Elkarrizketak

Sophia de Mello, Iñigo Roqueren begietan

"Umezaroko oroitzapenetara behin eta berriro itzultzen da. Horixe du paradisu galdua”Asteartea, 2015-06-09

Munduko Poesia Kaierak bilduman, orain, bada Sophia de Mello poeta portugaldarrari eskainitako antologia. Iñigo Roquek ekarri du De Melloren poesia euskarara. "Gure garaikidetzat ere har genezake", halaxe adierazi digu Hitzen Uberan izan dugun solasaldian. "Harrera oso beroa izan du; ponperiaz betea ere bai: Portugalgo poesiaren dama esan izan diote, Panteoian ehortzita dago. Hala, esan daiteke kanonaren erdi-erdian dagoela".

Sophia de Mello, Iñigo Roqueren begietan

Antologia bat den heinean, zein irizpide jarraitu dituzu aukeraketari dagokionez?

Aurrena, Sophia de Mello-ren poesia osoa irakurri nuen, Caminho etxeak argitaratutako Obra poética liburuan (2010). Eta irakurri ahala olerkirik (ustez) biribilenak jaso nituen; liburuan sar zitezkeen baino askoz ere gehiago, noski. Aldi berean, ikusi ez baina gerora igartzen den lan bat ere egin behar izaten da: bibliografia osagarria astindu (artikuluak, kritika-liburuak…). Irakurgai horietatik antologiaren egitura ateratzen da: idazlearen gai eta irudi nagusiak (itsasoa, etxea, denbora, lorategiak, izenak, bidaiak…), poema aipatuenak, eta beste.

Hortik aurrerakoa errazagoa da. Liburu guztietatik aleren bat, behintzat, sartu nahi izan dut, eta hurrenkera kronologikoan paratu, nahiz, egia esanda, Sophiaren poesian ez dagoen bilakabide ikusgarririk. Argitaletxera bidali nuen testuko aurkibidean poemak liburuka ageri ziren antolatuta, horren berri emateko, baina xehetasun hori galdu egin da labur beharrez.

Harkaitz Canok adierazi zuen poeta konfesionala izan zela Anne Sexton. Eta Sophia de Mellori buruz beste horrenbeste esan daitekeela aitortu zenuen. “Anne Sextonen aldean, ez zen poeta ‘malapartatua’ izan. Poemak idazten hasi zen poeta burges bat izan zen Sophia de Mello”. Baina hala ere, Salazarren diktadura garaian, botereari aurre egin zion bere lumarekin, ezta?

Kasu honetan, “konfesionaltasun” hori ez dago erlijioarekin lotuta, ezpada espiritualtasunarekin. Ez da poesia mistikoa ere, oso gizatiarra baizik (“poesia morala da”). Tarteka, Alberto Caeiroren tautologia haiek dakartza (“harria harri da”), eta badu Pessoaren heteronimo horren antzinateko paganismo horren zantzurik. Beraz, poesia oso konkretua da, transzendentea izan arren: “Poema ez da bizitza ideal batez ari bizitza konkretu batez baizik”. Halako gakoak, eta beste asko, De Mellok idatzitako arte poetikoen sailean aurki daitezke.

Bestalde, bada arrisku bat: pentsatzea De Mellok, bizimodua erosoa izateagatik, ez duela guretzat mezurik, eta ez da inola ere egia. Gainera, kontu egizue garai hartako Portugalen emakume beharginek nekez idatziko zutela, eskola faltagatik, bai, baina baita familietako giro itogarrian horretarako modurik ez zutelako.

"Denborari buruzko poesia da Sophia de Mellorena". Umezaroa konstante bat da bere poesian. Orainaldi tormentatua, Grezia klasikoa… Gai horiek ere aipatu zenituen. Horiek dira akaso bere obsesio nagusiak?

Bai, umezaroko oroitzapenetara behin eta berriro itzultzen da, umezaroko udako etxe zurira, itsasora, paisaietara, hildakoen artera… Horixe du paradisu galdua. Orainaldia, berriz, mingarria zaio, nahasia, zatikatua, eta horren aurrean poetak umezarora jotzen du edo, bestela, “denbora aratz”era, alegia, mundua sortu zen goizera, hasiera-hasierara. Denboraren zurrunbilo horretan, halere, Greziako mitologia izango du beti itsuaurreko, kaosaren aurreko geografia bat eskaintzen diolako.

Sophia de Melloren poesiak zer nolako harrera izan zuen bere garaikideen artean?

Gure garaikidetzat ere har genezake. Harrera oso beroa izan du; ponperiaz betea ere bai: Portugalgo poesiaren dama esan izan diote, Panteoian ehortzita dago. Hala, esan daiteke kanonaren erdi-erdian dagoela.

Eta zer-nolako itzala utzi du ondorengo belaunaldietan?

Jorge de Senarekin harreman oso estua izan zuen; gutunen bidez gehienetan, De Senak erbestera jo behar izan zuelako, eta bien artean halako eremu aske bat sortu zuten poesiaren bidez, diktadurako giro hitsetik aldentzeko. Biak ere Pessoaren oinordeko izan ziren neurri handi batean, batez ere Sophia; beste asko bezala, bestalde. Gaur egun, berriz, ez dut uste gaurko gazteen poesia bide beretik doanik, beharbada irekitasun politikoak eremu zabalagoak eskaintzen dituelako.

Kaierak bildumaren eskaerari jarraituz hasi zinen Sophia de Mello itzultzen? Edo aurretik euskaraturik al zenuen bere poemaren bat?

Poema bat edo beste nuen itzulia, ariketa gisa (baina aurkitu ez). Irakurriak nizkion zenbait liburu, eta Kaieren egitasmoaren berri izan nuenean Beñat Sarasolari proposatu nion bilduman sartzeko, eta holaxe.

"De Mellok bertso barruko ahaire bat bilatzen du beti"

Eroso sentitu zara itzultzaile lanetan? Kaiera osatzeko orduan, zein izan da zure kezkarik handiena?

Eroso…? Poesia itzultzean, ez dago eroso aritzerik, ia erdiminez aritzen baitzara. Formak berebiziko garrantzia du, musikak ere bai. De Mellok, gainera, bertso barruko ahaire bat bilatzen du beti, durundi hoskide halako bat; inoiz errimak ere bai, jakina. Beraz, neurkera estua izan ez arren, adi-adi lan egin behar duzu, mantxari ere erreparatzeraino, funtsezkoa baita poemak nola ematen dion begiari.

Hitz batekin edo esaldi batekin definituko al zenuke Sophia de Mello? 

Begiak itxi eta ikusi. Ahal dela, irakur diezazutela holaxe.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)