Harkaitz Canori elkarrizketa
Zebra efektua komikia osatu du Iñaki G. Holgado ilustratzailearekin bateraOstirala, 2014-02-14Irailean Norbait dabil sute-eskaileran (Susa, 2001) liburua nederlanderaz eman zen argitara eta orain galizieraz aterako da Pasaia blues (Susa, 1999). Harkaitz Canoren aspaldiko lanek bere bidea egiten jarraitzen dute. Baina lan berriak ere plazaratu ditu. Iñaki G. Holgado ilustratzailearekin ondu duen Zebra efektua (Ikastolen Elkartea, 2013) komikiak akaso ez du behar adina oihartzun izan. "Iñaki G. Holgadok eta Dani Fanok esaten zidaten, ikusiko duzu, komikiaren mundua marginala da, erabat. Hemen ez digu inork erreparatzen, eta nik esaten nien, ez da hainbesterako izango!. Baina bi album atera ondoren esan dezaket baietz, hainbesterako dela". Komikiaren azalaz eta mamiaz mintzo zaigu ondoko elkarrizketan.

Liburuaren kontrazalak dioenez, giza-otsoaren mito klasikoa dago komikiaren oinarrian. Kasu honetan, azalaren kolore aldaketa da metamorfosiaren emaitza. Abantaila izango da batzuetan, desabantaila besteetan, baina bestelako konturik utziko duena agerian. Arrazakeriaren sustraiak aspaldikoak direla, eta irauten dutela denboran, esate baterako.
Giza-otsoaren mitoari dagokionez, bi gauza daude. Batetik, ezberdina denarekiko beldurra. Eta bigarrenik, norbere larruan nozitzen dugun metamorfosi horrekiko beldurra. Azken batean, denak ari gara aldatzen. Jaiotzen garenetik, zahartu ahala, aldatzen ari gara.
Gertatzen dena da giza-otsoak interesgarri daukana zera dela: denok bizi dugun metamorfosi moduko hori exageratu eta azeleratu egiten duela.
Oso denbora gutxian bihurtzen gara beste norbait, eta hor dago metamorfosiaren lilura. Denoi gertatzen zaigun zerbaiten sublimazioa dago, muturrera eramanda. Horregatik egiten zaizkigu pertsonaia hauek hain interesgarriak.
Arrazakeriarena ere, hor dago, baina hori behar bada aitzakia bat da. Atzean dauden beste hainbat kontu, gaur eguneraino iristen diren hainbat kontu azaltzeko.
Literatura beltza eta Quentin Tarantinoren zinemagintza elkartzen diren bidegurutzean kokatzen da Zebra efektua. Hori ere irakurri daiteke liburuaren kontrazalean. Oso zinematografikoa da komiki hau. Edo akaso komikitik asko du Tarantinoren zinemagintzak edota gaur egun egiten den literatura beltzak.
Nik beti esaten dut komikia dela zinema perfektua. Komikiaren binetaren barruan dagoena da marrazkilariak eta gidoilariak adostu dutena, eta euren talentuak egin ahal izan duena. Hor ez dago beste mugarik. Eta hori kristoren askatasuna da, zinemak gure artean ez duena. Garai bat aukeratzeko orduan, pertsonaia sorta bat aukeratzeko orduan, klima bat...
Zinemagintzan beti zaude mugatua, baliabideetara mugatua. Eta komikian ez. Zentzu horretan, komikiak abantailak dauzka.
Egia da, bestalde, zineman egokitzapen asko egiten direla. Gaur egun, komikietako zenbat istorio jasotzen dira...
Nobela beltzaren ukituak ere baditu. Hasieratik gainera. Pulp fiction filmekoak diruditen bi hiltzailek enkargu bat jaso dute. Bukaeran argituko da ekintzaren emaitza, eta ekintza bera.
Hasieran eta bukaeran bada genero beltzarekiko keinu bat. Klitxe batzuen bidez, generoak ahalbidetzen du mekanismo batzuk berehala martxan jartzea, gidoiaren arkitektura erraztuz. Bi hiltzaile dituzu helburu batekin, ba amua begi bistan dago. Horren bidez, beste hainbat gauza kontatzea ahalmentzen du.
Bere garaian, Pulp fiction ikusi nuenean, inpaktatu egin ninduen. Estilo fragmentario hori, pertsonajeen gurutzaketa kasuala erabiltzea gidoiaren tresna bezala... Hori beti gustatu izan zait. Pasaia blues (Susa, 1999) idatzi nuenean banuen Pulp fiction filmaren enpatxo moduko bat. Orain ere, diluituagoa akaso, baina hor dago.
Ilargi beteko gauetan, beltz zena zuri bilakatzen da zenbait orduz. Hau baliatu duzu esklabotzaz hitz egiteko. Garai batekoaz zein egungoaz. Banketxe zein seguru-etxeekiko dugun menpekotasuna ere esklabotzaren bertsio modernoagoa da, ezta? Sotilagoa akaso. Iradokitzen dituen mundu eta garai horietatik, komikiak baduela sakoneko hausnarketarik. Gaur-gaurko erreflexioak direnak, bestalde.
Bai, hori zen asmoa. Hau ez da tesi bat, komiki bat den neurrian. Baina badaude horrelako keinuak. Esklabotzaz hitz egiten duzu eta badirudi oso urruneko kontua dela, baina gai hori aztertzen hasi eta ikusiko duzu Bordeletik bertatik bostehun espedizio atera zirela XVII. eta XVIII. mendeetan, eta azkenekoa 1873. urtean. Urteak joan dira, baina ez hainbeste.
Eta ez dela hain urrutiko gertaera izan.
Sistema nahikoa sotila zen. Esklaboak Afrikatik hartu, Antilletara eraman, han saldu eta barku berean ekartzen zuten handik hona kakaoa eta abar. Hona bueltatzen ziren berriro kargatuta, baina merkantzia noblearekin edo. Bordelen esklaboak ez zituzten ikusten, baina dirua hortik etortzen zen.
Hori sotila ez bada, gaur egun, ikusten ditugun benetako piratak ez dute zertan itsasoratu. Itsasontzi handien aseguruak noren esku dauden aztertuko bagenu, ba ikusiko dugu zeintzuk diren Europako herrialde aberatsenetako batzuk eta zergatik.
Aberastasun horrek badituela sustrai ilunak.
Badago jendea aztertzen duena hainbat banketxe ezagunek zenbat diru gastatu duten beraien fortuna pertsonalen jatorria ezkutatzeko.
2007ko Mardi Grasen amaituko da komikia. “Aitor dezagun: erosoagoa da denontzat beltza beltz dela sinestea... eta zuria zuri...”. Hori esango du Regis Walker historialariak. Hor dago liburuaren muina akaso?
Azken batean, denok egiten dugu hori, ezta? Bestela etengabe galduta ibiliko ginen. Gauzei izen bat jarri behar zaie, etiketa bat, leku batean sartu... Hori egiten da diskoetan estiloekin, hori egiten da generoekin nobeletan, hori egiten da gure eguneroko bizitzan jendearen itxurarekin... Mikro edo makro eskalan, “hau zer da txuria edo beltza?” argitzerakoan, praktikoa da sailkapen hori. Kontua da horrek, batzuetan, dakartzan gaizki ulertuak, aurreiritziak edo bestelako kontuak.
Eta aurreiritzi horiek ekarriko nituzke komikiaren mundura. Iñaki G. Holgadok eta Dani Fanok esaten zidaten, “ikusiko duzu, komikiaren mundua marginala da, erabat. Hemen ez digu inork erreparatzen”, eta nik esaten nien, “ez da hainbesterako izango!”. Baina bi album atera ondoren esan dezaket baietz, hainbesterako dela. Harrigarria izan da, unibertsitateek eta akademiek ez erreparatzea komikiari, ba tira, aurreikusi nezakeen. Baina literaturarekiko nahikoa sentsiblea den jende batekin dezepzio modukoa izan dut.
Eta hedabideotan ere...
Bai, umeentzat edo erabat egosi gabeko buruentzako balitz bezala komikia.
Oker ez banago, Frantzian badu merkatua. Toki bat du literaturaren sisteman.
Nagusiki helduentzat, gainera. Angulemako azoka izan berri da. Eta azoka erraldoia da hura, adin guztietako jendea topatuko duzu han. Hura beste mundu bat da. Komikiak estiloka sailkatuta daude eta Karl Marxen Kapitala topa dezakezu manga estiloan. Beste tradizio bat dago han, beste industria bat. Frantzian indartsua da komikia, bai.
Liburua atalka eman duzue Xabiroi aldizkarian. Horien konpilazioa da komikia. Lehen eta azken atalek bereziki ematen diote lotura liburuari.
Nahikoa planifikatua zegoen batez ere liburuaren hasiera eta bukaera. Obamaren lehen legealdiaren aurretik, Obama oraindik senadore bat zen garaia interesatzen zitzaigun islatzea. Izen bat baino ez zen Obama, eta keinu hori egin nahi izan genuen.
Dena den atal bakoitzak badu corpus propioa. Komikia ere horrela eman duzuelako Xabiroi aldizkarian, atalka.
Xabiroirako eskatzen zitzaizkigun kapitulu autokonklusiboak, hasi eta buka egiten direnak, sei zortzi orrialdeetakoak. Horri hari bat emateko orduan, joskintza lan bat egin behar da.
Iñaki G. Holgadorekin elkarlanean egindako bigarren lana hauxe. Piztia otzanak plazaratu zenuten Zebra efektua-ren aurretik. Eta ordukoan ere, suspentsea osagai garrantzitsuenetakoa zen.
Bai, genero beltzeko komiki zalea izan naiz. Zinean eta komikian. Dena den, kasualitatea izan dela esango nuke. Piztia otzanak kapituluka eman genuen baina hor istorio bat kontatzen da. Bada lotura oso garbia kapitulu batetik bestera.
Kasu honetan, behar bada suspentsearena gehiago da hasiera eta bukaerari dagokiona. Indar gehiago dauka liburuan metaformosiaren gaiak.
Dani Fanoren akuiluari esker sortzen da Iñaki G. Holgado eta Harkaitz Canoren arteko harremana, nonbait irakurri dugu hori. Xabiroi, oasi modukoa dela esan daiteke.
Hala da! Ez dago besterik, eskerrak Xabiroiri! Urte batzuk badira argitaratzen denetik. Dagoeneko argitaratu dira album batzuk, badago jarraikortasun bat eta jendeak identifikatzen ditu albumak. Badago urtean behin argitaratzen den album bakar hori erostera ohitu dena. Alde horretatik, komikiaren ekosisteman funtsezkoa izan da.
Iñaki G. Holgado, hain zuzen, Xabiroiri eta Dani Fanori esker ezagutu nuen. Elkarrekin jarri gintuen harremanetan eta lanean. Hor ikusten da lan pixka batekin eta epe ertain luzeko priektuekin gauzak oso ondo egin daitezkeela.
Pasaia blues nobelaren itzulpena aurkeztuko da asteon Galizian. Pasaia blues (Susa, 1999) Aspaldiko nobela izanik ere, albiste onak ematen jarraitzen du. Irailean Norbait dabil sute-eskaileran (Susa, 2001) liburua nederlanderaz eman zen argitara eta orain galizieraz aterako da Pasaia blues (Susa, 1999). Hor bada azpimarratu nahiko nukeen zerbait: literaturaren erritmo geldoa. Plazaratu aurretik, idazlearen nobela hamalau hizkuntzetara ez badago itzulita eta Eskandinaviako produktora batek ez baditu egile eskubideak erosi, idazle frakasatu bat zarela dirudi. Dena parametro horietan mugitzen dela dirudi, eta barkatu baina ez.
Horrelakoetan ikusten da gurea epe luzeko apustua dela. Era horretan lortzen diren afinidadeak, benetakoak eta iraunkorrak dira. Ez dira merkatuak eta diruak ematen dituenak baizik eta beste batzuk. Askotan, harreman kontuak dira. Baina horiek dira gero epe luzera funtzionatzen dutenak. Liburu bakoitzak eramaten zaituenean herrialde, hizkuntza, itzultzaile edota idazle berriak ezagutzera, gerora zure idazkeran geldituko den marka bat izango da hori. Niretzat hori da literaturaren xarma.
Isaac Xubinek egin du itzulpena. Eta Hugin e Munin argitaletxeak emango du argitara.
Duela urte dezente ezagutu nuen Isaac, itzultzaileen elkarteak (EIZIE) antolatzen duen tailer horietako batean. Urtero elkartzen dira laupabost itzultzaile idazle batekin eta itzultzen dute bere idatzi bat. 2006an izan zen hori. Neguko zirkoa (2005) liburuko ipuin bat itzuli genuen orduan.
Hugin e Munin argitaletxe txiki bat da baina gauza oso politak egiten dituzte eta oso aktibo daude oraintxe bertan Galizian. Bazkide sistema bidez funtzionatzen du. Tirada erdia bazkideei bidaltzen zaie eta beste erdia liburu dendetara.