Udazken honetako amuak
Osteguna, 2020-01-02Gure atarian gogoko dugu hango eta hemengo literaturgileen amuak ekartzea irakurleari. Udazken honetan hala egin dugu, eta, urtea indarrez hasteko, albiste honetan bildu dizkizuegu gure gutiziak.

Hona hemen udazken honetan amu gisa proposatu dizkizuegun autoreak.
Pina Bausch: galderen bidez sortzen zen dantzezlea
Antzerkia liburuz adierazten zaila bada, zer esan dantza adierazteaz, eta zer esan “dantzerkiaz”. “Antzerki-dantza” kontzeptua asmatu zuen Pina Bausch-ek, ordura arteko definizio estuei airea emanez. Sortzailearen ibilbidea obraz obra aztertu du Norbert Servos-ek Pina Bausch: danza-teatro liburuan.
Amua, hemen.
Nola omendu Binyavanga Wainaina
Maiatzean hil zen Binyavanga Wainaina idazle kenyarra. “Nola idatzi Afrikari buruz” artikuluari esker lortu zuen ospea. Bizi zela, hainbat testu labur eta liburu bat publikatu zuen, eta Kenyako literatur aldizkari bat hauspotzen aritu zen. Honako honen bidez omenaldi bat eskaini nahi diogu eta aurrez euskarara ekarri gabeko haren testu bat zabaldu.
Amua, hemen.
Peter Handke, Nobel saridun
Handkeren lana ezagutzera emate aldera, amu bat ez, bi argitaratu ditugu udazken honetan.
Peter Handke Peter Hankderen kontra
Alice Munroren ipuingintza
Sariekin jarraituko dugu. Aurten, Isabel Etxeberriak jaso du itzulpenaren arloko Euskadi saria, Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak (Erein, Igela, 2018) lanari esker. Alice Munro Nobel saridunaren ipuin-bilduma bat da. Aukera aprobetxatu dugu Munrori buruzko amu bat osatzeko.
Amua, hemen.
Louis Aragon eta John Bergerren poesia kaierak
Louis Aragon eta John Bergerren poesia kaierak plazaratu ditu Susa argitaletxeak, Itziar Diez de Ultzurrun Segalak eta Iñigo Roque Eguzkitzak euskaratuak, hurrenez hurren. Bi poema proposatzen dizkizuegu "Amuak" atalean, antologia hauen irakurketan murgiltzeko gonbidapen gisa.
Amua, hemen.
Roland Toporren umore beltza
Donostiako Beldur eta Fantasiazko Zinemaren astearen harira, erakusketa bat antolatu zuten Roland Topor artistaren lanekin: "Roland Toporren fantasiazko artea". Aukera aprobetxatuz, haren testu bat ekarri genuen, amu gisa.
Amua, hemen.