Albisteak

Ramon Saizarbitoriaren liburu berriaren muina "giza harremanetan datza"

"Ez da liburu aspergarri bat, badago tentsio narratibo bat" adierazi du Ostirala, 2012-04-20

Ramon Saizarbitoria idazlea umoretsu agertu da gaur San Sebastian hotelean, Donostian, Martutene (Erein) nobelaren aurkezpen ekitaldian. Markos Zapiain idazle eta ikerlariak eta Iņaki Aldekoa editoreak lagundu diote prentsaren aurreko agerraldian. "Fede onez idatzitako liburua da, hori seguru, eta ez dut uste esan beharrik dagoenik, ez dela idiotentzat idatzia. Baina esan behar dut, ez da aspergarria (...). Badago tentsio narratibo bat". Koldo Izagirre idazleak asko lagundu diola aitortu du.

Markos Zapirainen ustez, Saizarbitoriaren orain arteko lanetan bezalaxe Martutene liburuan ere "muina giza harremanetan datza. Giza harremanen funtsa maitasuna da eta maitasunaren funtsa, jelosia da. Alde horretatik, ikerketa sakon bat da liburu hau. Emakumearen jelosiaren inguruko ikerketa bat agertzen da liburuan".

Iragabeko zama
Liburuko gizonek, Martinek eta Abaituak, maite dituzte euren andreak, "baina oztopoak dauzkate. Etortzen zaizkie etengabe burura oroitzapen mingarriak, jelosiari lotutakoak. Iraganeko zama etortzen zaie eta iraganeko zama horrek eragozten die aurrez aurre dutena behar bezala maitatzea, modu eskuzabalean", Markos Zapirainen ustez.

Errugabetzeko ahalegina, deigarriena
Jelosia horrek Martutene liburuko gizonezko protagonistei zera eragingo die: "betiko amorrua, etsipena... baina eragin afrodisiakoa ere badauka", Markos Zapirainen esanetan. "Gizonezko protagonistek, momentu batean, abandonatuak dituzte bikotekideak. Emakumeek alde egiten diete, eta orduan berpizten zaio gizonari maitasuna. Afrodisiakoa da zentzu horretan. Soilik ikusten duenean emaztea galtzeko arriskua dagoela, sentitzen du berriro gizonak maitasuna. Noiz arte? Erabat ziurtatuta sentitzen duen arte maitearen jabetza. Behin ziurtaturik sentitzerakoan, berriro hasiko zaio leporatzen iraganeko irudi mingarri haiek. Eta horrek sortuko du bikotearen baitan sekulako giro nazkantea".

Errua aipatu da Martutene liburuaz hitz egin denean, baina Zapirainek uste du "kontuan hartuta aurreko nobelak, errua baino garrantzitsuagoa edo deigarriagoa da errugabetzeko ahalegina. Hori orain arte ez da egon. Patuaren onarpen lasai bat. Euskalduna ez den pertsonaiak egiten du hori, Lynnek".

Bizitaren aldeko aldarria
Aurreko liburuekin alderatuz, Ramon Saizarbitoriaren nobela berri honetan bizitzaren aldeko aldarria egiten da, "zeharka bada ere. Eta horrek eragin handia dauka protagonistengan", Zapirainen hitzetan.

Ramon Saizarbitoria: "Gogoa dut beste hamar urtez isiltzeko"
Umoretsu agertu da prentsaurrekoan Ramon Saizarbitoria. Bere buruaz eta bere lanaz hitz egitea oso zaila egiten zaiola aitortu du, "derrigortuta egon naiz egun hauetan hitz egitera. Gogoa dut beste hamar urtez isiltzeko. Askotan, kazetarion aurrean, batek sentsazioa dauka errepikatu egiten dela, eta hori idazle bati ez zaio gustatzen. Eta ez errepikatzeko askotan inprobisatu egiten du; eta askotan auskalo zer esaten duen...". Baina "etsi onez eta umil hartu dut promozio-egite lan hau eta ahal dudana egin dut", adierazi du gaur eguerdian egin duen aurkezpenean.

Fede onez idatzia
Gaurko prentsaurrekoa egin baino lehen, ordea, hainbat elkarrizketa eskaini ditu eta hori ere hizpide izan du Ramon Saizarbitoria idazleak: "esan ditut burura etorri zaizkidanak Martutenez, emakumeez, maitasunaz, maitasun ezaz, erruaz... Ez dakit zer gehiago esan mundu guztia korrika batean joan dadin liburua erostera!", kazetari eta gonbidatuen irribarrea eraginez.

"Badakit eta esan zait liburua potoloa dela eta mundu guztiak ikusi du eta ulertu du hori. Gehien azpimarratu den ezaugarria hori izan da orain arte", adierazi du ironiaz. "Baina gizentasuna ez da politikoki korrektoa, gimnasioaren aroan liburu potoloak ere gaizki ikusiak daude", gehitu du segidan.

"Fede onez idatzitako liburua da, hori seguru, eta ez dut uste esan beharrik dagoenik, ez dela idiotentzat idatzia. Baina esan behar dut, ez da liburu aspergarria. Badago tentsio narratibo bat. Bada narratze teknika bat".

Azkenik, "sinestu nahi dut estiloak salbatzen duela liburua. Eta esango dizuet baina hau off the record -txantxetan kazetariei zuzenduz-, uste dudala estiloa dudala eta estiloak liburua eta pertsonaiak salbatzen dituela".

Koldo Izagirrek "asko lagundu dit"
Amaieran, eskerrak eman nahi izan ditu. Hasteko, "Erein argitaletxeari laguntza era guztietakoa eskaini didalako, materiala nahiz espirituala. Iņaki Aldekoari, editore bezala eta lagun bezala, eskaini didan laguntzarengatik. Azken bi hilabeteak oso gogorrak izan dira eta korrika eta presaka ibili behar izan dugu askotan".

Koldo Izagirrerentzat ere esker oneko hitzak izan ditu: "eskerrak eman nahi dizkiot liburuan lehen irakurle bezala azaltzen den Koldo Izagirreri. Berak ez zuen nahi azaltzea liburuan, ez zaio gustatzen gizonari asko azaltzea, baina nik ez nuen bere lana beltz-lana bezala utzi nahi. Nahi nuen jendeak jakitea nola lagundu didan. Asko lagundu dit. Harreman fuertea izan dugu azken hiru hilabeteotan eta proposamen asko egin dizkit. Argudiatuz, askotan folio luzeetan, baina ez dizkiot guztiak onartu bestela ez nintzen neu izango! Eta hori ez du gaizki hartu. Pozik nago, harro ez esateko, errespetu handiarekin egin dugu lan eta elkarlanean aritzeko nostalgiarekin geratu naiz".

Josu Landak, Clara Monterok eta Patri Urkizuk ere asko lagundu diotela aitortu du Ramon Saizarbitoriak, Donostiako Hotel San Sebastianen eskaini duen prentsaurrekoan.

Liburuaren aurkezpenean bideo hauek jaso ditugu, agerraldiaren erakusgarri.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)