Albisteak

Eako Poesia Egunetan, bidegabea ikusgarri

Beste behin ere, ekitaldi bete asteburu izango da uztailaren 19koa EanOsteguna, 2013-07-11

Uztailaren 19an hasiko dira Eako Poesia Egunak eta aurreko edizioetan bezalaxe, ekitaldi bete asteburu prestatu dute. Gaur goizean aurkeztu dute egitaraua Bilbon. Gabriel Arestiren Ikusgarria da hemen bidegabea izango da aurtengo edizioko lema nagusia. Poesia abiapuntu harturik, hamaika solasaldi, errezitaldi, antzezlan eta kontzerturekin osatu dute asteburu beteko egitaraua, baina bada bestelako nobedaderik ere. Hementxe dituzue ekitaldi denen xehetasunak.


Poesia Egunak 2013, Ikusgarria da hemen bidegabea  (G. Aresti)

 

Uztailaren 19a ostirala

Euskeraren izen poetikoak (Gabriel Arestik 1967an Hernanin  irakurritako hitzaldia)

Antzezlana: Patxo Telleria (argazkian). 19:30ean, Udaletxean.

"Antzezpena baino, Gabriel Arestiren hitzaldi baten irakurketa dramatizatua da. Ustezko hitzaldi hau benetako bi hitzaldiren batuketa eta egokitzapena da: Euskal teatro berri baten beharra: euskal komedia, Donostian 1964an emandakoa eta Euskeraren izen poetikoak Hernanin 1967an irakurritakoa", antolatzaileen aditzera eman dutenez.

 

Irakurketa: Sumak kawsay

Mikel Martinez eta Iñaki Ziarrusta

Testua: Mikel Antza. 20:15ean, Udaletxean.

"Mikel Antzak ekonomiari buruz handik eta hemendik irakurritakoei buruzko hausnarketa mamitu du Eara hurbiltzen direnentzat. Eguneroko bizitza arruntaren errealitatea, gure baitan gordetzen dugun iragandako bizimoduaren oroitzapen hormatua besterik ez denez, errailetatik kanpo ibiltzeko arriskua hartu du. Izan ere, bada garaia arriskatu eta berritzeko".

 

 

Kontzertua: Lapatzatik itsosure

Josu Bergara eta The Playful Ensemble hari laukotea

23:00etan, Eskolapen.

"Josu Bergara kantautoreak itsasora begira idatzitako abestien kantaldia eta poemen errezitaldia eskainiko digu. The Playful Ensemble hari laukotearen laguntzaz  Gabriel Aresti, Esteban Urkiaga "Lauaxeta" eta hainbat olerkariren hitzak olatu erraldoi bihurtuko dira. The Playful Ensemble taldea Nerea Alberdik, Natalia Wangek, Ariadna Villatek eta Ibai Santamariak osatzen dute".

            


 

Uztailaren 20a larunbata

Hitzaldia: Artea gizartea aldatzeko tresna gisa: sormena eta talde-indartzea

Fabiana Boer (argazkian). 10:30ean, Udaletxean.

"Finantza sistema gaizto hedatzen ari da; militarrak gailentzen ari zaizkigu, hedabideek manipulatzen gaituzte; esplotazioa, indarkeria eta espekulazioa hedatzen ari dira… Testuinguru honetan, arteak kosmogonia berri bat dakar: horizontala da eta botereari zuzentzen zaio. Artearen bidez taldeak sortzen dira, eta hain zuzen horregatik, mundua alda dezake".

Hitza bidaide: Urrats galduen bidea

Instalazioa: Idoia Beratarbide. 13:00etan, Burdinolarako bidean

 

Antzezlana: Zapatak

Ainhoa Alberdi. Testua: Joxemari Carrere. Musika: Jurdana Otxoa

13:20ean, Burdinola aurrean

"Urrats galduen bidea oroimenari egindako keinua da. Plazatik abiatuta Burdinolara lehenbizi, eta errekan gora  Iruetaraino gero, bidean gure aurretik ibilitakoak ekarriko ditugu gogora, urteen sasitzari irabazitako zidorrean. Historiak irentsi dituen urratsak, eta gureak haien gainean.

Emakume bat. Eskuetan bi zapatatxo. Bonba bat erori den tokian ez omen da beste bat erortzen, hori diote. Iraganez betea dator, bonben lekuko isilak diren zapaten artean, orainean agur esatera. Zauriak sendatu eta etorkizunerantz bidaiatzeko. Aurrera, beti aurrera, beti aurrera, haizearen norabidean...".

Herri-bazkaria

15:15ean, Bedaronan

 

Poema errezitaldia: Idazleak irakurle

Rikardo Arregi, Hedoi Etxarte eta Fabiana Boer. Musika: Leandro Yaku

18:30ean, Apikalen

Rikardo Arregi Diaz de Heredia poeta gasteiztarrak hiru poema liburu idatzi du: Hari hauskorrak (Erein, 1993), Kartografia (Alberdania, 1998) eta Bitan esan beharra (Alberdania, 2012). Hainbat antologiatan eta hainbat hizkuntzatan agertu dira bere poemak. Itzulpenak egiten ditu, artikuluak, zutabeak egunkarietan, jendaurreko irakurketak… Volgako Batelariak taldeko kidea da.

Hedoi Etxartek hiru lan argitaratu du: 2008an Suzko lilia poema liburua (Susa),  2009an Alain Urrutiarekin Ihes ederra eleberri grafikoa (Alberdania) eta 2012an Sinplistak poema liburua (Susa). Besteak beste, Argia eta Euskalerria Irratian kolaboratzen du. La hormiga atómicako kidea da.

Fabiana Boer (Buenos Aires-Argentina) askotariko artista da: kantaria, poeta, aktorea, antzerki-zuzendaria… Aditua da antzerkia eta immigrazioa uztartzen dituzten egitasmoetan eta, oro har, antzerki sozialean. Bi poema liburu argitaratu ditu: Río arriba eta IdeMtidad. Erresistentzia, borroka eta aldaketa. Hiru hitz horiek oso lotuta daude Boerren ibilbide artistikoarekin.

 

Poema errezitaldia: Urtebetetze festa

Castillo Suarez. Musika: Borja Estankona. Irudiak: Ainara Lasa

22:30ean, Eskolapen.

Batzuetan zauriak irekita uztea da onena, gonbidatuak sar daitezen nahi dutenean.” Ezohiko festa baterako gonbidapena da hau. Castillo Suarezek Urtebetetze festa (Elkar, 2012) liburuko hainbat poema errezitatuko ditu Borja Estankona musikariaren laguntzaz, hitz eta musika artean ezkutatzen den mundu iradokitzaile bezain zorrotza agerian utziz.

 

Kontzertua: Deserriko kantak

Eñaut Elorrieta23:15ean, Eskolapen.

"Deserria bada bakardadea eta biluztasuna, bada sentimendu babesgabeen kontakizuna. Baina norbere burua berrasmatzeko aukera ere bada, geografia berrietan saiatzekoa. Badira desterratuak Arestiren Aitaren etxean, Sarrionandiaren memoriaren mapetan eta handik kanpo. Norberaren gorputzetik erbesteratuak ere badira. Norbere baitako kartografietan bidaiatzera gonbidatzen du entzulea, gogoeta eraginez norbere aberriaz eta atzerriaz, norbere emozioen geografiaz".

 


 

Uztailaren 21a igandea

Hitzaldia: Poesia, mailu eta fereka

Lucien Etxezaharreta (argazkian). 11:00etan, Beletxen

"Haurtzaroa berez poesia dela diote, irudimena eta ametsak elkartzen baititu mundu berri batean. Poesia, hitzen labetik, mundu berri horien eraikitzailea da, maitasun eta minak esanez eta itxuraldatuz. Mailuaren dangak deiadar daitezke mundu lokartu hau iratzarraraziz, kanta berriak agertuz. Hitzen isila eta musikaren fereka dira poesiaren bideetan. Irakurketa eta oharpenen artean mailua eta fereka poesiaren inguruan ibiliko dira".

 

 

Kantaldia: Kantuaren poesia

Eñaut Etxamendi. 13:00etan, Talaian.

"Poesia kanta bat izan da betidanik, eta Etxamendiren kantagintza poesia bizia da. Herri kulturaren sustraietarik atera zuen bizi eta min deiadar luzea, sorterriko mendien erreka eta malkarren oihartzun, bazter nafar hustuen dolamenez eta bizi nahi sarkorrez. Ehun eta bat kanta sortu zituenak lekukotasun apasionatua botatzen du mundu osoaren itxaropen tematuan kokatuz".

 

Herri-bazkaria

15:15ean, Natxituko bolatokian

 

Poema errezitaldia: Elkartasun basatia

Oier Guillan (azpiko bideoan, aurkezpen egunean hartutako irudiak). 17:30ean, Ermintxo hotelaren atzeko belardian.

"Oier Guillanek kaleratu berri duen Elkartasun basatia poesia liburua (susa, 2013) aurkeztuko du errezitaldi baten bitartez. Emanaldian Metrokoadroka kolektiboko hainbat kide izango ditu bidelagun, poemaka kolaboratzaile: poetak, musikariak, aktoreak... Elkartasun basatia poesia liburuan norbanakoaren eta taldearen arteko talka islatzen duten poemak dira nagusi".

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)