Elkarrizketak

Gaizka Sarasolarekin solasean

Urak Ttiki dire antzezlana idatzi du Gilkitxaro taldearentzat, Cafe Bilbao Teatro saria jaso du Lurrazpikoak testuarekinOstirala, 2014-03-21

Urak ttiki dire antzezlana idatzi zuen Gilkitxaro taldekoentzat, Lurrazpikoak lanarekin Cafe Bar Bilbao teatro saria jaso berri du. Lesakako Mairu antzerki taldean ezagutu genuen aktore eta idazle, "Keinu leihoak" antzerki jardunaldiak antolatzen, edo Xabi Erkiziarekin batera musikari. Bere teatro lanak, eta teatroa bera, izan ditugu mintzagai elkarrizketa honetan.

Gaizka Sarasolarekin solasean

Honako hau dio Urak ttiki dire antzezlaneko aurkezpenak:

“Ilargik eta Willik basoan topo egingo dute; ez dute elkar ezagutzen. Zapalduriko morkotsa den bidean, iraganeko iratze metak baino ez daude. Ilargi etxetik alde egiteko beharraz doa bertara, hankak freskatu eta garbitzera, etxeko pisutik libre sentitzen baita bertan. Aitak beti erraten zion bertan izan zela zoriontsuen. Willi, ordea, beste zerbaiten bila dabil, ihesean. Erregea eta bere segizioaren zain dago. Eginbehar garrantzitsua dauka, helburu suntsitzailea eta definitiboa.

Itxaropenak, amesgaiztoak, frustrazioak, maitasuna, bakardadea eta elkar ezin ulertzea behin eta berriz agertzen dira zuhaixkak galdutako hostoz beteriko bidean. Hala ere, bada herri honetako eguneroko bizitzan ondorio asko izan dituen bestelako gai potoloa: borroka, pertsonen arteko borroka, pertsonen aurkako borroka, borroka armatua, borroka poetikoa, existitzen ez diren borrokak, galdutako borrokak, irabazteko borrokak, asmatzeke dauden borrokak...”

Nola sortu zen Urak Tiki dire antzezlana?

Afari giroko enkargua izan zen, erronka bat; 8 begi antzezlana egin zuten Gilkitxarokoek Lesakako "Keinu leihoak" jardunaldietan, eta gero afalorduan gaia atera zen, ez dakit nola: edo beraiek niri testu bat egitea proposatu zidaten, edo nik komentatu nien beraien lanetan beti antzeko bideetatik joaten zirela, behar zutela gai serioago bat. Horrelako zirika batetik atera zen nik beraientzat testua egiteko ideia.

Gilkitxaroko Ane Zabala eta Galder Perez zenituen buruan testua idazterakoan, edo libre jokatu zenuen?

Banekien beraientzako zela eta banekien ikusi nahi nituela normalean ikusi ez nituen lan mota batean, normalean egiten ez duten antzerki bat egiten. Hala ere, pertsonaiak zehazterakoan ez nituen irudikatzen beraien aurpegiekin.

Gilkitxarokoek nahiko estetika berezia eman diete pertsonaiei, testuan bazen maila horretako argibiderik?

Ez, nik akotazioetan jartzen nituen gauza batzuk, baina eszenifikazioa beraiek libre hartu dute, nik ez nuen irudikatzen beraiek gero errepresentatu duten bezala.

Kuriosoa da, testuak badituelako ezaugarri oso markatuak zenbaitetan, hizkuntza ereduari dagokionean adibidez. Lesakar batua da erabili duzuna, eta beraiek bizkaitarrak izanik ere errespetatu egin dute.

Hizkuntza ereduari dagokionez berez ateratzen zitzaidana egin nuen, niretzat naturalena dena. Ikastolan ibili garenontzat nafarrera batua -nolabait definitzearren- da naturalena. Ez nuen moldatu euskara batuago bat beraientzako. Gainera basoan kokatua dago, terminologia landareena, animaliena, zuhaitzena da. Horrekin ez nien erronka bat luzatu nahi, gero beraiei komentatu nien moldatu genezakeela batuago, edo nahi baldin bazuten beraiek bizkaierara pasatzeko libre zirela. Baina beraiek erronka bezala hartu eta nahiago izan zuten bere horretan utzi.

Lagun batzuek esan zidaten neuk testukoa ez zela lesakarra ere. Gilkitxarokoei  bertsio are leskarrago bat bidali nien ere, baina hori gehiegizkoa izan zen. Ez dakit beraz guztiz lesakarra den, nafarrera batua den… ez da behintzat gure aiton-amonek erabiltzen dutena.

Askotan esaten da antzerkian badagoela altxor bat euskalkietan, norberak bere ahozko bidea topatzeko orduan, batuak artifizialkerietara eramaten gaituenean. Kasu honetan ez da hori ere, antzezleek beraienak ez diren moduetan barneratzeko ahalegina egin dutelako. Bide interesgarria iruditzen zaizu hori?

Erronka bezala interesgarria da, baina azkenean emaitzaren aldetik ez du gainbalio berezirik. Antzerkiaz ari gara, beraz beti ere artifizioaz solasten ari gara. Ulertzen dut beraien erronka, baina ez dakit nik idatzitako euskara errespetatzean edo beste euskalki batean egitean emaitza aldetik aldaketa aunitzik izanen ote zuen.

Beraiek definitu izan dute "drama surrealista absurdu" bat bezala, zuk ere horrela definituko zenuke?

Nik definizioekin badut kriston zalantza, ez zaizkit gustatzen, ez dut neure burua gai ikusten modu batera definitzeko idatzi dudana.

Gilkitxarokoei ez ohiko erregistro bat proposatu zenien, baina beraiek azkenean komediara gerturatu dira. Bi egiteko moduen erdibideko zerbait geratu da agian?

Nik uste dut testuan berez komedia badagoela, normalean antzerkia idazten dudanean umorea beharrezkoa iruditzen zait, gustatzen zait, bizian bezala ez da dena drama hutsa. Drama badu beraz, baina ez dakit surrealista ote den; antzerkian bai gustatzen zait ez ohikoa den egoera bat planteatzea, gero egoera horrek eramaten zaitu errealitateak ematen dizkigun konfliktoetara, sentimenduetara eta gertaeretara. Beraz, ez dakit surrealista den egiatan edo errealitatea den surrealistagoa.

Absurduaren eragina bai, badago; Lesakan antzerkia egiten hasi ginenean Mairu taldearekin. landu genuen lehenengo testua Fernando Arrabalen Trizikloa izan zen, hasieratik heldu genion absurdutik lan egiteari. Gustatu izan zait beti absurduaren antzerkia, erakartzen nau.

Ez dakit surrealismo kutsua den edo poetika baten eragina, baina sinbolo asko erabiltzen dira Urak ttiki dire antzezlanean. Lurrazpikoak-en baita ere, baina agian ez modu hain absurduan. Urak ttiki dire-n interpretazio asko egin ditzake ikusleak.

Sinboloak ibiltzea gustatzen zait, txistulari eta euskal dantzan ibili naizenez gero dantzen sinbologia erabili izan dut. Ez dakit poetika den, baina antzerki baten barrenean esaldi polit bat, keinu polit bat topatzea gustatzen zait, atmosfera poetiko bat bilatzea.

Agian horrek aktoreei lagundu egiten die beren interpretazioa egiteko orduan, testuaren aukerak zabalduz, testu itxi, oso akotatu edo naturalistago baten aldean.

Bai, izaten ahal da beraiei beren lana egiten libreago uzteko, edo izaten ahal da koldarra naizela eta anbiguo izan nahi dudala, ez naizela ausartzen egiatan erran nahi dudana erratera eta ezkutatzen naizela. Batzuetan zalantzak ditut. Nik uste dut batzuetan ematen digula halako pudore bat, zuzenki erran beharrean uzten ditugula anbiguotasun batzuk. Aberasgarria ere izan daiteke ikuslearentzat: bakoitzak interpreta dezala interpretatzen ahal duena edo uste duena edo momentuan bizitzen duena.

Aipatu duzu basoa, baina era berean badaude oso elementu kaletarrak ere, bada mundu ezberdinen arteko nahasketa bat…

Bai, dena den elementu kaletarrena uste dut aktoreen ekarpena dela. Iratzargailua nik ez nuen sartua, ibiltzen duten argitxoaren ordez nik argizaiola bat nuen, lehergailua berriz bai azaltzen zen nire testuan…  Ilargi basoa erreka eta landa mundukoa da,  Willirena ez dakit urbanoa den baina bai arrotza.

Arrotza zein zentzutan?

Atzerritarra izan daitekeena errealitatean, kanpokoa dena, Asiako liztorra izan daitekeena bezain arrotza, zerbait berria.

Erregearen figura ere presente dago obran, eta berehala lotu dut Mairurekin egindako Erregea, soldadua eta bufoiarekin, botere harremanak islatzeko modu bat agian…

Bai, erregea boterearekin lotua dago, boterea da Willi eta Ilargiren aurretik pasatzen dena. Lurrazpikoak-en ere karta batean azaltzen da erregea, bastozko erregea. Ez dakit kontzienteki egiten dudan, baina boterearekin  zerikusia duen elementu bat da. Gilkitxaroren taularatzean ez da ikusten, baina haien aurretik pasatzen zen segizioa testuan txirrindulari bat zen. Idatzi nuen garaian zen Vuelta a España Euskal Herritik pasa behar ote zen edo ez eztabaida zegoen, eta horrekin jokatu nuen.

LURRAZPIKOAK

Aurtengo Cafe Bar Bilbao saria jasota ezagutu ahal izan genuen Lurrazpikoak testua, osorik irakurri daiteke sarean.

Oso bestelakoa da Lurrazpikoak, hizkuntza eredua ere beste bat da.

Batuagoa da, izan daiteke igual badakizulako lehiaketa batera aurkezten duzula, eta moldatzen duzu horretara. Guk taularatzeko egin izan banu gure euskalkia gehiago errespetatuz egingo nuen.

Nahiz eta egoera normalago batean egon sinbolismo handia dago bertan ere: argia, lurrazpiko mundua…

Sinbolismo handia dago bai, eta lehen esan bezala ezohiko egoera abiapuntu bat ere. Urak ttiki diren hasiera surrealista samarra den moduan (pertsona bat oihan baten erdian bainera batean) hemen argi txikiekin leku itxi batera sartzen diren pertsonaiak dira, argia falta den egoera batean.

Hizkuntza eredua aipatu dugu, haietako batek gazteleraz egiten du gainera.

Bai, etorkina da bera, uneren batean planteatu nuen euskaraz egitea. Idazterakoan ez dut inon akotatzen, baina istorioa 80eko hamarkada inguruan gertatzen zela nuen buruan, eta pertsonaia hori Huelvakoa zela. Garai horretan Huelvako batek gazteleraz hitz egingo luke hemen.

Pertsonaiak adinekoak dira, jubilatuak. Ez da oso ohikoa testu berri batean hastapenetik adin horretako pertsonaiak aukeratzea…

Lan honetan ez nuen konpromisorik antzezteko, ez nuen buruan inorrek antzeztu behar zuenik ez deus. Gainera, idatzi baino lehenago banenbilen bueltaka satorrekin irudiarekin, lur azpian dabiltzan pertsonaiekin zer edo zer egiteko asmotan. Ideia horien artean zen pertsonaia hauena, Ama Lur pelikulan agertzen ziren meatzari horiek gogoan. Meatzariekin zerbait egin nahi nuen, zer pasatuko zen haiekin, esperantza hobe bat bilatzeko haien nahiarekin.

Puntu horretan badago, zeharka, belaunaldi ezberdinen arteko talka bat, aipatzen denean langile horien ondorengoek nola egingo duten haien lanaren aldarria…

Nik uste dut talka baino gehiago protagonistak gogoratzen dabiltzala… gaur egun ematen dena gertatzen da, beraiek uste zutela etorkizun hobe bat izan izaten ahal zutela eta ohartzen dira gero eta okerragora doala. Beraiek uste zuten etorkizun hobe hori izanen zela mehatzean lanean egin behar ez izatea gehiago, eta beraien ondorengoen etorkizun hobea mehatzean lanean jarraitu ahal izatea da, itxi behar dituztelako mehatzeak. Belaunaldien arteko talka baino galera batean daudela ikusten dute.

Gaurko testuinguru ekonomiko honetan koka daiteke beraz, nahiz eta 80 hamarkadakoa izan.

Hori da, gaur egun lana erregutzen gabiltza, berdin zaigu zer modutara lan egin. Esklabo izatearen alde aldarrikatzen gabiltza nolabait.

Testu hau saritua izan da, bestela ere idazten duzu antzerkia normalean, "aitzakiarik" gabe alegia?

Antzerkia idatzi izan dut talderako, baditut egin gabe gelditu diren pare bat testu gordeta… antzerkia normalean idatzi idazten duzu antzeztua izateko, beraz, orain momentu honetan ez dut idazten.

Talderik ez denean idazteko aitzakiak edukitzeak laguntzen du, aitzakia zentzu onean?

Izan behar da zerbait, antzezteko gogoa edo bidea. Bestela, irakurtzen dut antzerkia eta batzuetan ondo pasatu izan dut, baina antzerkia irakurtzea ez zait iruditzen hain interesgarria, ez nau hainbertze aberasten.

Erregea soldadua eta bufoia gogoan hartuta, asko aldatzen da taldearen barrutik idaztea edo kanpotik? Azken bi testu hauetan taldearen kanpotik egin duzu lan…

Bai, nik taldean idatzi dudanean idatzi dut erabat irudikatuz taldekideak zeintzuk ziren eta zeinek antzeztu behar zuen, antzezle bakoitzaren ezaugarri fisikoak ere banekizkiela… Urak ttiki diren eragin pertsonal bat ere badago edukietan, nire bizipen batzuk eragina dute testu horretan. Beno, testu guztiek badute idazlearen bizipena, baina hor nabariagoak dira. Nik uste dut jakinik ez nuela nik edo nire taldeak egin behar, beste batzuek egingo zutela, segurtasuna eman zidala idazteko, zerbait pertsonalki hain hurbilekoa izanik.

SORMEN BIDEEI BURUZKO GOMUTAK

Musikarekin ere harreman estua duzu, Xabi Erkiziarekin egin duzu lan, irakasle ere bazara… baduzu proiekturik musikagintzan?

Ni berez txistularia naiz eta ogibidea dut txistua jotzea eta erakustea. Ogibide hori izateak askatasuna ematen dit nahi dudanean dantza taldean aritzeko eta batzuetan gogoa, indarra eta denbora baldin badut musika eta antzerkian saltseatzen aritzeko. Erkizia eta Erika Lagomarekin badugu proiektu bat: urte eta gehiago da txondorra egin zela Lesakan, grabazio batzuk egin genizkion lehengoko ikazkin bateri, horrekin musika emanaldi bat egin nahi dugu… aritzen gara tarteka, baino bakanka.

Zerk laguntzen dizu idazterakoan?

Idazterakoan laguntzen didana aunitz musika da, pertsonaia bakoitzari musika bat aukeratzea, idazterako orduan entzuteko. Pertsonaia bakoitzari bilatzen diot horrela bere pausua, bere dantza; idazterako orduan gustatzen zait dantzan edo mugimenduan idaztea, erabakitzeko zer idatziko dudan pertsonaiarentzat. Lurrazpikoak lanean musika bat bilatu nuen orokorra pertsonaia guztientzat: The Assassination of Jesse James By The Coward Robert Ford filmeko Nick Cave-ren soinu banda. Batzuetan lan gehiena musika hori aukeratzea da.

Antzerki idazketari buruzkoak ixtearren, nola laburtuko zenuke zure idazketa prozesua?

Ez dakizu noiz hasten zaren testua idazten, gehienok egiten dugu: joaten zara ganbara betetzen, esaldi bat, hitz bat… niri laguntzen dit aunitz momentu batean egoera bat bilatu eta egoera horretan egon behar diren pertsonaiak topatzea, eta ondoren pertsonaia horietako bakoitzak ze arnasa edo ze dantza izango duen ikustea. Hori finkatzen duzularik antzerkia zeri buruz izango den hasierako egoerak eta pertsonaiek errango dizute.

Bizi duzun momentuko egoerak badu zerikusia eta eragina testu horretan. Egoera hori eta pertsonaia horiek bi urte lehenago edo bi urte beranduago eginez gero testuan aldaketak izango lirateke. Urak ttiki dire idazterakoan su etenaren garaia zen, borroka armatuaren estrategia utzi ez utzi airean zegoen, uste dut horrek baduela eragina testuan. Lurrazpikoaken krisi garaia dago, Donostiako sutearen urteurrena eta horren harira batailak egitea ere azaltzen da…

Garrantzitsuena azkenean hasierako egoera hori da, eta pertsonaien arnas hori bilatzea. Batzuek erraten didate nire testuetan ez dudala bukaerarik ematen, jende askok ez du ulertzen antzerkia ez dela izan behar gauza bat hasten dena eta bukatzen dena. Antzerkia ez da gauza hain inportantea, bizitzako beste momentu bat bezalakoa da: hartu dugu kafea, ikusi dugu antzerkia, irten gara eta afalduko dugu edo egonen gara lagunekin, antzerkira joatea bizitzaren parte da, ez da gauza bat hasten dena eta bukatzen dena. Egoera absurdu batetik abiatuta errealitate zatiak ematea da azkenean, errealitatea beste espazio eta denbora batean kokatzea. Ez dugu fikzioa idazten, errealitatea egiten dugu beste espazio eta denbora batean. Sortzen duzu unibertso bat momentu batean, pasatzen da eta listo. Jendearengan eragina izan behar du horrek, baina antzerkia ez da izan behar puntu eta aparte bat bizitzan. Horregatik hasierak eta bukaerak ez zaizkit hainbertze interesatzen.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)