Goizalde Landabasori elkarrizketa
Bränskint liburua plazaratu berri du Txalaparta argitaletxearekin Osteguna, 2011-06-23Asmatutako hiriburu baten izena da Bränskint (Txalaparta) baina ezagutzen ditugun hirien antzekoa da. Bilbo izan zitekeen, adibidez. Hiri iluna hainbatetan, hiri gogorra ia beti. Baina itxaropenak ere badu bere tokia Bränskint hirian. Gutxitan bada ere, hiri honek koloretsu izaten badaki. Hitzez eta irudiz edertua dator, hain zuzen, hiri imaginario honi eskainitako liburua. Goizalde Landabaso arduratu da hiriko istorioen kronika modukoak jasotzeaz, mikro-ipuinen bidez. Eta Aritz Eigurenek osatu ditu ipuin horiek, marrazki indartsuen bitartez.

Ongi etorri Bränskint-era, irudiak hitza osatzen duen liburura. Txalaparta argitaletxeak plazaratu duen liburu grafiko honetan, Goizalde Landabasok egindako mikro-ipuinak eta Aritz Eiguren marrazkilariaren irudiak bata bestearen osagarri dira. Literaturian aurkeztua izan zen liburu hau, ekainaren 4an, eta prentsaurrekoaren ondoren Goizalde Landabaso idazlearekin aritu ginen hizketan.
Mikro-ipuin hauetako batzuk poemak dirudite. Eta oro har, zure idazteko modua oso poetikoa dirudi. Zurekin batera datorren zerbait al da?
Nik, berez, beti izan dut poesiarako joera. Ez dakit zergatik baina edozer idazten dudan bakoitzean, joera hori hartzen dut. Aurpegiratu inoiz ez didate hori aurpegiratu, baina serio idazten dudanean ere zirrikitu batzuetatik poesiak ihes egiten duela esan izan didate. Poesia zalea naiz, poesia irakurle amorratua naiz.
Aurretik poesia liburu bat ere argitaratua duzu, gainera, "Jat" izenekoa.
Bai, hala da. Eta horretara jotzen dut. Egia da liburu honetan saiatu naizela, gaiarengatik edo, gogorrago izaten hainbat momentutan. Baina liburua amaitzerakoan, dena errepasatzen hasi nintzenean, horretaz konturatu nintzen: "honetan ere ihes egin dit". Ez nuen nahi baina sartu egin da poesia.
Bide berriak urratzen jarraitzen du Txalaparta argitaletxeak eta liburu hau da honen erakusgarri. Hitzak osatzen du irudia eta irudiak hitza. Nola izan da liburu honen osatze-prozesua?
Luze joan da. Lehenbizi idazketa etorri zen. Hasieran, irratirako enkarguari jarraituz, ipuinak idatzi nituen. Minutu bateko mikro-ipuinak behar zuten izan. Dozena bat enkargu izan ziren, dozena bat ipuin. Eta horren ondotik iritsi ziren gainontzeko guztiak. Bide beretik. Hasieran, beraz, ipuin denak idatzi nituen. Gero idazketa osoa pasa nion Aritz Eiguren marrazkilariari eta egun dezente pasa genituen ipuinen inguruan hizketan, zer ipini eta zer ez zehazten.
Aritz Eigurenek marrazki oso diferenteak egiten ditu eta komikirako joera dauka. Batzuetan, iradokitzaileago izateko esan behar izan genion. Ez agertzeko den-dena, airean zerbait utzi behar dela, irakurleak nolabaiteko feedback-a izan dezan liburuarekin.
Zure idatziak margolari baten eskuetan utzi dituzu, beraz. Idazle zaren aldetik, aberasgarria izan al da esperientzia?
Diziplina ezberdinen arteko nahasketa oso interesgarria iruditzen zait. Uste dut horra jo behar dugula. Gauza garbi garbiak ez dira kasik existitzen. Iruditzen zait uztarketak oso interesanteak eta oso aberasgarriak direla.
Nire lehen esperientzia izan da marrazkilari batekin. Era honetanlan egiteak aukera ematen dizu zuk egin duzun hori beste baten begietatik ikusteko. Zure lanaren beste ikuspuntu batzuk ikusteko. Nik ikusten ez nituen gauza asko berak ikusten zituen eta beharbada ordura arte ni konturatu ez, hor zeudenik.
Mamiari erreparatuz, badira elkar lotuta dauden ipuin batzuk. Baina ez daude bata bestearen segidan. Zentzu horretan, jolas modukoa proposatu diozu irakurleari, ezta?
Nolabaiteko astinduak dira. Noizean behin ondo dator, erritmoa apurtu eta arretaz berriro ekiteko.
Ipuinak harilkatzeko modu horretan, beraz, bada intentzio bat.
Bai, bai. Hasieran pentsatu nuen (lotura duten) ipuin horiek bata bestearen atzetik jartzea, baina gero konturatu nintzen beharbada indartsuago geratzen zirela beste ipuinen artean tartekatuta.
Hiri imaginario bat da Bränskint. Baina ohiko hirietan gertatzen dena gertatzen da han ere. Hirietako estoldetako gauzak, agerikoak ez diren gertaerak.... Bilbo ere izan zitekeen.
Ipuin hauek leku askotan idatzita daude baina gehienak Bilbon idatzi ditut. Bilboko leku berezi batean bizi naiz, Alde Zaharrean. Nire etxe azpian yonki-ek lo egiten dute eta arrantza egiten dute, korrokoiak harrapatu eta jan egiten dituzte. Egunero ikusten dut beste errealitate hori. Oso auzo nahasia da, arraza asko eta kultura asko eta hizkuntza asko nahastuta daude.
Bisitatu izan ditudan hirietan ere, saiatu naiz leku horiek ezagutzen. Ia gainontzeko hirietan gauza bera ematen den. Eta zentzu batean, egia da hiri guztiak berdinak direla. Funtsean, gizakiak bizi gara hirietan eta gizaki denak gara berdinak. Aldatu daitezke ohiturak, kultura, hizkuntza... Baina funtsean gauza berberak egiten ditugu eta instintu berberak ditugu.
Liburuan azaltzen diren kezkak eta gaiak ere, unibertsalak dira.
Hori da, miserian bizi dena, miserian bizi da bai hemen eta baita edozein tokitan ere. Nik ez nuen Euskal Herriko istorio bat kontatu nahi, munduko hirietan gertatzen diren istorioak kontatu nahi nituen. Hau Bränskinten, Berlinen, Amsterdamen edo Singapurren gertatu daiteke. Eta gertatzen da, berez. Herriaren pobreziaren arabera, akaso are gordinago. Eta Bilbon ere gertatzen da, nik egunero ikusten dut.
Bideo honetan, Goizalde Landabaso liburuko protagonistetaz mintzo da.
Gris kolorea nagusitzen dela esan duzu liburuaren aurkezpenean.
Liburu honekin hasi ginenean, hiri bati buruzko liburu bat irakurri nuen eta iruditu zitzaidan idazleak ez zekiela zer zen hiri bat, ez zuela islatzen benetan hiriaren arima. Nik ez dut hiri bat horrela bizi, uste dut hiri bat hau dela: egunerokotasunean gertatzen diren gauza guztiak. Baina konturatu naiz gizakiaren alderik ilunenaz hitz egiten amaitu dudala.
Liburua zuri beltzez egitea zen hasierako asmoa, baina itxaropen apur bat ere eskaini behar zela pentsatu genuen ondoren. Eta kolorea sartu dugu hainbat ipuinetan, horregatik hain zuzen. Desesperazioa erabatekoa zelako, bestela.
Akaso egia da ilunegia geratu zaidala liburua. "Hiria zein gauza itsusia den" pentsa dezake liburua eskuratzen duen baten batek, baina ez da horrela. Eta banuen hau kontatzeko gogoa. Ze gaiztoak garen batzuetan, eta ze maltzurrak beste batzuetan...
Hala ere, idazten ari nintzen bitartean damu momentu batzuk izan nituela konturatu naiz. Damu momentu horietan saiatu naiz positiboago izaten.
Oreka bilatzen.
Hori da, ez dakit oso ondo orekatu dudan, baina tira.
Irratiko esataria zara eta irratiko enkargu batetik abiatu ziren mikro-ipuin hauek. Ogibidea zure zaletasunarekin lotzeko aukera izan duzu, beraz zorionekoa izango zara, ezta?
Begira. Aurrekoan galdetu zidaten ia zerikusirik ote zuten kazetaritzak eta literaturak. Eta badute, niretzat gauza bera da. Dena uztartzeko aukera eman dit niri. Uste dut ezin dudala bizi banaketa hori eginda. Lanbidea eta literatura, niretzat dena bat da. Barruan, zurrunbilo berbera da eta hortik irteten da dena. Irratiak gauza asko eman dizkit eta kendu ere bai, baina gauza asko eman dizkit eta uste dut zorioneko pertsona naizela. Plazer momentu handiak eman dizkit eta ematen dizkit.
Akaso ez da zuzena hau galdetzea, liburu hau argitaratu berritan. Baina ari al zara beste zerbait idazten?
Ez dakit gauza handirik esan dezakedan. Askoren artean egindako liburu baterako ari naiz idazten. Baina ezin dut ezer gehiagorik aurreratu.
Bränskint liburuan jaso den mikro-ipuin horietako bat entzun nahi? Klik egin ondoko bideoan.