Auzoko amona
Igandea, 2011-01-23Auzoko amona testua igo du Ainara Lasa kofradiakideak "Aingura hegodunak" atalera. Testu hau Hariketak erakusketaren inaugurazio-errezitaldian irakurri zuen Ainarak berak Xabi Strubellekin laguntzarekin, albiste honen argazkia horren lekuko.

Egun askotan egin nituen bidaia haiek auzoko amona harekin.
Distantzia bera ibiltzen genuen,
baina bakoitzak bere bidaia egiten zuen.
Badaezpada ere ordu berean irteten nintzen
ahal nuen guztietan berarekin topo egiteko.
Munduan ondoen ulertzen ninduena bera zela pentsatzen nuen.
Ordulariari begira gosaldu,
eskilarak banan bana jeitsi
eta maldan behera abiatzen nintzen.
Han joaten ginen,
elkarrengadik metro batzuetara baina elkarrekin.
Bera, artilezko jertsearekin beti
betiko udazkenean bilduta.
Ez nintzen inoiz deus esaten ausartu.
Esan nahiko nioke nire jainkosa bera zela,
miresten nuela bere pauso txiki bakoitza.
Milaka beharko zituen bere eguneko bidaia egiteko,
baina zer axola zion bada,
distantziak zenbat pausotan egin idatzi al zuen ba norbaitek?
Uste dut auzoko katuak zituela lagun bakar
ilaran bere atzetik beti, bost, hamar, hamabost.
Han joaten zen, karroa eskuineko eskuarekin helduta
patrikatik disimuloan bezala apurrak atera eta katuei banatuz,
trenbidea gurutzatu arte.
Eta pentsatzen nuen pentsatzen zuela:
- Gaur ere gurutzatu dut trenbidea Gaur ere banoa bizitzara.
Gorakoan ikusten nuen gero,
makuluarekin ni, karroarekin bera.
Elkar agurtzen genuen beti.
Gorakoan karroan pisu gutxiago zeramala esango nuke;
bidaia haietan ez zela azokara joaten
karroa bakardadez betea eramaten zuela
eta bidaia bakoitzean hustu egiten zuela pixka bat.
Bidaia haiek bizitzen zutela
horrek auzoko katuak bizitzen zituela
eguna emateko bere modua bilatu zuela
eta nireari zentzua ematen ziola.
Ainara Lasa