Albisteak

Mikel Ibargurenen "Ahapetik" osorik armiarma.com-en

Osteguna, 2014-02-13

Pasa den asteko Literatur Emailuetan zabaldu zuten berria: Mikel Ibargurenen Ahapetik liburua osorik irakurtzeko moduan jarri dute armiarma.com atarian. Ibargurenek 2007ko Kutxa Saria irabazita plazaratu zuen Ahapetik poesia liburua.

Asko da lehiaketen bidetik argitaratu izan dena, asko ere kartoizko kutxa batean gorderik geratu dena. Hori izan da irakurle askoren kexua luzez: argitaratu izan den hori guzti hori eskuragarriago ez jarri izana, gordeta laga beharrean ale horiek ez zabaldu izana. Izan narrazioak, nobela, poesia edo antzerkia, ohiko argitaletxeen ohiko bideetatik zabaldu izan dira lan horiek, liburu dendetan eskuragarri baina promozio eskasarekin. Oro har liburutegi zoko, bigarren eskuko denden bazka bilakatu izan dira horrelako lanak sarri.

Egun Internetek eman diezaguke lan horiek berreskuratzeko modua, armiarma.com-ek kasu berriki eman digu Mikel Ibargurenen Ahapetik irakurtzeko aukera. Honela aurkeztu dute Literatur Emailuetan egilea eta bere lana:

“2007ko Kutxa Sariaren irabazle, liburu sarituek, bereziki poesia liburuek, izaten duten bazterketaren biktima dugu Ahapetik bilduma. Ez dateke erakunde antolatzailearen errua bakarrik. Mikel Ibarguren poeta ezaguna zen ordurako, indar handiko bi poemategiren egilea, bata kartzelan eta kartzelaz, bestea aterpeturik eta aterpeaz. Indar handikoak, hain zuzen, gaiaren interpretazioa nitasun batetik ematen zigulako autoreak. Poeta zela, alegia. Ahapetik tituluak berak iradokitzen duen tonu apalean dago emana testuaren poesia bere hirugarren obran, aitorpenetan ari zaigu: zalantzak, esperantza apurrak, maitaleen aurka antolatua dagoen oraina eta eguna, gorputz urrunduak, absentzia, ezaldia Maitemina harresiez haratago ere, mugez haratago. Mintasun garden bat”.

Hitzen Uberanen jaso izan dugu lehenago ere Mikel Ibargurenen lanaren berri. Hona hemen proposamen batzuk:

Mikel Ibargurenen arrazoi poetikoak

Liburu gomendioa: Nazim Hikmet

Hiru poema

Poema musikatuak: Hemen gauak lau ertz ditu

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)