Amuak

Itu Bandaren fanzinea, paperean eta sarean

Osteguna, 2013-09-05

Ekainean eskuratu genuen Itu Bandak kaleratutako aldizkariaren lehen alea, Donostiako Kaxilda liburudendan. Modu anonimoan sinatu dituzte hiru egileek bertan irakurri daitezkeen testuak, eta manifestua: “Kafe artean igeri berba egin dugu izkiriatzeaz. Izkiriatzeaz eta esna egoteaz. Gazte baikara eta zirrikituek ez baikaituzte akitu; ez oraino”. Amuak atalean luzatu dizuegu haien lana irakurtzeko gonbitea.

Hiru lagunek sinatutako manifestua, mugimendua aldarri, fanzinea aho. Bertan, avatar zaharberrituak iduri, Virginia Woolf, Anton Txekhov eta Franz Kafkaren arteko elkarrizketa bat topatzen ahal da lehenik, kaleko argiak hizpide eta lagun. Handik aurrera narrazio laburrak, poemak, Charles Bukowskiren Begi ederdun gizona testua. Itu Bandak sortu duen blogean dago haien manifestua, eta aldizkaria osorik irakurtzeko aukera.

Itu Bandaren agerpenak dagoeneko izan ditu hainbat oihartzun:

-BERRIA: Kale-argiak, beren lekuaren bila

-ENTZUN 'Obabako testiguak' irratsaioa: ITU Banda uhinak okupatzen 1 eta 2

-ZART kultura, elkarrizketa: "Idatzita balego benetan, zertarako balio duen literaturak, akabo"

Fanzineak saretzen

Azkenaldian indarberriturik sumatzen ahal da fanzineen mundua, kasu askotan Internet lagun. Anitzak dira han hemen blogetan topa litezkeen ahotsak, blogek bete dezaketelako neurri batean garai bateko sormen-autogestio-bideen funtzioa. Baina papera ere bizirik dago aldi berean.

Kaxildan eskuratu ditugu lehenago ere erdaraz Alquimia fanzine hiperaktiboa gazteleraz: hilean behin kaleratzen da paperean eta edizio digitalean, eta zuzenean ere entzun ahal izan dira bertako hainbat testu Conccertino para organico y palabro ez ohiko errezitaldian; Iruñetik heldu zaigu ere ilustratzaileek sortutako Pan de molde delakoa, 28 lagunen parte hartzearekin.

Pozarren hartu dugu beraz Itu bandaren euskarazko ekarpena, formatuari dagokionez Vladimir etorri zaigularik besteak beste gogora. Sarerik gabeko bestelako garaietan nekezak ziren zabalpen bideak, ezinbestekoak halaber, 90eko hamarkadan Napartheidek sortu eta herriz herri zabaldutako Fanzineen Hemerotekak ondo erakutsi zigunez. Sarean egin litekeen aldi bereko lanak lagundurik bizitza berri bat eduki dezakete egun fanzineek.

Ongi etorria ematea besterik ez zaigu falta, beraz, Itu Bandak eginiko ekarpenari.

 

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)