Bilboko etxola-auzoak, gure historiako pasarte ahaztua
Osteguna, 2021-09-30Bilboko etxola batean plazaratu du Iñigo López Simónek, 50eko hamarkadan Bilbon izan ziren etxola-auzoak aztertzen dituen liburua: Tene Mujika bekari esker osatu du, eta Elkarren eskutik eman du argitara. Irudia: Debako Udala.

2011n gazte-delinkuentziari eta marjinalitateari buruzko tesi bati ekin zion Iñigo López Simón historialariak, eta Otxarkoaga auzo bilbotarrera jo zuen xede horrekin: hango biztanleen bitartez izan zuen lehen kontaktua Bilboko etxola-auzoen fenomenoarekin. Tesian, gero, zeharka eta «modu azalekoan» baizik ez zuen ikertu kontua, tesiaren beraren mugen ondorioz, baina gaiaz hitz egiteko gogoa piztu zitzaion hala ere.
Iaz, ordea, Tene Mujika beka eskuratu zuen –Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute, historia hurbilari buruzko lanak bultzatzeko–, eta horri esker osatu ahal izan du orain gaiari beren-beregi heltzen dion liburua.
Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak lanaren garrantzia nabarmendu du: «Gure bizikide eta auzotar diren milaka pertsona bizi izan ziren [etxoletan] hamarkada oso batez gutxienez, eta horren memoriarik ez da inon jasotzen: ez oroigarririk, ez plakarik, ez urteroko ekitaldirik…». Hori dela-eta, liburuaren ekarpena «oso eskertzekoa» dela azpimaratu du, «gure herriaren iragana hobeto ezagutzen» lagunduko duelako.
Dokumentazio-lana eta elkarrizketak uztartuz osatu du Lópezek liburua. «Protagonistei ahotsa eman nahi nien, mitoetatik eta topikoetatik aldenduz». Etxoletan bizi izandakoak ez zituen heroi erromantikoen moduan aurkeztu nahi; aitzitik, fenomenoa bere osotasunean aztertu nahi zuen. Horregatik, fenomenoaren «sustraiak eta ondorioak» ere aztertu ditu liburuan, fenomenoak, erlatiboki gutxi iraun arren, «hiria konfiguratu» baitzuen hainbat arlori dagokionez.
Besteak beste, etxoletako biztanleak nola eta zergatik iritsi ziren Bilbora eta zergatik erabaki zuten beren kabuz etxeak eraikitzea, zer azpiegitura sortu zuten eta zer harreman izan zuten hiriarekin aztertu du autoreak. Halaber, arreta bereziarekin erreparatu die baztertuen artean baztertuenei, historian lekurik eskaini ohi ez zaienei: emakumeei eta ijitoei. Haientzat are gordinagoa izan zen etxola-auzoetako errealitatea.
Bilboko Artxiboan eta bestelako iturri batzuetan hartutako informazioaz gainera, dokumentazio grafikoa biltzen da liburuan, Floren Carrónen argazki-artxiboari esker. Lópezek aipatu du oso lagungarria suertatu zaiola Carrónen lana, argazkietan oso ondo adierazten delako «zer izan zen» fenomeno hura.
Deialdi berria martxan
Aritz Larrañaga Debako Kultura eta Euskara zinegotziak eskerrak eman dizkie autoreari eta Elkar argitaletxeari historia hurbilari buruzko lanak sortzen eta sustatzen segitzeagatik. Bestalde, Mujika hil zenetik 40 urte bete dira duela gutxi, eta Debako udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu haren ibilbidea omentzeko. Bekaren deialdi berria martxan dago jada, eta laster emango dugu oinarrien berri.
Iazko edizioan, bi sari banatu ziren: Jon Abrilek emakumeen lanbideak ikertzeko proiektua aurkeztu zuen eta, Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek, berriz, amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa-sorta bat gauzatuko dute elkarlanean. Aurreko edizioetan, Jon Alonsok, Eneko Aizpuruak eta Kattalin Minerrek eskuratu dute saria, besteak beste.
Albiste honen uberan
Hona hemen López Simóni beka eskuratu berritan egin genion elkarrizketa: «Ez dago gaur egungo Bilbo ulertzerik etxola-auzoen fenomenoa kontuan izan gabe».