Amuak

Apocalypsis cum figuris, edo nola bilakatu deskribapen bat literatura

Astelehena, 2019-01-07

Malgorzata Dzieduszycka ikerlari poloniarrak ariketa ia ezinezkoa egin zuen behinola liburu formatuan: Jerzy Grotowskiren antzezlan bat deskribatu, hitza beste euskarririk gabe.

Posible da deskribapen hutsa literatura izan? Are gehiago, posible da deskribapen hutsik idatzi? Ekintza bat deskribatu deskribatzailearen inolako aztarnarik gabe? Azkenean, deskribapen bat eraikuntza subjektibo bat baldin bada, deskribapena beti da literatura?

ikerlaria (1949an jaioa), Wroclaw-ko unibertsitatean poloniar filologian lizentziatua da. Jerzy Grotowskiren Apocalypsis cum figuris lanaren deskribapena izan zen bere lehenengo liburua, eta ondoren antzerki poloniar garaikidearen inguruko lan gehiago argitaratu ditu. Liburu hau 1974an argitaratu zen estreinako aldiz, gazteleraz berriz 2003an Maldoror argitaletxearen eskutik.

bkk_081Malgorzata Dzieduszycka

apocalypsis

Grotowski XX. mendean teatroaren paisaia burgestuaren ohiko kodeak irauli zituen egileen artean kokatu daiteke. Ohikoa zen topatzea bere Hacia un teatro pobre liburua 60. eta 70. hamarkadetako gazteen liburutegietan. Bertan ikus zitekeen bere teatroa ikusteko moduaren funtsa: oinarrietara itzulera, erritura, espazio hutsera, aktorea eta ikuslearen arteko harreman basati eta sentsorial batera.

hacia un teatro pobre

Era horretako lanen artean kokatu behar litzateke liburu honek deskribatzen duena ere. Apocalypsis cum figuris antzezlana 1968ko uztailaren 19an taularatu zen lehenengo aldiz. Orduko hura publikoaren aurrean egindako entsegu orokor bat izan zen. Estreinaldi ofiziala 1969ko otsailaren 11an izan zen. 1972. urtearen amaiera bitarte 188 aldiz taularatu zen.

Espazio huts eta pobre bat. Haren inguruan antolatuta publikoaren eserlekuak, aktoreen izerdia kasik ukitzeko moduan. Ilara bat, asko jota bi. Haien begien aurrean ekintzak gertatzen hasiko dira, sarritan gauza bat baino gehiago batera, ikusleek zeharka jasoko dituzte gertakizunetako asko. Gauza batzuekin geratuko dira, xehetasun batzuekin, inpresio batzuekin, ez guztiekin. Liburu honen egileak era horretako lan bat jasotzeko saiakera egingo du, beraz. Nola ordea? Nola jaso pentsamendura baino gehiago emozioetara, erraietara bideratutako lan bat? Egileak hitza du soilik lanabes, ez argazkirik, ez bideorik. 70eko hamarkadan gaude, liburu bat plazaratzea ez da edonolako erronka. Eta ez hori bakarrik, bada beste zailtasunik. Grotowskik berak lan honetarako planteatzen duen dinamika ere bada nahiko eragozpen. Dzieduszycka-k berak zalduko digu:

"Apocalypsis cum figuris ordubetez taularatutako ikuskizun bat edo artelan bat baino zer edo zer gehiago da; emanalditik emanaldira sortutako prozesu baten gisan ulertu behar da. Bilaketa amaigabea da, gero eta ez-teatralagoa den forma batera iristeko xedea. Aldi bakoitzean zer edo zer berria proposatzen digu. Apocalypsis cum figuris 1968an ikusi zutenek eta 1975ean berriro ikusi zutenek, gauza guztiz ezberdinak direla adierazi dute."

Egileak 1971etik 1972ra 30 aldiz ikusi zuen antzezlana, eta esperientzia hori hitzez adierazten saiatzen da. Bariazioak amaiezinak dira, horregatik agian deskribapenaren korpus nagusiari etengabe lotzen dizkio oin oharrak, deskribapenaren adarrak irakurlea galdu gabe bideratuz bezala. Eta deskribatuko ditu aktoreen mugimenduak, emanalditik emanaldirako bariazioak, eta deskribatuko ditu argiak, soinuak, objektuak, publikoaren disposizioak.

grotowskiJerzy Grotowski

Antzezlan honetan “poesiaren legeek agintzen dute, ez prosarenak”. Ez da hari nabarmenik egongo, ez ageriko narraziorik, baina egon badago testua, testua hitzaren baliokide gisa ulertzen bada, tarteka lan jakin batzuetako aipuak deklamatuko baitituzte: Biblia, Thomas S. Eliot, Fiodor Dostoyevski, Simone Weil. Eta hala ere, hitzaren erabilera ez da teatro burgesak inposatu duena:

"Hitza bertan mimika, mugimendua, argia edo ahotsaren inflexio fisikoen garrantzia maila bereko tresna semantikoa da. Eszena batzuetan bere garrantzia handiagoa da (aipuen erabilera dagoenean, kasu), baina beste batzuetan batere garrantzirik ez du (dantza egin bitartean esandako gauzak, kasu).

Horri esker, mugimendua eta egoera eszenikoak ez dira hitzen emaitza, ez dira aldez aurretik aurreikusiak izan. Ikuskizunaren “partitura” aktuazioen partitura bat izan da, eta ez galdera, erantzun, esaldi eta errepliken transkripzio bat. Hemen aktoreak -personae dramatis-, ez dute haien artean soilik hitza erabiliz hitz egiten."

XX. mendeko kontuak baldin badira ere, teatro burgesak inposatutako teatro arrazional eta -batez ere- narratiboa gaindituz, hitzari beste edozein elementu dramaturgikoren maila bereko garrantzia emanez teatroaren oinarri klasikoak (errituala) gaurkotu nahi dituen teatro garaikidearen joera dagoeneko zaharra da. Teatro garaikidea esaten diogu oraindik XX. mende hasieratik egondako aldaketa joerari, beraz teatro garaikidearena dagoeneko teatro zaharra da; eta hala ere, oraindik ere, teatro burgesarekiko tentsio hori existitzen da, zauri kreatiboak sortuz.

Deskribapenean aurrera egin ahala Malgorzata Dzieduszyckak adjektiboen beharra izango du gero eta gehiago, ihes egingo diote kritika izpiek lerro artera, oin-oharrekiko dependentzia areagotuko zaio. Eta horrek egiten du benetako, harribitxi, liburu honetako deskribapen ahalegina. Agian ez da Grotowski, ez dira erabilitako aipuen egileak Apocalypsis cum figuris antzezlanaren “idazleak”; agian ikusle batek soilik IDATZ lezake antzerki esperientzia hau, anterkia esperientzia oro, bere sentipenak paperean islatuz.

Agian ikuslea da teatro garaikidearen idazle (egile?) posible bakarra.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)