Amuak

“Lurra sustraietatik orri” poesia antologia osorik sarean

Asteazkena, 2018-07-18

Eako Poesia Egunak pasa berri diren honetan, Zaldiarri bildumari begirada luzatu nahi izan diogu Amuak atalean. Aurten plazaratu duten Lurra sustraietatik orri poesia antologia osorik topatu daiteke haien webgunean.

2011. urtean jarri zuten martxan Zaldiarri bilduma Eako Poesia Eguneko kideek. Aurreko urteko edizioan Anarik eta Iñigo Aranbarri elkarrekin egindako Giza materialak irla izateko emanaldia paperera eraman zuten. Ez zen edonolakoa intuizioa: ordura arte eduki berri asko sortu ziren Eako Poesia Egunetako antolatzaileen ekimenez, asko eta asko izan direlako berariaz hitzordu horretarako sortu izan diren hitzaldiak, errezitaldiak edo antzezlanak.

Hari horri tiraka etorri ziren hurrengo urteetako argitalpenak ere, beti ere aurreko edizioetako edukiren bat hartu eta publikatuz. Bidumak 8 ale ekarri ditu modu horretara, eta bederatzigarrena izan da salbuespena: Lurra sustraietatik orri poesia antologia libre bat da, “Lurra”ren gaia landu izan duten euskal poeten aleak ekartzen dituena.

"Lurra" izan da, hain zuzen ere, aurtengo edizioko ardatza. Hauxe diote HEA kultur elkarteko antolatzaileek liburuaren aitzin hitzean:

LURRAren gaiaren inguruan gozatzera eta pentsatzera etorri zarete aurten Eako Poesia Egunetara, eta bururatu zaigu gaurko gure poeta zenbaiten ideiak eta doinuak ekartzea liburuxka honetara, gogoratu gaitezen azken urteotan nola mintzatu diren oraintxe baino lehen lurra gaiari buruz. Liburura ekarri ditugun poemen egile guzti-guztiak ez ditugu ezagutu izan pertsonalki, baina hala ere denak maite ditugu beren hizkera ederren bitartez. Eskerrik asko handi bat esan nahi diegu denei, atseginagoa egiten dutelako gure bizitza.

Poeta hauen lanak bildu dituzte antologian: Luigi Anselmi, Iñigo Aranbarri, Pako Aristi, Aurelia Arkotxa, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Iñigo Astiz, Bernardo Atxaga, Josetxo Azkona, Joxe Azurmendi, Jon Benito, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Xabi Borda, Harkaitz Cano, Angel Erro, Igor Estankona, Mari Luz Esteban, Eñaut Etxamendi, Hedoi Etxarte, Mirari Garcia de Cortazar, Jon Gerediaga, Jule Goiketxea, Sonia Gonzalez, Oier Guillan, Tere Irastortza, Joan Mari Irigoien, Amaia Iturbide, Koldo Izagirre, Fertxu Izquierdo, Karmele Jaio, Felipe Juaristi, Mari Jose Kerejeta, Josu Landa, Amaia Lasa, Mikel Lasa, Karlos Linazasoro, Juanra Madariaga, Martxel Mariskal, Miren Agur Meabe, Xabier Montoia, Omar Nabarro, Juanjo Olasagarre, Jose Luis Otamendi, Paddy Rekalde, Isabe Salinas, Beñat Sarasola, Joseba Sarrionandia, Castillo Suarez, Kirmen Uribe.

lurra sustraietatik orri

Zaldiarri bildumako 9. ale honek badu beste berezitasun bat: Erramun Mendibelandak osatu izan ditu Eako Poesia Egunetako urteroko afixak, eta harekin egin izan dituzten serigrafiak oparitu izan dizkiote parte hartzaileei, urteroko opari estimatua bilakatuz. Liburuan bereak dira azala eta barruko irudiak: “Liburu honetan dauden pinturek “bedaruko juanen balada tristea” osatzen dute. Guztiak egilearen grabatuak dira, gero berak oleoz margotuak, 2017-18 urteen artean.

Eako Poesia Egunetao antolatzaileen ezaugarri izan ohi den eskuzabaltasuna Zaldiarri bilduman ere badu bere isla: bilduma osoa deskargatu daiteke osorik PDFan. Literatur zaleentzako altxorra, zalantzarik gabe, haien webgunera bisita egitea merezi egiten duena.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)