Amuak

Extefana Irastortza, historiaren hats poetikoa

Asteartea, 2018-11-06

Urriko azken egunetan utzi gintuen Extefana Irastortzak,  Altzan jaio eta Hendaian bizi zen poeta, historiaren gordailu bizia.

Azken urteetan ezagutu dizkiogu poemak, ezagutu dizkiogu historiari loturik kontatutakoak, oroitzapenen gordailu. Bere oroitzapenak ere autoedizio moduan plazaratu zituen, Amatxi Extefanaren oroitzamenak. Berandu heldu zion poesia idazteari, senarra hil eta gutxira, Edu Lartzagureni Berrian egindako elkarrizketan aitortu zionez. Hala ere, Hatsako Olerki Bildumaren hitzorduetan aurpegi ezaguna bilakatu zen, eta bilduma gehien-gehienetan hartu zuen parte. 2002ko bildumatik ekarri dugu “Lore bakartia” poema, eta 2017kotik berriz “Amatxi bat”, ez ohiko ahots bati omenaldi gisa.

LORE BAKARTIA

Mendi kaxko kaxkoan

arroka haundi baten gerizan

ote ondo baten itzalean

han dago lore bakartia.

Itsa-alde gegira

han sortua da.

Ikaran dago

norbeitek biltzeko beldurrez.

Bidexkan pasatzean,

nik edre eskua luzatu dut

lorea biltzeko.

Ez: ez diot bizia kenduko

eta utzi dut bere xokoan

dudarik gabe uda azkenean

lorea desagertuko da,

uda berrian berpizteko

eta ni berriz bidexkan

pasatuko naiz

lore polita zu ikusteko.

 

 

AMATXI BAT

Ez naiz poeta

Ez naiz idazlea

Ez naiz bertsularia

Baizik amatxi bat

Nere erran nahiekin

Nere barneko nahi gabeekin

Eta nere pozarekin

Gibelerat begitzearekin

Ohar bat egitearekin

Lur huntako bide haundiena

Egina sutala eta behar dutala segitu aintzina

Nere poema kaxkarra agertuz

Iturritxako ura urrupatuz

Oroitzapen goxoak gogoratuz

Familia eta lagunak eskertuz

Itsas bazterreko haizea gozatuz

Lur huntako bidea bururatzean

Orduan argi eder bat

Agertuko zaitanean

Argia lagun

Zeharkatuko dut itsaso zabala

han ageri den uhartzeraino

Argia lagun

Sartuko naiz berri batean.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)