Elkarrizketak

“Anne Sextonek argitasun handiz ikusten zituen gai ilunak, bisturi zorrotza zuen”

Harkaitz Canok idazle amerikarraren antologia bat ekarri du euskararaAsteazkena, 2015-06-10

Munduko Poesia Kaierak zigiluaren baitan, Susa argitaletxeak hiru antologia berri plazaratu zituen udaberri hasieran. Tartean, Anne Sexton poeta iparramerikarraren poemarioa, Harkaitz Canok euskaratua. Donostiako idazlearen esanetan, autobiografikoa da Sextonen poesia. "Asko idatzi zuen bere buru eritasunari eta suizidioaren gaiari buruz. Gai ilunak, beraz. Baina kontua da argitasun handiz ikusten zituela gai ilunak, bisturi zorrotza zuen".

“Anne Sextonek argitasun handiz ikusten zituen gai ilunak, bisturi zorrotza zuen”

Antologia bat den heinean, zein irizpide jarraitu dituzu aukeraketari dagokionez?

Dozena bat poemario eta bostehun poematik gora argitaratu zituenez, saiatu naiz poema liburu bakoitzetik lagin bat jasotzen gutxienez, orden kronologikoa mantenduz, baina bere poemarik indartsuenak sartuz. Egia da arnas luzeko poema dezente idatzi zituela eta hauetako asko kanpoan utzi behar izan ditudala, zoritxarrez, neurriagatik.

Horrelakoetan, garai eta lan ezberdinen arteko oreka bilatu ohi du itzultzaileak. Kasu honetan ere, hala izan al da?

Sextonen kasuan ez da bereziki zaila suertatu, bere poemario guztiak lauzpabost gairen inguruan ardazten dira-eta: gurasoekin izan zituen harreman gatazkatsuak, amatasun atormentatua, emakumearen gorputza, jainkoarengan sinestu nahi eta ezina, bizitzaren zentzua, suizidioa, maitasuna, buru-osasuna... Bizitza guztian artatu zuten mediku eta psikiatrei dozenaka poema eskaini zizkien... eta ez, hain zuzen, eskerrak emateko...  Liburu guztiek poemario oso bat osatzen dute, nolabait. "Transformations" da ildo horretatik gehien aldentzen dena, haur literaturako ipuin tradizionalen bertsio ironiko eta garratzak dakartzana. Horien artetik "Errauskine" dago bilduman.

Poeta konfesionaltzat jo izan da. Autobiografikoa. Autofikzioaren aitzindari izan zela esan al daiteke?

Eskandalu handia eragin zuen bere garaian. Senar, maitale, alaba eta psikiatrak izen-abizenekin aipatzen zituen poemen barruan, oso erraz ezagutzeko moduan.

Ez da ahaztu behar bere psikiatrak aholkatuta hasi zela idazten, terapia bezala. Hortik bere konfesionaltasuna, ezinbestean. Autodidakta zen eta ofizioa ikasi ahala fikziora gehiago hurbildu zen agian, edo autofikziora. Ezbaian dago zenbateraino diren egiazko kontatzen dituen hainbat gauza, edo errekreazioa. Kontua da sinesgarritasun ikaragarria dutela, eta hori da balio duena. Gaur egun ere sortzen dira halako polemikak, Karl Ove Knausgardekin, adibidez, berriki. Zenbateraino da zilegi norbere bizitza eta inguruko jendearena baliatzea literatur lanetarako?  Garrantzitsuena, nik uste, biluzte eta autoanalisi ariketa hori norbere larrutik hastea izaten da,  norbere alde ilunak aletzea lehenbizi besteen bidez norbere buruaren erretratu onberegia eman gabe. Eta Anne Sextonek halaxe jokatzen du: gordin, baina zintzo.

Anne Sexton poeta iluna dela adierazi zenuen liburuaren aurkezpenean. Zeintzuk dira bere obsesioak?

Asko idatzi zuen bere buru eritasunari eta suizidioaren gaiari buruz. Gai ilunak, beraz. Baina kontua da argitasun handiz ikusten zituela gai ilunak, bisturi zorrotza zuen.

Surrealismo, ameskeria edo bere egunerokotasuneko hainbat kontu pertsonal eta domestiko ere ekartzen ditu poemetara, eta horrek interpretazioa areago zailtzen du batzuetan.

Bizitzeko gogoari, naturaren indarrei eta haragiaren plazerei buruz idazten ere bazekien, ordea... eta bilduman horrelako dezente sartzen saiatu naiz, iluntasuna orekatze aldera.

Medikuei eskaintzen zizkien poemetan berriz, umore beltza eta ironia fina zituela erakusten du.

Anne Sextonen poesiak zer nolako harrera izan zuen bere garaikideen artean?

Oso ezaguna izan zen: Pulitzer saria jaso zuen eta Robert Lowellen zirkuluan mugitu zen. Sylvia Plath ere ezagutu zuen, besteak beste.

Jendaurrean egiten zituen irakurketak ikusgarriak ziren oso, magnetismo handiko emakumea zen. Youtuben ikus daiteke bakarren bat.

Eta zer nolako itzala utzi du ondorengo belaunaldietan?

Bere suizidio teatrala medio da ezaguna bereziki, klixe moduko bat bihurtu da... Amaren jaka soinean zuela eta vodka eskuan, auto barruan suizidatu zen.

Madonnak berak aipatu izan du inoiz, nerabe zelarik eragin handia izan zuela haren poemak irakurtzeak, pentsa... Ez da arraroa telesail eta film amerikarretan hura aipatzea, David Cronenbergen "Maps to the Stars"-en haren aipu bat agertzen zen, adibidez, berriki. Esango nuke haren poema askotan antizipatu egin zela oraindik pilpilean dauden hainbat kezkaren gainean idaztera. Bere poemak ez dira batere zahartu.

"Betidanik izan nuen burutan Anne Sexton itzultzea"

Kaierak bildumaren eskaerari jarraituz hasi zinen Anne Sexton itzultzen? Edo aurretik euskaraturik al zenuen bere poemaren bat?

Betidanik izan nuen burutan hura itzultzea eta MPK bilduma aitzakia eta akuilu perfektua izan da lana burutzeko, baina ez, ez neukan deus harenik itzulita.

Eroso sentitu al zara itzultzaile lanetan? Kaiera hau osatzeko orduan, zein izan da zure kezkarik handiena?

Oso gustura aritu naiz, nahiz eta iluntasun obsesibo horrek lan-txanda luzeegiak ez egitea eskatzen zuen... Udan itzuli nituen, eta poema bat itzuli orduko eguzkitara ateratzea eskatzen zidan zidan gorputzak, neroni ere buruan ahotsak entzuten has ez nedin.

Beti da plazera gustuko idazleen gauzak itzultzea: haien etxeko sukaldera baimenik gabe sartu eta tiraderatan zer daukaten, armairuetan zer gordetzen duten eta sukaldean nola aritzen diren ikustea bezala da.

Hitz batekin edo esaldi batekin definituko al zenuke Anne Sexton?

Tarteka bizizalea izaten asmatu arren, bizitzari zentzua bilatzeaz nekatu zen poeta zorrotza.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)