Albisteak

(Durangoko Azoka) Saiakera nobedadeak

Astelehena, 2020-12-07

Urtero, Durangoko Azoka iristean, udazkeneko nobedadeen errepasoa egiteko ohitura izaten dugu. Aurten, zirimola inoiz baino nahasgarriagoa izan daitekeen honetan, ohiturari eutsi diogu. Gaurkoan, saiakeren berri bildu dugu.

Gauzak direnak balira, Joseba Sarrionandia

Habanako gaukariaren hirugarren atala argitaratu du Joseba Sarrionandiak Pamielaren eskutik. Aurrez etorri ziren Bizitzea ez al da oso arriskutsua? eta Airea ez da debalde.

Fernando Rey arduratu da lanaren edizioaz, eta azpimarratu du kutixi bat dela liburua «euskara aberatsean» idatzita dagoelako eta «gauden tokitik mugitu gabe» bidaiatzeko aukera eskaintzen duelako. Era askotako gogoetak biltzen badira ere gaukarian, esklabismoari buruzkoak nabarmenditu ditu Reyk.

Egileak azpimarratu du idazmolde jakin bat eskaintzen duela egunerokoak, gaukariak bere kasuan, eta gauez idazten duela adierazteaz gainera, «opakutasuna argitzeko» saiakera bat egin duela orobat, «ilargiaren sekretario». Bestalde, autoreak nabarmendu du ez duela idazten «espektakuluan parte hartzeko», ezpada komunitate baten parte sentitzeko. Idazteak hori ematen diolako, pribilegiatu sentitzen da.

Jarraian ikus dezakezue Sarrionandiak aurkezpenaren aitzakian igorri duen bideoa.

 


 

Bidasoan gora, Eneko Aizpurua

Tene Mujika beka jasota, Bidasoari buruzko liburu bitxi zein eder bat kaleratu du Eneko Aizpuruak Elkar etxearen eskutik.

Hala dio liburuaren sinopsiak:

«Urak egiten duen ibiliaren kontra, ibaian gora abiatu da Eneko Aizpurua: Txingudiko badiako paduretan hasi eta Xorroxingo iturrian amaitu arte, bazterrik bazter ibiliko ditu Bidasoko urak eta lurrak, paisaiari eta pasaiariei beha.Bidaiariaren gogotik eta begietatik igaroko dira aspaldiko kontrabando-istorioak eta migratzaileen trafikoarenak, Barojaren eta Aitzolen estualdiak gerra zibilean, naziengandik ihesi ibilitako juduen eta aire-pilotuen gorabeherak, Zabalzaren eta Lopezen fin gaiztoa Endarlatsan, mugalariak, baserritarrak, eruditoak, filantropoak, faxistak...»

 


 

Sed quia sua, Iñaki Segurola

Iñaki Segurolaren liburuaren azala ikusi duenak, agian susmatuko du zerekin lotuta egon daitekeen azpeitiarraren saiakera, eta argigarri suerta daiteke azpi-izenburua bera: Hizkuntza honek zer dioen antzemateko saioa. 

Jorge Oteizaren Quosque Tandemetik abiatzen da, nolabait ere, saio hau, eta hari imitatzen dizkio hainbat gauza (izenburua latinez, eskaintza, egitura…). Segurolaren esanetan, Oteizak, liburu horretan, «pelikula bat» asmatu zuen euskal arimari buruz, harrietatik abiatuta (cromlech deritzon eskulturetatik). Segurolak, bada, «bere pelikula» egin du saiakera honetan, baina hizkuntzatik beretik abiatuz, eta ez harrietatik.

Inazio Mujika Ereingo editoreak aipatu duenez, ez zaio beldurrik izan behar liburuari, konplexua izan arren ez delako zaila; gainera, egilearen prosa gozagarria nabarmendu du, gaur egun diren euskal prosagile finenetako bat dela esanez. Den-dena lehen kolpean ulertu gabe ere, liburuaren etorrian murgiltzeko deia egin du.

 


 

Babel aurretik, Joseba Gabilondo

Ingelesez argitaratu zen lehenik, eta orain euskarara ekarri dute Amaia Apalauza itzultzaileak eta Txalaparta argitaletxeak Joseba Gabilondo literatura ikertzailearen Babel aurretik lana.

Editoreek azpimarratu dutenez, literatura-historia tradizionalak alde batera utzita, ikuspegi berritzaile bat dakarkio saiakera honek euskal literaturari. Izan ere, gure historia eta kultura ezaugarritzen dituzten gatazka edo biolentzia historikoak abiapuntutzat hartuta, gutxienez bi literatura bereizten baititu elkarren lehian: batetik, klase subalterno edo zapalduek (nekazari, baserritar…) euskaraz adierazitakoa, gehienbat ahozko tradizioari loturik, eta, bestetik, euskal eliteek erdaretan idatzitakoa. Bestalde, euskaraz idatzitako literaturak gaur egun ere rol sinbolikoa duela azpimarratzen du Gabilondok: oraindik ere estatu-hizkuntzetan gehienbat hitz egiten eta idazten duen euskal herri bati nortasun sinboliko eta diferentzial bat ematea. Espainiar eta frantses literaturak birdefinitzen ditu, eta, euskal kasutik abiatuta, literatura minoritarioen gaineko teorizazio berri bat dakar. Historiografia tradizionalek aintzat hartzen ez dituzten testu, diziplina eta jardunetan jartzen du arreta; besteak beste, diskurtso politikoan, antropologian, turismoan eta ekonomian. Gainera, literatura-diskurtso historiko gehienak aletzen ditu (historizismo berria, teoria postkoloniala, multikulturalismoa, ikasketa subalternoak), eta proposamen metodologiko eta teoriko berri bat egiten. Azkenik, historia honek argi berri baten pean aurkezten dizkigu zenbait mugimendu historiko; esate baterako, nazionalismoa, feminismoa, modernitatea eta globalizazioa. (Irudia: Txalaparta)

big_babel-aurretik-f1-1

 


 

Gure historia da etorkizuna, Nick Estes

Amaia Astobizak eta Danele Sarriugarte lau eskutara itzuli eta Katakrak argitaletxeak kaleratu du Gure historia da etorkizuna izeneko saiakera, kronika eta liburu historikoa, Nick Estes idazle eta aktibista indigenak idatzia.

Honela dio liburuaren sinopsiak:

«2016an Standing Rock (Ipar Dakota) erreserbako kanpaleku batean protesta saio bat egin zuten oliobide baten eraikuntzaren kontra. Gas hodiaren kontrako mugimendua, bat-batean, hogeita batgarren mendeko indigenen protesta mugimendu nabarmenena bihurtu zen. Erresistentzia talde horietako kideek bazekiten borroka berri hark bazituela aurrekariak. Eta bazekiten borroka hark bazituela borroka antikolonialekin loturak.Liburu hau aldi berean historia liburu bat da, bi mende barnebiltzen dituena, baina bada baita ere belaunaldien arteko erresistentzien pasadizoen harilkatze bat».

estes

 


 

Kilker bat autopistan, Bernardo Atxaga

2016ko udazkenean hasi eta 2020ko udara arte, Bernardo Atxagak gogoeta batzuk prestatu eta partekatu zituen Maite Artolak zuzendutako Faktoria irratsaiorako. Orain, liburu batean bildu ditu, eta Pamielaren eskutik argitaratu. Irratirako pentsatuak izan zirenez, ahozkoaren kutsua dute, baina pausoz pauso garatutako saiakera baten gisa aurkezten dira, egileak berridatzita eta osatuta.

Zera esan du Maite Artolak liburu honen harira: «Zaratak estaltzen duen hotsaren bila jo genuen Atxagarengana [...] Behar zuen A-8ak kilkerraren hotsa».

Joseba Sarrionandiak, berriz, hau: «Kilker bat bezala paratu beharra dago autopistako zangan, inork entzuten edo ulertzen ez duen mezu batekin apika, jendearen bizitza ziztu bizian doan artean. Kilkerra. Baina kilker honek gaineko hego gogortuak igurtziz egiten duen hots zolia ez da beti-batekoa. Kilkerra ikuslea eta lekukoa da, memoriaduna eta pentsamenduduna. Ez da kilker bat: gogo kritikoa da».

Kilker-bat-autopistan


 

Albiste honen uberan

Kalean dira Aleka eta Lisipe bildumetako izenburu berriak

Jon Alonsok "Naparra, kasu irekia" saiakera aurkeztu du

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)