Albisteak

Bihar abiatuko da Martin Ugalderi buruzko hitzaldi-zikloa

Asteazkena, 2021-10-13

Martin Ugalderen jaiotza-mendeurrenaren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte, eta bihar abiatuko da horietako bat: lau hitzaldiko ziklo bat. Nerea Azurmendi kazetariak «Martin Ugalde, historia egin zuen kazetaria» hitzaldia eskainiko du Martin Ugalde Parkean, arratsaldeko zazpietan. Hitzaldia streaming bidez jarraitzeko modua egongo da.

 

Martin Ugalde idazle eta kazetaria jaio zela 100 urte betetzen dira aurten, eta hura gogoratzeko ekitaldi-sorta bat antolatu dute haren familiak eta hainbat erakundek elkarlanean (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Andoaingo udala, Hondarribiko udala, Jakin, Euskal Idazleen Elkartea, elkar, Berria eta Martin Ugalde kultur parkea).

Orain arte, haren omenezko erakusketa ipini dute Hondarribian eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Urriaren 7tik aurrera, berriz, Bilboko Bizkaia aretoan dago ikusgai erakusketa horixe bera, hilaren 27ra arte, EHUren laguntzaz. Azaroan ekitaldi gehiago izango dira, 1921eko azaroaren 11n jaio baitzen, hain zuzen, Ugalde; besteak beste, haren digitalizatuak aurkeztuko dituzte. Udazkeneko agenda osoa hemen kontsultatu dezakezue.

Horrez gainera, Ugalde pertsona eta haren lana balioan jartzea helburu izango duen hitzaldi-ziklo bat antolatu dute: Ugalde aztertu duten –edo aztertuko duten– hainbat ikerlarik parte hartuko dute bertan. Bihar abiatuko da ziklo hori, Nerea Azurmendi kazetariaren hitzaldiarekin: «Martin Ugalde, historia egin zuen kazetaria». Martin Ugalde Parkean izango da, 19etan, eta streaming bidez jarraitzeko aukera izango da, helbide honetan: https://www.youtube.com/watch?v=bH2CL2zxZyA

Hurrengo asteetan beste lau hitzaldi izango dira. Ugalderen eta Egunkariaren arteko harremanaz hitz egingo du Iñaki Uriak urriaren 21ean; hilaren 28an, berriz, «Martin Ugalderen garaia PENen begiradatik» aztertuko du Laura Mintegik. Azkenik, azaroaren 4an, Ugalde eta politika hartuko ditu aipagai Anjeles Iztuetak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)