutuak modu batera daudela idatzita eta hori goitik behera aldatzeak suposatzen du aldaketa sakon bat, denbora dezente eta gauzak beste modu batean planteatzeko indarra eskatzen duena. Lehenengo zuzendaritza batzordea datorren astean elkartuko da, hor hasiko gara ildo nagusi horiek markatzen eta lehentasuna zeri eman zehazten. Orain arte abiapuntu bat badaukagu, hazia daukagu, baina erein egin behar dugu fruituak emateko. Ikusten ditugun beharren arabera joango gara ikusten zer pausu eman. Elkartearen beraren ereduari buruzko gogoetetan ez gara sartu oraindik.
Badira proiektu batzuk klabeak izan direnak EIEren ibilbidean (Idazleak ikastetxeetan, Hegats…). Aldaketa nabarmenik aurreikusten duzu haietan?
Ez, printzipioz ez, daudenak ahal dela egin behar da mantendu edo eta indartu. “Idazleak ikastetxeetan” aipatu duzu eta nik uste dut klabea dela programa hori, irakurle eta idazleen arteko harremana sustatzen duelako, euskal literatura bera sustatzen duelako, gazteek irakurtzen dutelako, industriari begira ere liburuak saltzen direlako. Hor bai egon dira murrizketak instituzioetatik, saio kopurua jaitsi egin da, nik uste dut bai dela ezinbestekoa proiektu hori mantentzea eta indartzea.
“Hitzen uberan” ere dudarik gabe da funtsezkoa gaur egun, denok dakigun bezala internetek eta sare sozialek ikaragarrizko indarra dute gure gizartean, eta zentzu horretan Uberanek oso ondo betetzen duela bere helburua.
“Hegats”ekin bai badugu nolabaiteko zalantza, ez ote den zaharkitua geratu; buelta batzuk eman nahi dizkiogu, bere horretan mantendu behar den, edo aldatu estilo aldetik, formatu aldetik… hori dena aztertzeko dago. Nahi genuke proiektu berriak sortzea, ez da erraza denbora eta inplikazioa behar delako, baina ona litzateke beste erakunde eta elkarte batzuekin elkarlanean sortzea. Ikusiko dugu indarra zertan geratzen zaigun, baina oraingoz gu prest eta irekita gaude lanerako.
Sarritan hitz egiten da irakurlearen garrantziaz, azken urteetan irakurle klub eta taldeen gorakadak gogoeta ugari eragin izan du… zer nolako harremana eduki behar luke elkarteak irakurleekin?
Egia da askotan aipatu dela gaia, Arantxa Urretabizkaiak esan izan du azken urteetan eman den altxorrik ederrena irakurle klubak direla. Niretzat hori miragarria da, herriz gerri jende talde bat elkartzea liburu bat irakurri eta horren inguruko eztabaidak egiteko, ahal denean idazlea bera bertara joatea iritzi trukera. Horiek dudarik gabe ahal dela sustatu behar dira.
Beste kontu bat da internet bidezko irakurle klubena, hori ere badator poliki-poliki, badator eta beharbada garrantzia dauka. Niri pertsonalki askoz aberasgarriagoa iruditzen zait aurrez aurreko kontaktu eta feed back hori, baina edozein modutan pantaila aurrean denbora asko pasatzen dugu egun, gazteek zeresanik ez, eta horri ere kasu egin behar diogu eta gure alde erabiltzen saiatu.
Idazleei begira erakarpen indarra ez atzera ez aurrera egon da, hainbat idazleek une koiuntural ezberdinetan elkartea utzi zuten, idazle gazteak erakartzeko zailtasunak aipatu izan dira… Zergatik egin egun EIEko bazkide?
Nik uste dut batetik idazlea berez bakarrik aritzen dela, bere etxean, bakardadean, eta elkarteak ematen diola talde batek ematen duen babesa. Batzuetan erreferente ere izan daiteke, egile eskubideen kontuan, edo idazle berri batek lehen urratsak ematen hasten denean, kontratu bat sinatzerakoan adibidez, badaude gauza praktiko burokratikoak zeinetan elkartean babesa eta informazioa eman dezake. Funtsean, talde batek emango dizun babesa eta indarra. Horren beharra ez baldin badaukazu beharbada elkartearen beharra ere ez duzu izango, baina nik uste dut batzuetan sentitzen dela idazlearen bakardade hori eta talde baten barruan sartzeak ematen dizula babes bat.
Edozein modutan aipatu duzu elkartea utzi dutenak, berriak erakartzeko zailtasuna… nik uste dut edozeren gainetik aske garela nahi dugunean bazkide egiteko edo ez egiteko, edo bazkide izateari uzteko. Ez bazaude eroso elkarte batean onena da elkarte horretatik ateratzea, edo lehenengo urrats batean behintzat ezerosotasun hori jakinaraztea. Jendeak askatasun osoz erabaki behar du non egon behar duen eta non ez, hortik aurrera gu saiatuko gara elkartearen aldetik ez dut esango ahalik eta erakargarrien egiten.
Nire ustez inportantea da euskal idazleen elkarte bat egotea, horrek badaukalako proiekzio bat eta idazle figuraren statusa duintzen duelako.