Amuak

"Zanbuia!" liburua eta dokumentala, Eako Poesia egunen omenez

Asteartea, 2019-07-02

Zanbuia! antzezlanean oinarritutako libur digitala eta sormen prozesuari buruzko dokumentala plazaratu ditu Booktegi proiektuak. Zanbuia! antzezlana Eako Poesia Egunen azken edizioan taularatu zen Metrokoadroka kolektiboaren eskutik, eta Eako antolatzaileei eskaini nahi izan diete lan hau. (Argazkia: @ikorkotx).

Iaz eszenaratu zuen Metrokoadroka kolektiboak Zanbuia! antzezlana, Eako kaleetan. Eako Poesia Egunetako antolatzaileen enkarguz. Nahiz eta oraindik ez zen publikoa kolektiboko kideek bazekiten iazkoa azken edizioa izan zitekeela, antolatzaileek hala aitortuta, eta ideia hori gidoian islatzen saiatu ziren modu metaforikoan.

Metrokoadrokak hamalau artista elkartu zituen astebetez Ean, eta egun horietan egindako lanaren emaitza taularatu zuten. Egun horietan Eako Poesia Egunetako lagunekin ezezik, herriko jendeari elkarrizketak egin zizkioten, eta herriaren historiaz eta istorioez zipriztindurik idatzi zuten obra. Hamalau sortzaileen artean idazleak, aktoreak, artista plastikoak, musikariak eta zirkugileak egon ziren; guztien artean sormen prozesu kolektiboa eta Zanbuia! sortu zuten, behin bakarrik eskaintzekoa zen lana.

zanbuia azala(Azala: Idoia Beratarbide Arrieta).

Egun haren lekukotza bideoan jaso zuten Peru Galbete eta Aritz Ormazabalek bideoz, eta Ikor Kotxek argazkiz. Irudi horiek makulu hartuta bi lan plazaratu ditu Booktegi proiektuak:

Batetik Zanbuia! liburua edizio digitalean, Txakur Gorria kolektiboaren hitzaurrearekin, emanaldiko testuekin, argazkiekin eta ostean hainbat komunikabideetan publikatutako kronikekin. HEMEN deskargatu dezakezue liburua.

Bestetik, sormen prozesuaz dokumentala egin dute, emanaldiko irudiak eta elkarrizketak tartekatuz. Jarraian ikus dezakezue emaitza:

Hauek izan ziren Zanbuia! emanaldiko egile guztiak: Ainhoa Alberdi, Maite Aizpurua, Javi Barandiaran, Idoia Beratarbide, Corinne Cella, Amaia Corral, Iraia Elias, Ander Fernandez, Oier Guillan, Idoia Hernandez, Unai Lopez de Armentia, Oscar Manso, Joseba Roldan, Marina Suarez Ortiz de Zarate.

Jarraian emanaldia osorik:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)