Iñaki Irasizabali elkarrizketa
Aita gurea (Elkar) izeneko nobela laburra plazaratu berri du
Ostirala, 2015-03-27Nobela beltzak duen idazle emankorrenetakoa izango da Iñaki Irasizabal. Oraingoan, lanaren munduan erreparatu du: industriako enpresa baten gorabeherak, langileen arteko harremanak… Familiako enpresa batean kokatu du Aita gurea (Elkar) nobelaren trama. Eta horrek ere joko asko eman duela aitortu digu. "Niretzat familia oso gauza literarioa da, eta tradizio anglosaxoian asko landu da. Denok gara familia, baina denok gara familia modu ezberdinean, lehengusuak, seme-alabak, gurasoak... Eta horrek joko asko ematen du. Horregatik iruditzen zait familia hain literarioa".

Odolaren deia (Elkar, 2014) nobelak ere lan munduarekin bazuen zerikusirik. Familia ere beste elementu garrantzitsu bat zen. Nobela berri honetan bezalaxe.
Normalean beti agertzen dut familia. Pertsonaiaren testuingurua da. Nobela honetan ere azaltzen da. Baina honakoan familia ez da nobelaren ardatza.
Dena den, niretzat familia oso gauza literarioa da, eta tradizio anglosaxoian asko landu da. Denok gara familia, baina denok gara familia modu ezberdinean, lehengusuak, seme-alabak, gurasoak... Eta horrek joko asko ematen du. Horregatik iruditzen zait familia hain literarioa.
Esan bezala, aurreko nobelan ere islatu zenuen lan mundua. Edota langabezia.
Baina beste modu batean agertzen zen. Hemen lantegi baten egunerokoak pisu gehiago du nobelaren traman.
Familia-negozio bat da, kasu honetan, pertsonaiaren testuingurua.
Bai, hala da. Enpresa familiar bat da, krisiarekin oso behera etorri dena. Azken katebegira heldu dena.
Gure literaturan, langile mugimendua maiz idealizatu egin dela esan izan duzu. Beste aurpegi bat erakutsi nahi izan duzu nobela honen bitartez?
Alde biak daude. Bada sindikalista bat, “hauek ez dira lanerako baldintzak, krisirik ez balego hau ez genuke onartuko” esatera datorrena.
Nik ondo ezagutzen dudan mundua, den bezalakoa erakutsi nahi nuen. Langileen mugimendua, maiz, idealizatuta agertu baita kultur lanetan. Joera hori dago. Langileen anaitasuna, sindikatuen elkartasuna... Gertatuko da, baina ez beti.
Nobela korala zela esan zuen zure editoreak liburuaren aurkezpen ekitaldian. Zure aurreko nobelak ez bezala, hortaz.
Dena den, Aita gurea (Elkar) nobelan ere protagonista bakarra dago. Nagore. Baina pertsonaia pilo bat du inguruan. Garrantzia dutenak. Bilakaera bat dutenak istorioan zehar. Horregatik diot korala dela.
Lehen aldiz, emakume bat da protagonista.
Ipuinetan ez, baina nire nobela beltzetan lehen aldia da, bai. Istorioak hala eskatzen zuen.
Mungia aldean kokatzen da nobela. Zein neurritan eragin dion inguruak tramari?
Nik Bizkaiko industriagunea ezagutzen dut gehien, eta hara eraman dut nobela, ondo ezagutzen dudalako inguru hura. Baina Durangon edo Elgoibarren kokatu zitekeen trama. Azken batean, poligonoetako bizitza islatu nahi izan dut.
Genero aldetik, mugan dagoen liburua
Nobela beltzan sailkatu dira zure azken liburuak. Hau ordea mugan dela diozu.
Nobela poliziakoak irakurtzen nituen gaztetan. Agatha Crhistie eta beste hainbat idazle. Gero aspertu egin nintzen. Nik uste dut Agatha Crhistie ez dela literatura. Agatha Crhistie matematika da. Datu batzuk emanda, X-a asmatu behar duzu. X-a da hiltzailea. Hori matematika da kar, kar, kar.
Nobela beltza irakurtzen hasi nintzen gero, baina gaur egun gehien gustuko dudana mugako generoa da. Ez dago ikertzailerik, ez poliziarik, baina delituak gertatzen dira, hilketak...
Idazleak, azken finean, irakurri nahi duena idazten du. Eta hor mugitzen naiz ni ere. Nobela honetan droga mundua, tiroketak, labankadak, poliziari beldurra, lapurretak... Osagai horiek badira. Beraz, beltza izango da. Laburra da gainera. Baina ez dago ikerketa bat. Uste dut mugan egongo litzatekeela.
Poligonoetan, sektore horretan egin duzu lan gainera.
Bai, nik ezagutu dudanaz nahi nuen idatzi, den bezala, alde onekin eta alde txarrekin. Inor satanizatu gabe, inor jainkotu gabe. Satanizazioak horrelakoetan ez dira sinesgarri, eta ez dira egiak gainera.
Egunerokotasunak isla zuzena du zure nobeletan. Krisiak, gatazka politikoak, telezaborrak, nerabe-gurasoen arteko tirabirak...
Literaturaren helburuetako bat da gaur egungo errealitatea islatzea. Eta ni horretan ahalegintzen naiz. Krisi ekonomikoa hor dago, eta trama lan munduan kokatzen baduzu, krisia ez aipatzea ia ezinezkoa da. Langileen bizimodua ezberdina da krisi garaian edo krisirik gabeko egunetan. Krisi garaian, bestela onartuko ez lituzkeen gauzak onartzen ditu langileak. Horrek erabat baldintzatzen du.
Izenburua, The Sopranos telesailetik hartua
Izenburua bitxia ipini diozu oraingoan.
Poesia gutxi irakurtzen dut eta The Sopranos-en kapitulu batean topatu nuen izenburua. Jacques Preverten poema batetik hartua da. Aita gurea zeruetan zarena, gelditu zaitez bertan, eta gu hemen / lurrean geldituko gara, / batzuetan hain ederra den lurrean. Idazle surrealista zen, aspaldi hildakoa.
Gero jakin nuen Bertrand Tavernierrek bere lehen pelikula Jacques Preverti eskaini ziola.
Nobela beltzaren zaletua izanik, The Wire eta antzekoak ere ikusiko dituzu.
Bai baina Breaking bad da onena eta liburu honetan badago haren eraginik. Hala nahiko nuke pentsatu!
Pozarren egongo zara egungo telebista-fikzioak hartu duen joerarekin.
Bai, dudadrik gabe. Lehen telesailak oso eskasak ziren. Orain 12-16-20 orduko pelikulak dira. Niri harrigarri egiten zait hori errentagarri izatea. True detective ere oso telesail ona da.