Elkarrizketak

Iñigo Astizekin solasean

Sylvia Plathen Ariel liburua eta Hondakindegia errezitaldia izan ditugu mintzagaiOstirala, 2014-02-07

Duela urte bi ezagutu genituen Iñigo Astizen poemak, Susaren eskutik Baita hondakinak ere liburua kaleratu zuenean. “Bada beste gorputz bat gure gorputzetan” dio liburuko poema batean; idazlearen gorputza ere hainbat gorputzek osatzen ahal dute, Astizen kasuan kultura arakatuz Berriarako idatzi artikulu eta kroniken besoetan, Denonartean argitaletxearen eskutik plazaratu berri dituen Sylvia Plathen poemen enborrean, Mikel Ayerberekin batera sortutako Hondakidegia poesia emanaldiaren ahoan. Horrelako gorpuzkinak izan ditugu mintzagai elkarrizketa honetan.

Iñigo Astizekin solasean

Urte batzuk eman dituzu Ariel eta beste poema batzuk liburuan lanean, Denonartean argitaletxearen eskutik plazaratu den arte. Nolako prozesua izan da liburu honena?

Kosta egiten zait urtetan kalkulatzea liburu honekin lanean eman dudan denbora; lau urte baino gehiago bai, izan dira. Itzultzeaz gain orrazteari ere denbora franko eman diot. Sylvia Plathena poesia nahiko zaila da, askotan ez da lehen kolpean ulertzen dena, eta horrek ere itzulpena zailtzen du. Plathen poesiaren bertute ikaragarrien artean dago zentzu biko hitzekin jolasteko gaitasuna, hitz bakar baten bi esanahiak mantentzen ahal ditu poema oso batean zehar. Horrek adibidez lan handia eman dit.

Bestetik, itzulpena bukatu ostean denbora asko eman dut liburua argitaletxe batean eta bestean paseatzen; gehienek esaten zidaten, zentzu askoz segur aski, oso salmenta txikia zuen proiektu bat zela honakoa -eta noski, ordaindu ezinekoa-, eta horregatik ezingo zutela atera. Poesia euskaraz ez da asko saltzen, itzulpenak ere gutxi... Azkenean Denonarteanekoek izan zuten ateratzeko ausardia edo zoro puntu hori. Zoro haizea izan da itzulpena egiten jartzearena, eta zoro haizea izan da itzulpen hori publikatzearena, nik uste dut ia-ia milagro txiki bat dela fisikoki egon ahal izatea.

Aurreikus zitekeen argitaletxeen eratzun hori, beharko zenuen proiektuarekin obsesio puntu bat aurrera egiteko. Funtsean, zergatik Sylvia Plath?

Itzulpen suizida bat izan da nolabait, ez dauka inolako zentzu komertzialik... barne zirrara batetik sortutako itzulpen bat da honakoa. Sylvia Platheen liburu hau erdaraz irakurri nuen lehenengo aldian gogoratzen naiz fisikoki zirrara sentitu izana, begietatik gorputzera salto egitea lortzen duen liburu bat niretzako oso garrantzitsua da. Bestetik, itzulpena beti da oso eskola ona. Nik ikusten nuen Plathen poema bat eta esaten nuen “baina hemen zer gertatzen da, zer mekanismo dago hor atzean?”, enigma bat sortzen da eta nik enigma horren atzean zer zegoen jakin nahi nuen. Hainbat poema itzuli nituen, gustukoen nituenak hasieran; poemak pilatu ahala gero eta gehiago egiten hasi nintzen, neure buruari jarritako erronka bat bezala eta baita ere ikasbide bat bezala.

Poemen eragin fisikoa, ikasbidea... aipatu duzunak eraman nau Baita hondakinak ere liburura, Sylvia Plathen itzulpena bukatu bitartean atera zena. Nolabaiteko eragina izan du itzulpen lan honek zure liburuan?

Esango nuke ezetz, baina era berean baietz (barreak)Baita hondakinak ere liburuan bada Plathen aipamen bat, “Esperimentu biopolitikoa kalean” izeneko poeman. Hortaz gain ez da asko ageri, baina honen aurretik egon zen beste liburu bat publikatu ez zena, eta hori bai zela Plathen itzulpena ez den Plathen liburua. Imitazio erabatekoz idatzi nituen bertako poema askotako irudiak eta esaldiak. Aurreko liburu hori idatzi eta gerora denbora asko eskaini nion itzulpenari, eta itzulpenaren ondoren poema horietara bueltatzean pentsatu nuen: “jo, ze lotsa gutxi!”. Beraz, Baita hondakinak ere liburuan ez dago Plathen erreferentziarik, baina nik uste dut aurretik idatzitako poemei erantzunez izan zela hori, desintoxikazio baten moduan atera zen Baita hondakinak ere Plathik gabe.

Historia aldrebesa du Ariel honek, hitzaurrean azaldu duzun moduan. Suizidatu ostean plazaratu zen liburua, eta urte dezente pasa arte ez zen jakin argitaratutako lehen Ariel hura ez zela egileak aurreikusi zuena, Ted Hughes senarraren eskua zegoela hasieran argitaratutako bertsioan. Zuk bi bertsioak hartu dituzu aintzat. Nola irakurri behar da liburu hau?

Behin liburua ateratzen dela, norberak nahi duen bezala: atzetik aurrera, tantaka edo beste edozein modutan. Bestela, bitxia da liburu honen historia, horregatik aipatzen dut hitzaurrean. Liburu hau ez da liburu bat, baizik eta hainbat liburu.

Ariel ez zen ez zen publikatu Sylvia Plath bizirik zegoela, baizik eta hil ondoren, hor sortzen da nahasmena. Plathek hil zenean mahai gainean zeukan koadernoan nahiko garbi utzi zuen liburua zer zen, bazuen ordena bat, poema batzuen aukeraketa... hil ondoren bere senarrak egin zuen edizio lana, kendu egin zituen bere ustez familiarentzako eta berarentzako mingarriak izan zitezkeen poemak, eta beste batzuk sartu zituen. Amerikan ere beste bertsio bat ere atera zen, aldaketa batzuekin. Handik urte sorta batera Sylvia Plathen poema guztien bilduma atera zen, The Collected poems izenekoa, eta Pulitzer saria irabazi zuen. Horko hitzaurrean aipatzen zuen Hughesek Arielen lehen edizioan egin zuena.

Euskarazko edizio hau bi zatitan dago banatua: lehenengoan Plathek buruan zuen proiektu hori errespetatuz egindako ordena eta poema hautaketa dago, bigarrenean Hughesek beste edizio horretan txertatutako poemak. Nire ustez hauek ere Arielen parte bihurtu dira, ez dago hitz egiterik bata bestea gabe. Liburuaren historia niri oso interesgarria iruditzen zait, liburu honetan bada edizioen arteko diferentziei begiratzeko aukerarik, baina irakurleak nahi duen bezala irakurriko du azkenean.

Hasierako bertsioak ez zuen zeuk hitzaurrean azpimarratu duzun ezaugarri hori: “Maitasuna” hitzarekin hasi eta “Udaberria” hitzarekin amaitzearena. Heriotzarena soilik ez, bizitzaren presentzia nabarmentzen duzu zuk haren poemetan. Tartean topatuko dugu lirikotasun gordina, poesia batzuetan zuzena besteetan iradokitzailea, ironia zorrotza kasu askotan, emakumeei loturiko gaiak tartean direnean batez ere... Nolako Ariel topatu duzu zuk?

Nik indar handiko poesia bat topatu dut hemen, oraindik ere harrigarria egiten zaidan iruditeria batekin.

Sylvia Plathek 63an egin zuen buruaz beste, nahiko era morbosoan: gosaria jarri zuen bere seme alabentzat, liburua dedikatzen dien Frida eta Nikolas horientzat, itxi zuen sukaldeko atea, toallak jarri zituen atean, ireki zuen labea eta gasarekin hil zuen bere burua. Hori da jende eta irakurle askorentzat Sylvia Plath, suizida hori. Egia da arazo psikologiko handiak izan zituela, shock terapian egon zela, depresioan egoten zela hainbatean behin... baina nik bizitza nabarmendu nahi izan dut, ikuspegi erredukzionistegian ez erortzeko. Askotan irakurri izan dira Plathen poemak bere suizidioaren arabera, amaiera hori inebitablea balitz bezala. Nik arreta handiagoa jarri nahi nuke poemetan beraietan, poemen gaineko irakurketa zehatz horretan baino gehiago. Bestetik, jende askok aurpegi arraroa jarri izan dit Plathen umorea aipatu izan dudanean. Nire ustez badago umorea bere testuetan, batzuetan oso beltza eta pixka bat iluna, baina egon badago. Horregatik aipatzen dut bizitzarena.

Hala ere, egin dituzun oharretan ikus daitekeenez kasu askotan gakoa da horrelako datuen berri izatea poema batzuen testuingurua ondo kokatzeko. Zein neurritan murgildu zara Sylvia Plathen kontu biografikoetan liburu hau osatzeko orduan?

Ufa, edizio honetan oharrena kasik beste liburu bat da...! Kontatuko dizut anekdota bat: "Zumarra" poeman Sylvia Plathek muturreko zirugia baten berri ematen du. Hori "ebakuntza zail bat" bezala itzuli nuen . Horra irakurketa biografikoak batzuetan dauzkan bekatuak: badaude itzulpen batzuk zeinetan ebakuntza zaila utero hustuketa bihurtzen den. Baina berak ez du hori zehazten, horraino doan saltoa oso handia da.

Zaila da konbibentzia hori, asunto biografikoak oso lagungarriak dira batzuetan, baina uste dut hori dela hain zuzen ere Plathen beste lorpen handietako bat: tranpak egiten ditu, ez du kontatzen bere bizitza zehazki berak bizi bezala. Bere lana ezin da irakurri “biografia = poesia”, biografiak pisu handia du baina ez da kontu bakarra. Poema batean esaten du “Hamar urte nituen lurperatu zintuztenean”, baina berez zortzi urte zituela hil zen, horrelako tranpa txikiek uste dut maila bat gorago igotzen dutela bere poesia, kapaz delako biografia material bezala erabiltzeko benetan azaldu nahi duen horretan zentratzeko.

Periferia bat behar du itzulpenak, batez ere poesiaren kasuan? Kasu honetan hitzaurrea, ingelesezko originala, oharrekin dator, audioak entzuteko gonbitea egiten diozu irakurleari…

Nire esperientzia da poemek berauek badutela indar nahikoa beso artifizialik gabe edo euskarri ortopedikorik gabe zutik egoteko, ez da ohar bereziki handirik behar; noski, irakurketa maila ezberdinak daude. Nik aipatzen dut youtube begiratzeko, adibidez, ingelesezko irakurketaren musikaltasuna sumatzeko.

Plathek ahoz gora irakurtzeko idazten zuen, eta nik itzultzerakoan bi aukera nituen: musikaltasunaren alde egin edo ez. Musikaltasunaren bidea hartuz gero esanahia sakrifikatu beharko nuen sarri, eta esan bezala nahiko poesia zaila eta exijentea da berez oraindik gehiago zailtzeko. Horregatik erabaki nuen musikaltasuna ahal dudanean mantentzea baina esanahiari eta irudiei garrantzia gehiago emanez. Sakrifizio bat egon da eta hori izan da nire aukera.

Sylvia Plath hil zenean bi liburu zeuzkan bakarrik kalean, The Colossus and Other Poems eta The Bell Jar nobela ezizenez sinatua, hau argitaratu eta hilabetera hil zen. Bazen ezaguna beraz, baina ez zen gaur egun den Sylvia Plath; bere poemak bere garaian irakurtzen ahal ziren eta irakurri ziren, baina gerora etorri da hura aztertzen duen lan akademiko guztia. Egun liburu dendetan daude bere eguneroko ia guztiak, biografia, telebistarako biopic bat ere bada... Autore honek periferia handia du. Ni ez naiz Plathen aditua, ez naiz gai haren lanaren inguruan dauden lan akademikoen inguruan baten edo bestearen alde lerratzeko, ez zen lan akademiko bat egin nahi nuena. Nire helburua poema horien indarra euskarara ekartzea izan da. Gero irakurlearen esku dago aipatzen den periferia horretan sakontzea ala ez.

Hondakindegia

Ahoz gorako poesia aipatu duzu eta horrekin lotura egingo dut Hondakidegia errezitaldira. Duela gutxi egin genizun galdera sortan aipatu zenuen Baita hondakinak ere liburuaren harira sortu dela emanaldia, baina ez promozio uhinaren barruan baizik eta beranduago. Beste modu batean bizi dira horrela poemak?

Orain liburua gauza bat da, eta nire liburua beste bat (barreak). Denborarekin aldaketa natural bat egon da nire liburuarekiko harremanean, emanaldirako erreskatatu ditut gutxienez beste urtebetez aguantatu didaten testuak. Batzuetan gertatzen da, poemek txutxeriak bezala luzera tripan ez dizutela onik egiten, esan daiteke digestio oneko poemak aukeratzen saiatu naizela.

Ez dut emanaldia oraindik ikusi, dossierra irakurri bai, eta digestioa aipatu duzunez: ez dakit benetan lurra jaten duzuen, baina hori iradokitzen duzue...

Ikusi nahi duenak badaki zer egin! (barreak).

Ez dakit umorearekin zerikusia duen horrek, baina iradokitzen duzue umorerako tartea egon daitekeela...

Bai, bai; sorpresa izan zen bai Mikelentzako bai niretzako; oholtzarako muntaia egiten ari ginela harritu egin ginen gure umorearekin, txisteak egiteko joerarekin... harritu ginen, tonu larri bat hartzen zuelako ikuskizunak, baina beti ere jolasetik abiatuta eta ironia puntu bastanterekin. Emanaldian jendeak irri egiten du… hori izan liteke ere oso txarrak garelako, baina nik pentsatu nahi dut gure umorea ulertzen dutelako egiten dutela irri.

Bada errezitaldiak egiteari uko egiten dion jendea ere, idaztea eta errezitatzea gauza ezberdinak direla dioena. Zure kasuan, zein balio, zein funtzio betetzen du errezitaldiak?

Eszenarako moldaketa hori banuen buruan, eta liburuan ere nik uste dut nahiko aitzakia badagoela gorputzera joateko. Poema asko daude gorputzetik edo akzio batetik abiatzen direnak, lurra jatetik... liburuan Sylvia Plathi hartutako aipuan  “bertikala naiz/ baina nahiago nuke horizontala banintz” esaten du, orduan poeman egiten dudana da lurrean etzan. Bazegoen liburuan joko bat hitza idatzia eta bizitako hitzaren artean, gorputza eta hitza, literatura eta gorputza... haiek  guztiz separatuta ez ulertzen saiatzeko ahalegina. Mikelek esan zidanean ea emanaldi bat egin zitekeen pikatu egin nintzen, eta aukera izan dugunez, nork lagundu izan dugunez, bideoak egiteko gogoz ere banengoenez... aurrera egin dugu, nahiko era natural eta jostarian iritsi gara horretara.

Liburuan suma zitekeen zuzenerako joera bat poema batzuetan, Ginsberg-en “America” izan zenuen gogoan kasu “Euskal Herria” poema luzea idazterakoan, Ginsberg-ek berak irakurraldiak egiteko ohitura zuen... Poema hori emanaldian egongo da ezta?

Bai, kuriosoa da, Ginsbergen poema entzuten duzu youtuben eta zati batzuetan irriak entzuten dira publiko artean. Nik neukan kuriositateetako bat izan zen ea “Euskal Herria”rekin ere jendeak irri egingo zuen. Poeman umorea badago, ironia batzuetan oso gaiztoa ere, batzuetan irribarre egiten duzu eta hurrengo lerroan irribarrea izoztu egiten zaizu. Oraingoz bi emanaldi egin ditugu eta ikusi dut efektu hori egin duela, irribarre egin-irribarrea izoztu... dibertigarria izan da.

Zure poemak berriro deskubritzeko aukera izan duzu emanaldi hauekin?

Batzuk bai, gainera biren artean egiterakoan... normalean ematen diozu lerro bati uste duzun ironia puntua, komikoagoa edo serioagoa, eta beste batek ordea zuk espero ez duzun leku batetik irakurtzen du. Oso kuriosoa da irakurlearen mundua. Irakurleak gara batez ere, eta bakardadean irakurtzen dugu, irakurle klubak eta horrelakoak kenduta; hor ere pentsatzen dut sorpresak egongo direla, jendea harrituko dela ikusita ondoan duenak zeinen diferente irakurri dezakeen esaldi bat. Dagoeneko ongi deskubrituta ditut poemak, entseguetan hainbeste landu eta gero zaila izango da sorpresa hartzea... baina inoiz ez da jakiten.

Albiste honen uberan:

Elkarrizketa Baita hondakinak ere liburuaren harira

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)