Elkarrizketak

Eider Eibarrekin solasean

"Barrukoa" nire bizi-margolari ibilbideari luzatutako begirada bat da.

Ostirala, 2015-06-19

Eider Eibar ilustratzaileak Barrukoa izeneko album mutua plazaratu berri du Argitaletxea EDO!ren eskutik, hitzik gabe marrazkiaren eta marrazketa beraren barrunbeetan sartzen den istorioa. Barrukoa, ilustraziogintzaren egoera eta liburu batean kabitzen diren gauzak izan ditugu hizpide elkarrizketa honetan.

Eider Eibarrekin solasean

Lehenik eta behin, pasa den ostiralean egin zenuten aurkezpen berezi bat Gasteizko Zuloa liburu-dendan, zer moduz joan zen?

Ederto joan zen. Zuloa eta EDO!ko arduradunak, lagunak, familia eta kuriositatea zuen bateon bat gerturatu ziren. Mikel Ayerbe eta bion artean egin genuen aurkezpena eta lehen aldiz liburua eskuetan izatearen emozioaz gain, oso ondo pasatu nuela esan dezaket. Poztekoa izan zen. Eskerrik asko gerturatu ziren guztiei!

Zuloan bertan irailaren 5era bitarte ikus daitekeen erakusketa paratu duzu “Barrukoa kanpotik” titulupean, Barrukoa liburutik abiatuta. Zer topa daiteke erakusketan, nola osatzen dute elkar liburuak eta erakusketak?

Erakusketan liburuaren parte diren elementuak daude; liburuan bukatu duten irudi originalak eta baita berauetara iristeko sortu ziren zirriborroak ere. Esan didatenez, erakusketak liburua ezagutzeko, marrazkien zergatiak jakiteko gogoa pizten omen du eta liburua lehenago ezagutuz, ba, irudi horiek non eta nola sortuak dauden jakin daiteke. Hori da originalak erakustearen alde ona, ezta? Barrukoa erakusten dutela.

Zure lana besteren hitzak ilustratzen ezagutu dugu batez ere, hauxe duzu lehen liburua bakarka. Zergatik pausu hori?

Idazle batzuk konturatu dira eta beste batzuk... auskalo: denbora daramat beraien testuetan oinarrituta marrazkiekin gauzak kontatu nahian. Badirudi batzuetan lortu izan dudala, haurrek kontatu didatenagatik. Oraingoan, EDO! eta Mikel Ayerberen eskutik inoren munduak abiapuntu izan beharrean neureak izateko aukera luzatu zitzaidan eta hartu egin nuen. Zergatik pausu hau eta zergatik orain? Buruan bueltaka neuzkan ideia asko kanporatzeko aukera zelako, burua husteko, ondoren, gauza berriei sartzen uzteko. Eta marrazketa aldetik momentu onean nagoela sentitzen dudalako, eroso, lasai eta esperimentuei irekia.

barrukoa2

Mikel Ayerbe eta Eider Eibar Zuloako aurkezpenean.

Barrukoa lanak marrazki baten barnera sartzen den pertsona bat erakusten du, eta barrura sartzeak suposatzen duen bidaia. Zeren metafora da barrukoa?

Barrukoa nire bizi-margolari ibilbideari begirada bat da.

Liburuak ez du hitzik, baina kontatzen du istorio bat, bada hari narratibo bat. Gidoi bat eduki duzu buruan, edo eskuaren intuizioari jarraitu diozu?

Istorioa bidaia da, dena lotzen duena. Lanean interesatu zaidana barruan dagoeneko irudi bakoitzak kontatzen duen istorioa izan da. Kanporatu nahi izan dudana. Barrutik kendu. Liburuak barrukoa erakusten du, iragan diren momentu konkretu batzuen barrukoa, baina kanpokoaz konturatzeko balio izan du, nire burua kokatu eta aurrera egiteko indarrak hartzeko lana izan da.

“Xehetasunez gainezka egiten duten ilustrazioek osatzen dute BARRUKOA eta kontatzen duten istorioaz gain, ilustrazio bakoitzak bere izaera propioa duela ere esan daiteke”. Irakurri dezakegu EDO!tik prestatu den aurkezpenean. Nola landu duzu ilustrazio bakoitza, zer nolako bidaia izan da ilustrazioena banaka?

Hori da kontua. Dena. Irudi horiek kanporatzeak ekarri du beste guztia; liburua. Ilustrazio bakoitzak une desberdin bat edo une askotan bizitako sentimendu berbera irudikatzen du. Ez naiz biguna izan, ez dut gauza politik egin nahi izan, nahiz eta nahi gabe horretara jo, sentimendu batzuk irudikatu ditut, min ematen didaten asko, frustrazioa sortu izan didatenak, blokeatu nautenak. Pertsonalki eta lan aldetik, gure kasuan lana eta bizitza oso lotuta doaz, marrazketa adierazpen era bat da guretzako, horregatik marraztu dut marrazkilari ikuspuntutik, horregatik daude margoei erreferentziak, margoan sartze kontu hori, burmuina zulatzen duten margoak, haurrei ipuinak kontatzen ari den neska, bere burua exprimitzen duena… Eta baita marrazkilariarekin eta neskarekin zerikusia dutenak; posean dagoen laguna, plazeraren bilaketa, zure burua kolpatuz muzturra apurtzeko beharra, jaiotza… eta gero gorputzeko organoek guzti horrekin eta erorketarekin duten harremana dago.

Euskal Herrian oraindik ez dago helduentzako album ilustratuen arloan tradizio handiegirik. Nola ikusten duzu zuk arloa, zer botatzen duzu faltan?

Euskal Herrian, beste toki askotan bezala, liburuen eta ondorioz gure bizitzaren parte izateari uzten diote marrazkiek era ofizial batean. Testu liburuetan adibidez testua gehitu eta marrazkiak gutxitu egiten dira bat batean. Baina ez da gauza bera gertatzen gure inguruan, arropetan, kaleetan, aisialdian... irudiaren presentzia nabarmena da. Irudiaren boterea. Denok dugu esateko zer edo zer eta esateko erak aldatuz doaz, marrazkiak indar handia du, denok ohartu gara horretaz eta baliteke liburuetan ere hori nabarmentzea. Argitaletxeen esku dago aukera horri bidea egitea eta gure esku horretaz baliatzea, eskatzea eta ekitea. Euskal Herrian talentu handia dago, jende sortzaile mordoa eta marrazkilari eleganteak, baietz bateon bat ohartu horretaz eta ate guztiak irekitzen hasi. Eskertzekoa da EDO! argitaletxearen lana zein bide honetatik doazen beste batzuena, pionero hutsak dire!

Barrukoa Eider Eibar

“Liburua” hitza “Literatura” hitzarekin lotuta etortzen da sarri, eta ilustrazioa hitzaren nagusitasunaren azpitik. Zer du Barrukoak literaturatik, ezer baldin badu?

Uh, hemen ya galdu eiten naiz. Errespetu handia diet inguruan dauzkadan eta guztiz ezagutzen ez ditudan munduei, dela literatura, graffitya edo sukaldaritza (bateon bat esatearren). Bakoitzetik behar dudana hartu izan dut, bere parte izan gabe; graffityak hormetan adierazteko gogoa eta materialak eman dizkit, sukaldaritzak tripita hau eta bizipoza eta literaturak lana, marrazkilari lana. Oraingoan, Barrukoan,  euskarria eman dit literaturak, ez? Liburua bera? Ez dakit. Respect.

Eta nola ulertzen duzu zuk “liburua”, zenbat gauza kabitu daitezke “liburu” batean?

Liburuak altxorrak dira. Izugarrizko marrazki eta munduak biltzen dituztenak eta batzuetan, irudi guztiak elkartuz, istorio bat kontatzen dutenak, orduan, aurkitu duzun liburu horrekin baten negar ez; nahi bestetan egingo duzu, pozez. Claire Wendling edo Joe Sorrenen liburuak aurkitu nituen momentu horiek datozkit gogora. Brrrrrr.....une horiek zoragarriak dira.

Ari zara beste libururen batekin lanean, zer duzu esku artean?

Barrukoak dena mugitu dit. Hustu egin naiz eta apurka-apurka betetzen noa, laster formatu handian margotzen hasiko naiz, hori eskatzen didate buruak eta gorputzak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)