Gabriel Ferraterren peskizan
Aritz Galarraga: “Bizirik dagoen tradizio poetiko bat abiatzeagatik da ezagun”Ostirala, 2015-06-05Udaberri hasieran, Munduko Poesia Kaierak bildumako hiru antologia berri aurkeztu zituen Susa argitaletxeak. Honakoan, Gabriel Ferrater poeta katalana, Sophia de Mello poeta portugaldarra eta Anne Sexton poeta iparramerikarraren bildumak ekarri dituzte euskarara. Poeten eta euren lanen berri gehiago jaso asmoz, hiru itzultzaileengana jo dugu. Aritz Galarraga, Iñigo Roque eta Harkaitz Canoren hitzak batu ditugu, hurrenez hurren. Hiru elkarrizketak batera plazaratzeko asmoa genuen. Baina mamitsuak dira denak, eta hiru elkarrizketek merezi duten atentzioa bidean gal ez dadin, solasaldiak banaka –eta banandurik– argitaratzea deliberatu dugu. Gabriel Ferraterren inguruan Aritz Galarragak egin dizkigun adierazpenekin hasiko gara. Ekainaren 9an, Iñigo Roque-Sophia de Melloren txanda izango da. Eta ekainaren 10ean, Harkaitz Cano izango da solaskidea, eta Anne Sexton solasgaia.

Gabriel Ferraterrek hiru liburu idatzi zituen. Obra mugatu baten egile izateak, zure aukeraketa erraztuko zuen akaso?
Itxura batean bai, 40 poema inguru aukeratzeak ez baitit buruko min handiegirik eragin. Esan nahi dut: Ferraterrek hiru poema bilduma baino ez zituen argitaratu –lehena 1960an, Da nuces pueris (Eman intxaurrak haurrei), bigarrena 62an, Menja’t una cama (Jan ezazu hanka bat) eta hirugarrena 66an, Teoria dels cossos (Gorputzen teoria)–, gerora liburu bakarrean elkartu zituenak –68an, Les dones i els dies (Emakumeak eta egunak)–. Eta liburu definitibo horretan, 118 poema daude guztira bilduta –aurreko liburuetako poema batzuk kanpoan utzi zituen, eta berri gutxi batzuk sartu–. Jarraitu dudan irizpideetako bat izan da, esaterako, jada Gerardo Markuletak euskaratutako poema haiek, guztira hamar, orain Poeta katalan garaikideak liburuan bilduta daudenak, berriz ez itzultzea. Euskaratutako poesia gutxi dugu, oro har, lanak berriz errepikatzen ibiltzeko. Alde ona: orain dagoeneko Ferraterren poesiaren erdia irakur dezakegula euskaraz. Beste irizpideetako bat izan zen Ferraterren obra ondoen ordezkatzen zuten poemak aukeratzea. Horregatik, adibidez, ekarri dugu euskarara “In Memoriam” bezalako poema luze bat, ia hirurehun eta berrogeita hamar bertso-lerroz osatua; gainontzeko poema askori lekua kentzen dien arren, Ferraterren obra ulertzeko ezinbesteko testua delako. Azkenerako, irudipena daukat kaierak nahiko ondo erakusten dituela Ferraterren poesiagintzaren lerro ezberdinak.
Poesia oso narratiboa idazten zuela esan zenuen liburuaren aurkezpenean. Edukiei dagokionez, badu fijazio berezirik?
Poesia oso narratiboa da Ferraterrena, bai, batez ere hasierakoa: ipuintxoak dirudite bere poemetako askok, ia nobelatxo bat da lehen aipatu dugun “In Memoriam”. Josep Plak adarra jotzen zion: “zergatik ez du idazten prosaz? Azken batean, gauza bera da, jartzen dion musikatxo hori kenduta”. Horrek ez du esan nahi, noski, poesiak berezkoak dituen baliabideak erabiltzen ez zituenik: metrika, adibidez, edota tarteka errima bera. Baina narratibotasuna ekarri zuen poesia katalanera, bai. Eta ez Gil de Biedmak ergelkeriatzat hartzen zuen poesia soziala eginez. Ferraterrek defendatzen zuen poesiak izan behar zuela nobela bat bezain interesgarria, giza gertaerak adierazi behar zituela, nobela batean bezain konplexu. Askotan errepikatu zuen ideia da: gutun komertzial baten zentzua izan beharko luke poemak. Gero, fijazioei dagokionez, eta asko-asko laburtzeko, esan liteke 68ko poema liburu definitibo horren izenburuak barnebiltzen dituela ondoen: emakumeak eta egunak. Hau da, gizon-emakumeei buruz idazten zuen batez ere, gizon-emakume arrunten bizitza moralaren deskribapena egiten zuen, giza harremanak ulertzen saiatzen zen, ez hainbeste besteekiko daukagun esperientziaz hitz eginez, baizik eta besteengana hurbiltzen garenean daukagun inesperientziaz. Behaketa morala zen, beraz, Ferraterri interesatzen zitzaiona. Poemak osatzeko prozedura bat aipatzen zuen: gai jakin bati buruz idatzi nahi bazuen, denbora bat pasatzen utzi, bizpahiru aste, eta gai abstraktua zena egikaritzen zen anekdota edota ikusitako gauza baten bitartez. Beste poema batzuetan garrantzia handia dute gazte garaiko oroitzapenek. Berriz aipatuko dugu “In Memoriam”: gerra zibileko pasarte pertsonalak husten ditu bertan Ferraterrek. Eta, esan bezala, nobela baten gisara ia.
Bere obra poetikoa 1958 eta 1968 artean idatzi zuen. Hizkuntzalaria izan zen, arte kritikaria, itzultzailea, irakaslea… “Poliedrikoa” pertsona. Dena den, poeta gisa pasa da historiara, ezta?
Bai, segur aski, landu zituen alor guztien artean popularrena, kurioski, poesia izan zelako. Edo behintzat glamurosoena. Zalantzarik ez dago bere poesia ezagutzen dela bere hizkuntzalari, arte kritikari edota itzultzaile lanak baino –eta hori lan benetan nabarmengarriak osatu zituela alor horietako bakoitzean: Sobre pintura, Sobre el llenguatge edota Escritores en tres lenguas dira adibide garbiak–. Baina poesia bera ere, esango nuke bere pertsonaia baino gutxiago ezagutzen dela. Pertsonaia, mitoa gailendu dira kasu honetan, pertsona eta obraren gainetik. Ferraterrek eraman zuen bizitza mugituak –alkohola, gaua, amoranteak–, Ferraterrek osatu zuen lagun taldeak –urte haietako Espainiako literatura markatu duten izenak, Jaime Gil de Biedma, Juan Marse, Carlos Barral, Esther Tusquets, Jaime Salinas–, Ferraterrek izan zuen heriotzak –bere buruaz beste egin zuen 50 urteak bete aurretik, hainbat laguni hainbat aldiz esan zion bezala–, lagunduko zuten mitoa sortzen. Dena den, esan beharra dago poeta gisa gogoratzeko merituak ere bildu zituela: poesiaren balio historikoagatik beragatik da ezagun, noski, baina batez ere lirika katalana berritzeko gaitasunagatik, eta gaur egun XXI. mende hasiera honetan bizirik dagoen tradizio poetiko bat abiatzeagatik. Labur esateko: berrikuntza ekarri zuen gai, lengoaia, egitura aldetik. Horiengatik guztiengatik Kataluniako poesiaren historiara igaro den egilea da Ferrater.
Gabriel Ferraterren poesiak zer nolako harrera izan zuen bere garaikideen artean? Gaur egungo idazleengan ere ageri al da bere itzala?
Harrera neurri batean beroa izan zuen, Kataluniako poesiagintzan bakartiago, baina azken buruan giro bat partekatzen zuelako Espainiako literaturan garrantzitsu izan ziren hainbat poetarekin. Esan nahi dut garaiko giroari erantzun ziola Ferraterren poesigintzak. Ferraterrek katalanez, eta lehen aipatu ditugunek, Gil de Biedma eta gainontzekoek espainolez idazten zuten arren, atmosfera berbera partekatzen zuten. Obretan ere ikusten da hori. Hartu Ferraterren “Aurpegia” poema eta Gil de Biedmaren “Contra Jaime Gil de Biedma”, eta ikusiko dugu bien arteko hurbiltasuna. Katalan idazleen artean ere, zuzenean ezagutu zutenengan izan zuen eragina, Narcis Comadira, Marta Pessarrodona eta beste hainbatengan. Gero, ez dezagun ahaztu unibertsitate irakasle ere izan zela, justu hasten ari zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta lehen ikasturte haietatik atera zirela gerora unibertsitate mundua bete zuten irakasleak, horietako ez gutxi Ferraterren dizipulu aitortuak. Horiengan nabaritzen da Ferraterren maisutza. Eta poesiari dagokionez, oraindik ere bizirik dago Ferraterrek abiatutako tradizio poetikoa. Jordi Cornudella, Francesc Parcerisas edota Joan Margarit bezalako poetengan igar daiteke. Anekdota gisa, esanguratsua da Ramon Llull eta Etxepare institutuek elkarrekin egin berri duten poesia errezitaldi batean entzundakoa: hiru ziren poeta katalanak, eta hiru horietako bik, errezitaldian berean, argiki adierazi zuten Ferraterren gurasotasuna. Ez da izango gehiengoen bidea, baina bizirik da oraindik Ferraterren ondarea.
Kaierak bildumaren eskaerari jarraituz hasi zinen Gabriel Ferrater itzultzen? Edo aurretik euskaraturik al zenuen bere poemaren bat?
Egia esan, Ferrater izango zen seguruenik literatura katalanarekin izan nuen lehen kontaktuetako bat. Aipatu dugun Poeta katalan garaikideak, aurretik Zenbait poeta katalan izenarekin publikatu zena, 1997an, Literatura Unibertsalaren baitan, izan zen literatura katalanera sartzeko ateetako bat, Quim Monzoren Gauza guztien zergatia ipuin bilduma, 1998koa, eta beste batzuekin batera. Ferrater beraz hasieratik dago. Eta eskua entrenatzeko poematxo batzuk euskaratu nizkion arren, gazte garaian, oraingo hau izan da Ferrater euskaratzeko egin dudan lehen saiakera serioa. Hori bai, Ferrater ez zen aukeratzen zaila izan: Munduko Poesia Kaierak bildumako zuzendari Beñat Sarasolak katalan bat itzuliko ote genukeen planteatu zuenean, berehala atera zitzaigun Ferraterren izena. Aho batez.
"Poesia katalanaren lengoaia, hizkera berritu zuen"
Eroso sentitu al zara itzultzaile lanetan? Kaiera osatzeko orduan, zein izan da zure kezkarik handiena?
Uste baino erosoago, seguruenik. Egia da Ferraterren poesiaren ezaugarriek ez dutela bereziki zail egiten euskaratzea. Lehen aipatu dugu narratibotasuna, baina hizkuntza bera ere soila da, eskuragarria, gertukoa hiztun estandarrarentzat. Ferraterrek ez zuen sekula begien bistatik galdu jende arruntak hitz egiten zuen katalana, idazkerari doitzea izan zen bere lana. Etxean erabiltzen zuten hizkuntza oinarri, poesia katalanaren lengoaia, hizkera berritu zuen: erreakzio bat izan zen garai hartan katalanez egiten zen poesia finegiari. Pixka bat Josep Carnerren bidetik, hizkuntza poetikoa modernizatu zuen. Norabide horretan doa Ferraterrek behin esandakoa: “poemak izan behar du argia, zentzuduna, pasioz betea; hitz batean: dibertigarria”. Metrikari dagokionez ere, gehienbat bertso-lerro zuria erabili izan zuen, metrika erregularra bai, baina errimarik gabekoa, Shakespeareri hartu ziona. Hartara, saiatu gara musikaltasun hori mantentzen, metrika ez noski, erotuko ginen bestela. Baina Ferrater berak eman digu baimena: baliabide metrikoak, esklusiboki formal eta fonikoak, poemaren zentzuaren menera jarri behar direla defendatzen zuen. Pertsonalki, lehen itzulpen serioa izan da niretzat. Salvador Espriu eta Joan Vinyoliren poema gutxi batzuk euskaratuak nituen aurretik. Baina ezin dut ukatu beldur eszenikoa. Horregatik, antologia honek filtro bat baino gehiago pasa du argitaratu aurretik, jende kualifikatu eta aitortuarena, eta guztiak ere onik pasa ditu. Beraz, beldur gutxiagorekin egin dut azkenean salto.
Hitz batekin (edo esaldi batekin) definituko al zenuke Gabriel Ferrater?
Bada, Ferraterren pertsonalitatea egoki islatzen duen esaldi honekin, haren lagun batek behin baino gehiagotan errepikatutakoa: akats berberekin baina bertute gutxiagorekin hobeto funtzionatuko lukeen pertsona zela.