Ainara Lasa Perezekin solasean
"FALTA (ez) diren gauzak" liburua aurkeztuko du gaur
Ostirala, 2014-11-07Ainara Lasa Perezek FALTA (ez) diren gauzak izeneko artista liburua aurkeztuko du gaur Donostiako Garoa liburu-dendan, Argitaletxea EDO!ren Begikoak sailean. Liburua aurkeztearekin batera, izen bereko erakusketa inauguratuko dute Garoan bertan. Aurkezpena 19:00etan izango da, eta abenduaren 9a bitarte ikusi ahal izango da. Elkarrizketa honetan aletu ditugu hitzez eta batez ere irudiz osatutako liburu-objektu honen nondik norakoak. (Argazkia: Urola Kostako Hitza).

Artista-liburu gisa plazaratu da Falta (ez) diren gauzak, argitaletxea EDO!ren Begikoak bilduman (irudiari, diseinuari… garrantzia ematen dion bilduma). Kontaiguzu, zer nolako objektu-artefaktoa da plazaratu duzuna?
Erakusketako koadroetatik abiatzen da lana. Lau koadro hartu ditut; erakusketako bat eta erakusketan sartu ez nituen beste hiru. Dena da lau liburuan: lau koadro, lau aldi, lau leku, lau testu. Lau gara gu etxean. Frontoian FALTA lauan dago. Hortik aurrera, erauzte bat da lana. Geruzaz geruza noa askatzen koadro bakoitza osatzen duten piezak, eraikuntza prozesua erakusteko, 4 pieza ditu bere baitan koadro bakoitzak ere. Koadro batetik bestera, testu bana dago. Erakusketako 14 piezetatik destilazio prozesu bat ondoren geratu zaizkidan lau testu. Lau testu gako. Muinera bidaia bat izan da. Eskupilotaren barruko hariak askatzen joatea bezala, muinera ailegatzeko, kanika txiki horretara. Zuloek, koadroetan bezala liburuan, protagonismo berezia dute. Metraila bailiran zeharkatzen dute liburua eta amaieran lan honetan nire fantasiarik handiena izan dena: zuloak josteko orria. Imajinatzen dut jendea bere etxean liburua josten. Hor dago (h)ariketa, memoriarena, kolektiboarena.
Edukiari dagokionez, kontatzen edo espresatzen duenari dagokionez, zein du hari nagusi?
Nire haurtzaroko bizipenak eta emozioak, edo garai haien gaur egungo gogoeta eta hark utzitako arrastoa da hari nagusia. Bi urte nituenetik 16 urte bitartekoa. Euskal Herriko gatazkari lotuta etxean bizi izandakoek nigan utzitako arrastoa. “Bizitza sekretua”, kartzela, erbestea, nire emozioetatik kontatua. Jendez inguratutako haurtzaroa izan genuen, jendea joan etorrian zebilen etxean; batzuk ez ziren gehiago itzuli eta egun batez ama atxilotu eta aitak ihes egin behar izan zuen. Hutsunea handia izan zen, handiegia. Garai hartako ausentzietatik presentzietara doan bidaia da.
Liburu hau ez da ezerezetik sortu. Aurretik titulu berarekin egin duzun erakusketa du oinarri. Aurretik egindako lan horren osagarri? Urrats bat gehiago?
Osagarria da. Ez nuen erakusketako lanen katalogo bat egin nahi. Ez ninduen horrek motibatzen. Egindako lana beste ere batera aurkeztu nezakeela pentsatu nuen. Lan honetan badira erakusketan topatuko ez diren elementuak eta alderantziz. Soiltzera jo dut, lau hari hartu eta hor eraikitzera istorioa, eta hori urrats bat izan da niretzat.
Arte ederrak ikasi dituzu, baita hainbat lan egin taldeka zein bakarka. Erakusketa edo instalazioaren aldean, zer ematen dizu liburua bezalako euskarri batek?
Jantzi txikiago baten nire kontakizuna nola kabitzen zen ikusteko aukera eman dit. Espazioa mugatuagoa izatearekin galdera bat sortu zitzaidan? Zer da benetan garrantzitsuena? Zeintzuk dira irudietan eta testuetan istorio honen gakoak?
Hori esanda, gero beldurra. Bati eta besteari jardun dut esaten ia ez dagoela testurik, panikoa ematen zidalako espektatibak hortik sortzeak. Begikoak sailak plaza bat eskaintzen die irudiari, sorkuntza plastikoari, diseinuari,… Sorkuntza lanak erakusteko euskarri ezberdin bat da, eta hori da saila hain berezi egiten duena. Baina ez gaudenez ohituta, beldur pixka bat sentitu dut une batzuetan.
Liburua bera bada batez ere testuarekin lotzen den zerbait, baina zenbat gauza kabitu daitezke liburu (objektu) batean?
Kabitu asko eta kontatu, testuekin haina. Kontua da ohituta al gauden hitzekin kontatzen ez dena irakurtzera eta testuzkoak ez diren liburuek eragin diezazkiguketen sentsazioei atea zabaltzera.
Dena den, zure lanean ere bada testurik, hala erakusketan nola liburuan bertan. Nolako testua da bertakoa?
Garai haien geografia egiten saiatu naiz, lekuena, emozioena. Sortu bezalaxe daude ia testuak, orraztu gabe ia. Garai hartako irudi asko dauzkat memorian iltzatuta, eta haiek deskribatzen saiatu naiz. Gordinki xamurrak direla esango nuke.
Irudiarekin egiten duzu lan batez ere, eta materialekin (hariak ere kasu, aurretik egindako (H)ariketak, lotzea askatzea denean instalazioan). Zein da testu idatziaren lekua zure unibertso horretan?
Testuetatik abiatu zen lan hau orain dela bost urte inguru. Azkar idatzi nituen, hori gogoan dut. Ezinegon handia sortzen zidan gaiak. Aurrera egiteko zama arindu beharra neukala pentsatzen nuen eta era berean baneukala historia zati txiki bat nire baitan gordea, kontatu beharrekoa. Beti ez dut testua behar izan, baina lan honetarako gakoa izan da eta hasieran zalantzak izan banituen ere erakusteko (beldurra izango zen), ezinbestekoak iruditu zitzaizkidan gero.
Haurtzarora luzatu duzu begirada lan honetan. Nola eragin dizu sortutako testura eta materialetan haurtzaroarekin lotu izanak? Baldintzatu du horrek begirada artistikoa?
Zama handia nuen gai honekin, arintzeko beharra. Eta horrek eraman ninduen euskarri arin bat aukeratzera, dena arinago bizi nuen garai hartara itzultzeko beharrak (naiz karga handiko momentuak izan). Kartoi gainean daude inprimatuta argazkiak, soineko hegalariak konposizioetan, zuloak, hariak…Ez du pisurik eta karga handia du.
Kutsu autobiografiko nabarmena du egin duzun lanak, zure biografiako familia-pasarteei lotuta. Funtzio nolabait terapeutikoa izan du bide horrek, edo memoriaren gaiak (memoriaren beharrak) modu zabalago batean eraman zaitu horretara?
Bietatik du eta ezin ditut aparte ulertu gainera. Abiapuntua bizipen haiek nigan utzitako arrastoa izan zen, horiek arintzeko beharra, zama askatzekoa. Baina bizipena hauek Euskal Herriko gatazkari lotuak izanik, banuen gogoa (beldurra ere bai hasieran) historia “txiki” hau kontatzeko. Ertzetan asko dago kontatzeko. Pertsonek gure baitan daramagu historia. Ertzetako hori zentroan jartzeko momentua dela iruditzen zait, pertsonak eta emozioak zentroan jarrita historia kontatzekoa.
Momentuarekin izan nuen duda. Gatazkak konpondu gabe jarraitzen du eta kontakizuna hasteko une egokia ote zen. Nire beharren alde egin nuen une horretan eta nago horrek (ere) lagunduko digula hainbat egoera gainditzen. Kontakizunaren zain egotea arriskutsua da. Hori ere ebatsi egingo digute bestela.
Faltak kasu honetan, sentimendu pertsonal eta intimoetara eramaten gaitu, baina era berean testuinguru politiko eta sozial batean kokatua. Nola uztartzen dira biak lan honetan?
Faltaren sentimendu hori erabat dago lotuta testuinguru politiko eta sozialarekin. Bi urte nituenetik etxean giro jakin bat bizi izan nuen, baina giroa baino gehiago pertsonak eta haiek ematen zidatenaz akordatzen naiz ni. Arriskuaren kontzientziarik ere ez nuen, naiz banekien han ikusten nuena, bizitzen nuena, niretzako gorde behar nuela. Bizitza paralelo bat bizi izan nuen urte batzuetan, jendearen joan-etorria… bat-batean hori dena amaitzeak, jende guztia desagertzeak, abandono basati hark arrasto handia utzi zidan, hutsune handia. Nahi bada, testuek modu esplizitoan kontatzen dute historia, eta koadroek emozioak errepresentatzen dituzte.
Erakusketa ikusgai egongo da Donostiako Garoa liburu-dendan, gaur bertan izango dira inaugurazioa eta liburuaren aurkezpena. Zer nolako erakusketa, zer nolako aurkezpena izango da gaurkoa?
Erakusketak ohiko formatua izango du. Garoako sotoan egongo dira ikusgai testuak eta koadroak. Aurkezpenean, erakusketako testu batzuk errezitatuko ditut, lagun batzuekin, irudi eta hotsez lagunduta. Nahiko nuke jendea bertatik joatea liburua eskutan etxera, josteko gogoz eta jositako liburuaren irudiak niri bidaltzea. Performance kolektiboa sortaraztea.
Falta (ez) diren gauzak. Zer falta da liburu honetan? Zer ez da falta?
FALTA dena da FALTA ez dena. FALTA direnak dira FALTA ez direnak.