Elkarrizketak

Aritz Gorrotxategiri elkarrizketa

90eko giro sozio-politikoan kokatu du Koldar hutsa zara (Erein) nobelaOstirala, 2015-07-17

"Errelatoaz hitz egiten denean, Euskal Herrian badago horrelako bertsio ofizial bat dagoeneko eginda. Hemen zer gertatu da? Ba hau eta hau. Nik uste dut gauza asko gertatu direla". Aritz Gorrotxategi idazlearen hitzak dira, Koldar hutsa zara (Erein) liburuaren aurkezpenean eginak. "Beste gauza asko ere gertatu direla azaldu nahi nuen. Liburuan kontatzen ditudan gauza asko ezagutu egin ditut; bizi ere bai batzuk, beste batzuk entzun... Eta ez dute zerikusirik ortodoxiatzat jotzen den istorioarekin". 90eko hamarkadaz, gatazkaz, literaturaz, nobela berriaz eta nobelako protagonistez luze zabal hitz egiteko aitzakia eman digu Koldar hutsa zara (Erein) nobelak.

Aritz Gorrotxategiri elkarrizketa

Gatazka giroa atzean utzi, eta gatazka hizpide nagusietako batean bilakatu da euskal letretan. Twist, Martutene, Gerra Txikia, Inon ez, Inoiz ez liburuko erdiko kaiera… Horien artean kokatuko daiteke zure liburua. Egoki ikusten al duzu sailkatze hori?

Bi faktore daude, nire kasuan nahikoa nabarmen. Batetik, egia da ETAk bere jarduna utzi zuenean euskal gizartean harri bat kendu genuela gainetik. Bakegintza arloan oraindik bidea geratzen den arren.

Urte luzez beldur puntu bat izan da. Mehatxu bat gainean edukita, ez zen erosoa gauza batzuk esatea. Eta halako batean, ugaldu egin dira tematika horretako liburuak, baina lehenagotik ere idatzi da horretaz.

Harri hori eta beldur horiek gainetik kendu eta gero, beharbada errazagoa da horretaz idaztea orain.

Beste faktorea denbora da. Nobelan aipatzen den garaitik 20 urte pasa dira. Seguru nago orain dela 20 urte idatzi izan banu liburu hau, oso lan ezberdina aterako zitzaidala. Distantziaren osagarria hor dago. 20 urte pasa dira eta horrek beste perspektiba bat ematen dizu. Zabalagoa eta kritikoagoa. Gauza batzuk momentuan bizi dituzunean, errazago eramaten zaituzte norabide batean edo bestean. Urte batzuk pasata, gogoetarako tartea hartuz gero, beste modu batean ikusten dira gauzak.

 

Gatazkari buruz hausnartzeko premia dagoela dirudi.

Azken batean, liskartua bizi izan den gizartea izan da gurea. Liskartua eta berehala liskartzen zena. Eta nobelan hori islatzen da. Batzuetan, egun batean etsaiak zirenak, hurrengo egunean lagunak ziren. Baina ez genekien zergatik zen horrela. “Atzo arte etsaiak ginen eta orain lagunak gara”. Ba bietako bat gezurra da. Edo atzo arte ez ginen etsaiak, edo orain ez gara lagunak.

Halako dinamika batean egon gara eta beharbada zubi batzuk ere hautsi ziren, edo hautsi ditugu. Eta zubiak berreskuratzeko ona da garai hartako pasarteen irakurketa zabalagoa eta kritikoa egitea.

Nobelatik gehien gustatzen zaidana da protagonista nagusiak ez dituela lezioak ematen…

 

Ez du pontifikatzen.

Ez, eta gainera ez dira pontifikatzeko garaiak. Baina gauza batzuetan agian itsu egon ginen. Sentimenduez ari garenean, zailagoa da hori guztia neurtzea. Baina garai polita da honakoa, halako irakurketa zabal eta kritiko bat egiteko.

Adibidez, borroka armatuaren mitifikazioa bizi izan dugu, puztukeria bat, eta orain konturatu gara agian gehiegi luzatu zela hura. Agian lehenago bukatu behar zuela eta ez genuela edo ez zela asmatu horretan.

Bitxia da. ETAren jarduna amaitu denean, gutxi asko denak konturatu gara zenbat eta hobeto bizi garen orain, nahiz eta oraindik gai batzuk hor jarraitzen duten, presoena adibidez. Baina zenbat eta hobeto bizi garen orain, eta nolatan ez dugun lehenago bukatu honekin (borroka armatuarekin).

 

“Gauza asko ahaztuta geratu dira. Gure historia ulertzeko ezinbestekoak direnak”. Besteak beste, lazo urdinarena aipatu zenuen liburuaren aurkezpenean.

Beste gauza askoren artean, Gabriel Celayarena dut gogoan. Nerabea nintzen baina gerora Celaya irakurri nuen eta harrituta geratu nintzen, “nolatan egin zioten (jazarpen) hura gizon honi?”.

Imanolen kasua ere nahikoa nabarmena da, eta denborarekin konturatzen zara sektore batzuetatik ez garela oso justuak izan pertsonaia hauekin.

 

Badirudi Imanol kantaria ez dela hain “gaiztoa” orain.

Gabriel Arestirekin ere gauza bera gertatu zen. Aresti deabrua zen, batzuentzat eta besteentzat. Oskorri taldea Aresti kantatzen hasi zenean, kontzertu jakin batzuetan gauzak botatzen zizkieten. Urte batzuk pasa dira eta orain Aresti gure jainkoa da.

Ez dut esango Imanolekin antzera gertatuko denik, baina ez da hain harrigarria antzeko prozesurik ematea. Sarriren ihesaldiarengatik, Imanol mitifikatu egin zuten neurri batean. Eta Yoyesen erailketaren ondoren, babes eta afektu faltan, errazago jo zuen sektore jakin batzuetara, beste batzuetara baino. Tira, gauza horiek akaso hobeto ulertzen ditugu orain.

 

90eko hamarkadaren erdialdean kokatzen da trama. “Adinean aurrera noa, garai bateko kontu asko buruan neramatzan. Bota egin behar nituen”, horixe adierazi zenuen liburuaren aurkezpen ekitaldian. Erraz joan al da idazketa? Hala uste baino gehiago kostatu al zaizu korapiloa askatzea?

Idazketa prozesua ez da hain konplikatua izan. Aspalditik horrelako zerbait idazteko gogoa nuen eta, neurri batean, gauza asko lozorroan zeuden nire buruan.

Baina ez nuen unea topatzen, edo ez nuen ahotsa topatzen… Halako batean, ipuin batzuk idatzi nituen eta ipuin horietako batek garai hura ukitzen zuen, nobelan baliatu dudan tonua zuen gainera, eta une horretan konturatu nintzen hor bazela nobela baterako mamia.

Ez dut ipuin hura luzatu, baina konturatu nintzen ipuin horretako tonua eta beste hainbat gauza ekar nitzakeela nobelara. Eta hor hasi zen idazketa prozesua. Ipuina ez dago argitaratua baina idatzi hura nobelaren hazia izan zen.

Gainontzean, idazketa prozesua ez da erraza izan, baina bai jario handikoa. Gauza askorekin akordatzen nintzen, batzuk egiaztatu behar izan ditut eta dokumentazio lan bat egin dut. Baina, zorionez, memoria onekoa naiz eta gauza dezente banituen buruan.

Zerbait errealista idazteko gogoa

Zure ibilbidean, idatzi bereziena da hau. Zuk esana da. Estiloaz ari zara? Edo barne-hustuketaz?

Bi zentzuetan da diferentea. Azken aldian poesiarekin lotu izan naute, eta pentsamendua eta poesiarekin. Hor eroso nago baina Jekyll&Hide bezala, badut beste alderdi bat ere, zutabegintzan landu izan dudana.

Nire ahotsarekin gai honi heldu eta zerbait errealista idazteko gogoa nuen. Egia da askotan literaturaz elikatu izan naizela lan gehienetan; beste lan horien oinarria literatura eta gogoeta izan direla, baina banuen gauza errealistago bat, hurbilago bat idazteko gogoa. Jende gehiagorengana hel zitekeen zerbait. 

Aritz05

"Gauza asko gertaera errealetan oinarrituta daude. Baina beste parte handi bat fikzioa da"

Peru bezala, zu ere donostiarra zara. Zure adin beretsukoa da eta nobelaren trama Donostian kokatzen da.

Kearen truke (Alberdania, 2005) nobela suposatzen da Donostian kokatua dagoela, nahiz eta ez den Donostia aipatzen. Nobela berri honetan bai.

Buelta asko eman dizkiot, hemengoari buruzko literatura egiteko ez nuen nire burua gai ikusten. Agian kosta egin zaidalako tonu errealista batean idaztea, baina azkenean iritsi zait momentua.

 

Lehen pertsonan idatzia dago. Peruri zure aurpegia jartzeko joera izan dezake irakurleak.

Arrisku hori beti dago. Pertsonaiak bizi dituen gauza asko gertaera errealetan oinarrituta daude. Baina beste parte handi bat fikzioa da. Pertsonaiak asmatuak dira denak. Eta seguruenik denek dutela niretik zerbait.

Lehen pertsonan idatzita dago baina abanikoa zabala da. Pertsonaia asko daude, ikuskera asko daude, eta horrek lagundu dit arrisku hori saihesten.

 

“Protagonista haragikoia da, fetitxista, zirikatzailea, apur bat houllebecquiarra”. Hala dio liburuaren kontrazalak. Prentsaurrekora “Im a Problem” kamisetarekin agertu zinen.

Kar, kar, kar… Kasualitatea izan zen. Egun horretan, kamiseta bila nenbilela hori topatu nuen, eta nire artean ze polita, eta kamiseta hori jarriko nuela erabaki nuen.

Esango nuke abertzaletasunaren baitan badagoela gatazkaren inguruko ikuspegi nahikoa ortodoxoa. Eta neurri handi batean nik ez dut ikuspegi horrekin bat egiten. Nobela honetan formulatzen diren gauza asko ortodoxia horrentzat igual ez dira arrotzak edo txarrak izango, baina ezberdinak bai. Eta Houllebecq-ek ere hori dauka. Houllebecq-en pertsonaiek afektiboki lotzeko arazoak dituzte, eta Peruri ere antzeko zerbait gertatzen zaio. Konprometitzeko eta artaldeko kide izateko arazoak ditu.

Badago atzetik bestelako irakurketa bat. Sartreren konpromisoaren ideiarekin ez du bat egiten. Jende askok konpromisoa Sartreren erara ulertu du, baina Peru konturatzen da ez duela hor egin nahi. Bakarrik ekin nahiko dio bideari, baina gertatzen da bakarrik ekiten diozunean maiz ez zarela inora iristen. Uste dut birformulatu egin beharko genukeela gizabanakoaren eta gizartearen arteko konpromiso hori nola egin. Alderdi jakin baten egituratik aparte.

 

Esan izan duzu ez dagoela euskaldun izateko prototipo bakarra. Horrekin lotzen da esaten ari zarena.

Hori da. Mila modu daude. Batek ez badu euskalduntasun jakin batekin komulgatzen, badirudi arraroa dela. Beno, arraroagoa izango naiz baina ez da ezer txarra.

 

Artaldetik aparte hotz handia egiten du. Baina orain, lehen baino gutxiago akaso?

Mezuetan ere ikusten da. Mezuek ukitu positiboagoa dute orain. Lehen gehiago zen afrenta, iraina, mendekua… Eta orain konturatu gara indarrak batu behar direla eta beste zerbait eraiki behar dugula.

Aritz6

"Modu batekoak agertzen gara besteen aurrean, baina ez gara hain modu horretakoak"

Peruk ataka ezberdinetan aurkituko du bere burua. Nobelaren bigarren zatian bereziki, kontraesanetan eroriko da. Zentzu horretan, bilakaera bat igartzen zaio Peruri.

Nobelaren gakoetako bat hori da. Nobelak aurrera egin ahala, Peruren kontraesanak ikusten joango gara. Gauza batzuk esaten ditu, gauza batzuk egin nahi ditu, baina nobelaren bigarren zatian ikusten da bilakaera horretan egin nahi dituen gauza horietaz urruntzen joango dela, hedonismoan eroriko da…

Askotan gertatzen dena igarriko zaio Peruri: iritsi da leku batera. Eta zer egiten du? Leku horretara iritsi izana justifikatu. Neurri handi batean, ez onartzeko frakaso bat izan dela bere helduaroa. Diskurtso darwinista bati helduko dio: hemen inportanteena aurrera egitea da, ez erortzea erruki merkean. Baina konturatuko gara Peru ez dela benetan horrelakoa.

Modu batekoak agertzen gara besteen aurrean, baina ez gara hain modu horretakoak.

 

Nobela korala da. Adin, posizio eta aldarte ezberdinen erakusgarri dira protagonistak.

Pertsonaien arteko elkarrizketa asko dago. Garai horretan, horrelako asko bizitakoa naiz. Eta eztabaida giro hori jaso nahi nuen. Beharbada antzeko ildoko jendea batzen ginen baina dibergentzia ere izaten zen. Hori azaldu nahi nuen, modu bizi batean.

Adin ezberdineko pertsonaiekin beste esperientzia batzuk batu nahi nituen. Garraiz adibidez, prozesu iraultzailetik pasatakoa da. Trantsizioko ezker tradizio haren giroa ezagutu zuen eta beste jarrera bat dauka, oso ondo konektatzen du gazteekin.

"Tabernetan zegoen saltsa guztia"

Pertsonaia hauen jokalekua ere aipatzekoa da. Nobelaren beste gakoetakoa da. Krapula tabernaren bueltan kokatu dituzu pertsonaiak.

Eztabaida asko hor zeuden. Unibertsitate garaian kafetegian, eta kalean taberna giroan. Hor zegoen saltsa guztia. Geroztik aldatu egin dira gauzak. Orain taberna batera zoaz eta zure adineko jendea dago. Gazteagoek beste modu bat dute harremanatzeko, lokaletan batzen dira…

 

Mikrokosmos txiki bat da lokala.

Hori da. Lokalak gazte jakin batzuen artean hartzen dituzte. Eta zentzu horretan, taberna toki irekia zen.

 

Bi zati ditu nobelak. Lehen zatia 95-96 urteen bitartean kokatzen da. Bigarrena, gaur egungo garaian. Salto bat ematen da denboran, eta bigarren zatian beste Peru bat topatuko dugu. Lehen zatian baino nihilistago akaso. Burges bizitza daraman nihilista.

Bigarren zati horretan, une batean Peruk aitortuko du ez duela zentzurik ezker ideologia besarkatzeak, kontua bizirik irautea bada ea zentzurik duen farsa honi eusteak. Burges bat bihurtu da. Bera eta bere emaztea irakasle dira, ekonomikoki oso ondo bizi dira, eta seguru oso ondo gainditu dituztela beste batzuk igaro behar izan dituzten egoera larriak.

 

Nobelaren bukaerak horrelako zapore mingots bat uzten du. Mamu baten itxura hartzen du. “Urrutira doala fantasian ari den mamu bat”.

Nobelaren amaieran Peru jabetuko da bere kontraesanez, eta bere frakasoaz, baina ez du aitortuko. Eta beharbada horregatik uzten du zapore mingots hori bukaeran.

 

Zure aurreko liburuetan bezala, literaturari buruzko aipamen asko dago. Zure idazketaren ezaugarrietako bat da honez gero, ezta?

Uste nuen ez zeudela hainbeste erreferentzia baina badira, bai. Nietzsche-k batez ere inpaktu handia izan zuen gure ikasle garaian.

Bakunin ezagutzea ere eragingarria izan zen. Irakurketaz elikatu naiz eta irakurtzen ditudan erreferentzia asko nahi gabe ere atera egiten dira. Kasu honetan behintzat ahalegin bat egin nuen hori neurtzeko.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)