Mundu ia ororen ispilua, Galeanoren eskutik
Asteartea, 2013-07-16Xabier Alegriak itzuli du Eduardo Galeanoren Ispiluak: mundu ia ororen historia, Txalaparta argitaletxearen eskutik. Lau atal irakurri ditzakezue jarraian.
. .
Xabier Alegriaren itzulpena
Honela dio liburuaren sinopsiak:
Liburu honek, mundu ia ororen historia izan nahi du. Horregatik, iragana eta oraina, biak daude baturik kontakizun honetan.
Galeanoren lan guztietan bezala, botereak baztertutako gertakizun, ikuspuntu edo protagonistengan dago jarrita begirada, uruguaiarrak ohikoa duen ikusmolde kritiko, tonu umoretsu eta zehaztasun zientifikoarekin.
Orriotan daude munduak bere baitan dituen mundu ugariak: pentsalariak, sentilariak, jakingurak, menderakaitzak, galtzaileak eta ero ederrak, lurraren gatza eta piperra izan zirenak eta badirenak.
Istorio laburrak, anekdota historikoak, Galeanoren begiradan jasoak. Xabier Alegriak preso politikoak ekarri du euskarara, eta aurkezpenean haren alaba Garazik adierazi zuenez, istorioz beterik dago itzulpen honen lerro artea:
Istorio jale amorratua omen nintzen ni. Istorioak, ez ipuinak. Bai, irria beti lagun, hori ez baitigute inoiz lapurtuko, hantxe ibiltzen zen aita, espetxeko kide haien artean nork kontatuko istoriorik txundigarriena, eta humorez beteriko kontakizun haiek ziren etxera iristen zirenak, gutun azal zurietan bilduta. Ni beti zain, noiz iritsiko hurrengoa. Istorio kitzikagarririk falta bazen, noizbait, aitak sortzen zituen bereak” haiei gehitu omen zizkien, denborarekin, Galeanorenak “Handik atera zen hau; urte luzez eskuz idatzitako orri sorta, bidaia luzeak burutu dituena. Aitak amari postaz bidali, hark ordenagailura pasa eta itzultzen zizkion, ondoren berak zuzenketak burutu zitzan eta berriro buelta… Euskal preso politikoek pairatzen duten begiluze kuxkuxeroen eraginez, aste luzeak behar zirelarik urrats bakoitzean.
Jose Auxtin Arrieta ibili da liburuaren orrazketan bidaide, lagun “Makro eskutitz ederra Xabier Alegriak oraingoan denoi igorri diguna. Eduardo Galeanoren miszelanea, edo kaleidoskopio hau, gertakari historikoen hautapen berezi hau, historiografia ofizial akademiko eta guztiz statu quo-aren aldeko autopistetatik aparte, pertsonaia historiko ezagunen alderdi ez-ezagunak eta beste hainbat ez hain ezagunen bizipenak eta ekarpenak ezagutaraziz, askapeneranzko humanismoaren bidezidorretan barrena. Eta eskuz egin du itzulpena Xabierrek, ttirriki-ttarraka egunero lanean, eta on line hiztegien laguntzarik gabe”.
Xabier Alegriak berak bere hitzak helarazi zituen liburua prentsaurrekoan aurkeztu zenean: “sakabanaketa ankerrean, eremu diren patio laiotz eta ilunotan, beti sortu ohi da belarrik, baita irri edo ele xamurrik burkide diren lagunen eskutik. Estrategia bihurri beretik Galeanok sekulako triskantza dagokio botereari, beti goian, beti gailen, beti tinko, betiko eusten duen botere orori. Galtzaile, zapaldu, isildu eta ezabatuen oroitzapena eta mintzoa islaturik paratu ditu Galeanok ispiluotan”.
Liburuaren lagina
Liburuan murgiltzen hasteko, garai eta hari ezberdineko lau amu ekarri ditugu artikulu honetara:
Poeta profeta
Mahomaren oinordekoak beraien artean sesioan aritzeari ziren lotu, sunitak xiiten aurka, Bagdad Kairoren aurka, eta mundu islamikoa zatitan lehertzen zen elkarrekiko gorrotoari emana.
Armada musulmana ezerezean amilduz zihoan, bere buruaren aurkako guda dela medio, eta gurutzadariak aldiz aurrera, oztoporik topatzeke, konkista ibileran, hilobi santura zuzen-zuzen.
Poeta arabiar batek, arabiarraren ikusmoldez eta arabiarrei buruzko idazle, honakoa azaltzen zuen:
Bitan dira banatzen lurreko biztanleak:
burua dutenak baina erlijio gabeak,
eta erlijioa dutenak baina burugabeak.
Eta zera ere bai:
Patuak gaitu hausten, beirazko baikinan,
eta gure zatikiak ez dira batuko sekulan.
Abul Ala al Maari zeritzan egileari. 1057 urtean hil zen, Maarat Siriako bere hirian, kristauek harriz harri hondamendi huts bilakatu baino berrogei urte lehenago.
Itsua zen poeta. Omen.
99. orrialdean.
Desagerketak sortu
Hilobirik gabeko milaka hildako zebilen noraezean Argentinako panpan barrena. Azken diktadura militarreko desagertuak dira.
Guda tresna gisa egundo ikusi gabeko mailan ezarri zuen desagerpena Videla jeneralaren diktadurak. Ezarri egin zuen, ez asmatu. Mende bete lehenago, Roca jeneralak indioen aurka erabili izan zuen krudelkeria maisulan hau, hildako bakoitza hainbatetan hiltzera behartu, eta haren itzal iheskorraren atzetik segika ibilarazita, maiteak erotzera kondenatzen dituena.
Argentinan, Amerika osoan bezalaxe, indioak desagertu ziren lehenen. Agertu baino lehenago desagertu ere. Basamortuaren konkista deitu zion Roca jeneralak jatorrizkoen lurrak indarrez hartzeari. Patagonia eremu hutsa omen, ezerezaren erresuma, inor bizi gabea.
Eta desagertzen jarraitu zuten indioek gerora ere. Amore eman erta lurrari eta guztiari uko eginikoek indio murriztuak hartu zuten izen: murriztuak desagertzeraino. Eta amore eman ez eta balaka eta ezpataka menperaturikoak zenbaki huts bihurturik desagertu ziren, izenik gabe hilotz, militarren gaztiguetan. Eta euren seme-alabak ere desagertu ziren: guda saritzat banaturik, bestelako izenak izen, oroimenez husturik, gurasoen asasinoen esklabotxo.
286-287 orrialdeetan.
Gernika
Paris, 1937ko udaberria: Pablo Picasso esnatu eta irakurtzen ari da.
Egunkaria irakurtzen gosaldu bitartean, bere tailerrean.
Hoztu egin zaio kafea kikaran.
Hegazkineria alemanak birrindu egin du guztiz Gernika hiria. Sutan zen hiritik ihesi zihoan jendetzari jazarri eta metrailatzen jardun dute hegazkin naziek, hiru orduz.
Franco jeneralak segurantzia osoz dio Gernika dinamitari asturiarrek eta lerro komunistetan baturiko piromano euskaldunek kiskali dutela.
Bi urte geroago, Madrilen, Wolfram von Richthofen, Espainian diren gudaroste alemaniarren burua, Francoren ondokoa da garaipenaren oholtzan: espainiarrak akabatuaz, datorren bere mundu-gerra prestatzen aritu da Hitler.
Urte ugari geroago, New Yorken, hitzaldia ematen ari da Colin Powell, Nazio Batuetan, Iraken berehalako suntsiketa iragartzen.
Mintzo den bitartean, aretoaren atzealdea ezin daiteke ikusi, Gernika ezin ikusi, beraz. Ormaren apaingarri, Picassoren koadroaren kopia oihaltzar urdinaz estali dute guztiz.
Sarraski berri bat aldarrikatzeko lagunik egokiena hori ez dela erabaki dute nazio Batuetako agintariek.
339 orrialdean
Brecht
Biziki maite zuen Bertol Brechtek egitateak erabilitako katamaloei trufa egitea.
1953an, langile oldarra lehertu zen Alemania komunistan.
Kalera jo zuten langileek eta tanke sobietarrak aritu ziren isilarazten, Brechten gutun bat argitaratu zuen, orduan, egunkari ofizialak, alderdi gobernariaren aldeko. Gutunak, elbarritua izaki, ez zioen berak esanikoa. Bide bat aurkitu zuen Brechtek, ordea, zentsurari iskin egiteko, lurpeko bideetan barrena hedatuz, honako hau proposatzen zuen poemak:
Ekainaren 17ko matxinadaren ondoren
Idazleen Sindikatuko Idazkariak
Stalin Etorbidean banarazi zituen orrixkak
non irakur zitekeen herriak
gobernuaren konfiantza zuela galdurik
eta ahalegin eskergaz soilik
berreskura zezakeela...
ez litzateke errazago
gobernuak herria desegin
eta beste bat hauta baleza?
373. orrialdean