Ana Urkizari elkarrizketa
Ostirala, 2014-12-19"Mamuak errealak balira ukitu, entzun, ikusi... egingo genituzke. Eta fikziozkoak balira, argi izango genuke asmakizunak direla, eta euren gainetik egoteko ahalmena izango genuke". Ana Urkizaren hitzak dira, Mamuak (Elkar) ipuin liburuaren aurkezpen ekitaldian eginikoak. "Mamuak errealak dira baina fikziozkoak ere badira; guk asmatzen ditugu, gure irudipenak direlako, eta guk elikatzen ditugu. Liburu honetan saiatu naiz errealitatearen eta fikzioaren arteko hari fin hori erakusten". 13 ipuinez osatzen da liburua. Hitzen Uberan gauden honetan, 13+1 galderen aurrean ipini dugu idazle ondarrutarra.

1. “Zu bezain benetakoa naiz”, hala esaten dio mamuak lehen ipuineko pertsonaiari. Ez da kasualitatez ipuin denen arteko lehena hauxe: Mamua. Liburua laburbiltzera datorrela esan daiteke, ezta?
Bai, nolabait. Liburuaren sarrera edo aurkezpen funtzioa betetzen duen ipuina dela esan daiteke. Ipuin honetan, liburuan zehar jakitera eman nahi den mezua azaleratzen da: errealitateak eta fikzioak bat egiten dute. Fikzioak erreala dirudi baina errealitateak nahiago du fikzioaren babesean mozorrotu. Eta biak dira benetakoak.
2. Liburua idaztera jarri zinenean, hainbat kezka argitu, hainbat hausnarketa egin eta hainbat galdera erantzuten abiatuko zinen. “Mamuak agertzen zaizkigunean, beraien kontra edo alde gaudenean, egoera berdinetatik abiatzen ote gara?”, antzekorik aipatu zenuen liburuaren aurkezpenean. Horri segida emanez, denok modu berean interpretatzen ote ditugu Argazkiak? Eta argazkien intra-historiak?
Ez. Nork bere argazkiak ditu; momentu zehatz batean ateratakoak izango dira, lagun batzuekin eta ez beste batzuekin edota bakarka, argazki horiei ondoren tratamendu bat edo beste emango zaie, garrantzia handiagoa izango dute edo ez… argazki bakoitzaren baitan gordetzen den historiak era bateko edo besteko eragina izango du guregan. Baina argi dagoena da denok ditugula argazkiak. Argazkiak ipuinean kontatu dudan istorioan argazkiei emandako tratamendu bat agertzen da, generiko bat esango genukeena, baina intra-historiak denoi zaizkigu ezagun.
3. Mamuak errealak eta fikziozkoak direla esan zenuen liburu aurkezpenean. Eta Istripuan hain zuzen, ez dago argi zein den errealitatea eta fikzioaren arteko muga.
Ipuin askotan saiatu naiz errealitatearen eta fikzioaren arteko atea behin eta berriro gurutzatzen, batetik bestera. Ipuin honetako protagonista mamuek gainditu egin dute, beldurrak itxuraldatutako errealitatetik ihes egiten duen arte.
4. Emakumezkoak, amak, nagusi dira zure liburuan. Bere erara ipuinean bereziki amatasunarena ageri da, edota ama-amonatasunarena. Elkarren prentsa-bulegoan topatu dugun elkarrizketan diozu propioki landu nahi zian duzun gaietako bat izan dela. Zure mamu handienen iturburu da akaso?
Propioki landu nahi izan dudan gaia beldurrak eragiten duen ziurtasun gabezia izan da eta aspektu hori tratatzeko belaunaldi ezberdinetako emakumeen arteko harremanak hartu ditut oinarri. Bere erara ipuinean ama-alaben arteko komunikazio ezak sortutako ziurtasun gabezia da gaia, eta sentsazio edo egitate hori adierazten da amak amona izango dela jakiten duenean sentitzen duena deskribatuz.
5. “Egoten garen leku guztietan gure zati bat geratzen da”, hori irakurri dugu Eskua ipuinean. Txikitan ikaskide izandako baten galera kontatzen da ipuinean. Gure mamuetako batzuk, txikitatik eraikitzen ditugun proiekzioak dira, ezta?
Bai. Txikitan ulertu gabe geratutako gaiak dira batzuk, galdetu gabe utzi genituenak, ezin genuela galdetu pentsatu izanagatik sortutako gaizki ulertuak, edota lotsagatik azaleratu gabe utzitakoak… Umetan bizitako eta itxi gabe utzitako gai asko zaizkigu “mamu” nagusitzerakoan…
6. Errezelak ipuinean jasoa: “Mudantzazko kaxak aldameneko apartamentuan irekitzerakoan, bertan tentuz tolestutako akorduek berdinak izaten jarraituko ote duten galdetzen duzu. Zure etxean ahaztutakoak aldameneko apartamentuan gogoratuko ote dituzun…”. Akorduek baina, norberarekin bidaiatzen dute. Ez dute mudantzarako aukera handirik ematen.
Ipuin honetako pertsonaiak ez du etxez aldatu nahi. Ez da berak egindako hautua. Egoerak bideratu du horretara. Sekula ez zuela egingo esandako zerbait egitera derrigortua ikusten du bere burua.
Hori dela eta, pertsonaiaren kezka nagusia zera da: bere etxean aurre egin dien mamuei berriro aurre egin beharko ote dien aldatuko den etxe berrian. Etxe “berria” izango dena izan baita bere bizitzako mamu handienetako bat. Lotan zeuden mamuak esnatuko zaizkio berriro.
7. Semea gehiegi babestu nahian, modu xelebrean irudikatu duzu ama bat Hegoak ipuin laburrean. Baina ipuin horrek, gero, arrasto luze bat utziko dio irakurleari. Zein neurritaraino garen gure mamu propioen gatibu, gure mamu propioen biktima. Eta nola islatzen ditugun gure ondorengoengan.
Hala da bai. Hemen, narratzaileak ez du irakurlearekin jolas egiten. Hasieratik erakusten zaio ama bere mamu propioen biktima dela, “gaixo” dagoela agertzeraino; bere beldurraren ispilu den semeak bi pertsona ezberdin direla esaten dion punturaino. Eta mamuak aurre egiten dionean, ez da gai ispiluan ikusten duena gainditzeko. Bere buruaren islari aurre egiteko, alegia.
8. Errealitatea eta idatzita dagoena gurutzatu egiten dira Idatzita dagoena ipuinean. Badago ahalegin estilistiko bat ipuin honetan, non irakurlea ere jokoaren parte den.
Ipuin honen hasieran erronkatzat uler genezakeen zerbait planteatu nion neure buruari. Narratzaileari ahots ezberdinak egokitu nahi izan nizkion, rolak aldatzera heldu arte.
Ipuin honetan errealitatearen aurpegi bikoitzaz baliatu nahi izan dut; errealitatearen eta fikzioaren arteko marra zein fina den erakustea, hain zuzen, askotan, bat direla kontu emateraino. Eta ba da momentu bat, zeinetan irakurlea harrapatuta sentitzen den istorioan, errealitatearen eta fikzioaren arteko joko aldaketaren lekuko bilakatzen delako.
9. Beilatokira, ETAkide eraila ikustera joan ez den bakarrak kontatua da Izua ipuina. Ihesi, beti ihesi ibili behar izan duen patioko ostia-zaku gisa ageri da hildakoa. Eraileei aitortu izan zaien epikotasunetik urrun.
Eta gaiaren inguruan bizi izan dugun isiltasuna apurtze aldera. Epikaren mamuari errealitatearen lirika erantsiz.
10. Ondo erantzun gabe utzitako galderetatik datozen beldurrak dira mamuak. Antzekorik irakurri dizugu elkarrizketaren batean. Kafe Antzokian ipuina da horren lekuko argi bat akaso? Non iragana mikatz ageri den (iraganeko harreman bat), gaurkotasunaren ispiluaren aurrean (alabarekin gogo gabe afaltzera eserita).
Hala da. Ondo erantzun gabe edo behar den beste galdetu gabe utzitako egoera bat da ipuin honen abiapuntua. Monetaren bi aurpegiak ageri dira bertan. Iragan mikatz diozu gaurkotasunaren ispiluaren aurrean… eta etorkizunaren aurrean? Zer suposatzen du mamuei kateak jarri gabe uzteak? Zeren eta ipuin honetan, pertsonaiak mamuak maiseatu egiten ditu baina ez baitie aurre egiten…
11. Haurtzaroan jaiotzen dira helduaroan izango ditugun mamu asko. Eta haurtzaroko kontuak ez dira falta liburu honetan. Ganbaran har daiteke adibidetzat, non hau irakurri daitekeen: “haurtzarora atzera egiten nuela nozitzea. Oraindik gurasoen babesa behar nuela sentitzea. Ume egiten nindutela konturatzea”.
Haurtzarora atzera egiteak berriro bizi nahi ez ditugun egoera askorekin topo egitea suposatzen du. Orduan desatseginak zitzaizkigun egoerak edo gertaerak berriro bizitzea. Berriro estalki berri bat jarri beharra izatea.
Garai hartan egoera haiei neurria hartu ez bagenien, orain, distantziara, lan handiegia suposatzen du. Garai hartan egoerari neurria hartu bagenien, arrazoi gehiagorekin dugu gorroto berriro gertaera eta bizipen berberak “azaldu” behar izatea. Nori eta norbere buruari.
12. Eskaileretan. Bortxaketa bat kontatzen da ipuin honetan. Akaso hau izango zen zailena idazten?
Zailena izan da biktimaren paperean jartzea eta bortxaketaren amildegira bideratu zuen ziurtasun gabezia, bortxaketaren ondoren nola gailentzen zaion berriro deskribatzea. Erronkatzat hartu dut ipuin honen idazketa ere. Uste dut oso gutxi idatzi izan dela bortxatua izan den emakumearen sentimenduez eta bere senera bueltatzeko egiten duen ibilbideaz. Ibilbide horretan sentitzen eta pentsatzen duenaren gaineko lerro gutxi ditugu euskal literaturan.
13. Azken ipuinean, garraztasunetik samurtasunera joko du liburuak. Amatasunak berarekin ekartzen dituen ardurak eta beldurrak ageri dira Esne-opila ipuinean. Eta beste hainbat xehetasun. Niri Jose Luis Otamendiren Kapital publikoa (Susa) liburuko esaldi bat etorri zait burura: “nago memoria dela nahitaez bihotzerreaz irensteko zerbait”.
Horregatik beragatik, irentsi behar dena, bihotzerre eta guzti, esne-opila bada, ondo baino hobeto. Baina izan dadila esne-opilak zapore ona duelako. Eta memoriak denboran eutsitako gezur mozorrotua egiaz janzteko.
"Nago, jokabideetan oinarritzen diren bildumek ez dutela bukaerarik"
13+1. Hirugarren ipuin-liburua da hauxe Desira izoztuak (2000) liburuan desirak aztertzen zenituen. Bekatuak (2005) liburuan, tentazioak-bekatuak delako dilema ageri zen. Mamuak (2014) honetan, pertsonen eta zehatzago esanda, emakumezkoen beldurretan erreparatu duzu. Nago bilduma beraren parte izan daitezkeela hirurak? Giza jokabidean erreparatzen duen idazle baten bildumaren baitakoak.
Kezka baten aurrean paratzen naizenean, kezka hori aztertzeko jarraitzen dudan prozesuaren emaitza dira hiru liburuak. Eta bai, egia da giza jokabideetan erreparatzen dudala eta hiru kasuetan, bai desirekin, bai bekatuekin eta bai mamuekin ere, gizakiok hiru gai hauekin harremanetan jartzen garenean nola eta zergatik erantzuten dugun aztertzen saiatu naizela. Ipuinetan, pertsonaiak egoera zehatzetan jartzen saiatzen naiz, nola mugitzen diren erakusten, baina epaitu gabe, irakurleak egoera eta pertsonaiaren papera uler dezan eta bere konklusioak atera ditzan.
Nago, jokabideetan oinarritzen diren bildumek ez dutela bukaerarik…