Pina Bausch: galderen bitartez sortzen zuen dantzezlea
Astelehena, 2019-09-02Antzerkia liburuz adierazten zaila bada, zer esan dantza adierazteaz, eta zer esan “dantzerkiaz”. “Antzerki-dantza” kontzeptua asmatu zuen Pina Bausch-ek, ordura arteko definizio estuei airea emanez. Sortzailearen ibilbidea obraz obra aztertu du Norbert Servos-ek Pina Bausch: danza-teatro liburuan.

Sortzaile batzuek egozten zaien diziplinaren mugak gainditzen dituzte. Dei diezaiegun sortzaile, artista, profesional edo artearen behargin, berdin dio. “Dantza” bai, noski, baina hitzak ez dira aski Pina Bausch-en lana azaltzeko, etiketei iskin egiten dion obra baita berea. Hori horrela izanda, zaila da hitzez adierazten bere obra bat, bere edozein obra. Argazkiak, bideoak, material grafikoak behar lituzke bere lanari egindako edozein gerturatzeak. Agian horregatik, ez kasualitatez, dokumental batek egin zuen ezagun mundu mailan bere lana, edo ezagunago esan behar genuke agian, edo belaunaldi berrientzat garaikideago: Wim Wenders-ek 2011an zuzendutako Pina.
Pina Bausch-en lana aztertzeko, deskribatzeko, transmititzeko erronka hartu du Norbert Sevos koreografo, irakasle eta ikerlariak, Bausch-en lanean eta antzerki-dantza kontzeptuan espezializatuak. 2017an publikatutako saiakera da lan horren emaitza. Lehen aipatu dugu, eta liburu honetan ere hala da: Maarten Vanden Abeele-ren argazki eder askoak bildu ditu egileak erdiko kaieran, zuri beltzean.
Liburu osoan zehar topatuko dugu Pina Bausch-ek dantzaren mundura ekarritako ideia iraultzaileen deskribapena. “Antzerki-dantza” segur aski dantza munduko “purista” askorengan oraindik ere harrera onik ez duen kontzeptua da, baina askorentzat jardunbide bat zabaldu zuena, eta egun han-hemen sortzaile askorengan erroturik dagoena.
Liburuak amaieran badakar erakargarria izateko beste arazoi bat: Bausch-en beraren ahotsa, leku ezberdinetan publikatutako elkarrizketa bilduma baten bitartez. Bertan azaltzen ditu egileak berak bere sormena ulertzeko hainbat ezaugarriren gakoak: sormen prozesuen garrantzia, sormenaren inguruko lan periferikoek dakarten zama, dantzariekin sortzerakoan komunikatzen jakitearen garrantzia. Besteak beste, dantzariei une oro galderak eginez sortzen duela dio Bausch-ek, dantzak sortzerakoan “dantzariak motibatzen saiatzen naiz haiei galderak eginez”. Lantalde batekin egin zuen proba, Blauhart proiektuarekin antza: “lan horrekin galderak egiten hasi nintzen, lantalde horren zirkuluari neure galdera propioak eginez, baina baita ere galdera batek niretzat zuen zentzuaz eta besteentzat zuenaz galderak eginez.” Helburua, nolanahi ere, ez ziren erantzunak, bilaketa bera baizik: “etengabeko bilaketak egitean eta hortik eratorritako material posibleen bilketan datza galderen sistemak”.
Pina Bausch-eri buruz gehiago jakin nahi duenak, liburu honetan badu aukera bat.