Bernard Mancietek Gernikaz erranak
Igandea, 2012-04-15Bernard Manciet poeta okzitanoak 'Lo dider de Guernica' testua idatzi zuen, bonbardaketa poesiaren bitartez salatuz. Maiatz aldizkariak argitaratu zuen euskaraz Lucien Etxezaharretak itzulirik, berriki Maiatzek berak liburu moldean berrargitaratu du zazpi hizkuntzatan.

Iñigo Aranbarrik martxoan eskaini du 'Bonbardaketak literaturan' saioa Literatura Eskolaren egitarauan, Durangon bonbardaketen inguruan antolatutako Zilar Astean. Durango bonbardatu eta gutxira suntsitu zuten faxistek Gernika, eta Literatura Eskolako saioan eskainitako erreferentzia ugarien artean zegoen 'Lo dider de Guernica'. Aranbarrik osorik irakurri zuen testua 'hiru zatitan idatzitakoa, oso poema ederra. Maiatzek ateratzen duen joia horietako bat'.
Okzitanierazko literaturak eman duen idazle ezagunenetako bat da Bernard Manciet. 1923an sortu zen, Sabres herrian, eta amaren hizkera hautatu zuen literatura idazteko: okzitanieraren aldaki bat, gaskoi beltza deitua. 1945ean argitaratu zituen Mancietek gaskoizko lehen testuak.
Bernat Manciet-ek maite zuen jendaurrean poesia irakurriz agertzea, besteak beste, Bernard Lubaten ikusgarrietan. Errezitaldi batean entzun zuen Lucien Etxezaharretak 'Lo didier de Guernica' poema, eta Maiatz aldizkariaren 21. zenbakian argitaratu zen egilearen baimenarekin. Manciet 2005ean hil zen, eta orduan liburu moldean eman zuen Maiatzek berriz ere testua: okzitanierazko jatorrizkoa, frantsesezko bertsioa Mancietek berak itzulia, euskarazkoa Lucien Etxezaharretaren eskutik, gazteleraz Miren Bilbaoren bertsioan. 2011ko azaroan berrargitaratu du Maiatzek ingelesezko, bretoierazko eta katalanezko bertsioak gehiturik. Lerro hauek atxiki dizkiote edizio berrian hitzaurreari:
'Sei urteren buruan lan hau berrargitaratzen dugu, agortua zela eta. Gehitu dizkiogu hiru itzulpen berri: bretoieraz, katalanez eta ingelesez. Gernikaren bonbardaketa eta suntsitzearen hirurogeita hamabosgarren urtemugan sartzen ari gara. Zauri asko irekirik daude oraindik gure herrian eta bakearen bideak irekitzen dituen garaiak esperantza berria pizten duelarik. Hizkuntzen aniztasunak, elkarren errespetu gehiago bideratuko duela sinesten dugu ere, Gernikaren irudi argiak bezala'.
2010ean ere Manciet-en lana gogoratu zuen ikuskizun batean erabili zen poema, Amaren alabak taldeak musikaturik. Lucien Etxezaharretak berak azaldu azaldu digunez 'testu hau hizkuntza gehiagotara itzuli nahi genuke, eta agian noizbait saio berezi bat egin horrekin, bake mezu bat bidaltzeko. Gernika bihurtu dadila elkartze eta maitasun sinbolo bat azkenean. Zorigaitzez hainbeste herri eta tragedia gehitu behar zaizkio Gernikakoari, baina iduri zait literaturak hor beharbada bere bide bat konplitzen duela horrelako ekintzekin'.
Durango, Gernika eta oro har bonbardaketen krudeltasuna gogoratzen ari garen honetan, 'Gernikaz erranak' testua ekarri dugu bertara Lucien Etxezaharreta-ren eskutik:
GERNIKAZ ERRANAK
I.
-Eguraldi ederra Gernikan?
-Egun ederra hodei legunekin
Eta ezkongaien antzeko zuhaitz loratuekin
-Ez al duzue elurrik Gernikan?
-Akazia ondoek itsas gainera Lekeition elur egiten
Eta Bermeon itsasoa udaberri
-Goizalde polita, goiztiri hotza?
-Hegoaren hats epela dugu Gernikan
Eta gure gudariek goiza lez mendiak estaltzen
-Etxetik ortzantza ez duzue entzuten?
-Lilizko galernak ditugu eta mendiak kizkurtzen
Eta Gernikako Haritza lili soil bihurtu
-Etxetik tximistak ez dituzue ikusten?
-San Migel mendian haserrearen aingeruak ditugu ikusten
Eta euskaldunak tximisten anai
-Alo! zuek gernikarrek beldurra etortzen ez duzuela
ikusten?
-Bi mila urte beldur eta ikara dauzkagu
Eta aspaldiago gure gainetik mendiak egan
-Egia al da odola etortzen ez duzuela ikusten?
-Mendiak txurrutaka urtu Mundakaren gainera
Jesu Kristoren zauriak atseginez berrireki
II.
-Alo! bilbotarrak! ez daukagu ardo eskasik
Bart arrats osoan ardoak polkan ararazi gaitu
Gardoki txikiak txistua jotzen zuela
-Ez dugu -Alo!- janari eskasik
Katuak niauka ihesi eta txakurrak negarrez
Astoa karkailaka hasi hiltegiaren aurrean
-Ametralladorak badauzkagu eta atabalak
Eta Unzeta fabrikaren tresnak indar betez
Eta arrats osoan arrosarioen metralla
-Hegazkinak, Stukak Gernikan badauzkagu
Alo Bilbo! teilatu gainean bi karmeldar besoak zabalik
Enarabeltz eta hazi hegaldunez bazterrak bete
-Bonba txirulariak -Alo Bilbo!- nahikoak dauzkagu
Okinaren adarra entzun behar zenukete
Eta Oizmendin mila bular zulatu
-Arrosak ufatzen dituzte, arrosa xirulaka dabil
Gernikan bonba argi botatzaile beharrik ez
Gardeniako Andre dena Mariaren - ave rosa mystica -
Supiztekoa badugu
-Alo! - ez dugu lur eskasik
Ez eta lubaki, pala edo aitzurrik
Egoitzak hilobietan dauzkagu jarririk
III.
-Eguraldi ederra Gernikan?
-Iparraldetik datozen eguzki ilunek
Gure kanpaidorreetako ezkilak oro errondan kantarazten
dizkigute
-Alo! - etxen eguraldi lasaia?
-Juan Plazaren amona arroltze otarrearekin jaisten ari da
Eta Don Tello kaleko atso xaharrak biharko eltzekarirakoak
xuritzen
-Euria al zenukete? Alo Gernika!
-Zilarrezko euria dugu leinuru azukratuen gainetik
Gozoki egilearen langilesak azukrean hiltzen ari dira
-Aizue - aizue ekaitz arramantza hori etxen duzue?
-Sutan lasterka doatzin azokako idiak baizik ez dira
Dabiltza jendearen gainetik
-Udaberria azkenean Gernikan?
-Gerezi basa molkoek zazpi metroko punpeak egiten
Gure gerezi basa ondoek haur molkoak dakarzkate
-Arratsa ote da azkenean zuen Haritzaren goian?
-Goiztiria da infernuan eta Haritza ikaran
Mende honen goiztiriaren agurtzeko
Guk ikusi dugu - Bazko garaian gara - hilen artetik
Armaggedonen zaldi hila jauziz jalgitzen
Erresorta iduri eta gure hil guzien gainera erortzen
-Alo hemen Parise! Gernikak ez digu gehiago erantzuten
Albiste honen uberan:
Maiatz 2011ko Durangoko Azokan (Berria)