Elkarrizketak

Antonio Casado da Rocharekin solasean

Ostirala, 2015-01-16

Gazteleraz ezagutu genizkion Antonio Casado da Rochari lehen poemak, euskaraz ondoren Esku ezkerraz liburuan. Euskarazko bigarrena du Islandiera ikasten, aurrekoa bezala Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik kaleratu duena. Egileak berak aitortu digu: "Arma batzuk deuseztatu egin ditut: utzi diot poesia gazteleraz idazteari". Idazle gutxi egongo dira bide hori egin dutenak, eta ez kontrakoa. "Denok bizi gara zerbaiten periferian" dio egileak; agian esku ezkerraz, islandiera ikasi bitartean topatu du Antonio Casado da Rochak berea.

Antonio Casado da Rocharekin solasean

Gazteleraz idazten ezagutu zintugun, euskaraz gero. Hauxe duzu euskarazko bigarren poesia liburua. Zure idazle ahotsa bitan banatzen jarraitzen duzu? Nolakoa da hizkuntzen arteko elkarbizitza egun zure lanean?

Arma batzuk deuseztatu egin ditut: utzi diot poesia gazteleraz idazteari. Alde batetik, iritsi nahi dudan jende gehiena (familia, lagunak, etab.) euskalduna delako; bestetik, euskara da nire erronka, landu nahi dudan arloa, arazoak sortzen dizkidan harremana. Eta nire poesia zaila ez den arren, zailtasunaz elikatzen da. Horregatik, euskara gehiago interesatzen zait tresna eta lehengai gisa.

ELEBITASUNA

poema baldin bada ipuinari

nola argazkia filmari

orduan argazkilari nauzue noski

argazki batzuk koloretan egiten ditut

eta beste batzuk zuri-beltzean”

Elebitasuna bada liburuan azaltzen den gaietako bat...

Bai, poema hori idatzi nuen El País-eko artikulu bat irakurri ostean, non egileak euskaldun zaharren eta euskaldun berrien hizkeraren kromatismoa asmo zitalez alderatzen zituen. Egilea erdalduna da, gainera. Amorrua baretzeko idatzi nuen poema, eta horren mezua zera da: koloretan edo zuri-beltzean egiteak ez du axola, argazkiaren kalitatea ez datza horretan. Garrantzia duena ez da hizkuntzaren tamaina, edo norberaren paleta kromatikoaren aberastasuna, hizkuntzarekin zer egiten duzun baizik.

Islandiera ikasten liburuak badu loturarik Esku ezkerraz (Utriusque Vasconiae, 2011) aurrekoarekin, niri behintzat hura osatzera eta zehaztera datorrela iruditzen zait. Hala bizi duzu zuk?

Jarraipen naturala izan da, bai, eta poema batzuk Esku ezkerraz-koen garaikideak dira. Osagarriak dira baina orain sakonago joan nahi izan dut, gehiago ausartu eta arriskatu. Gauza batzuk aldatu egin dira; historiak, familiak eta harremanak badute pisu gehiago bigarren liburu honetan. Identitate norbanakoa zein kolektiboa modu performatiboan ulertzen saiatu naiz. Formaren aldetik erregistro gehiago erabili ditut...

Hauxe da nire hizkuntza

iragan hurbil batean

hirian irakatsia

nahiz eta abila ez izan

ikasi nahi dut benetan

hitzetan dagoen dantza”

(...)

Aldeak ikustearren, Esku ezkerraz liburuan nabarmena zen “euskaldun berri” izaeraren inguruko gogoeta lausoagoa da hemen, baina presente dago oraindik ere...

Eskuizkribua atontze prozesuan, honetaz eztabaidatu genuen Ur Apalategik eta biok. Asko lagundu dit Urrek, editorerik onena izan da liburu honentzat. Bere aholkua izan zen berriz ere euskaldun berriaren argudioa errepikatzearen aurkakoa. Eta hala da: euskaldun berri zaharragoa naiz. Ez dut tratu berezirik eskatu behar. Hauxe da nire hizkuntza, hauxe da nire herria eta hauxe da nire poesia. Ez da euskaldun berri baten poesia. Onerako edo txarrerako, poesia da eta kito.

300.000 hiztun nahikoak dira

hizkuntza batek bizirik irauteko

eta hizkuntza esaten dudanean

mundua esan nahi dut 300.000

hiztun horientzat eta bat gehiago

(hizkuntzarik ez darabilen horientzat

ere hizkuntzen bidez egindako

munduan bizi baita)”

(...)

Pisu handiagoa hartu du, agian, hizkuntzen inguruko gaiak; hizkuntza baten zentzuaz eta balioaz egiten duzu gogoeta, eta baita hizkuntza ezberdinen arteko harremanaz. Zer bilatu duzu gai horrekiko?

Ba lehen esan dizudana azpimarratzea: garrantzia duena ez dela hizkuntzaren tamaina, baizik eta berarekin zer egiten dugun. Islandiak ederki frogatu du hori: 300.000 hiztun soilik, eta Nobel sari bat, elebitasun maila altua, ingelesaren grabitazio indar erraldoiari eusten diona, munduan zehar itzultzen diren liburuak, gizarte osoa bustitzen duen kultura literario bat... Islandiako egoera geopolitika eta soziolinguistika ez da gurea ordea.

Zerikusi handia izan dezake hizkuntzen inguruko horrek tituluarekin berarekin. Zergatik “Islandiera”, zergatik “ikasten”?

Beno, badago arrazoi pertsonal bat. Duela 15 urte han bizi nintzen, eta bertan nengoela erabaki nuen euskara serio ikasiko nuela; EGBen eta BUPen ikasitakoak ez zidan ezertarako balio. Santurtziko udal euskaltegiko ikastaro online batean izena eman nuen (Elizabeth Macklin-ek ere erabiltzen zuen, chat batean elkar ezagutu genuen). Islandiak badu zer irakatsi, baina nire kasuan ez zen islandiera izan, euskara baizik. Anekdotaz harago, “ikasten” da izenburuko hitz gakoa, islandiera eta hein batean Islandia bera liburuaren McGuffin-ak dira.

Baina hizkuntz erreferentzietatik harago, bada ere literatur (eta oro har kultur) erreferentzien paisaia anitz bat liburuan. Zer nolako paisaia erreferentziala da bertakoa? Modu naturalean ekarri dituzu erreferentzia horiek poemetara idatzi ahala, edo nahita ekarri duzun paisaia bat izan da?

Bizi naizen paisaia margotzen du liburuak, azken hiru urteotan alboan izan dudan konpainia: irakurgaiak, dantzak, kantuak (Leonard Cohen, Tim Minchin, The XX...), maisuak (Seamus Heaney, Thich Nhat Hanh...), erdal hitzak, korrikaldiak eta bidaiak (Irlanda, Ingalaterra, Gales, berriro Islandia). Askotan inguruan daukadana da poesia egiteko katalizatzailea, eta natural ateratzen zait haren aipamena egitea, collage teknikak erabiltzea, etab.

Eta hizkuntza ez da soilik, zure kasuan, gogoetagai. Poesia bada esperimentazioa, bada jolasa ere; liburu honetan dezente ibili zara hitzekin jolasten, errimekin eta metrikarekin aleak idazten...

Hizkiekin ez dago aspertzerik! Bai, formaren aldetik aniztasuna bilatu dut. Jolastu naiz euskal bertso tradizionalarekin, baita ingelesezko literaturan aurkitu ditudan forma arraroekin ere: cinquain, triolet, eta abar.

Ironiarik, umorerik ere topatu dugu bertan, aforismoetan adibidez, aforismoek berauek duten zirto kutsuarekin bat egiten. Adibidez: “Euskal literatura: Joseba Sarrionandiaren corpusari oin-ohar zerrenda”. Hala da aforismo horretan diozuna?

Txantxa txiki bat da hori, alegia, mendebaldeko filosofia Platoni oin-ohar zerrenda dela idatzi zuen Whitehead filosofoak, eta esaldia parodiatu nahi nuen. Liburuan badago Sarrionandiari beste omenaldi bat, “Galtzetan gordetzeko koplak” klasikoan oinarrituta. Bere lana miresten dut, nola ez! Niretzat egundoko garrantzia du, euskal literaturan ez ezik, literatura ulertzeko eran ere.

Liburuan dagoen beste gai bat: Donostia. Azkenaldian Donostia (edo Donostian txertatu izan diren auzo eta munduak) edo hari loturiko hiri eredu bat mintzagai izan duten liburuak topatu ahal izan ditugu literaturan: Parisen bizi naiz, Martutene, Zuri beltzeko argazkiak... zer nolako Donostia da zurea?

Beste asko bezala, Donostiar periferikoa naiz, Donostian lan egin arren Donostialdean bizi dena. Donostia nerabezaroko amodioa da niretzat. Alde batetik, zoragarria da. Bestetik badu bere alde iluna, frustrazioa sortzen duena, hiri chic bezain jatorra izatera behartzen gaituen estereotipoa. Hortik ihes egiteko, Eider Rodriguez-en azken liburuak dioena: Itsasoa da bide bakarra.

Donostiakoa baina Oreretakoa zarela diozu, euskaldun berri izaeratik mintzatu izan dena, poesia idazten duena... periferia etengabeko batean kokatzen zarela esango zenuke?

Horren bila ez nabil, baina hala da, bai. Gaur egungo bizitza “likidoa” baldin bada, orduan ez dago erdigunerik: denok bizi gara zerbaiten periferia batean.

Poesia lanen inguruko periferia bat, poemen arteko lerro arte bat, sortu duzu zure “High alaitasuna” blogean. Hainbesterako ematen du poesiak ala?

Gehiago emango zuen, horretarako denbora izango banu! Baina gutxirekin asko egitea da poeten superboterea. Alaitasun mota asko ematen ditu poesiak, eta denak interesatzen zaizkit. Hitzen Uberango komunitateak ere balio du poesiaren inguruko kontuak zabaltzeko, baina Argia astero irakurtzen dut eta hara jo nuen aterpe bila.

Saiakera egile ere bazaitugu, “Lizardiren baratza”n kolaboratzaile, blogari, irakasle... Non kokatzen dituzu, idazle gisa, zure hurrengo pausuak?

Lanbidea dela eta, idazten dut, gauza akademikoak. Aisialdian ere idazten dut, poesiak baldin banago, edo blogean. Ez naiz oso idazle sentitzen baina, azken finean, nire denbora-pasa nagusia da; ez dut telebistarik edo futbolarik ikusten. Irratizale amorratua izanik, Lizardiren baratzean poesia gizarteratzeko bide batzuk jorratu ditugu; orain “poesia eta medikuntza” izeneko saio batzuk prestatzen ari gara, Jose Luis Padron-ekin batera. Poesiak duen alde soziala ere interesatzen zait: ikusten, entzuten eta antzezten diren poemak. Eta paisaia, hiria eta natura lotzen dituzten poemak aztertzen jarraitu nahi dut.

Aipatu ez dugun eta gehitu nahiko zenukeen zerbait, liburuaren inguruan?

Probestuko dut familia agurtzeko –Arantza, Jonas, Ańes– eta adorea eman didaten guztiei eskerrak emateko. Bukatzeko, liburuko azken lerroak irakurri nahi nituzke:

gehiago ala gutxiago izateak

lehena edo azkena

ez du axola

zuk segi ezazu korrika egiten

segi ezazu ikasten”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)